90. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRIBERRI

Aldaketa, Nafarroako ubideko eremu ureztagarrien IV-2, IV-4 eta V sektoreetako laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzan, eta haren ondoriozko testu bategina. Behin betiko onespena

Erriberriko Udalak, 2022ko abenduaren 26an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Nafarroako ubideko eremu ureztagarrien IV-2, IV-4 eta V sektoreetan, hurrenez hurren sartuta dauden laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren aldaketa, Erriberriko udal-mugartean. Hasierako onespen hori 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 14an. Jendaurreko epea iragan baita aldaketa horren aurkako alegaziorik gabe, behin betiko onetsitzat jotzen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraituz. Aldaketa horren ondoriozko testu bategina, halaber, Udalak 2023ko martxoaren 31ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi da, eta haren edukia honako hau da.

Erriberrin, 2023ko apirilaren 17an.–Alkatea, Maite Garbayo Valencia.

ORDENANTZAREN ALDAKETA

ATARIKOA

Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeak nahitaezko zenbait baldintza ezartzen dizkie ureztalur bilakatuko diren lurren jabeei. Lurren eraldaketa horrekin ukitutako titularretako bat Erriberriko Udala da, bertako herri-lurretan egin nahi baita.

Aipatutako konpromiso horietako batzuek herri-lurren aprobetxamenduaren araubidea ukitzen dute eta beraz, komenigarria da aprobetxamendu hori arautzen duen ordenantza aldatzea. Aldaketa horrek ez dituenez herri-lur guztiak ukitzen, ez da beharrezkoa indarrean den ordenantzaren testu artikuluduna aldatzea, baizik eta araubide berezia gehitzea ordenantzari, hain zuzen ere Nafarroako ubidearen eremu ureztagarrien sektore horiei aplikatuko zaiena. Horregatik, araubide hori ezarri da indarrean den testu artikuludunari xedapen gehigarri bat erantsiz.

Artikulu bakarra.–Erriberriko Udalaren laborantzako herri-lurren aprobetxamendua arautzen duen ordenantzaren Lehen Xedapen Gehigarria onetsi da. Hona hemen:

LEHENBIZIKO XEDAPEN GEHIGARRIA

Aplikazio-eremua

Xedapen gehigarri honetan ezarritako arauak aplikatuko zaizkie Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ureztalur bilakatzeko onetsitako proiektuan edo proiektuetan zehaztutako jarduketa perimetroetan sartzen diren lurrei, hain zuzen ere Nafarroako ubideko eremu ureztagarri gisa definitutako horietan, Erriberriko udal-mugartean, daudenei.

Xedea

Helburua da uraren kontsumoa kontrolatzeko neurriak ematea eta gehiegikeriengatiko zehapenak arautzea; instalazioak gaizki erabiltzeagatik etor daitekeen erantzukizunetik arintzea Nekazaritza Departamentua; ureztalurrean aldatu diren eta aldatuko diren laborantzei buruzko informazioa emateko konpromisoa izatea; adjudikaturiko loteetan, ureztalurraren gutxieneko azalerari hamabost urtean eutsi beharra ezartzea, eta lote horiek adjudikatzeko lehentasun irizpideak finkatzea; hori guztia Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat.

Xedapen hauetan ez da legeek aldez aurretik aitortu edo emandako inolako eskubiderik ematen edo kentzen.

Ur kontsumoak finkatzea

Ureztalurrean sistemaren funtzionamendurik egokiena, eskura den uraren aprobetxamendurik hoberena eta haren eskuragarritasun zuzena lortzearren, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean komenigarrien iruditzen zaizkion arauak emanen ditu, alderdi hauen gainean:

–Ureztatzeko arauak ezartzea.

–Matxuren berri ematea.

–Obra, sistema eta instalazioetako mantentze-lanak.

Orobat, ureztatze kanpaina bakoitzean, Alkatetzak erreferentziako ur kontsumoak ezarriko ditu ureztalurreko laborantza mota bakoitzarentzat, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Kontseilaritzak Riegos de Navarra sozietate publikoaren edo hura ordezkatzen duen erakundearen bitartez ematen dituen jarraibide teknikoekin bat.

Erreferentziako kontsumo horien arabera, Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, ureztatze kanpaina bakoitzean, nekazari bakoitzari adieraziko dio, aldatu dituen edo aldatuko dituen laborantza motekin bat, lurzati bakoitzean zenbat metro kubiko dagozkion kanpaina horretarako.

Ur kontsumoak. Fakturazioa eta zehapenak

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, benetako kontsumoei dagozkien ordainagiriak fakturatuko dizkie ureztatzaileei, multzoka tarifatuz.

Fakturatzeko orduan, kontsumitutako metro kubiko bakoitzaren prezioa da ureztatzaileak ordaindu beharreko oinarri finkoa edo 1. multzokoa, lan batzordeak proposatu eta Alkatetzak kalkulatua. Prezio horretan fakturatuko dira ureztatzaileen kontsumoak, haientzat finkatutako metro kubikoen adinakoak edo gutxiago badira, edo %10 gehiago, gehienez ere.

Berriz, ureztatzailearen kontsumoa 2. multzoan sartuko da baldin harentzat ezarritakoa %10etik %20ra bitarte gainditzen badu, eta zehatu eginen da; kopuru horri I. multzoko metro kubikoarentzat ezarritako prezioa %300 igota, hain zuzen.

Azkenik, 3. multzoan sartuko da ureztatzaileak izandako kontsumoa, aitzinetik harentzat ezarritakoa baino %20 baino handiagoa bada. Kasu horretan, I. multzorako ezarritako prezioa %500 igota zehatuko da harentzat ezarritako gehiegizko kontsumoa.

Alkatetzak, dagokion lan batzordeak proposaturik, kontsumitutako ur metro kubiko bakoitzaren prezioa, I. multzoari dagokiona, ezarriko du kanpaina bakoitzean.

Erantzukizunak

Zein ureztatzailek instalazioak gaizki erabili eta kalteak sortzen dituen, hark izanen du erantzukina, hala nola alderdi baterako eta ohiko laboreetarako ezarritako ur kopurua baino gehiago erabiltzean sortzen dena.

Kaltearen arrazoia ezin denean argitu eta ezin zaienean halako ureztatzaile bati edo gehiagori leporatu, Udalak bere gain hartuko du erantzukizuna, eta ezin izanen dio inola ere egotzi Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

Ureztatzaileen betebeharrak

Ureztatze kanpaina bakoitzean, ureztatzaileek eskualdean sartutako laboreen edo sartu gogo direnen gaineko datu aipagarrienak emanen dizkiete Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari edo haren enpresa publikoei, horiek hala eskatuta. Bestela, Udalak izanen du informazio hori eman beharra.

Laborantzako loteen neurria eta lehentasun hurrenkera

Ureztatzeko deklaraziotik aitzina, eta gutxienez hamabost urtean, loteek oinarrizko ureztatze azalera izanen dute edo gehiago. Oinarrizko azalera hori eraikuntza proiektuan zehaztuko da, Nafarroako Gobernuak eremu horretan jarduteko dekretuan finkatzen duena oinarritzat hartuta.

Modernizazio edo eraldaketatik ateratzen diren loteak adjudikatzeko, lehentasun hurrenkera hau izanen da:

A.–Lehen-lehenik, familienak diren nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, nekazari gazte batek zuzentzen baditu edo bertan aritzen bada.

B.–Bigarrenik, nekazaritzako lehentasuneko ustiategiak, ogibide nagusia nekazaritza dutenek osatuak.

C.–Hirugarrenik, toki entitateak zuzenean ustiatzen duena.

D.–Soberako loterik egonez gero, enkante publikoaren bidez adjudikatzen ahal dira; hori guztia aipatu 1/2002 Foru Legearen 40.5.b) artikuluan xedatuarekin bat.

Iragarkiaren kodea: L2306035