94. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

38/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria" Laura Chivite Ezquietari ematea xedatzen duena.

Kultura eta Kiroleko kontseilariaren otsailaren 15eko 15/2023 Foru Aginduaren bidez, Talentu Artistikoa Sustatzeko Sariaren 2023ko deialdia egin zen. Sari horrek helburu du artearen eta kulturaren arloan gazte ekintzaileen ekimena bultzatzea eta babestea, gazteentzako erreferentea izatea, eta laguntzea Nafarroan sortzen ari den talentua ikusarazten eta profesionalizatzen.

Aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta horiek deialdiko oinarrien arabera baloratu ondoren, epaimahaiak erabaki du Laura Chivite Ezquieta proposatzea "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria" eman dakion.

Laura Chivitek (Iruña, 1995) Literatura Konparatuen karrera ikasi zuen Granadako Unibertsitatean, non ohorezko matrikula lortu baitzuen gradu amaierako lanean. Gaztelania atzerriko hizkuntza gisa irakasteko masterra eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen prestakuntzako masterra egin ditu.

Bere lehenengo saria Granadako Unibertsitateko liburutegiaren 2018ko literatur lehiaketan eman zioten, eta, urte berean, "Entre iguales" mikrokontakizunen lehiaketako lehen saria eman zioten Nafarroan.

2020ko Arte Gaztearen Topaketen lehen saria lortu zuen, "Regreso a lo Analógico" kontakizunari esker, eta baita 2021ean ere, kasu horretan antzerki-lan batekin, ¿Y a ti qué te trae aquí?" izenekoarekin.

2022ko apirilean, "Gente que ríe" argitaratu zuen Caballo de Troya argitaletxean (Penguin Libros), eta 2022ko abenduan RTVEren Narratibako Begi Kritikoa 2022 saria jaso zuen.

Cervantes Institutuaren zenbait proiektutan parte hartu du, bai eta "Nero Giallo" Nobela Beltzaren Jaialdian, Romancero Books ekimenean eta Londresko Queer Literaturaren Jaialdian ere.

Laura Chiviteren hautagaitza aukeratzeko, epaimahaiak kontuan hartu du hizkuntza narratiboen erabilera originala, ahots berezi eta irudimen handikoa ekarri baitu, bai eta errepertorio-aniztasuna ere, kontakizunetik, dramaturgiatik edo gidoi zinematografikoetatik igarotzen dena.

Era berean, epaimahaiak Laura Chivitek bere ibilbide laburrean jaso dituen aintzatespen espezializatuak baloratu ditu, eta uste du hitzaren aberastasunaren adierazgarri bat dela bere belaunaldian.

Horregatik guztiagatik, epaimahaiaren proposamena ikusirik, bidezko da "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria" Laura Chivite Ezquietari ematea.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. "Talentu Artistikoa Sustatzeko 2023ko Saria" Laura Chivite Ezquietari ematea.

2. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Laura Chivite Ezquietari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

Iragarkiaren kodea: F2306211