94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

41/2023 FORU DEKRETUA, apirilaren 19koa, 2023. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria Dolores Redondo Meira andreari ematea xedatzen duena.

"Vianako Printzea" Kulturaren Saria Nafarroako Gobernuak sortu zuen 1990. urtean, aintzat hartzeko asmoz kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak erabaki du Nafarroako Gobernuari proposatzea Dolores Redondo Meira andreari eman diezaiola 2023. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria, bildu dituen merezimendu nabarmenengatik.

Dolores Redondo idazlea Foru Komunitateko liburutegi publikoetan gehien irakurri den egilea da, idatzi dituen eleberrien bidez Foru Komunitateko ondarea eta kultur ondare aberatsa berreskuratu eta zaindu dituena. Bai Baztango trilogian, bai haren beste lan batzuetan ere, Nafarroako kultur eta paisaia ondareari eta ondare materialari egindako erreferentzia ugari elkarri lotuz josten da bilbea, gastronomiaren tradizioa ahaztu gabe. Horri gaineratu behar zaio, argumentuaren giltzarri gisa, ondare immateriala, hots, Nafarroako usadioak, ohiturak eta folklorea.

Redondok Nafarroarekiko duen konpromisoari eta atxikimenduari, haren obraren izen ona batzen zaio. Emakumeen aldarriak oinarri hartuta batu ere, eredu matriarkala islatuz; izan ere, idazleak berak familia-inguruan bizi zuen eredu hori ere eleberrietako protagonista bihurtzen da.

Aurten, gainera, hamar urte bete dira Baztango trilogia osatzen duten eleberrietako lehena argitaratu zenetik. Thrillerra eta fantasiazko generoa nahasten dituen goitik beherako literatur fenomeno bihurtu da, 39 hizkuntzatara itzuli da eta bi milioi eta erdi irakurle baino gehiago izan ditu.

Horiek horrela, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaren proposamena ikusita, bidezkotzat jo du hari ematea 2023. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

Horrenbestez, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko apirilaren hemeretzian egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

1. Dolores Redondo Meira andreari ematea 2023. urteko "Vianako Printzea" Kulturaren Saria.

2. Foru dekretu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Dolores Redondo Meira andreari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2306202