93. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

129/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 19koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, abenduaren 15eko 305/2015 Foru Agindua aldatzen duena. Foru agindu horren bidez, departamentu horren eta haren erakunde autonomoen egitura garatu zen bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan.

Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Aginduak departamentu horren eta haren erakunde autonomoen egitura garatu zuen, bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan. Gero, Eskubide Sozialetako kontseilariaren maiatzaren 14ko 131/2021 Foru Aginduaren bidez aldatu zen.

Bidezkoa da orain beste aldaketa bat egitea, erakunde autonomoen egitura eguneratzeko, sortu diren erronka eta behar berrietara egokitzeko eta haren eraginkortasuna hobetzeko. San José Zentroko Zaintzaileen Koordinazio Unitatearen izena eta eginkizunak aldatzen dira, eta aurrerantzean San José Zentroko Koordinazio Unitatea izanen da haren izena; Lizarrako Santo Domingo Zentroan bulego berri bat sortzen da, Santo Domingo Zentroko Koordinazio Unitatea izenekoa. Bi unitateek antzeko eginkizunak izanen dituzte beren ardurapean dituzten langileak koordinatzeko eta zentroko zuzendaritzari laguntzeko.

Bestalde, Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiak proposatu du Enpleguaren Jarraipenerako Bulegoaren izena, atxikipena eta eginkizunak aldatzea. Aurrerantzean, Proiektuak Kudeatu eta Jarraitzeko Bulegoa izanen da, eta Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalari atxikita geratuko da, urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuak atal horri gizarte berrikuntzaren, prestakuntzaren eta Europako proiektuen arloan esleitzen dizkion eskumenetan laguntzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak 34.4 artikuluan ezartzen du ezen, bulegoak eta ataletatik beherako unitateak sortu, aldatu eta kentzeko, unitate horiek zein departamentutan sartuko diren, hango titularraren foru agindua beharko dela.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Agindua aldatzea. Foru agindu horren bidez departamentu horren eta haren erakunde autonomoen egitura garatu zen bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan.

Lehena.–4. artikulua aldatzen da. Aurrerantzean testu hau izanen du:

"4. artikulua. Errealitate Sozialaren Behatokiaren eta Gizarte Politiken Plangintzaren eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren egitura.

Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuaren mende:

–Plan Orokorrak Koordinatzeko Bulegoa.

–Proiektuak Kudeatu eta Jarraitzeko Bulegoa.

–Plangintza Dokumentuak Sortu eta Zabaltzeko Bulegoa".

Bigarrena.–5.2 artikulua aldatzen da, eta hau da testu berria:

"2. Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren mendeko zentroak bulego maila duten administrazio unitate hauetan egituratzen dira:

a) El Vergel zahar etxearen mende:

–Erizaintzako Koordinazio Unitatea.

–Mantentze-lanen Unitatea.

–Sukalde Unitatea.

b) San José Zentroaren mende:

–San José Zentroko Koordinazio Unitatea.

c) Santo Domingo zahar etxearen mende:

–Kudeaketa Administratiboaren Unitatea.

–Santo Domingo Zentroko Koordinazio Unitatea."

Hirugarrena.–17. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"Proiektuak Kudeatu eta Jarraitzeko Bulegoa Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalari atxikita egonen da, eta honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Gizarte Berrikuntzaren, Prestakuntzaren eta Europako Proiektuen Atalak bultzatutako gizarte berrikuntzako proiektuak garatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.

b) Nafarroan ere egin daitezkeen gizarte berrikuntzako jardunbideen eta esperientzien zabalkundean laguntzea.

c) Prestakuntza-premiak identifikatu eta aztertzen laguntzea, bai eta Gizarte Zerbitzuen Sistemako langileak birkualifikatzeko elkarlaneko prestakuntza-eskaintza bat eratzen ere.

d) Topaketak, biltzarrak, jardunaldiak eta bestelako ekitaldi profesionalak eta/edo zientifikoak antolatzen eta egiten laguntzea.

e) Europako proiektuak sustatzen, kudeatzen eta haien jarraipena egiten laguntzea.

f) Gizartearentzat berritzaileak diren jardunbideak sustatzen eta trukatzen laguntzea.

g) Esleituta dituzten gaiekin lotutako izapidetze eginkizunak, inbentario, erregistro, artxibokoak eta bestelakoak.

h) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona".

Laugarrena.–28. artikulua aldatzen da, eta hau da testu berria:

"28. artikulua. San José Zentroko Koordinazio Unitatea.

San José Zentroko Koordinazio Unitateak, zentro horri atxikitakoak, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Bere ardurapeko langile berriei harrera, prestakuntza eta informazioa ematea, erreferentziazko langileen eginkizunak eta erantzukizunak adierazita, eta lan profesionala, higienea eta uniformetasuna betetzen direla gainbegiratuta.

b) Bere ardurapeko langileak kontratatzeko beharra eta baldintzak baloratzea.

c) Bere ardurapeko langileen egutegiak eta txanden, oporren, ordaindutako egunen, eguneko atsedenaldien eta abarren banaketa diseinatzea eta gainbegiratzea.

d) Bere ardurapeko langileen prestakuntza-beharrak planifikatzea eta koordinatzea.

e) Bere ardurapeko langileek erregistroak, txantiloiak eta programa informatikoa behar bezala betetzen dituztela gainbegiratzea.

f) Bere ardurapeko langileen jarduerak gainbegiratzea, eta ardurapean dituen materialak, lanabesak, erremintak eta makinak behar bezala erabiltzen direla eta efizienteak direla zaintzea, bai eta horien inbentarioa ere.

g) Bere ardurapeko langileen zereginak protokolizatzea, irizpideak bateratzeko.

h) Zentroko talde tekniko multiprofesionalarekin koordinatzea pertsonarengan zentratutako banakako arreta planen ebaluazioa eta jarraipena, bai eta eguneroko bizitzako eta aisialdiko eta denbora libreko programak ere.

i) Zentroko zuzendaria ez badago, bertan sortzen diren eguneroko gorabeherei buruzko erabaki egokiak hartzea, behar bezala funtziona dezan.

j) Zainketen plangintza diseinatzea eta behar bezala gauzatzen direla gainbegiratzea, kontuan hartuta erabiltzaileen beharrak, banakako arreta planean aurreikusitakoak.

k) Erabiltzaileari arreta ematean, pertsonarengan zentratutako arreta integralaren oinarrizko funtsak aplikatzen direla gainbegiratzea (duintasuna, autonomia, konfidentzialtasuna eta abar errespetatzea).

l) Irteeretan, ibilaldietan, gestioetan, txangoetan, jolasetan eta astialdian erabiltzaileei eman beharreko laguntza antolatzen parte hartzea.

m) Sukaldeko eta jantokiko zerbitzuak antolatzea, banatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea (garbiketa, garbitegia, harrera, mantentze-lanak), eta zerbitzu horien martxa ona zaintzea. Sukalde unitatearekin koordinatuta, bere ardura izanen da otorduak behar bezala banatzea, dietak kontrolatzea, zerbitzu bereziak ematea, zerbitzua muntatu, garbitu eta kentzea.

n) Zerbitzu egokiak emateko, zentroko gelak behar bezala prestatzen direla gainbegiratzea eta kontrolatzea, batez ere logelak higiene-egoera onean daudela ziurtatzeko.

o) Zentroko zuzendaritzak eskatutako txostenak, azterlanak eta estatistikak egitea.

p) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona".

Bosgarrena.–28.bis artikulua gehitzen da, honako testu hau duena:

"28. Bis artikulua. Santo Domingo Zentroko Koordinazio Unitatea.

Santo Domingo Zentroko Koordinazio Unitateak, zentro horri atxikitakoak, honako eginkizun hauek beteko ditu:

a) Bere ardurapeko langile berriei harrera, prestakuntza eta informazioa ematea, erreferentziazko langileen eginkizunak eta erantzukizunak adierazita, eta lan profesionala, higienea eta uniformetasuna betetzen direla gainbegiratuta.

b) Bere ardurapeko langileak kontratatzeko beharra eta baldintzak baloratzea.

c) Bere ardurapeko langileen egutegiak eta txanden, oporren, ordaindutako egunen, eguneko atsedenaldien eta abarren banaketa diseinatzea eta gainbegiratzea.

d) Bere ardurapeko langileen prestakuntza-beharrak planifikatzea eta koordinatzea.

e) Bere ardurapeko langileek erregistroak, txantiloiak eta programa informatikoa behar bezala betetzen dituztela gainbegiratzea.

f) Bere ardurapeko langileen jarduerak gainbegiratzea, eta ardurapean dituen materialak, lanabesak, erremintak eta makinak behar bezala erabiltzen direla eta efizienteak direla zaintzea, bai eta horien inbentarioa ere.

g) Bere ardurapeko langileen zereginak protokolizatzea, irizpideak bateratzeko.

h) Zentroko talde tekniko multiprofesionalarekin koordinatzea pertsonarengan zentratutako banakako arreta planen ebaluazioa eta jarraipena, bai eta eguneroko bizitzako eta aisialdiko eta denbora libreko programak ere.

i) Zentroko zuzendaria ez badago, bertan sortzen diren eguneroko gorabeherei buruzko erabaki egokiak hartzea, behar bezala funtziona dezan.

j) Zainketen plangintza diseinatzea eta behar bezala gauzatzen direla gainbegiratzea, kontuan hartuta erabiltzaileen beharrak, banakako arreta planean aurreikusitakoak.

k) Erabiltzaileari arreta ematean, pertsonarengan zentratutako arreta integralaren oinarrizko funtsak aplikatzen direla gainbegiratzea (duintasuna, autonomia, konfidentzialtasuna eta abar errespetatzea).

l) Irteeretan, ibilaldietan, gestioetan, txangoetan, jolasetan eta astialdian erabiltzaileei eman beharreko laguntza antolatzen parte hartzea.

m) Sukaldeko eta jantokiko zerbitzuak antolatzea, banatzea, koordinatzea eta gainbegiratzea (garbiketa, garbitegia eta harrera, mantentze-lanak), eta zerbitzu horien martxa ona zaintzea. Sukalde unitatearekin koordinatuta, bere ardura izanen da otorduak behar bezala banatzea, dietak kontrolatzea, zerbitzu bereziak ematea, zerbitzua muntatu, garbitu eta kentzea.

n) Zerbitzu egokiak emateko, zentroko gelak behar bezala prestatzen direla gainbegiratzea eta kontrolatzea, batez ere logelak higiene-egoera onean daudela ziurtatzeko.

o) Zentroko zuzendaritzak eskatutako txostenak, azterlanak eta estatistikak egitea.

p) Beste edozein eginkizun, bere jarduketaren eremuan agintzen zaiona".

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehen xedapen gehigarria.–Unitateak kentzea.

Foru agindu honen bidez unitate hau kentzen da:

–Enpleguaren Jarraipenerako Bulegoa.

Bigarren xedapen gehigarria.–Unitateak sortzea.

Foru agindu honetan unitate hauek sortzen dira:

a) Proiektuak Kudeatu eta Jarraitzeko Bulegoa.

b) Santo Domingo Zentroko Koordinazio Unitatea.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Izenak aldatzea.

"San José Zentroko Koordinazio Unitatea" izenak ordeztuko du "San José Zentroko Zaintzaileen Koordinazio Unitatea" izena, foru agindu honen maila bereko edo beheragoko xedapenetan jasotzen dena, bereziki Eskubide Sozialetako kontseilariaren abenduaren 15eko 305/2015 Foru Aginduan, departamentu horren eta haren erakunde autonomoen egitura bulegoen eta ataletik beherako unitateen mailan garatu zuen horretan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 19an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

Iragarkiaren kodea: F2306382