94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

135/2023 EBAZPENA, apirilaren 21ekoa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez jarraibide batzuk onesten baitira 2023-2024 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako.

Martxoaren 26ko 28/2007 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako lehen zikloa arautu eta hori ematen duten ikastetxeek bete beharreko baldintzak eta ziklo horren hezkuntza edukiak ezarri ziren. 15.2 artikuluan ezartzen denari jarraikiz, Hezkuntza Departamentuak urtero ezarriko ditu eskola egutegia eta ordutegia prestatzeko behar diren arauak eta ikasturteak izanen duen gutxieneko egun kopurua, bai eta ikasturtearen iraupena ere ikastetxe publikoen kasuan.

Haur Eskolen Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du 2023-2024 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeei dagozkien egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak onesteari dagokionez.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea ebazpen honen eranskinean bildutako jarraibideak, Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeek dagozkien egutegia eta ordutegia presta ditzaten.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen eta dagokion eranskinaren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta bere eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eta Haur Eskolen eta Landa Eskolen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko apirilaren 21ean.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

2023-2024 ikasturteko egutegia eta ordutegia prestatzeko jarraibideak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetarako

1.–Egutegia.

1.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako eskola egutegiak bat etorri beharko du ondoko klausulekin:

1. Oro har, 2023-2024 ikasturtea 2023ko abuztuaren 16an hasiko da, eta 2024ko abuztuaren 15ean bukatuko.

2. Ikastetxeek berariazko egutegi proposamen bat aurkeztu beharko dute, honako baldintza hauek betetzen dituena:

a) Ikastetxe publikoak.

–Ikastetxeak erreferentziazko aldi baten barruan egonen dira zabalik, eta inoiz ez ondoz ondoko 320 egun baino gehiago.

–Ikastetxeak 204 eta 208 egun bitartean egon beharko du zabalik.

–Haurrentzako arreta zuzeneko egunak 204 izanen dira. Gainerako egunak –ikastetxeko lan jarduna arautzen duen araudian ezarritakoaren arabera benetan lan egindako orduen urteko kopurua osatu artekoak– ikasturte hasierako edo bukaerako antolaketa lanak egiteko izanen dira, edo familia eta hezkuntza taldearekin bilerak egiteko, edo materialak prestatzeko eta/edo prestakuntzarako; ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du ordu horiek nola banatuko diren.

–Zerbitzuetako langileen kasuan, ikastetxearen garbiketa orokorra eginen dute ikasturte hasieran, bai eta ikasturte amaieran ere.

b) Baimendutako ikastetxe pribatuetan, haurrentzako arreta zuzeneko egunak 175 izanen dira gutxienez.

c) Egutegia prestatzeko, kontuan hartuko dira Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean jaiegun gisa adierazitako egunak, hain zuzen ere honako hauek 2023-2024 ikasturterako: 2023ko uztailaren 25a, abuztuaren 15a, urriaren 12a, azaroaren 1a, eta abenduaren 4a, 6a, 8a eta 25a; 2024ko martxoaren 28a eta 29a, apirilaren 1a eta maiatzaren 1a. Horiez gain, Udalak udalerriko zaindariaren omenez ezartzen duen eguna ere. Egun hori eskola eguna ez den egun batean egokitzen bada, ikastetxeak beste egun bat hautatzen ahalko du.

d) Ikastetxeko egutegia Nafarroako Foru Komunitateko egutegi ofizialean gertatzen ahal diren aldaketetara moldatu beharko da.

e) Beren proposamena ezarritako epean aurkezten ez duten entitate titularrei honako oinarrizko egutegi hau esleituko zaie ofizioz:

–Oro har, 320 eguneko erreferentziako aldia 2023ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2024ko uztailaren 16an bukatuko.

–Ikastetxea 208 egunez irekiko da. Horietako lau egun zereginak antolatzen emanen dituzte hezkuntzako langileek, ikasturtearen hasieran eta bukaeran, eta garbiketa orokorreko lanetan zerbitzuetako langileek. Gainerako 204 egunak haurrentzako zuzeneko arretarako izanen dira.

–Eguberrietako oporrak 2023ko abenduaren 26tik 29ra arte izanen dira, biak barne.

–Aste Santuko oporrak 2024ko apirilaren 2tik 5era arte izanen dira, biak barne.

1.2. Horrez gain, Hezkuntza Departamentuaren mendekoak diren haur eskolen egutegiak bat etorri beharko du ikasturte hasiera eta amaierako ondoko zehaztapenekin:

–Iruña: ikasturteko lehen eta azken egunak 2023ko abuztuaren 16a eta 2024ko ekainaren 28a izanen dira, hurrenez hurren.

–Burlata: ikasturteko lehen eta azken egunak 2023ko irailaren 4a eta 2024ko uztailaren 17a izanen dira, hurrenez hurren.

–Corella: ikasturteko lehen eta azken egunak 2023ko abuztuaren 22a eta 2024ko uztailaren 11 izanen dira, hurrenez hurren.

2.–Ordutegi orokorra.

2.1. Haur Hezkuntzako lehen zikloko ikastetxeetako ordutegi orokorra ondoko baldintzen araberakoa izanen da:

a) Ikastetxea zabalik egonen da astelehenetik ostiralera, biak barne.

b) Entitate titularrak ezarriko du ikastetxea irekitzeko eta ixteko eguneroko ordutegia, baita sartzeko eta ateratzeko ordu tarteak ere, kontuan hartuta familien beharrak, hezkuntzako langileen ordutegia antolatu eta malgutzeko aukerak, taldeen funtzionamendu egonkorra eta horretarako araudian ezarritako ratioa bete beharra.

c) Eguneko lanaldia antolatzeko ardatz izanen dira haurren jateko, garbitzeko eta lo egiteko erritmoak.

d) Sartzeko eta ateratzeko ezarritako ordu tarteetatik kanpo ezin izanen da ikastetxera sartu, arrazoi justifikatuekin izan ezik.

e) Haurrak zein modalitatetan (eskolaldi osoa, murriztua, erdia) dauden matrikulatuta ikasturte guztian, haren araberako ordutegia beteko du ikastetxeak.

f) Ikasturte hasieran haurren harrera aldirako plangintza egin beharko da, non, besteak beste, honakoak hartuko baitira kontuan:

–Harrera errazteko jarduera berariazkoak diseinatzea.

–Haur bakoitzaren beharrak aintzat hartzea.

–Familien partaidetza eta laguntza.

–Ikastetxeko ordutegiak eta antolakuntza malgutzea.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak onetsi beharko du harrerako aldi horren plangintza, eta ikastetxearen proposamen pedagogikoan sartuko da. Familiek plangintzaren berri izan beharko dute ikasturtea hasi aurretik.

2.2. Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur eskolen ordutegia, gainera, baldintza hauen araberakoa izanen da:

a) Oro har, hezkuntzako langileen eguneko lanaldia 7 ordu eta 25 minutukoa izanen da.

b) Hezkuntzako langileen kasuan, urteko lanordu kopuruaren 25 ordu prestakuntzarako izanen dira. Horietako 15, gutxienez, ikastetxearen heziketa proiektua egiteko prestakuntzarako izanen dira. Gainerakoa, proiektu horri lotutako prestakuntza izanen da.

c) Ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du langileen gainerako orduak –urteko guztizko lanordu kopurura iritsi artekoak– nola banatu, haurrentzako zuzeneko arretako 204 egunak alde batera utzita, betiere.

d) Oro har, sukaldeko eta zerbitzuko orokorretako langileen eguneko lanaldia 7 ordu eta 40 minutukoa izanen da. Ikastetxeko zuzendaritzak zehaztuko du urteko guztizko lanordu kopurura iritsi arteko orduak nola banatu.

2.3. Oro har, Hezkuntza Departamentuaren mendeko haur eskoletan, haurrak haur eskolara sartzeko tartea 07:30etik 09:30era izanen da, eta irteteko tartea, 15:00etatik 16:30era. Ikastetxea ireki eta ixteko ordua familiek dituzten beharretara egokituko da, ahal den neurrian. Ikastetxeko zuzendaritzak ezarriko du ordu-tarte bakoitzean zer langile behar diren.

3.–Salbuespenak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark aztertu eta onar edo ezets ditzan, dagokionaren arabera.

4.–Egutegia prestatzea.

Ikastetxeko entitate titularrak prestatuko ditu egutegia eta ordutegia, irizpide pedagogikoekin bat. Profesionalen lehentasunek nahiz interesek inolaz ere ezin izanen dute oztopatu azaldutako irizpideen aplikazioa.

5.–Tramitazioa.

5.1. Ikastetxeko zuzendaritzak egutegia eta harrera aldirako plangintza tramitatuko ditu, Educa plataformaren bitartez. Horrez gain, udal titulartasuneko ikastetxeek 2023ko ekainaren 1ean aurkeztu beharko dute, beranduenez, haur eskolako entitate titularrak egutegi proposamena onartu duela egiaztatzen duen ziurtagiria, zeinak eskolaldiaren modalitatea (osoa, murriztua, erdia) eta unitateen ordutegia adierazi beharko baititu.

5.2. Hezkuntza Ikuskapen Zerbitzuak proposatutako egutegia eta ordutegia aztertuko ditu, eta ondoren, onetsi edo ezetsiko ditu. Educa kudeaketa programak ematen duen informatikako euskarriaren bidez iritsiko zaie ikastetxeei Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuaren jakinarazpena. Ikastetxeak entitate titularrari igorriko dio erantzun hori, egoki jotzen duen moduan.

5.3. Ikastetxeak ez badu jakinarazpenik jasotzen 2023ko ekainaren 23rako, egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira. Ikastetxeren batek proposamena igortzen ez badu ezarritako epearen barrenean, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak oinarrizko egutegia esleituko dio.

5.4. Ikastetxe sortu berriek, ikasturtea 2023ko irailaren 1etik aurrera hasten badute, beren egutegia eta ordutegia igorri beharko dizkiote Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, ikastetxea ireki baino bi hilabete lehenago, zerbitzu horrek zehazten duen moduan, zehaztuta beren unitateen eskolaldia (osoa, murriztua, erdia). Aztertu ondoren, onetsi edo ezetsiko ditu, eta erabakitakoa ikastetxeei jakinaraziko die hilabeteko epean. Ikastetxeetako egutegi eta ordutegiak onetsitzat joko dira ez badute jakinarazpenik jasotzen hilabeteko epean.

5.5. Egutegia eta ordutegia, behin onetsirik, nahitaez bete beharrekoak izanen dira, eta ikastetxeko zuzendaritzak izanen du horiek aplikatzeko ardura. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari dagokio haiek aplikatzen direla ikuskatzea eta kontrolatzea.

5.6. Egutegia eta ordutegi orokorra ikastetxeko iragarki-taulan ikusgai jarri beharko dira, eta aldaezinak izanen dira, non eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ez duen horretarako baimena ematen, entitate titularrak eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F2306443