90. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1735E/2023 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baita laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen deialdia. DDBN identifikazioa: 676106.

Laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzea Nafarroako Gobernuaren lehentasunetako bat da. "Bizikidetzazko eta berdintasunezko legegintzaldi berritzaile eta aurrerakoirako programa-akordioa (2019-2023)" delakoan finkatutako helburuetako bat da berariazko neurriak sustatzea lan-eremuan kolektibo kalteberek aukera-berdintasuna izan dezaten. Koronabirusaren krisiak pertsona kalteberenen lan-egoera okertu du, lan-merkatuan berriz sartzeko zailtasunak areagotu egin zaizkielako. Langabeziaren areagotzeak, lan-merkatuaren ziurgabetasunak eta enpresen ezegonkortasunak lana lortzeko aukerak murrizten dizkiete zenbait kolektibori. Horregatik, pertsona horientzako lan-aukerak sustatzea, beren kontratazioa finantzatuz, oinarrizkoa da lan munduan berriz sar daitezen, bereziki egungo testuinguru ekonomiko eta sozialean.

Bestalde, badakigu langabeziak bilakaera desberdina izaten duela biztanle-taldeen arabera, eta, horregatik, lehentasunezko esku-hartzea behar duten talde batzuk ezarri dira 2021-2024 aldirako Nafarroako Enplegu Planean. Enplegu Politika Aktiboen Planaren 3. helburu estrategikoa da enplegu inklusiboa sustatzea eta aukera berdintasunaren alde egitea. Helburu hori 2.5 operatiboan garatzen da; hala, pertsona kalteberak enplegu arruntean laneratu daitezen sustatzen da, pizgarriak emanez pertsona kalteberen kalitatezko enplegurako eta enplegu horiek finkatu daitezen laguntzeko babesa eskainiz. Helburua, kasu guztietan, enplegu pizgarrien noranzkoa ezartzea da, kolektibo horientzako guztientzako kalitatezko enpleguaren bila.

Halaber, 4.3 helburuak emakumeen enplegagarritasuna hobetu nahi du, eta genero arrakala izan ez dadin bultzatu; horretarako, emakume langabeak maskulinizatutako lanetara bideratu nahi dira, genero arrakala murrizteko bide gisa, eta, lan merkatura sartzeko bide gisa, emakumeek STEM delako titulazioak eta prestakuntza teknikoko beste adar batzuk (elektronika, fabrikazio mekanikoa, programazioa eta abar) hauta ditzatela sustatu nahi da.

Hori horrela, programa honen bidez laneratzeko zailtasunak dituztenen kontratazio mugagabea sustatu nahi da –luzaroko langabeena, errenta bermatuaren hartzaileena, 55etik gorakoena eta gazteena, esaterako–, eta horretarako, lantokiak Nafarroako Foru Komunitatean dituzten enpresek enplegua sor dezatela bultzatu, bai eta kontratazioak txandakako prestakuntza-kontratuen bidez egin daitezela ere. Horrez gain, emakumeak kontratatzea bultzatu nahi da, bereziki STEM delako lanpostuetarako kontratatuko direnena, lagungarria izanen delakoan genero arrakala murrizten laguntzeko.

Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman zitzaion Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari dirulaguntzen deialdi bat tramita zezan, banakako ebaluazioaren araubidean, laneratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonen enplegua sustatzeko 2023an.

Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren estatutuak onesten dituen azaroaren 6ko 302/2019 Foru Dekretuaren 12. artikuluaren bidez emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa sustatzeko dirulaguntzen 2023ko deialdia.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 1.643.000 euroko gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontuko partida honen kargura: "Enplegurako zailtasunak dituzten kolektiboen kontrataziorako laguntzak. Konferentzia Sektoriala" izeneko 950001 96100 4709 241118 partida.

4. Era berean, 500.000 euro gehiago baimentzen ahalko dira gehienez, baina, eraginkortasuna izateko, legez aurreikusitako inguruabarren bat gertatzearen ondorioz baimendu beharko da. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko epe berri bat hastea ere.

5. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta ebazpena aipatu aldizkarian argitaratu arte.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 31n.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Mirian Martón Pérez.

I. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea eta jarduketa eremua.

Oinarri hauen xedea da enpresei dirulaguntzak emateko baldintzak eta betebeharrak arautzea, laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen kontratazioa bereziki sustatzeko 2023an. Jarduketa eremua Nafarroako Foru Komunitatea da.

2.–Entitate onuradunak.

2.1. Entitate hauek izan daitezke dirulaguntzen onuradun:

a) Enpresak.

b) Langile autonomoak.

c) Irabazi-asmorik gabeko entitateak.

2.2. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Lantoki bat Nafarroan izatea.

b) Legez eratuak izatea, bakoitzaren araudiaren arabera, eta, hortaz, nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea eta dagokion erregistro publikoan inskribaturik egotea.

c) Ez egotea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoeretako batean ere.

2.3. Betebehar horiek guztiak dirulaguntza eskaera aurkezteko egunean bete beharko dituzte entitate onuradunek, baita diruz laguntzen den kontratuak irauten duen bitarte osoan ere.

2.4. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira entitate hauek:

a) Estatuko Administrazio Orokorra eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak araututako erakunde publikoak.

b) Autonomia-administrazioak, toki entitateak eta haien erakunde publikoak.

c) Enpresa publikoak eta fundazio publikoak.

3.–Jarduketa diruz lagungarriak.

3.1. Dirulaguntzaren xede izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean kokatutako lantokiei atxikitako lanpostuetarako kontratuak, baldin eta atal hauetako baten barnean sartzen badira:

A) Kontratu mugagabeak eta aldi baterako edo iraupen mugatuko kontratu bat kontratu mugagabe bihurtzea. Kontratuak gutxienez lanaldiaren %50ekoak izanen dira.

B) Txandakako prestakuntza-kontratuak. Enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako gehieneko lanaldiaren edo, halakorik izan ezean, legezko gehieneko lanaldiaren gutxienez %50 izan beharko da kontratu horietan ezarritako benetako lan denbora.

3.2. Urteko gutxieneko lansari gordina (aparteko pagak barne) kontratuan agertuko da, eta ez da lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa izanen.

3.3. Kontratuak lan arloko legeriak aurreikusitakoa beteko du.

3.4. Ez dira inoiz diruz lagunduko kontratu mugagabeak edo mugagabe bilakatutakoak, baldin eta zehapen prozedurak irekitzearen ondoriozkoak badira.

3.5. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira aldizkako kontratu finkoak eta obrari atxikitako kontratu mugagabeak.

3.6. Kontratazio bakoitzak plantilla handitzea ekarri behar du. Deialdi honen ondorioetarako, kalkulu hori egiteko, kontratazioa egiten den hilabetean enpresak duen plantilla finkoa alderatuko da aurreko urteko hilabete bereko plantilla finkoarekin.

4.–Kontratatzen diren pertsonek bete beharreko baldintzak.

4.1. Kontratatzen diren pertsonak langabeak izanen dira, eta dagokien autonomia erkidegoko enplegu publikoko zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa izena emanda egon beharko dute kontratua hasten den egunean, salbu eta aldi baterako kontratu bat edo iraupen jakineko kontratu bat mugagabe bihurtzeko kasuetan.

4.2. Kontratatu mugagabearekin edo aldi baterako kontratua mugagabe bihurtuta kontratatzen direnek honako kolektibo hauetako baten barruan egon beharko dute:

–55 urtetik gorako pertsonak.

–30 urtetik beherako gazteak, Gazte Bermearen Sisteman izena emanda daudenak.

–Luzaroko langabeak.

–Errenta bermatuaren hartzaileak.

–STEM okupazioetan kontratutako emakumeak, deialdi honen II. eranskinean zerrendatutako LESen arabera. Kasu honetan, lanpostuak bat etorri beharko du aipatu eranskinean sartutako okupazioren batekin, eta LESa berariaz aipatu beharko da kontratuan.

–Genero-indarkeriaren biktimak.

Deialdi honen ondorioetarako, luzaroko langabeak izanen dira kontratatu aurreko 540 egunetatik gutxienez 360 egunetan lanik gabe eta Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak.

4.3. Kontraturen bat eteten bada diruz lagundutako aldia amaitu baino lehen, beste pertsona bat kontratatuko da, hasierakoa ordezteko, hilabeteko epean gehienez ere, oinarri honetan ezarritako baldintzekin bat. Lanaldia eta ordainsaria errespetatuko dira, eta ordeztu behar den pertsona zein kolektibotakoa zen, horretakoa edo zailtasun handiagoko kolektibo batekoa izanen da. Kontratazio horri begira, kolektibo batek laneratzeko zailtasun handiagoa duela joko da 5.1.A oinarriaren arabera zenbateko handiagoa ematen bazaio. Ordezkapen hori Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari jakinarazi beharko zaio hilabeteko epean, gehienez, kontratu berriaren datatik hasita. Ordezkapenak ez du inoiz ere dirulaguntza handiagoa ekarriko.

Kasu honetan, egiten diren kontratu guztien iraupenen baturak deialdi honen bidez diruz laguntzen den denbora-tartea beteko du gutxienez.

Kontratua mugagabea duen pertsonaren baten kontratua eteten bada, diruz lagundutako aldia urte batekoa dela joko da, betiere ondorio hauetarako.

5.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

5.1. Diruz lagunduko diren zenbatekoak hauek dira:

A) Kontratu mugagabeak edo mugagabe bihurtzekoak:

a) 5.000 euro, 55 urtetik gorako pertsonekin edo Gazte Bermearen Erregistroan izena emanda dauden 30 urtetik beherako gazteekin sinatuak badira. 6.000 euro, kontratua, aurrekoaz gain, emakumea bada.

b) 6.000 euro, luzaroko langabeekin edo errenta bermatua jasotzen dutenekin sinatuak badira. 7.000 euro, kontratatua, aurrekoaz gain, emakumea bada.

c) 7.800 euro, STEM delako okupazioetan aritzen diren emakumeekin edo genero indarkeriaren biktimekin sinatuak badira.

Zenbateko horiek lanaldi osoko kontratu mugagabeetarako dira. Kontratuaren lanaldia laburragoa bada, zenbatekoa proportzionala izanen da.

Azaldutako egoeretako bi gertatzen badira, eskatzaileak aukerarik mesedegarriena hautatu beharko du.

B) 4.000 euro, lanaldi osoko txandakako prestakuntza-kontratuetarako. Enpresan aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan ezarritako gehieneko lanaldiaren edo, halakorik izan ezean, legezko gehieneko lanaldiaren gutxienez %50 izan beharko da kontratu horietan ezarritako benetako lan denbora.

Ez dira diruz lagunduko txandakako prestakuntza-kontratuak, baldin eta prestakuntza-denboraren eta benetako lan-denboraren batura lanaldi osoaren %100 baino gutxiago bada.

Kasu horretan, finkatutako zenbatekoa gutxienez urtebeteko iraupena duten kontratuei dagokie. Kontratuaren iraupena laburragoa izanen balitz, hil osoei dagokien zenbateko proportzionala emanen litzateke. Hil osoa izanen da hilabete baten egun batetik hurrengo hilabetearen egun berera doan tartea, aintzat hartu gabe hilek daukaten egun kopurua. Beraz, hil osoetatik soberan gelditzen diren egunak ez dira diruz lagunduko.

6.–Aurkeztu beharreko agiriak.

6.1. Entitate eskatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:

a) Dirulaguntzarako eskabidea, behar bezala betea, eredu ofizialaren araberakoa. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan edo Nafarroako Gobernuaren web-orri ofizialean (www.nafarroa.eus) eskura daiteke.

b) Entitate onuradunak eta langabeak izenpetutako lan-kontratua.

c) Enpresaren erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. eta 15. artikuluetan ezarritako baldintzak betetzen dituela adierazten duena (I. eranskina).

d) Helburu bererako lortu edo eskatutako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideei buruzko adierazpena, edo, bestela, horrelakorik eskatu ez dela dioen adierazpen espresa. Halaber, enpresa eskatzaileak idatziz jakinarazi beharko du laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eman zaizkiola edo berriz eskatu dituela, edo horren gainean sortzen ahal diren egoera berriak jakinarazi beharko ditu. Era berean, adieraziko du ekitaldi fiskal honetako eta aurreko bietako minimis araubideari atxikitako bestelako laguntzarik jaso duen (II. eranskina).

e) Aurretik Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzarik jaso ez bada, ordainketa transferentzia bidez egiteko eskabidea.

f) Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (III. eranskina).

Gardentasun betebeharrak:

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitate pribatuak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak.

Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio hauetarako, ez guztizko batura.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz.

g) Kontratazio mugagabeen edo mugagabe bilakatutako kontratazioen kasuan, kontratazioa egiten den hilabetean eta aurreko urteko hilabete berean enpresak izan dituen langile finkoen kopuruak eta haien egoera adieraziko dira (IV. eranskina).

h) NL-NEZek eskatzen ahal duen dokumentazio oro.

6.2. Eskaera osorik egon ezean, instrukzio unitateak pertsona edo entitate eskatzaileari eskatuko dio gehienez ere hamar egun balioduneko epean zuzen ditzala akatsak, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

7.–Aurkezteko epea.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, kontratua hasi eta biharamunetik hasita.

Diruz lagunduko dira soilik deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren eta 2023ko urriaren 31ra arte hasten diren kontratuak.

7.2. Eskaerak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez aurkeztuko dira bakar-bakarrik.

7.3. Eskaerak adierazitako epetik kanpo aurkeztuz gero, ez dira onartuko.

8.–Instrukzioa eta tramitazioa.

8.1. Prozeduraren instrukzioa eta tramitazioa Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuari dagozkio.

8.2. Instrukzio organoak, behar diren egiaztapenak egin ondoren eta aurrekontuan dagoen diru erabilgarriaren arabera, txostena prestatu eta dagokion ebazpen proposamena eginen du, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari igortzeko.

8.3. Eskaeren instrukzioa aurkezten diren hurrenkera berari jarraikiz eginen da.

9.–Ebazpena eta dirulaguntza ordaintzea.

9.1. Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak, Enplegua Sustatzeko eta Enpresentzako Zerbitzuetarako Zerbitzuaren proposamen txostena ikusita, ebazpena emanen du, eskatutako dirulaguntza eman edo ukatzeko, eskaera aurkeztu ondoko bi hilabeteko epean, gehienez ere.

9.2. Epe hori ebazpen espresik jakinarazi gabe bukatzen bada, ulertuko da aurkeztutako eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela. Eskaeraren gaineko berariazko edo presuntziozko ebazpenaren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean. Ebazpena berariazkoa ez bada, noiznahi aurkezten ahalko da errekurtsoa, ebazteko gehieneko epea bukatu eta biharamunetik hasita.

9.3. Instrukzio organoak egiaztatu ondoren eskaeraren xedeko jarduketa egin dela eta enplegatzailea egunean dagoela bere zerga arloko eta Gizarte Segurantzaren arloko betebeharretan, dirulaguntza eman eta ordainduko da.

9.4. Ebazpena entitate eskatzaileari jakinaraziko zaio, dirulaguntza eman edo ukatzearen arrazoiak adierazita.

10.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan ezarritako dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidea erabiliko da. Prozedura hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen aurreikuspenekin eta oinarri arautzaile hauetan ezarritakoarekin bat etorriko da.

11.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako hauek dira entitate onuradunen betebeharrak:

a) Pertsona onuradunarekin lan-kontratua sinatzea, legez ezarritako araudiaren arabera.

b) Laguntza emateko ebazpena ematen den unean, zerga arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, eta, hala badagokio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin ordaindu beharreko zorrik ez izatea. Betebehar hori egunean duela egiaztatzeko, entitate eskatzaileari jakinarazten zaio eskabidea aurkeztearekin batera baimena ematen diola Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuari behar diren datuak kontsulta ditzan.

c) Dirulaguntza ematen duen organoak eta indarra duen antolamendu juridikoaren arabera eskudun diren bestelakoek egin beharreko egiaztapen lanak onartzea, eta egiten diren kontroletan laguntzea.

d) Deialdi honetan eta aplikatzekoa den legerian ezarritako kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

12.–Dirulaguntzen jarraipena eta kontrola.

Kontratua indarrean den bitartean, edo diruz lagundutako aldia amaitutakoan (txandakako prestakuntza-kontratuen kasuan), organo kudeatzaileak behar diren egiaztapenak eginen ditu ziurtatzeko dirulaguntza emateko baldintzei eutsi zaiela.

Entitate onuradunek honako egiaztatze lan hauek onartu beharko dituzte: Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak egin beharrekoak, bidezko diren finantza kontrolekoak, hala badagokio, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko kontu-hartzailetzarenak, Kontuen Ganberaren legedian aurreikusitakoak eta legez bidezko diren gainerakoak.

13.–Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateraezinak dira Nafarroako Foru Administrazioak, beste administrazio publiko edo entitate publiko zein pribatu batzuek, nazionalak edo nazioartekoak izan, edo partikularrek helburu bererako ematen dituztenekin, salbu eta Gizarte Segurantzako kotizazio kuotetan legez egin daitezkeen hobariekin edo murrizketekin.

14.–Ez-betetzeak, dirulaguntzen itzulketa eta zehapen araubidea.

14.1. Dirulaguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, administrazioak onartu ala ez, dirulaguntza emateko ebazpena aldatuko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

14.2. Jasotako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira –inondik inora edo hein batean–, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira.

Baldintzak hein batean bete ez direla joko da hasiera batean kontratatutako pertsona ordezten denean ez bada inguruabar hori jakinarazten kontratu berriaren datatik hilabeteko epean, hori baita 4.3 oinarrian ezarritako epea. Hala, jakinarazteko epe hori betetzen ez denean, dirulaguntza kontzeptu gisa eskuratutako zenbatekoen %5 itzuli beharko da.

Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.3. Kontratu mugagabea amaitzen bada sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, berandutze-interesak gehituta, salbu eta enplegatzaileak kontratatua ordezten badu, 4.3 oinarrian ezarritakoarekin bat. Ordezkapena Nafarroako Enplegu Zerbitzuari komunikatuko zaio, kontratu berriaren datatik hilabeteko epean gehienez ere.

Txandakako prestakuntza-kontratua behar baino lehenago amaitzen bada, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, berandutze-interesak gehituta.

Deialdi honen ondorioetarako, eszedentzia egoerara pasatzeak kontratua amaitzea ekarriko du.

Langileak lana uzten badu bidegabe deklaratu edo aitortutako kaleratze batengatik, onuradunak emandako dirulaguntza osorik itzuli beharko du, berandutze-interesak gehituta. Halako kasuetan ez da zilegi izanen langilea ordeztea.

14.4. Kontratu mugagabeetan lanaldiaren portzentajea gutxitzen bada kontratua sinatu zenetik urtebete iragan baino lehen, dirulaguntzaren zenbatekoa berriz kalkulatuko da eta aldeari dagokion zatia itzultzeko eskatuko da, berandutze-interesak gehituta, lanaldi-murrizketaren portzentajearen arabera eta urtea betetzeko falta den denborarekiko proportzioan.

Txandakako prestakuntza-kontratuetan, lanaldi osoko kontratuak baizik ez direnez diruz laguntzen, dirulaguntza osorik itzuli beharko da, berandutze-interesak gehituta.

14.5. Dirulaguntza hartzen duten entitateek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzei dagokienez ezarrita dauden erantzukizunak izanen dituzte eta hango zehapen araubidearen mende egonen dira.

15.–Dirulaguntzen jakinarazpena eta publizitatea.

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak emandako dirulaguntzak jendaurrean jarriko ditu Nafarroako Enpleguaren atarian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15.1 artikuluan ezarritako baldintzekin bat.

Entitate onuradunek sustapen eta zabalkunde jarduketa guztietan agerrarazi beharko dute Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak diruz laguntzen dituela. Kontratuan berean jasoko da dirulaguntzaren xedea.

16.–De minimis laguntzak.

16.1. Deialdi honetako dirulaguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Enpresa bakarraren definizioa aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago.

16.2. Horretarako, enpresek kasuan kasuko zerga-ekitaldian eta aurreko bi zerga-ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortuko dituzte (II. eranskina).

17.–Datuen babesa.

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta 95/46/EE Zuzentaraua indargabetzen duena; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalen Bermatzekoa; eta garapenerako gainerako arauak, hari aurka egiten ez dioten heinean.

18.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan xedaturik ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari lotuko zaio.

19.–Indarra hartzea.

Ebazpen honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

II. ERANSKINA

LES okupazio taula

2411

Fisikariak eta astronomoak

2412

Meteorologoak

2413

Kimikariak

2414

Geologoak eta geofisikoak

2415

Matematikariak eta aktuarioak

2416

Estatistikariak

2421

Biologoak, botanikoak, zoologoak eta antzekoak

2422

Nekazaritzako ingeniariak

2423

Mendi-ingeniariak

2424

Nekazaritzako ingeniari teknikoak

2425

Basogintzako eta Ingurune Naturaleko ingeniari teknikoak

2426

Ingurumenaren Babeseko profesionalak

2427

Enologoak

2431

Industria eta Ekoizpen ingeniariak

2432

Eraikuntzako eta Obra Zibiletako ingeniariak

2433

Ingeniari mekanikoak

2434

Ingeniari aeronautikoak

2435

Ingeniari kimikoak

2436

Meatzeetako eta Metalurgiako ingeniariak eta antzekoak

2437

Ingurumeneko ingeniariak

2439

Ingeniariak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2441

Elektrizitateko ingeniariak

2442

Ingeniari elektronikoak

2443

Telekomunikazioetako ingeniariak

2461

Industriako eta Ekoizpeneko ingeniari teknikoak

2462

Herri-lanetako ingeniari teknikoak

2463

Mekanikako ingeniari teknikoak

2464

Aeronautikako ingeniari teknikoak

2465

Kimikako ingeniari teknikoak

2466

Meatzeetako eta Metalurgiako ingeniari teknikoak eta antzekoak

2469

Ingeniari teknikoak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2471

Elektrizitateko ingeniari teknikoak

2472

Elektronikako ingeniari teknikoak

2473

Telekomunikazioetako ingeniari teknikoak

2711

Sistema analistak

2712

Analistak eta software diseinatzaileak

2713

Analistak eta web eta multimediako programatzaile eta diseinatzaileak

2719

Analistak eta web eta multimediako programatzaile eta diseinatzaileak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

2721

Datu-baseen diseinatzaileak eta administrariak

2722

Sistemen eta sareen administrariak

2723

Sare informatikoen analistak

2729

Datu-baseetako eta sare informatikoetako espezialistak, beste epigrafeetan sailkaturik ez daudenak

3110

Delineatzaileak eta marrazkilari teknikoak

3121

Zientzia Fisiko eta Kimikoetako teknikariak

3122

Eraikuntzako teknikariak

3123

Elektrizitateko teknikariak

3124

Elektronikako teknikariak (elektromedikuntza ez)

3125

Elektronikako teknikariak, elektromedikuntzako espezialitatekoak

3126

Mekanikako teknikariak

3127

Kimika Industrialeko teknikariak eta laborategiko analistak

3128

Metalurgia eta meatzeetako teknikariak

3129

Zientzia Fisiko, Kimiko eta Ingurumen Zientzietako eta Ingeniaritzako beste teknikari batzuk

3131

Energia sortzeko instalazioetako teknikaria

3132

Hondakinak eta ura tratatzeko instalazioetako teknikariak eta antzeko instalazioetako beste operadore batzuk

3133

Produktu kimikoak prozesatzeko instalazioetako kontrol teknikariak

3134

Petrolioko eta gas naturaleko findegietako teknikariak

3135

Metalak ekoizteko prozesuetako kontrol teknikariak

3139

Beste epigrafe batzuetan sailkatu gabeko prozesuetako kontrol teknikariak

3141

Biologia Zientzietako teknikariak (arlo sanitarioetakoak ez)

3142

Nekazaritzako eta Abeltzaintzako teknikariak

3143

Basogintzako eta Ingurune Naturaleko teknikariak

3151

Makineriako buruak eta ofizialak

3152

Kapitainak eta zubiko ofizialak

3153

Hegazkin pilotuak eta antzeko profesionalak

3154

Aire-zirkulazioaren kontrolatzaileak

3155

Segurtasun Aeronautikoko teknikariak

3160

Zientzia Fisiko eta Kimikoetako eta Ingeniaritzetako kalitate kontrolaren teknikariak

3811

Informatika-sistemetako eragiketetako teknikariak

3812

Informazioaren Teknologien erabiltzaileei arreta emateko teknikariak

3813

Sareetako teknikariak

3814

Web teknikariak

3820

Informatika programatzaileak

3831

Ikus-entzunezko grabazioetako teknikariak

3832

Irrati-difusioko teknikariak

3833

Telekomunikazioetako Ingeniaritzako teknikariak

Iragarkiaren kodea: F2305481