89. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko apirilaren 5ean hartua, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzen duena eta dagokion erregistroan inskribatzeko xedatzen.

2018ko abenduaren 31n, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legea, helburu duena Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta hedapena arautzea, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Foru lege horretan ezarrita dago Nafarroako Gobernuan memoria historikoaren arloan eskumena duen departamentuak jarraitu beharreko prozedura zehatza, zeina burutuko baita foru legean eskatutako betebeharrak betetzen dituzten toki edo guneak Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko erabakiarekin.

Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeak berekin ekarriko du prebentziozko idatzoharra egitea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, eta hala aitortzen bada, behin betiko inskribatzea; horrek berekin ekarriko du foru lege horretan ezarritako aitortza berezia eta babes araubidea aplikatzea, baita tokiaren onura publikoaren eta interes sozialaren deklarazioa ere, ondorio guztietarako.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen ondoriozkoa da; izan ere, hura aplikatzearen ondorioz sortu du Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak, horretarako organo eskuduna baita, erregistro hori, aipatu foru lege horretako 6.2 artikuluan eskatzen diren betekizunak zorrotz betetzen dituena.

Abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzkoak, 7.a) artikuluan ezartzen du horretarako prozedura, eta hari jarraikiz, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak 1/2023 Ebazpena eman zuen otsailaren 13an, Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen zuena. Prozedurari hasiera emateko ebazpen hori 2023ko 42. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 28koan, behar diren ondorioak izan ditzan. Epe hori iragan da, eta ez da inolako alegaziorik aurkeztu.

Aldi berean, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria atariari buruzko prebentziozko idatzoharra egin zen Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan, hura Nafarroako memoria historikoaren toki gisa erregistratuta, honako izendapen honekin: LM-2023-0001-Oroibidea-Camino de Memoria.

Aipatu 7. artikuluko e) letran ezarritako prozedurari jarraikiz, Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoari igorri zitzaion, egoki joz gero ezarritako epean eman zezan aldeko txostena, nahitaezkoa eta kasuan kasuko deklaraziorako eta inskripziorako loteslea. 2023ko martxoaren 28an, batzorde horrek, espedientea ebaluatu ondoren, aldeko txostena eman zuen, eta bidea ireki zuen, Nafarroako Gobernuaren erabaki bidez, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak proposatuta, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratu eta hala inskribatu dadin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak proposatuta,

ERABAKITZEN DU:

1. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzea.

2. Toki hori Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan inskribatzea, inskripzio zenbaki hau duela: LM-2023-0001- Oroibidea-Camino de Memoria.

3. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria atariari aplikatzea Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legearen III., IV. eta V. tituluetan ezarritako babeserako eta zainketarako araubide orokorra, Nafarroako memoria historikoaren tokien zabalkundea eta hedapena egiteko neurriak eta zehapen araubidea, eta aplikatzea, halaber, 1/2023 Ebazpenean, otsailaren 13koan, zehaztutako berariazko araubidea ere, ebazpen horren bidez hasiera eman baitzitzaion Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren Dokumentazio Zentroaren Oroibidea-Camino de Memoria ataria Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedurari.

4. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Erabaki hau igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari eta Nafarroako Memoriaren Institutuaren Zerbitzuari.

6. Adieraztea gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, eta/edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, eta horrek ez duela galaraziko Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan zehaztutako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko apirilaren 5ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2305610