9. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 28an hartua, zeinaren bidez presakotzat deklaratzen baita, nahitaezko desjabetzearen ondorioetarako, ukitutako ondasunen zati bat okupatzea, Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetan potasio eta sodio gatzentzako "Goyo" ikerketa-baimenaren (35.780 zk.) ondoriozko ustiapen-emakida garatzeko.

1. Uztailaren 1eko 56/2021 Ebazpenaren bidez, Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetan potasio eta sodio gatzentzako "Goyo" ikerketa-baimenaren (35.780 zk.) ondoriozko ustiapen-emakida eman zen.

2. 2021eko irailaren 27an, Geoalcali SLUk eskatu zuen ezen, aipatutako proiektua garatzeko, presakotzat deklara zezatela Xabierko eta Zangozako udal mugarteetan ukitutako ondasunen okupazioa, desjabetzearen ondorioetarako. 2022ko uztailaren 18an, Geoalcali SLUk beste eskaera bat aurkeztu zuen, Nafarroako Foru Komunitatean Mina Muga proiektuak ukitutako titularren, ondasunen eta eskubideen zerrenda osatuz.

Ustiapen-emakidak 51 meatze-laukiri eragiten die, eta Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetako eremuak hartzen ditu. Enpresak, gaur egun, azalera horietako batzuk erabiltzeko eskubidea du, ukitutako partikularrekin sinatutako kontratuetan oinarrituta.

3. Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legearen 105.1 artikuluak ezartzen duenez, ustiapen-emakida baten legezko titularrak eskubidea izanen du lanak, instalazioak eta zerbitzuak kokatzeko beharrezkoak diren lurrak nahitaez desjabetzeko edo aldi baterako okupatzeko.

Artikulu horren 2. apartatuak gaineratzen du ustiapen-emakidak berekin dakarrela onura publikoaren deklarazioa, baita deklarazio hori Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 108. artikuluaren bigarren apartatuaren kasuan sartzea ere.

4. Bestalde, Meatzeei buruzko Legearen 107. artikuluak ezartzen du ezen, aldi baterako okupazioaren eta beste kalte batzuen espedienteak eta nahitaezko desjabetzeen espedienteak (lege horren X. tituluan aipatzen direnak) tramitatzerakoan, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen xedapenei jarraituko zaiela, Meatzeei buruzko Legean eta haren erregelamenduan ezarrita ez dagoen orotan.

5. Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17. artikuluan eta haren Erregelamenduaren 56. artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, jendaurrean jarri zen Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetan potasio eta sodio gatzentzako "Goyo" ikerketa-baimenaren (35.780 zk.) ondoriozko ustiapen-emakidak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendaren zati bat (2022ko 177. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 6koa, Diario de Navarra egunkaria, Gobernu Irekia eta ukitutako udaletako iragarki-taulak), eta, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiaren abenduaren 14ko 160/2022 Ebazpenaren bidez, zenbait interesdunek egindako alegazioak aztertu eta erantzun ziren, eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zati bat okupatu beharra deklaratu zen.

6. Jarraitu beharreko desjabetze prozedurari dagokionez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan aurreikusten den salbuespena, hots, presako okupazioa deklaratzeari dagokiona, desjabetze prozedura arrunta erabiltzeko aukerarik ematen ez duten lan batzuk berehala egiteko premia larriaren ondorio da, oro har. Bi prozeduren arteko aldea hauxe da: presako prozeduraren bidez, posiblea da ondasunak okupatzea balio justuaren administrazio espedientea tramitatu baino lehen.

Kasu honetan, okupazioa presakoa dela justifikatzearren, Geoalcali SLU enpresak adierazi du erauzitako materiala (potasa) garrantzi handikoa dela eta haren eskasia dagoela, izan ere, potasa lehentasunezko lehengaitzat jo diren lehengai mineraletako bat da (uztailaren 5eko 647/2002 Errege Dekretuaren I. eranskina), eta hor sartzen dira, bai minerala, bai harekin lotutako esplorazio, ikerketa, ustiapen, aprobetxamendu, tratamendu eta onurako jarduerak. Horrek esan nahi du interes nazionalekotzat jotzen dela, hornidura beharrak betetzeko, Meatzaritza Sustatzeko 6/1977 Legearen hirugarren artikuluan adierazitakoaren arabera.

Bestalde, emakida emateko ebazpenak berak, hamargarren eta hamahirugarren baldintza berezietan, ezartzen du entitate emakidaduna behartuta dagoela meategia ustiatzen hastera urtebeteko epean, emakida ematen den egunetik zenbatzen hasita. Hori dela eta, agerikoa da lanak hasi behar dituela ahalik eta lasterren akordiorik ez dagoen lurretan, kontuan hartuta ebazpenak berak berariaz adierazten duela ebazpenean jasotako edozein betebehar ez betetzeak ustiapen-emakida iraungitzea ekar dezakeela. Era berean, proiektua abian jartzeko eta eraikitzeko aurreikuspenek eta proiektuaren finantzazioak eskatzen dute lurrak ahalik eta lasterren egotea erabilgarri, inbertsioaren bideragarritasuna arriskuan ez jartzeko, eta hori proiektuaren funtsezko alderdia da.

Ildo beretik, adierazi behar da Ukrainarekiko gerraren ondorioz Errusian gaur egun dagoen egoerak, Bielorrusiako egoerak eta bi herrialde horiei ezarri zaizkien zehapenek kalteberatasun egoera berezian utzi dutela Europa. Zehazki, potasari dagokionez, Europak hornidura arazo larria du, bi herrialde horiekin mendekotasun handia zeukalako; izan ere, Europan kontsumitzen den potasaren erdia baino gehiago handik etortzen zen. Mina Muga proiektuak Errusiatik eta Bielorrusiatik inportatzen zen potasaren zati handi bat ordezkatzea ekar lezake, eta, beraz, hura abian jartzea (horretarako, beharrezkoa da lurrak eskura izatea) premia larrikotzat jo daiteke.

Era berean, potasa funtsezkoa da laboreak indartzeko behar diren ongarriak fabrikatzeko. Elikadura-krisiak gertatzea posible izan daitekeen munduko testuinguru honetan, potasa sortzea beharrezkoa eta estrategikoa da. Gainera, munduko ekoizpenaren %40 Errusiatik eta Bielorrusiatik dator; beraz, Europatik harago, Mina Muga proiektua lehenbailehen ekoizten jartzea oso garrantzitsua da elikadura-krisi honi aurre egiteko.

Azaldutako arrazoibideak nahikoa arrazoi dira presako prozedurara jotzeko beharra justifikatzeko.

7. Hori guztia kontuan harturik, prozedura izapidatu ondoren Meategiei buruzko Legean eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legean ezarritakoaren arabera, bidezkoa da presakoa deklaratzea Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetan potasio eta sodio gatzentzako "Goyo" ikerketa-baimenaren (35.780 zk.) ondoriozko ustiapen-emakida garatzeko ukitutako lurren zati baten okupazioa.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea Xabierko, Zangozako eta Esako udal mugarteetan potasio eta sodio gatzentzako "Goyo" ikerketa-baimenaren (35.780 zk.) ondoriozko ustiapen-emakida garatzeko ukitutako lurren zati baten okupazioa, desjabetzearen ondorioetarako. Sustatzailea Geoalcali SLU da.

2. Erabaki hau Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentura igortzea (Idazkaritza Tekniko Nagusia), behar diren ondorioak izan ditzan.

3. Erabaki hau Geoalcali SLUri jakinaraztea.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da eta argitaratzen den egunetik beretik izanen ditu ondorioak. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

5. Erabaki hau Xabierko Udalari, Zangozako Udalari eta Esako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2022ko abenduaren 28an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2217753