89. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

29/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 20koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Agindua. Foru agindu haren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautu zen, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Nafarroako Foru Komunitateko zerga eremuan jakinarazpen elektronikoa araututa dago Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 99.5 artikuluan, zeinean ezartzen baitira jakinarazpen elektronikoaren oinarrizko ildoak.

Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuak, hari egin zaizkion aldaketekin batera, aipatu foru legearen erregulazioa garatzen du bere IV. kapituluan, "Nafarroako Zerga Ogasunaren jakinarazpen elektronikoak" izenburupean.

Eta, azkenik, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan arautzen da jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere.

Jakinarazpen sistema lekualdatuko da gaur egungo gaitutako helbide elektronikotik (GHE) (https://notificaciones.060.es/) gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) (https://dehu.redsara.es/).

GHEB berriak ez du eskatzen jakinarazpen elektronikoen hartzaileek harpidetza egitea, jakinarazpenak ofizioz igorriko baitira horretara. Izan ere, denbora luzea darama lanean, eta duela hilabete batzuetatik hona jakinarazpen elektronikoak jasotzen ari dira bertan. GHE zaharrean ere oraindik jakinarazpenak jasotzen dira, baina 2023ko ekainetik aurrera jada ez dira jasoko.

Bi helbide elektronikoek antzeko funtzionamendua dute, baina desberdintasun operatiboak dituzte, Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan araututako arauak egokitzea eskatzen dutenak (foru agindu horren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautzen da, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere).

AGINTZEN DUT:

Lehenbiziko artikulua.–"Gaitutako helbide elektronikoa" delakoari buruzko aipamenen ordez, "gaitutako helbide elektroniko bakarra" jartzea.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduan, "gaitutako helbide elektronikoa" delakoari buruzko aipamen guztien ordez, "gaitutako helbide elektroniko bakarra" jartzea (foru agindu horren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautu zen, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere).

Bigarren artikulua.–Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren abenduaren 18ko 148/2017 Foru Aginduaren manu hauek honela idatzita geldituko dira (foru agindu horren bidez, Nafarroako Zerga Ogasunaren eremuan jakinarazpen elektronikoaren zerbitzua arautu zen, baita zergapekoek gaitutako helbide elektronikoan jakinarazpenik ez egiteko egunak adierazteko aukera ere):

Bat–1.2 artikulua.

"2. Jakinarazpen elektronikoak gaitutako helbide elektroniko bakarraren sistemaren eta Estatuko Administrazio Orokorreko Herritarren Karpetaren bidez eginen dira".

Bi.–2. artikuluko 2., 4. eta 5. apartatuak.

"2. Jakinarazpen elektronikoaren sisteman sartzea nork bere borondatez eskatzeko, interesdunak dagokion izapidearen bidez egin beharko du eskaera, webgune honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna".

"4. Nork bere borondatez eskatuta sistemaren barnean dauden zergapekoak izanda, sistematik irteteko, dagokion izapidearen bidez egin beharko da eskaera, webgune honetan: https://www.navarra.es/eu/ogasuna.

5. Bai sisteman sartzeak bai horretatik irteteak ondorioak sortuko dituzte prozeduran alta edo baja eskatu eta hurrengo 24 orduetatik aurrera".

Hiru.–3. artikulua, 1. eta 2. apartatuak, eta ezabatzea 3. apartatuko azken paragrafoa.

"1. Nafarroako Zerga Ogasuneko organoek jakinarazpen elektronikoak eginen dituzte, baldin eta jakinarazpen elektroniko modu hori nahitaezkotzat jotzen bada, Nafarroako Zerga Ogasunaren esparruan bide elektroniko, informatiko eta telematikoen (EIT) erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren 31. artikuluan xedatutakoaren arabera.

2. Nahitaezko jakinarazpen elektronikoen sisteman sartzen direnei, helbide elektroniko gaitua ofizioz esleituko zaie".

Lau.–6.1 artikulua, lehenbiziko paragrafoa.

"1. Helbide elektronikoaren sistemak ahalbidetuko du interesdunak dagokion helbide elektronikora etengabe sartzea, haren eskura jarritako jakinarazpenen edukia jasotzeko".

Bost.–7.2 artikulua.

"2. Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak ziurtagiri hori emanen du, automatikoki sortuko dena, eta jakinarazitako ekintza edo ebazpena eta horren hartzailea identifikatuko ditu".

Sei.–8. artikulua, bigarren paragrafoa, eta gehitzea hirugarren paragrafo bat.

"Hura erabiltzeko, beharrezkoa izanen da posta elektronikoko helbide bat adieraztea, dagokion izapidea eginda https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunean edo gaitutako helbide elektroniko bakarretik (jakinarazpena jartzen denean, abisu bat igorriko da helbide horretara).

Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da".

Zazpi.–9.1 artikulua, lehenbiziko paragrafoa.

"1. Jakinarazpen elektronikoaren zerbitzuak eginkizun hauek izanen ditu:"

Zortzi.–Lehenbiziko xedapen gehigarria gehitzen da.

"Lehenbiziko xedapen gehigarria.–Posta elektronikoa eguneratzea abisu sistemarako.

Foru agindu honek indarra hartu aurretik jakinarazpen elektronikoen nahitaezko edo borondatezko hartzaile direnek, 8. artikuluan zehaztutako abisu sistemak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko, posta elektronikoko helbidea eguneratu beharko dute, dagokion izapidea eginda https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunean edo gaitutako helbide elektroniko bakarretik".

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2023ko maiatzaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2023ko apirilaren 20an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2306176