94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

39/2023 FORU DEKRETUA, apirilaren 19koa, zeinaren bidez aldatzen baita apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretua. Foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzea.

ZIOEN AZALPENA

Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen du, baita lanpostu horiek betetzeko erregelamenduzko araubidea jaso ere, zentzu zabalean hartuta; hau da, ez da behin betiko destinoa lortzera mugatzen, baizik eta ikasturte baterako edo zerbitzu-eginkizunetan emandako behin-behineko destinoak diren kasuetara ere iristen da.

2022an, foru dekretu horren edukiari eragiten dioten legeak aldarrikatu dira, hala Estatuan nola Nafarroako Foru Komunitatean, eta, beraz, foru dekretua berrikusi eta aldatu behar izan da.

Estatuko araudiari dagokionez, administrazio publikoetan aldi baterako enplegua egonkortzeko prozesuek, zeinak agindu baititu Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legeak, Nafarroan ekarri dute uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan dagoen behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurrien abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz.

Foru lege horrek indarra hartzeak, irakasleei ere aplikagarri zaien heinean, parte batean bada ere, koherentzia falta eragiten du lege eta erregelamenduen artean, eta, jakina, beharrezkoa da hori zuzentzea, erregelamendu izaera duena aldatuta.

Gainera, abenduaren 28ko 20/2021 Legeak derrigorrean ekarri du otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua aldatu beharra. Errege dekretu horren bidez garatu ziren Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan (LOE) aipatzen diren bi kontu: batetik, onetsi zen irakaskuntza kidegoetan sartzeko, igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua, eta, bestetik, arautu zen lege horren hamazazpigarren xedapen iragankorrean aipatzen den sartzeko araubide iragankorra, zeina nahitaez aplikatu behar baita Nafarroan, estatuko irakasleen kidegoetan sartzeari dagokionez. Aldaketa hori apirilaren 12ko 270/2022 Errege Dekretuaren bidez egin da.

Bestalde, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoaren bidez (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa aldatu zuen) eta Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bidez, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatu egin da irakasleen kidegoen antolamenduari dagokionez (kendu da Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa eta sortu da Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa). Horrek ere eragiten dio 37/2014 Foru Dekretuari; izan ere, foru dekretu hori egokitu behar da lege mailako arau horietara, bai eta haiek garatu eta osatzen dituen oinarrizko erregelamenduzko araudira ere. Batez ere, egokitu behar da urriaren 4ko 800/2022 Errege Dekretura (800/2022 Errege Dekretua, urriaren 4koa, arautzen duena desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzea eta aldatzen dituena unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako irakasleei buruzko zenbait errege dekretu).

Lege organiko horien aldaketek, irakasleen kidegoen antolamenduari dagokionez, administrazio-araubideko irakasleen aldi baterako kontratazioari ere eragiten diote; beraz, foru dekretuaren proiektuak xedapen batzuk jasotzen ditu, lege organikoak irakasleen kidegoen antolamenduan ekarri dituen aldaketetara egokitzeko.

37/2014 Foru Dekretuari eragiten dion Nafarroako araudiari dagokionez, 2022ko maiatzaren 6an argitaratu zen, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, 1/2022 Foru Legea, maiatzaren 4koa, neurriak ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuen betetzeari begira.

Izenetik beretik ondorioztatzen denez, bi arauek gai komun bat dute: unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak hautatu eta lanpostu horiek betetzea. Beraz, erregelamenduzko araua ez da egokitzen foru legeak sartutako berrikuntzetara.

Azkenik, Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2022ko uztailaren 21eko 1081/2022 Epaiak, bat etorriz Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 93. artikuluarekin, finkatu du emandako zerbitzuen balorazioari eman beharreko interpretazioa, aintzat hartuta Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentaraua (Europako Sindikatuen Konfederazioaren –CES–, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren –UNICE– eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren –CEEP– arteko Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren gainekoa) eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) akordio horren 4. klausula interpretatu eta aplikatzean emandako jurisprudentziaren bilakaera.

Epaiaren arabera, "ezin dira beste era batera baloratu karrerako funtzionario, langile finko, bitarteko funtzionario edo iraupen mugatuko langile gisa emandako zerbitzuak, ez bitarteko funtzionarioek egindako lana alde batera utzita, ez lanpostu berari puntuazio txikiagoa emanda, baldin eta lanpostu berberei badagozkie eginkizun horiek edo antzekoak eginez. Azaldutakoaren aurkako konponbidea diskriminaziozko tratua litzateke, zeina debekatzen baitu Kontseiluaren 1999ko ekainaren 28ko 1999/70/EE Zuzentarauak (zuzentaraua Europako Sindikatuen Konfederazioaren –CES–, Europako Erkidegoko Industrien Batasunaren –UNICE– eta Enpresa Publikoen Europako Zentroaren –CEEP– arteko Aldi Baterako Lanari buruzko Esparru-akordioaren gainekoa da), eta EBJAren jurisprudentzia ere aintzat hartuta, aurreko oinarrian azaldutako moduan".

Ondorioz, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuko zenbait arautze- eta garapen-elementu berrikusi eta aldatu behar izan dira, hura onartu ondorengo araudia eta jurisprudentzia kontuan hartuta.

Orobat, apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretua aldatzearen helburua da foru dekretu berria bat etortzea gorago aipatutako lege formalaren maila duen araudiarekin, izan Nafarroakoa zein estatukoa. Horrela, esparru juridiko egokia lortzen da, zeinak bermatuko baitu foru legeak behar bezala aplikatzen direla eta ukitutako irakasleek segurtasun juridikoa dutela beren eskubideak baliatzean eta betebeharrak betetzean.

Azpimarragarriena da foru dekretuaren aplikazio eremuan sartzen direla Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartzen diren irakasle funtzionarioak, baldin eta sartzen badira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen hautapenari eta lanpostuak betetzeari begira neurriak ezartzen dituen maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legea betez. Horrenbestez, arauaren izena eta xedea aldatu dira, eta 1 bis artikulu bat gehitu da, ikastetxeetako plantilletan lanpostuak betetzen ahal dituzten langileak zehazten dituena.

Era berean, nabarmendu behar da plazak hautatzeari begira arauan ezarrita dauden antzinatasuna zenbatzeko irizpideak egokitu direla Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaren 2022ko uztailaren 21eko 1081/2022 Epaira; ildo horretan, foru dekretuaren 3., 4. eta 6. artikuluak aldatu dira.

Lekualdatze lehiaketetan parte hartzeari dagokionez, 6. eta 10. artikuluak aldatu dira, praktiketako funtzionarioek eta behin-behineko funtzionarioek eta praktikaldia hurrengo ikasturtera atzeratu dutenek parte hartzeko modua zehazteko. Lekualdatze lehiaketei dagokienez, orobat, 9.3 artikulua aldatu da, halako moduz non deialdietan ezarritakoaren arabera atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak lortzen ahal dituzten irakasleek deialdi bakoitzerako eskabideak aurkezteko epean egiazta dezaten badituztela PI, PF edo PALE eskakizunen tituluak.

10. artikuluan arautzen da lanpostuak zerbitzu eginkizunetan eta behin-behineko destinoarekin eta praktiketan nola bete, eta berritasun gisa ezartzen da atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak hautatzeko hurrenkera. Atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak aldi baterako administrazio-kontratazioaren araubidean betetzeari dagokionez, 11. artikuluan maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legearen 5. artikuluan jasotako mandatua jasotzen da, eta plaza horiek kontratatzeko jarraitu beharreko hurrenkera ezartzen da, eta soilik aldi baterako kontratazioan eta izaera subsidiarioarekin baimentzen da horiek hautatu ahal izateko I, F edo ALE hizkuntza-eskakizunak onartzea.

Azkenik, 13. artikulua aldatu da, kontratazio-araubidea eta betetzeko zailak diren lanpostuen kopurua administrazio publikoetan enpleguaren behin-behinekotasuna murrizteko eskakizun berrietara egokitzeko, eta arauaren xedapen iragankor bakarrean jasotzen da gaur egun betetzeko zaila den lanpostu bat betetzen dutenei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoari dagokionez, bigarren xedapen gehigarri bat sartu da apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuan. Xedapen horren 1. eta 2. apartatuetan, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasleen kidegoetan integratu diren Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko plazak (desagertzear daudenak) betetzea arautzen da; 3. eta 4. apartatuetan, aldi baterako administrazio-kontratazioa lortu nahi duten irakasleen zerrendak aipatzen dira. Hirugarrenean xedatzen da non geratuko diren, lege organikoaren arabera, desagertzekoa den kidegoko zerrendetan dauden izangaiak, eta laugarrenean, berriz, aurreikusten da Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kontratazio iragankorra, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorraren arabera. Orobat, espezialitate horietako kontratuetarako izangaien zerrendak berrantolatzen dira, arlo horretako Estatuko oinarrizko araudira egokitzeko.

Azken xedapenetako lehenak Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzen du, aurreko paragrafoan aipatzen den irakasle kidegoen antolamendu berrira egokitze aldera. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dira. Araudia argiagoa izan dadin, axken xedapen horren 3. apartatuan, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuari agintzen zaio argitara dezala foru dekretuak egindako aldaketen ondoriozko eranskina.

Arau hau ematen da betearazteko Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikoaren arloan dituen eskumenak –Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1 artikuluan aurreikusitakoak– eta garatzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioak hautatu eta lanpostuak betetzeko neurriak ezartzen dituen maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legea, bai eta aplikatu beharreko Estatuko oinarrizko legeria ere, bereziki hauek: urriaren 29ko 1364/2010 Errege Dekretua (Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakasle kidegoetako funtzionarioen arteko estatu mailako lekualdatze lehiaketa eta haiek bete beharreko lanpostuak betetzeko beste prozedura batzuk arautzen dituena), eta otsailaren 23ko 276/2007 Errege Dekretua (irakaskuntza kidegoetan sartzeko, igotzeko eta espezialitate berriak eskuratzeko erregelamendua onesten duena).

Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin bat etorrita, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeita hiruko apirilaren hemeretziko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretua aldatzea. Foru dekretu horren bidez arautu zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasle kidegoei dagozkien lanpostuak betetzea.

1. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren izena aldatzen da, eta honela geldituko da:

"37/2014 Foru Dekretua, apirilaren 30ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleei dagozkien lanpostuak nola bete arautzen duena".

2. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 1. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"1. artikulua. Xedea.

Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unibertsitateaz kanpoko irakasleen zenbait lanpostu behin betiko, behin-behinean, aldi baterako eta zerbitzu eginkizunen araubidean nola beteko diren arautzea".

3. 1 bis artikulu berria gehitzen da. Testu hau izanen du:

"1 bis artikulua. Bete beharreko lanpostuak.

Irakasle funtzionarioek, lan kontratudunek eta aldi baterako administrazio-araubidearen arabera kontratatutakoek beteko dituzte Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxeetako plantilletako plazak, titular diren kidego, espezialitate, hizkuntza eta, hala badagokie, eskakizunaren arabera; edo parekatutako irakasle funtzionarioen izendapenaren bitartez.

Ondorio horietarako, parekatutako irakasle funtzionariotzat hartzen dira maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legean aipatzen diren irakasle lanpostuetan izendapena dutenak, baldin eta izendapen horren barruan sartzen bada irakasle diren hezkuntza mailari dagokion irakasle kidegoen espezialitatea".

4. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 3. artikuluaren 2.3.b) apartatua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"2.3.b) Bigarren partean deialdian zehazten diren merezimenduak baloratuko dira. Horien artean dago deialdian sartzeko baldintza den irakasleen kidegoko edo kidegoetako edo parekatutako lanpostuetan funtzionario, lan kontratudun edo aldi baterako administrazio-araubidearen arabera kontratatutako langile gisa izandako antzinatasuna, baremoaren %50eko puntuazioarekin (hau da, puntuazio osoaren %25), eta deialdiaren xederako egokiak diren beste merezimendu batzuk, baremoaren gainerako %50arekin baloratuko direnak (hau da, puntuazio osoaren %25)".

5. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 4.6 artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"6. Gainerako kasuetan, lanpostuak hautatzeko ordena, horietako bakoitzean, ondoko irizpideen arabera zehaztuko da. Irizpide hauek hurrenez hurren aplikatuko dira berdinketa kasuetan:

1. Benetan emandako zerbitzuetan denbora gehien duena, dagokien kidegoan edo parekatutako lanpostuan funtzionario, lan kontratudun edo aldi baterako administrazio-araubidean kontratatutako langile gisa.

2. Kasuan kasuko kidegoan edo parekatutako lanpostuan nor sartu zen lehenago, urteari begiratuta.

3. Sartzeko hautaketa prozeduran puntu gehien duena".

6. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 6. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"6. artikulua. Irakasle funtzionarioen lekualdatze lehiaketetan parte hartzea.

1. Deialdi horietan zehaztuko da irakasleen kidegoetan sartzeko eta igotzeko hautaketa prozedurak gainditu dituzten praktiketako irakasle funtzionarioek nahitaez parte hartu beharko dutela Hezkuntza Departamentuak hautaketa prozedura gainditu duen kidego, espezialitate eta hizkuntzarako deitzen dituen lekualdatze lehiaketetan eta mugikortasun prozeduretan, eta ezin izanen dutela atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazetarako eskaerarik egin.

Bestalde, behin betiko lehen destinoa lortu ez eta behin-behineko destinoa duten irakasle funtzionarioek nahitaez parte hartu behar dute Hezkuntza Departamentuak hautaketa prozedura gainditu duen kidego, espezialitate eta hizkuntzarako deitzen dituen lekualdatze lehiaketetan eta mugikortasun prozeduretan. Horiek aukera izanen dute atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak eskatzeko, dagozkien deialdietan hala zehazten bada, kontuan hartuta zer beharrizan dauden atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duen hezkuntza sisteman eta zenbat irakasle funtzionario izendatu diren maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legeak aipatzen dituen lanpostuetan.

2. Maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legearen arabera atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuetarako izendatutako irakasle funtzionarioek soilik Hezkuntza Departamentuak bere kudeaketa eremuaren barruan deitutako lekualdatze lehiaketa autonomikoetan eta mugikortasun prozeduretan parte hartu ahal izanen dute, hautaketa prozedura gainditu duten atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazetan, salbu eta plazak kentzen badira, kasuan kasuko deialdietan zehaztutakoaren arabera.

Aurreko paragrafoan aipatutako praktiketako funtzionarioek eta behin-behineko destinoa dutenek nahitaez parte hartu beharko dute deialdi horietan, harik eta behin betiko lehen destinoa lortu arte.

3. Aurreko paragrafoetan ezarritakoa errespetatuz, lekualdatze lehiaketa autonomikoen deialdietan, irakasleen kidegoetako funtzionarioak eta atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuetarako izendatutako langileak baldintza berdinetan lehiatuko dira atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazetara, eta irakasle guztiei baremo bera aplikatuko zaie.

4. Aurreko apartatuetan aipatutako lekualdatze lehiaketen eta mugikortasun prozeduren deialdietan, antzinatasun gisa baloratuko dira funtzionario, lan kontratudun eta aldi baterako administrazio-araubidean kontratatutako langile gisa emandako irakaskuntza zerbitzuak. Zerbitzu horiek berdin zenbatuko dira irakasleen kidegoei dagozkien plazetan zein parekatutako lanpostuetan eman badira.

5. Praktiketako funtzionario izendatutakoek praktikaldia hurrengo ikasturtera atzeratu badute eta praktiketako funtzionario izendatu ondoren deitutako lehen lekualdatze lehiaketan behin betiko destinorik lortu ez badute, deitzen den hurrengo lekualdatze lehiaketan parte hartu beharko dute. Parte hartu zuten lehen lekualdatze lehiaketan behin betiko destinoa lortu bazuten, ezin izanen dute parte hartu praktiken luzapenaren bitartean deitzen den lekualdatze lehiaketan, eta horiek esleitutako destinoan egin beharko dituzte. Lehen lekualdatze lehiaketan esleitutako destinoa behin betiko bihurtuko da karrerako funtzionario izendatzen dituztenean.

6. Aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatuko zaie maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legearen arabera atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten lanpostuetarako izendatutako irakasle funtzionarioei, parte har dezaketen lekualdatze lehiaketen arabera".

7. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 9. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"3. Era berean, Hezkuntza Departamentuak deitzen dituen lekualdatze lehiaketetan, deialdien arabera lanpostu horietara jotzen ahal duten irakasleek frogatzen ahalko dute, deialdi bakoitzean eskabideak aurkezteko epearen barruan, PI, PF eta PALE eskakizunetarako une bakoitzean jasotako titulazioak badituztela".

8. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 10. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"10. artikulua. Lanpostuak zerbitzu eginkizunetan eta behin-behineko destinoarekin edo praktiketan betetzea.

1. Ikasturte bakoitzaren hasierarako zehazten diren plazak betetzeko, praktiketako funtzionarioek eta atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazetarako izendatu diren irakasle funtzionarioek hizkuntza eskakizun hori duten plazak besterik ezin izanen dituzte eskatu. Langile horiek lehentasuna izanen dute dagokien hizkuntza eskakizunarekin zehazten diren lanpostuak betetzeko. Atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak bete gabe geratzen badira, PI, PF edo PALE hizkuntza eskakizuna egiaztatuta duten gainerako irakasle funtzionarioek eskatu ahal izanen dituzte.

2. Era berean, beren ikastetxetik lekualdatutako behin betiko destinoa duten unibertsitateaz kanpoko irakasleen kidegoetako funtzionarioek, bai eta zerbitzu eginkizunak esleituta dituztenek ere, beren titulartasuneko espezialitateei dagozkien plazetan hautatuko dute destinoa.

Bestalde, behin betiko lehen destinoa lortu ez eta behin-behineko destinoa duten funtzionarioek, bai eta praktiketako funtzionarioek ere, beren oposizioko espezialitatean eta hizkuntzan hautatuko dute destinoa.

3. Ezin bada plazarik esleitu aurreko bi apartatuetan xedatutakoaren arabera, irakasle funtzionarioek antzeko espezialitateetan edo lanpostuetan aukeratuko dute plaza, betiere dagokien espezialitateko edo lanpostuko eta hizkuntzako funtzionarioen lehentasuna errespetatuz".

9. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 11. artikulua aldatzen da, eta honela geldituko da:

"11. artikulua. Atzerriko hizkuntzaren profila duten plazak administrazio-araubidean aldi baterako kontratazioen bidez betetzea.

1. Maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legearen 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak eskuratzeko lehentasuna izanen dute irakaskuntzako funtzio publikoan sartzeko hautaketa prozeduretatik sortutako zerrendetan agertzen diren aldi baterako kontrataziorako izangaiek, baldin eta prozesu horietan atzerriko hizkuntzaren eskakizuna egiaztatzea eskatu bada.

Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horietan ez da aplikatuko Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 11. artikuluan xedatutako izangai berrien sarbidea. Foru agindu horren bidez onesten dira Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak.

2. Aurreko paragrafoan aipatzen diren zerrendak amaitzen badira, edo zerrendarik ez badago, atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak nahitaez eskainiko zaizkie hizkuntza bereko parekatutako espezialitateen zerrendetan ageri diren izangaiei, baldin eta dagokien atzerriko hizkuntzaren eskakizuna egiaztatuta badute (PI, PF edo PALE).

3. Jarraian, eta maisu-maistren plazetarako soilik, atzerriko hizkuntzaren eskakizuna duten plazak eskainiko dira, honako honen arabera:

1. Borondatez, kideko zerrendatzat hartuta, gaztelaniazko plazak betetzeko, parekatutako espezialitateei dagozkien euskarazko zerrendetan agertzen diren eta dagokien atzerriko hizkuntzaren eskakizuna (PI, PF edo PALE) egiaztatuta duten izangaiei eskainiko zaizkie.

2. Borondatez, parekatutako espezialitateei dagozkien hizkuntza bereko zerrendetan ageri diren izangaiei, baldin eta dagokien atzerriko hizkuntzaren eskakizuna (I, F edo ALE) egiaztatuta badute.

3. Borondatez, eta kideko zerrendatzat hartuta, gaztelaniazko plazak betetzeko, parekatutako espezialitateei dagozkien euskarazko zerrendetan agertzen diren eta dagokien atzerriko hizkuntzaren eskakizuna (I, F edo ALE) egiaztatuta duten izangaiei eskainiko zaizkie.

4. Borondatez, kideko zerrendatzat hartuta, eta Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako gaztelaniazko espezialitateetarako soilik, dagokion atzerriko hizkuntzaren espezialitateko gaztelaniazko zerrendetako izangaiei eskainiko zaizkie, eta, azkenik, dagokion atzerriko hizkuntzaren espezialitateko euskarazko zerrendakoei, lehenetsiz PI, PF eta PALE hizkuntza eskakizunak I, F eta ALE hizkuntza eskakizunen aurretik, hurrenez hurren.

Bestalde, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako euskarazko espezialitateetako plazak betetzeko, dagokion atzerriko hizkuntzaren espezialitateko euskarazko zerrendako izangaiei eskainiko zaizkie, lehenetsiz PI, PF eta PALE hizkuntza eskakizunak I, F eta ALE hizkuntza eskakizunen aurretik, hurrenez hurren".

10. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren 13. artikulua aldatzea.

"13. artikulua. Aldi baterako kontratazioa, betetzeko zailak diren lanpostuetan.

1. Aldi baterako kontratazioetarako izangaiei, betetzeko zailak diren lanposturen batean ikasturte osorako beharrezko gisa eskainitako lanpostu bat esleitzen bazaie, Hezkuntza Departamentuak ondoz ondoko hiru ikasturteetarako kontratatuko ditu, gehienez, salbu eta lanpostu hori benetan funtzionario batek betetzen badu, ikastetxean beharrizan hori desagertzen bada edo lanpostua aldatzen bada eta hauetakoren bat izatera pasatzen bada: lanaldi erditik beherakoa, ibiltaria edo trebetasun instrumental edo teknikoak izatea eskatzen duena, eta, horren ondorioz, plaza izangaiarentzat nahitaezkoa ez izatea.

2. Kidego, espezialitate eta hizkuntza berean, eta zein den kasua, eskakizun berean, betetzeko zaila den lanpostuetan bi kontratudun edo gehiago ari direnean zerbitzu ematen ikastetxe berean, eta beharra desagertu edo aldatzen bada aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, lanpostuan antzinatasun txikiena duen kontratudunari eraginen dio inguruabar horrek. Berdinketa gertatuz gero, zer zerrendatatik datozen, hartan duten postua hartuko da aintzat, eta beherago dagoen izangaiak jasoko ditu ondorioak.

3. Ikasturte bakoitzean, betetzeko zaila den lanpostu batean aritzeko kontratua sinatuta izanik ere hurrengo ikasturtean lanpostu horretan jarraitu nahi ez duten izangaiek uko egiten diotela jakitera eman beharko dute maiatzaren lehen hamabostaldian. Kasu horretan, eskuragai gisa agertuko dira kontrataziorako izangaien dagokien zerrendan, hurrengo ikasturtearen hasieratik aurrerako ondorioekin. Atal honetan aurreikusitako epetik kanpo uko eginez gero, indarra duen kontratuari uko egin zaiola ulertuko da, eta izangaia agertzen den zerrenda guztietatik baztertuko da.

4. Foru agindu honen ondorioetarako, hauexek dira betetzeko zailak diren lanpostuak:

–Aurizberrin, Auritzen, Erron, Garraldan, Luzaiden, Otsagabian, Erronkarin, Urdazubi/Zugarramurdin eta Zudairin daudenak.

–Arantzako, Beteluko eta Goizuetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako Bigarren Hezkuntzako irakasleen plazak.

–Bost unitate edo gutxiago dituzten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetako plazak".

11. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuaren xedapen gehigarri bakarra lehenengo xedapen gehigarri izatera igarotzen da.

12. Apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuari xedapen gehigarri bat gehitzea.

Bigarren xedapen gehigarria gehitzen zaio apirilaren 30eko 37/2014 Foru Dekretuari, eta honela geratzen da idatzita:

"Bigarren xedapen gehigarria.–Desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleak.

1. Foru dekretu honetan aipatzen diren lanpostuak betetzeko prozesuetan, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriaren 1. apartatuan aipatzen diren espezialitateetako Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek espezialitate horietako desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko irakasleekin batera parte hartuko dute, eta plaza berberak lortzeko aukera izanen dute.

2. Era berean, Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriaren 2. apartatuan aipatzen diren espezialitateetako Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoetako funtzionarioek parte hartuko dute, desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitate bereko irakasleekin batera, eta plaza berberak lortzeko aukera izanen dute.

3. Desagertzekoa den Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko aldi baterako kontrataziorako izangaien egungo zerrendak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan edo Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoan sartuko dira, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren bosgarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz, eta izangaiek gaur egun dauden hurrenkera berari eutsiko diote, izangaien zerrenda berriak eratu arte.

4. Lanbide Heziketa Antolatu eta Integratzeari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren laugarren xedapen iragankorrean ezarritakoaren arabera, Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartu diren –lege organiko horren bosgarren xedapen gehigarriaren 1. apartatua betez– Lanbide Heziketako irakasle tekniko gisa kontratatzen jarraitu ahal izanen dira desagertzekoak diren Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko espezialitateetan espezialitate horietako aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan agertzen diren izangaiak. Horretarako, lehenago desagertzekoa den kidego horretarako eskatzen ziren titulazio baldintzak bete behar dituzte. Kontratazio horiek egiteko azken eguna 2026ko urtarrilaren 19a izanen da, egun horretan amaitzen baita Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko funtzionarioak Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoan sartzeko prozesua.

Xedapen iragankor bakarra.–Betetzeko zailak diren lanpostuen araubide iragankorra.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 15.6 artikuluaren c apartatuan ezarritakoari jarraikiz (foru agindu horren bidez onesten dira Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak), aldi baterako kontrataziorako izangaiak betetzeko zaila den lanpostu batean ari badira foru dekretu hau indarrean jartzen denean, artikulu horretan ezarritako araubidea aplikatuko zaie.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

Indargabetuta geratzen da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 15.6 artikuluaren c apartatua. Foru agindu horren bidez, onesten dira Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak. Halaber, indargabetuta geratzen dira foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko arau guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Azken xedapenetako lehena.–Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzea; foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dira.

Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskina aldatzen da. Foru agindu horren bidez, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuekin irakasle lanpostuetan aritu nahi duten izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onesten dira. Eranskina honela aldatzen da:

1. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoari dagozkion espezialitateetan sartzen dira desagertutako Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoko jarraian aipatzen diren espezialitateak, eta kentzen dira aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetara sartzeko aukera ematen duten titulazioetatik Lanbide Heziketari dagozkion titulazioak. Halaber, titulazio horietan sartzeko eskatzen da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 14. artikuluaren 2.2 apartatuan Bigarren Hezkuntzako Irakasleen Kidegorako ezartzen den prestakuntza pedagogikoa eta didaktikoa. Hauek dira sartzen diren espezialitateak:

–Ekipo elektronikoak.

–Bero eta fluido ekipoen instalazioa eta mantentze-lanak.

–Instalazio elektroteknikoak.

–Laborategia.

–Eraikuntza proiektuen bulegoa.

–Fabrikazio mekanikoko proiektuen bulegoa.

–Elikagaien elaborazioko eragiketa eta ekipamenduak.

–Prozesuko lanak.

–Nekazaritzako ekoizpeneko lan eta ekipoak.

–Diagnostiko kliniko eta ortoprotesikoko prozedurak.

–Osasun eta laguntza prozedurak.

–Merkataritzako prozesuak.

–Administrazio kudeaketako prozesuak.

–Komunitatearentzako zerbitzuak.

–Sistema eta aplikazio informatikoak.

–Irudi eta soinuko teknika eta prozedurak.

2. Aldatu egiten da Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskineko D) letraren izena ("Lanbide Heziketako irakasle teknikoen kidegoa) ; hemendik aurrera, "Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoa" deituko da, eta honako espezialitate hauek osatuko dute:

–Sukaldaritza eta pastelgintza.

–Estetika.

–Zurgin-lanen eta altzarien fabrikazioa eta instalazioa –Ibilgailuen mantentze-lanak.

–Makinen mekanizazioa eta mantentze-lanak.

–Patroigintza eta jantzigintza.

–Ile-apainketa.

–Jatetxe zerbitzuak.

–Soldadura.

3. Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuko titularra gaitzen da azken xedapen honetan aurreikusitakoa aldatzeko, eta Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren 14.2.1.b) artikuluan, hirugarren xedapen gehigarrian eta azken xedapenetako lehenengoan Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusiaren eta Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuaren alde xedatutako gaikuntzei eusten zaie, foru agindu horren I. eranskina eguneratu, egokitu eta aldatzeko.

4. Hezkuntza Departamentuko Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuak argitaratuko du, informazio ondorioetarako, nola geratzen den Hezkuntzako kontseilariaren apirilaren 8ko 37/2020 Foru Aginduaren I. eranskina foru dekretu honek eragindako aldaketen ondoren.

Azken xedapenetan bigarrena.–Araudiaren garapena.

Hezkuntzaren arloko eskumena duen departamentuko titularrari baimena ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Azken xedapenetako hirugarrena.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2306199