9. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

444E/2022 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez eguneratzen baita Alesbesko udal mugartean dagoen zerri-ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua. Agropecuaria Alesves SL da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 27ko 418/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 1eko 373/2009 Ebazpenaren bidez eta ondoren Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 6ko 180E/2021 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia), bere lehen xedapen iragankorrean, xedatzen du ezen ingurumen baimen integratuak emateko eskumena duen organoak behar diren jarduketak eginen dituela baimenak eguneratzeko, hau da, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako isuriei buruz emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauari egokitzeko.

Bestetik, azken urteotan, ingurumen arloko arau sektorial berri batzuk sartu dira indarrean, eta eragina dute aipatu instalazioan; besteak beste, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei buruz; Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta ekonomia zirkularra bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legea, eta urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretua, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duena.

Halaber, 2017ko otsailaren 15ean, Batzordearen Betearazpen Erabakia argitaratu zen, eta hartan ezarri ziren etxeko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, industriako isuriei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauaren arabera; erabaki horretan ezarrita dago ingurumen baimen integratuaren baldintzak berritu eta, behar izanez gero, eguneratu behar direla lau urteko epean, argitalpenaren egunetik hasita, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoaren arabera (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan xedatutakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko abuztuaren 12an Agropecuaria Alesves SLri eskatu zitzaion 2020ko apirilaren 15a baino lehen aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2017/302/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2019ko azaroaren 29an eta 2020ko ekainaren 18an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioak betetzen duela Batzordearen 2017ko otsailaren 15eko 2017/302 (EB) Betearazpen Erabakian adierazitakoa, non ezarri baitziren etxeko hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiborako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko 16/2002 Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) bere lehen xedapen iragankorraren 2.d) atalean xedatutakoa betetzeko, arrisku nabarmeneko substantzien erabilera, ekoizpena edo emisioa berrikusi da, eta erabaki da, horrelakorik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lur azpiko uren kutsadurari dagokionez.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Titularrak aurkeztutako alegazioak ohartarazpen batzuk izan dira, eta baliagarriak izan dira ebazpen honen eranskinetako testua egokitzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Alesbesko udal mugartean dagoen zerri-ustiategi baten (umetarako zerramak) ingurumen baimen integratua eguneratzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari Ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak. Instalazioaren titularra Agropecuaria Alesves SL da.

Bigarrena.–418/2008 Ebazpenaren bidez instalazio horri emandako Ingurumen baimen integratuan, lurzoru urbanizaezinari buruz, agertzen diren baimen eta inskripzioen indarraldia mantentzea, ebazpen honetan xedatutakoaren aurka ez dauden bitartean.

Hirugarrena.–Zentroa Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan inskribatuta mantentzea hondakin arriskutsuen sortzaile txiki gisa, 15P02254022952007 zenbakiarekin. Sortzen ahal dituen hondakinak ebazpen honen III. eranskinean jasotakoak dira. Hondakinak sortzean egiten den edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari, aipatutako erregistroan sartzeko.

Laugarrena.–Atmosferara isuriak egiteko baimena mantentzea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer isuri egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2540020221/1/2 plana eguneratzea. Ebazpen honen VII. eranskinean dago.

Seigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, arau hauetan aurreikusitako inguruabarren bat gertatzen denean: Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikulua eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua, (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori).

Zazpigarrena.–Halaber, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan izandako aurrerapenek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gaineko teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta lau urtera gehienez ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege hori).

Zortzigarrena.–Instalazioaren ingurumen baimen integratuaren indarraldia kentzen da, baita hura berritzeko betebeharra ere; izan ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) gaur egun ez du aurreikusten ingurumen baimen integratua berritzea.

Bederatzigarrena.–Instalazioan edonolako aldaketak egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du. Arrazoiak emanda adierazi beharko du aldaketa funtsezkoa, nabarmena edo garrantzirik gabea den, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 24. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Hamargarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategin hori), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamabigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamairugarrena.–Ebazpen hau igortzea Agropecuaria El Alesves SLri, Alesbesko Udalari, Abeltzaintza Zerbitzuari, Nekazaritza Zerbitzuari, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuari, Biodibertsitatearen Zerbitzuari eta Ingurumena Zaintzeko Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 14an. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2217131