9. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartua, foru intereseko inbertsio deklaratzen duena 220 kV-eko linea elektrikoaren eta Estellerria elikatzeko azpiestazioaren proiektua, Red Eléctrica de España SAUk sustatua.

Red Eléctrica de España SAUk eskatu du foru interesekoa deklara dezatela 220 kV-eko linea elektrikoaren eta Estellerria elikatzeko azpiestazioaren proiektua.

Linea elektrikoaren trazadura hamar udalerritatik igaroko da: Tebas-Muru Artederreta, Untzue, Biurrun-Olkotz, Barasoain, Añorbe, Artaxoa, Mendigorria, Zirauki, Alesbes eta Oteitza. Bestalde, azpiestazioa Oteitzan egonen da.

Estellerria, gaur egun, 66 kV-eko banaketa-sare batek elikatzen du. Sare hori I-DE Redes Inteligentes SAUrena da (Iberdrola). Estellerria da Nafarroako eskualde bakarra garraio-sarearen azpiestaziorik ez duena hornidura elektrikoa bermatzeko (batez ere enpresena eta industriena), eta horrek ustiapen zailtasunak dakartza enpresa banatzailearentzat.

220 kV-eko ardatz berriak balioko du hornidura berrientzako oztopoak eta zerbitzuaren kalitate-arazoak arintzeko. Lurraldearen hazkunde ekonomikoa bultzatuko du, eta, gainera, energia berriztagarri gehiago integratzea ahalbidetuko du, EBn 2030erako adostutako energia- eta klima-helburuak betetzen lagundu bidenabar.

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, 2021eko irailaren 16an egindako osoko bilkuran, honako ebazpen hau hartu zuen:

"Nafarroako Gobernua premiatzen da ukitutako departamentuek egin daitezkeen eta beharrezkoak diren zuzemen guztiak egin ditzaten, Estellerriko Merindadean hain beharrezkoak diren eta hainbestetan eskatu diren azpiegitura elektrikoak ezartzearren REEk planifikatutako lanak albait lasterren egitera bideratutako administrazio-izapideak nahiz txosten eta diligentzien epeak azkartzeko eta murrizteko."

Jarduketa aurreikusita dago Horizonte 2026 energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintzan, zeina Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 22ko Erabakiaren bidez onetsi baitzen (2022ko 93. Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua, apirilaren 19koan).

Bestalde, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 28ko 1215E/2022 Ebazpenaren bidez, proiektuaren aldeko ingurumen inpaktuaren adierazpena egin da.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren txostenean proposatzen den foru intereseko inbertsioaren deklarazioaren bidez, proiektua garatzeko eskatzen diren administrazio izapideek lehentasunezko eta presako bultzada izanen dute Nafarroako administrazio publiko guztietan, bat etorriz Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan xedatutakoarekin.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. 220 kV-eko linea elektrikoaren eta Estellerria elikatzeko azpiestazioaren proiektua, Red Eléctrica de España SAUk sustatua, foru intereseko inbertsio deklaratzea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazioa errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Deklarazio honek inbertsio proiektua bukatu arte izanen ditu ondorioak.

2. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordera igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Red Eléctrica de España SAUri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko abenduaren 21ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2217417