Iragarkia
84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
41E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 28koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onartzen duena, desgaitasuna duten pertsonen integrazioa eta genero-berdintasuna sustatzeko, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU). DDBN identifikazioa: 684677.
Aurrekoari loturik, eta kirolaren arloko eskumen esklusiboa garatze aldera, Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak aitortzen du kirolak pertsonen bizitzan duen garrantzia, eta jotzen du interes publikoko gizarte-jardueratzat, laguntzen baitu pertsonaren prestakuntzan eta garapen integralean, bizi-kalitatea hobean eta banakoen ongizatean. Kirolak bizikidetza, kohesioa eta gizarte integrazioa bultzatzen ditu, osasun publikoa hobetzen laguntzen du, eta garapen ekonomikoa eta ongizate kolektiboa sustatzen ditu.
2020ko uztailaren 21ean Kontseilu Europarrak onartu zuen martxan jartzea Suspertzeko Europako Tresna, zeinaren garapenean Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2021/241 (EB) Erregelamendua eman baitzuten, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2021eko otsailaren 12koa, NextGenerationEU funts berriarekin finantzatuko den Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzeko.
Bestalde, 2022ko uztailaren 5ean, Kiroletako Konferentzia Sektorialaren Erabakia onartu zen, autonomia-erkidegoen eta Ceuta eta Melilla hirien arteko lurralde-banaketaren proposamena baimentzen duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaiaren esparruan, 2022ko eta 2023ko aurrekontu-ekitaldietan, Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2022ko abuztuaren 2ko Ebazpenaren bidez argitaratua (Estatuko Aldizkari Ofiziala, 187. zk., 2022ko abuztuaren 5ekoa). Zehazki, berdintasunaren arloan Kirolaren Sektoreari laguntzeko proiektua identifikatzen da "Kirolean berdintasuna sustatzea" C26.I03. osagaiarekin, eta horren helburu nazionala da ekitaldiak burutzea Kirolaren Gizarte Planaren esparruan, kirol profesionalean emakumeen presentzia sustatzeko ekitaldiak barne (prestakuntza-programak, marketin-kanpainak eta ikasketak).
Espainiako ekonomiaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan horrek (SEEP) arreta berezia jartzen du gure herrialdeko kirol-sektorearen susperraldian, sektore horretara bideratutako inbertsioen eta erreformen pakete zehatz bat ezarriz.
Neurri multzo horretakoa da 26. osagaia, "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izenekoa. Osagai horren zati zehatz bat bideratuta dago kirolean berdintasuna sustatzera, eta, besteak beste, helburu hauek ditu: arlo horretan desparekotasuna txikitzea, genero-berdintasunaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen berdintasunaren aldeko zuzeneko ekintza argi moduan. Hala, sektorean aukerak, gizarte-kohesioa eta lan-hobekuntzak sortuko dira, irauteko bokazioarekin, oinarriko kirolari, talentua erakartzeari, gazteak eta kirolean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak babesteari eta integratzeari loturik.
Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak, bestalde, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) azpiproiektuaren Kudeaketa Plana onartu du, "Kirolean Berdintasuna Sustatzea" (C.26.I03) izenekoa, Aurrekontuen eta Programazio Ekonomikoaren Zerbitzuaren aldeko txostenarekin.
Nafarroan, SEMaren azpiproiektuaren jardueretako bat ezarritako mugarriak eta helburuak behar bezala betetzeko da dirulaguntza-deialdi bat onartzea emakumeentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako ekitaldiak antolatzeko.
Neurri horren bidez lagundu nahi da lehiaketan antolatzen bai kirol egokitutakoak eta inklusibokoak, bai emakumezkoenak eta berdintasunezkoak, federazioaren barruan zein kanpoan.
Kirolean berdintasuna sustatzearen xede nagusia da desparekotasuna txikitzea, genero-berdintasunaren eta desgaitasunen bat duten pertsonen berdintasunaren aldeko zuzeneko ekintza argi moduan. Hala, sektorean aukerak, gizarte-kohesioa eta lan-hobekuntzak sortuko dira, irauteko bokazioarekin, oinarriko kirolari, talentua erakartzeari, gazteak eta kirolean baztertuta geratzeko arriskuan dauden kolektiboak babesteari eta integratzeari loturik.
Horregatik, Kirol Zuzendariordetzak eskatzen du Planaren ardatzei erantzuten dien deialdi horren oinarri arautzaileak onartzea (desgaitasuna duten pertsonak kirolena integratzeko ardatza eta kiroleko genero-berdintasunaren ardatza), honako printzipio hauen arabera: publizitatea, gardentasuna, lehia, objektibotasuna, berdintasuna, diskriminaziorik eza, kontrola, efikazia administrazio emaileak ezarritako helburuak betetzean eta baliabide publikoak eraginkortasunez esleitzea eta erabiltzea (11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Diru-laguntzei buruzkoa).
Era berean, dirulaguntzak jasotzeko Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planean finkatutako helburuak bete, egikaritu eta gauzatu beharko dira, eta osotara aplikatuko zaizkie Suspertze eta Erresilientzia Mekanismorako ezartzen diren kudeaketa eta kontrol mekanismoak, bai eta kudeaketa, jarraipen eta kontrolerako Europar Batasunean ezarritako araudia ere; gainera, Europar Batasunaren araudiak informazio, publizitate eta egiaztapenerako ezartzen dituen arau espezifikoak eta gainerakoak nahitaez bete beharrekoak dira.
Deialdi honek dagokion Kudeaketa Plana du, hala ezartzen baitu Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiak; haren bidez onesten dira Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatzen dituen proiektuen kudeaketa eta kontrol arauak (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 41. zk., 2022ko otsailaren 25ekoa).
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz, honako hau
AGINTZEN DUT:
1. Onartzea Nafarroako Foru Komunitatean kirol-lehiaketak antolatzeko dirulaguntzen deialdia, desgaitasuna duten pertsonen integrazioa eta genero-berdintasuna sustatzeko, Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan (NextGenerationEU).
2. Dirulaguntzen emakida arautuko duten oinarri arautzaileak onartzea, foru agindu honen eranskinean jasotakoak, kontuan harturik laguntzen emakida eta ordainketa aurrekontu-kontsignazioaren mende dagoela, betiere.
3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:
AURREKONTUKO PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
A50002-A5100-4819-336127 [PEP: E-22-000549-01]: MRR Laguntzak kirol-ekintzetan sustatzeko desgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa eta genero-berdintasuna | 2023 | 240.000,00 |
4. Foru agindu hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Dokumentazio hori eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren webgunean eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.
5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.
Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
I. ERANSKINA
OINARRI ARAUTZAILEAK
1.a Xedea.
1. Oinarri hauen xedea da dirulaguntzak emateko norgehiagoka-prozedura ezartzea, horien bidez Nafarroako Foru Komunitatean antolatzeko emakumeen lehiaketak, berdintasunezko lehiaketak, egokitutako kiroleko lehiaketak eta lehiaketa inklusiboak, federazioen esparruan zein kanpoan, 2022ko urriaren 1etik 2023ko irailaren 30era bitartean.
a) Emakumeen lehiaketatzat hartuko dira emakumezko parte-hartzaileak soilik dituzten kirol-ekitaldi lehiakorrak, bai ofizialak bai ez-ofizialak.
b) Berdintasunezko lehiaketatzat joko dira emakumezko eta gizonezko parte-hartzaileak elkarren artean lehian dituzten kirol-ekitaldi lehiakorrak, bai ofizialak bai ez-ofizialak. Ildo horretan, emakumezko parte-hartzaileak % 40 izanen dira gutxienez ekitaldian, banakako zein taldekako praktiketan. Taldeko ekitaldia bada, talde bakoitzeko emakume eta gizonen proportzioa gutxienez berbera izanen da.
c) Kirol egokituko lehiaketatzat hartuko dira desgaitasunen bat duten pertsonen beharretara eta gaitasunetara egokitutako kirol-ekitaldi lehiakorrak, bai ofizialak bai ez-ofizialak.
d) Kirol-lehiaketa inklusibotzat hartuko dira desgaitasunen bat duten pertsonek eta desgaitasunik gabekoek elkarrekin parte hartzeko kirol-ekitaldi lehiakorrak, bai ofizialak bai ez-ofizialak. Ildo horretan, desgaitasuna duten parte-hartzaileak % 20 izanen dira gutxienez ekitaldian, banakako zein taldekako praktiketan. Taldeko ekitaldia bada, talde bakoitzean batzuen eta besteen proportzioa gutxienez berbera izanen da (% 20).
Kirol-lehiaketaren ofizialtasuna emanen du Nafarroako, Espainiako edo nazioarteko kirol-federazioak hala kalifikatzeak eta/edo dagokion egutegi ofizialean sartzeak.
2. Dirulaguntza hauen helburua da, batetik, laguntzea nafarren artean kirolaren praktika sustatzen eta zabaltzen eta zuzeneko zein zeharkako eragin ekonomikoa handitzen; bestetik, sustatzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna, genero rolak eta estereotipoak haustea eta desgaitasunen bat duen pertsonen inklusioa.
3. Oinarri arautzaileetan jasotako laguntzak finantzatuko dira NextGenerationEU funtsen, 2021/241 (EB) Erregelamenduaren Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren eta Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bitartez. Horren barruan sartzen da "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaia, "Kirola sustatzea - Kirolaren Sektoreko Gizarte Plana" 3. inbertsio-neurria.
Deialdian jasotako laguntzak koherenteak dira neurriaren helburuekiko: kirolaren arloan desberdintasuna gutxitzea eta integrazioa sustatzea, emakumeen lehiaketak, berdintasunezko lehiaketak eta desgaitasunen bat duten pertsonentzako lehiaketen bitartez. Ildo horretan, kirolaren sektorea bultzatzea funtsezko elementua da Espainiako ekonomia suspertzeko eta erresilientziarako. Kirol-ehuna eta sare hori osatzen duten eta bertan parte hartzen duten eragile guztiak funtsezko elementuak dira ekonomia suspertzeko; izan ere, etengabeko berrikuntzak eta negozio- eta enplegu-aukeren zabaltasunak aukera-jokaleku bat planteatzen dute. Hala, proiektu honen helburua da kirolaren sektoreak Espainiako ekonomiaren eragile gisa duen papera indartzea eta integraziorako, gizarte-kohesiorako eta lurralde-kohesiorako elementu bihurtzea.
Jarduera hau sartzen da Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plan Nazionalaren (SEEP) "Kirolaren Sektorearen Sustapena" izeneko 26. osagaiaren "Kirola sustatzea - Kirolaren Sektoreko Gizarte Plana" 3. inbertsio-neurriaren garapenean.
Horregatik, hain zuzen ere, aplikatu beharko dira Administrazio Publikoa modernizatzeko eta Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betetzeko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 30eko 36/2020 Errege Lege Dekretuan ezarritako neurriak. Halaber, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua aplikatuko da (Erregelamendu horren bidez ezarri zen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa), bai eta aplika daitezkeen gainerako xedapenak ere.
2.a Erakunde onuradunak.
1. Deialdi honetara biltzen ahalko dira Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatuta dauden Nafarroako kirol-erakundeak, bai eta Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten irabazi-asmorik gabeko elkarteak edo bestelako erakundeak ere, baldin eta horien xedeen artean honako hauek badaude desgaitasunen bat duten pertsonak integratzea, babestea eta/edo laguntzea edo antzekoren bat zein emakumeen berdintasuna edo antzeko xedeak sustatzea eta/edo garatzea.
2. Ez dira onuradun izaten ahalko apustu enpresen finantzaketa eta/edo babesa duten erakundeak (apustu-makinen operadore diren enpresak barne), izan finantzaketa hori osorik edo partzialki. Halaber, bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten erakundeak, dela instalazioetan, dela jardueren garapenean erabiltzen diren jantzietan eta materialean.
3.a Kirol-ekitaldien betekizunak.
1. Dirulaguntzak emanen zaizkie 1. oinarri arautzailearen 1.a), 1.b), 1.c) eta 1.d) artikuluetan adierazitako lehiaketa bakoitzerako aurreikusitako balizko onuradunei.
2. Egiten diren jarduketek "ingurumenari kalte nabarmenik ez eragiteko printzipioa" errespetatuko dute (Do No Significant Harm-DNSH printzipioa), honako hauetan xedatutakoa betez: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen baita, eta hura garatzeko araudia; bereziki, 2020/852 (EB) Erregelamendua, Inbertsio jasangarriak errazteko esparru bat ezartzeari buruzkoa, eta Europako Batzordearen Gida Teknikoa (2021/C 58/01) printzipio horren aplikazioari buruzkoa, bai eta Espainiako suspertze eta erresilientzia planaren ebaluazioa onesteari buruzko Kontseiluaren Betearazpen Erabakian eta haren eranskinean eskatutakoa ere.
Jarduketek DNSH printzipioa betetzen dela egiaztatzeko mekanismoak aurreikusiko dituzte, eta neurri zuzentzaileak, neurrien aurreikus daitekeen eragina zero edo oso txikia dela bermatzeko, aipatutako 26. osagaian ezarritakoaren arabera, bai DNSH printzipioari dagokionez, bai etiketatze klimatiko eta digitalari dagokionez. Arreta berezia jarriko zaie, gainera, planaren osagaiaren dokumentuaren 3., 6. eta 8. apartatuetan jasotakoei eta CIDren eranskinean jasotakoei (Kontseiluaren Betearazpen Erabakia, Espainiako SEEParen ebaluazioa onartzeari buruzkoa).
Hala ere, Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko uztailaren 5eko Akordioan, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoan, jaso ziren jarduketek ez daukate esleituta esku-hartze eremurik klima-helburuetarako ekarpena egiten duenik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinaren arabera (2021eko otsailaren 12ko Erregelamendua, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak ezartzen dituena).
4.a Gastu diruz lagungarriak.
1. Oinarri arautzaile hauen ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueraren ezaugarriekin bat datozenak eta oinarri hauetan ezarritako epean egiten direnak. Honako gastu hauek dira diruz lagungarriak:
a) Ekitaldia antolatzeaz arduratzen diren langileen gastuak, barne harturik hala antolakuntzaz zuzenean arduratzen diren langileenak nola laguntzaileenak.
b) Kasuan kasuko espezialitateko kirolari edo kirol talde garrantzitsuak kontratatzeak eragindako gastuak, barne direla horien mantenu eta ostatatze gastuak.
c) Arbitro, epaile, kirol komisario, federazio kanon eta jarduera gauzatzeko behar diren baimen ofizialen kontzeptuaren kontura ordaindutako gastuak, bidaia-, mantenu- eta ostatatze-gastuak barne.
d) Arbitro/epaileen, kirolarien eta teknikari/kirolarien lehiaketarako barne-garraioa.
e) Lehiaketa egiteko beharrezkoak diren kirol-materiala, material teknikoa eta kirol-modalitate bakoitzeko gastu espezifikoak.
f) Garaikur, domina eta antzekoak (kirol modalitate bakoitzaren ezaugarrien arabera: txapelak, maillotak eta abar).
g) Eskudirutan emandako sariak, beti behar bezala egiaztatuta fakturen bidez edo, eskudirutan emandako sarien kasuan, dagokion legezko ordainagiriaren bidez. Kasu horretan, gainera, zerga-araudia aplikatuz, beharrezkoa den legezko atxikipena sartuko da.
h) Osasun arreta, kirol modalitate bakoitzaren arriskuen araberakoak (anbulantzietako gastua eta/edo osasun arloko langileena zein fisioterapeutena), eta istripu eta/edo erantzukizun zibilaren aseguruaren kontratazioa, jarduerak irauten duen aldiari dagokiona.
i) Parte hartzen duten kirolarien hornidura edo piknik gastuak. Atal honi dagozkion gastuak ez dira diruz lagundutako jardueraren guztizko gastuaren % 25 baino gehiago izaten ahalko, salbu eta onuradunak egiaztatzen badu salbuespenez gastu handiagoa justifikatzen duen arrazoi bat dagoela kontzeptu horrengatik.
j) Ondoko gastuak: ekitaldia hornitzea eta teknikoki muntatzea, kirol-instalazioak eta lehiaketa-eremuak hornitzea eta egokitzea, kirol-ekitaldia antolatzekoak (erakustokiak, standak, garraioa, muntaia, desmuntaketa, esataria, azafatak, informatikako langileak, instalazioen garbiketa, konponketak eta hobekuntzak, zaintza pribatua, megafonia, ekitaldiaren grabazioa eta grafismo-sistema). (Norberaren edo besteren instalazioak erabiltzeagatik kontuan hartu beharreko gastua ez da jardueraren guztirako gastuaren %30 baino handiagoa izanen; eta, norberaren instalazioak direnean, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.9 artikuluari jarraikiz egin beharko da gastuaren egozpena).
k) Karteletarako, publizitaterako eta zabalkunderako gastuak eta webguneak aldatzekoak, horretan kirol-probari buruzko informazioa txertatzeko.
l) Diruz lagundutako ekitaldia streaming bidez zuzenean emateko gastuak.
m) Finantza gastuak eta notariotzakoak, halakorik bada, diruz lagungarriak izaten ahalko dira, baldin eta mailegua deialdi hau argitaratu ondoren kontratatzen bada, onuradunak diruz lagundutako kirol jarduera dela-eta hartutako betebeharrei erantzuteko baliabiderik ez duela frogatzen badu, eta maileguaren zenbatekoa osorik erabiltzen bada jarduerarekin zuzenean lotutako gastuak ordaintzeko. Horiez guztiez gain, finantza kostuak ezin du merkatuaren balioa gainditu. Bakarrik jasotzen ahalko dute dirulaguntza faktura jaulkitzen den egunetik sortzen diren finantza gastuek, edo, kasua bada, laguntza ematen den egunetik aurrerakoek, hura geroago emanez gero, eta dirulaguntza ordaintzeko ebazpena ematen den arte.
2. Honako gastu hauek ez dira inolaz ere diruz lagungarriak:
a) Erakunde onuradunen gastu arruntak.
b) Beren langileria gastuak.
c) Gastu finantzarioak, aholkularitza juridiko edo finantzariokoak, notariotzakoak eta erregistrokoak, banku-kontuen interes zordunak, interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen gastuak.
d) Diruz lagundu daitezkeen gastuei dagokien BEZa, berreskuratu edo konpentsatu ahal denean.
5.a Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1. Deialdi hau aurrera eramateko, 240.000,00 euroko gastua onartu da. Diru hori ordainduko da Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretako A50002 A5100 4819 336127 partida ekonomikoaren kargura, PEP: E-22-000549-01MRR "Desgaitasunen bat duten pertsonen integrazioa eta genero-berdintasuna sustatzeko kirol-ekitaldietarako laguntzak" izenekora.
Diru kopuru hori deialdiaren 1.1) oinarrian jasotako apartatuen artean banatu eta bi multzotan antolatuko da, honako kopuru hauen arabera:
a) 150.000 euro emakumeen kirol-ekitaldiak edo berdintasunekoak antolatzeko.
b) 90.000 euro kirol egokituko eta inklusiboko ekitaldiak antolatzeko.
2. Aurreko edozein multzotan 8. oinarri arautzailean ezarritako irizpideen arabera esleitu beharreko kopuruak ez badu erabilgarri dagoen partida agortzen, soberako kopurua beste multzoko eskaeren artean banatuko da, hasieran esleitutako kopuruaren proportzioan.
6.a Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.
1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagokion esteka erabiliz.
Eskaera horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskabide horiek ez dira zuzentzen ahalko.
Eskabide-orri bakoitzean lehiaketa bakar bat aurkezten ahal da. Baina erakunde bakoitzak hainbat lehiaketa eskatzen ahalko ditu.
2. Eskabideak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2023ko maiatzaren 31n akituko da.
3. Inprimaki guztiak erakunde eskatzailearen arduradunak sinatuta aurkeztu beharko dira.
4. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera formularioa, eredu ofizialaren araberakoa (II. eranskina). Eskaera osatzeko, formularioan hautatu beharko dira erakundearen betebeharren erantzukizunpeko adierazpenei dagozkien laukiak.
b) Lehiaketa ofiziala bada, Espainiako edo Nafarroako Federazioaren ziurtagiria, kirol-ekitaldiaren modalitateari dagokiona (III. eranskina).
c) Interes-gatazkarik ezaren adierazpena, horri buruzko berariazko adierazpenak jasotzen dituena, IX. eranskin gisa sartutako inprimakiaren-ereduaren arabera.
d) Nafarroako Kirolaren Erregistroan inskribatutako kirol-erakundea ez bada, erakundearen xedea edo helburuak jasotzen dituzten estatutuen kopia.
e) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza Nafarroako Gobernuari lehenbiziko aldiz eskatzen badiote edo kontu zenbakian aldaketaren bat izan bada bakarrik). Inprimaki hori helbide honetan lor daiteke: https://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm.
Erantzukizunpeko adierazpenek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituzte. Erantzukizunpeko adierazpeni eransten zaion edozein datu, adierazpen edo agiri, funtsean, okerrak edo faltsuak badira, edo zerbait falta bada, zein erantzukizunpeko adierazpenik aurkezten ez bada, ez da segitzen ahalko ukitutako eskubide edo jarduerarekin, gertaera horien berri jakiten den unetik beretik, deusetan galarazi gabe legokiokeen erantzukizun penal, zibil eta administratiboa. Baldintzak betetzen ez badira, dagokion itzultze-prozeduraren ondoren, itzuli beharko dira jasotako laguntzak eta dagozkien berandutze-interesak.
7.a Antolamendua eta instrukzioa.
1. Dirulaguntza hauek emateko prozeduraren antolaketa eta instrukziorako organo eskuduna Nafarroako Kirolaren Institutuko (NKI) Kirol Zuzendariordetza izanen da.
2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NKIko Kirol Zuzendariordetzak eskatzaileei.
Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, errekerimendua eginen da dokumentazioa osatu edo akatsak zuzentzeko 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko da ezen, hala egin ezean, eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
3. Gaitutako helbide elektronikora (GHE) eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.
8.a Dirulaguntzak emateko eta zenbatekoa kalkulatzeko prozedura.
1. Dirulaguntzak emateko, norgehiagokako araubidea erabiliko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
2. Eskabideak jaso ondoren, eskabide bakoitza 1.1 oinarri arautzailean adierazitako a) edo b) taldeari esleituko zaio.
3. Kalkulurako prozedura:
a) Eskabide bakoitzak jasoko duen dirulaguntzaren ehunekoa aurkeztutako diruz laguntzeko moduko gastuen arabera finkatuko da. Ehuneko hori honako taula honetan zehaztutako irizpideen arabera arautuko da:
Parte hartzaileen kopurua: | 50 parte-hartzaile arte | 51-149 parte-hartzaile | 150 parte-hartzaile edo gehiago | ||||
Gastu diruz lagungarriak Kirol-ekitaldi mota | Gastuaren lehen 2.000 euroak | 2.000 euroko gastutik aurrera | Gastuaren lehen 2.000 euroak | 2.000 euroko gastutik aurrera | Gastuaren lehen 2.000 euroak | 2.000 euroko gastutik aurrera | |
Ofiziala | Esparru nazionala eta nazioartekoa | % 100 | % 88 | % 100 | % 93 | % 100 | % 98 |
Tokikoa, autonomikoa autonomia artekoa | % 98 | % 86 | % 98 | % 91 | % 98 | % 96 | |
Ez ofiziala | Edozer esparru | % 96 | % 84 | % 96 | % 89 | % 96 | % 94 |
b) Diruz lagunduko den zenbatekoa ez da jardueraren defizita baino handiagoa izaten ahalko.
c) Eragiketa hori egin ondoan ez bada 5.1 oinarri arautzailean adierazitako multzo bakoitzerako dagoen kreditu erabilgarria agortu, geratzen den saldoa banatuko da proportzionalki, defizit egiaztatu eta onartuaren zenbatekora iristen ez diren eskaeren artean, defizitaren % 100 lortu arte. Horrela, hurrenez hurren, aurrekontuko partida agortu arte.
d) Edonola ere, oraindik kreditu erabilgarririk bada multzoetako edozeinetan, erabilgarri dagoen kopurua beste multzoko ekitaldien artean banatuko da, ekitaldi bakoitzari emandako zenbatekoaren araberako proportzioan.
e) Aurreko kalkuluaren zenbateko osoa handiagoa bada deialdirako dagoen partida baino, aurkeztutako eskaera guztien artean hainbanaketa eginen da.
9.a Eskaera berregitea.
1. Dirulaguntzaren proposamenean adierazitako zenbatekoan % 5etik gorako hainbanaketa egin bada, 8. oinarriko 2.e) apartatuan aurreikusitakoaren arabera, erakunde onuradunek beren eskaera birformulatzen ahalko dute. Kasu horretan, aurkeztutako eskaerak aztertuta, Kirolaren Zuzendariordetzak erakunde onuradun guztiei jakinaraziko die laguntzak emateko prestatu duen proposamena, eta bost egun balioduneko epea emanen die alegazioak aurkezteko edo eskaera berriz egiteko, hurrengo apartatuan xedatutakoari jarraikiz.
2. Hainbanaketaren helburua da gastu-konpromisoak eta baldintzak doitzea eskaeran agertzen diren jarduera berberetarako eman daitekeen dirulaguntzaren arabera. Nolanahi ere, eskaera berregitean dirulaguntzaren xedea, baldintzak eta helburuak errespetatu beharko dira, bai eta eskaeraren atal bakoitzerako ezarritako balorazio irizpideak ere. Irizpide hauei jarraikiz eginen da doikuntza hori:
a) Bere horretan mantenduko dira erakundearen baliabide propioekin finantzatuko diren kopuruak, baita lehiaketaren berariazko baliabideekin finantzatuko direnak ere (babesak, etab.), hasierako eskaeran adierazi zirenak.
b) Eskaera berregin ondoren, azkeneko dirulaguntzak finkatzean, eranskin honen 4. oinarrian ezarritako kontzeptu diruz lagungarriak errespetatu beharko dira.
3. Instrukzio organoak eskaera berregina onetsi ondoren, dokumentazio guztia organo eskudunari igorriko zaio, laguntzen gaineko behin betiko ebazpena eman dezan.
10.a Dirulaguntzak emateko ebazpena.
1. NKIko zuzendari kudeatzaileari dagokio aurkezten diren dirulaguntza-eskaerak ebaztea, batzorde teknikoak instrukzio organoaren bidez bidaliko dion proposamena ikusirik.
2. Laguntzen banaketaren gaineko ebazpena eman eta erakunde interesdunei jakinarazteko epea hiru hilabetekoa da gehienez ere, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazi ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira.
3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren xedeak eta zenbatekoa agertuko dira. Era berean, dirulaguntza jaso duten erakunde eskatzaileen zerrenda jasoko du, eta espresuki adieraziko da, arrazoiak emanda, gainerako eskaerei uko egin zaiela, halakorik bada.
4. Interes-gatazkak.
Iruzurra, ustelkeria, eta interes-gatazkak prebenitzeko, detektatzeko eta zuzentzeko mekanismoak indartzeari dagokionez, deialdi hau Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien planaren mende dago (23/2022 Foru Agindua, maiatzaren 10ekoa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Kultura eta Kirol Departamentuaren Iruzurraren aurkako neurrien plana onesten duena, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana gauzatzeko).
Administrazioaren zerbitzura dagoen agintariak edo pertsonek abstentziorik egiten ez badute, aurreko apartatuan –abstentzioa– adierazitako egoeraren batean edo batzuetan, errekusatzeko aukera izanen du interesdunak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluan aurreikusitakoaren arabera. Hala, errekusazioa idatziz zuzentzen ahalko zaio deialdiaren unitate kudeatzaileari eta organo emaileari, errekusazioaren arrazoiak adierazita, prozeduraren izapidetzearen edozein unetan. Errekusatuak biharamunean adieraziko dio bere nagusi hurrenari alegatutako arrazoia beragan betetzen den ala ez. Lehenengo kasuan, nagusiak ikusten badu errekusatzeko arrazoia betetzen dela, ordezkoa jartzea erabakiko du berehala. Errekusatuak errekusatze-arrazoia ukatzen badu, nagusiak hiru eguneko epean ebatziko du, bidezko deritzen txostenen eta egiaztapenen ondoren.
Salaketarako berariazko kanala. Lizitazio prozedura honetan interes-gatazkarik dagoela jakiten duten pertsonek edo erakundeek organo kontratatzaileari jakinarazi beharko diote, Iruzurraren Aurkako Koordinazio Zerbitzu Nazionalaren bitartez, bitarteko elektronikoen bidez, zerbitzu horrek berariaz gaitu duen kanalaren bitartez, web helbide honetan: https://www.igae.pap.hacienda.gob.es/sitios/igae/es-ES/paginas/denan.aspx
5. SEMaren Erregelamenduaren 22.2.d) artikuluan aurreikusitakoa betetze aldera, honako hauen berri ematen zaie eskatzaileei:
Dirulaguntzaren erregistroa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean, 130/2019 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera.
Foru Komunitateko Administrazioak eta SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluan jasotako organo guztiek aukera izatea Benetako Titulartasunen Erregistroan (JUS/319/2018 Aginduaren bidez sortua) jasotako informazioa eskuratzeko, edo benetako titularrei buruzko datu horiek eman ditzakeen Administrazioaren beste datu-base batzuetan sartzeko. Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana betearazten duten prozeduretako interes-gatazkaren arriskuaren analisi sistematikoari buruzko urtarrilaren 24ko HFP/55/2023 Aginduak 7,3. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, dirulaguntza ematen duen organoak prozeduretako parte-hartzaileei eskatzen ahalko die beren titulartasun errealari buruzko informazioa, baldin eta ZAEAk ez badu kontsultaren xede den enpresaren titulartasun errealei buruzko informaziorik, eta hala adierazi badio dagokion eragiketaren arduradunari dagokion bandera beltza erabilita. Informazio hori dirulaguntzak emateko organoari eman beharko zaio, informazio-eskaera egin eta bost egun balioduneko epean.
Informazio hori adierazitako epean ez ematea parte-hartzailea prozeduratik kanpo gelditzeko arrazoia da.
Informazioa trukatzea sistema horien eta Europako Funtsen Sistemaren artean, aplikatu beharreko Europako eta Estatuko araudian jasotako aurreikuspenen arabera.
6. Dirulaguntzak ematea, betiere, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretan deialdi honetarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.
Laguntza emateko baldintza izanen da idatziz konpromisoa hartzea (eskaeraren II. eranskinaren arabera) beharrezkoak diren eskubideak eta sarbideak emateko Batzordeak, OLAFek, Europako Kontuen Auzitegiak, Europako Fiskaltzak eta agintari nazional eskudunek beren eskumenak baliatzen dituztela bermatu dadin, bat etorriz SEMaren Erregelamenduaren 22. artikuluko 2. zenbakiko e) letran eta Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Finantza Erregelamenduaren (EB, Euratom) 129. artikuluan ezarritakoarekin.
7. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.
11.a Ordainketa.
1. NKIko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera eginda eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta 12. oinarrian adierazitako frogagiriak; betiere, ematen den laguntza ez da jardueraren defizita baino handiagoa izanen. Ordaintzeko, transferentzia eginen zaio onuradunari, dagokion ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, gehienez ere.
2. Justifikazioan onartutako gastua eskaeran onartutakoa baino txikiagoa baldin bada, ordaindu beharreko zenbatekoa murriztuko da, zer portzentajetan murriztu den justifikazioa hasierako aurrekontuarekiko, horrenbeste.
3. Lehiaketa inklusiboen kasuan, lehiaketa justifikatzeko orduan, ez balitz lortuko 1.1 oinarrian eskatzen den desgaitasunen bat duten kirolarien % 20ko gutxieneko parte-hartzea, ordaindu beharreko zenbatekoa txikituko da, ehuneko puntu bakoitzeko % 2 kenduta, % 20 osatu arte. Desgaitasuna duten pertsonen partaidetza-ehunekoa % 10etik beherakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu eta zenbateko itzuliko da.
4. Berdintasunezko lehiaketen kasuan, lehiaketa justifikatzeko orduan, ez balitz lortuko 1.1 oinarrian eskatzen den emakumezko kirolarien % 40ko gutxieneko parte-hartzea, ordaindu beharreko zenbatekoa txikituko da, ehuneko puntu bakoitzeko % 1 kenduta, % 40 osatu arte. Emakumezkoen partaidetza-ehunekoa % 20tik beherakoa bada, dirulaguntza jasotzeko eskubidea galdu eta zenbateko itzuliko da.
12.a Frogagiriak.
1. Oro har, diruz lagundutako kirol ekitaldia edo jarduera egin ondoko bi hilabeteetan aurkeztu beharko dira frogagiriak.
Hala ere, 2022ko urriaren 1etik 2023ko maiatzaren 31ra bitarte bukatzen diren ekitaldiei dagokienez, frogagiriak aurkezteko epea 2023ko uztailaren 31n bukatuko da. 2023ko abuztuaren 31tik aurrera bukatzen direnetarako, ordea, 2023ko urriaren 31 izanen da frogagiriak aurkezteko muga-eguna.
2. Onuradunak behar bezala beterik aurkeztu beharko du IV. eranskina (Justifikazio inprimakia), lehen aipatutako web-orrian eskuratu daitekeena, eta dirulaguntzaren erakunde onuradunaren legezko ordezkariek sinatu beharko dute.
3. Frogagiriek ondoko atal hauek izanen dituzte:
A.–JUSTIFIKAZIO-KONTUA (gastuak eta diru-sarrerak).
Aitorpenaren egilearen ardurapean, datu hauek jasoko ditu:
a) Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehea, zenbakiz zenbaki, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketa eguna (V. eranskina). BEZa banakatu beharko da.
b) Dirulaguntzaren xedea bete dela frogatzen ahal duten faktura eta gainerako agiriak, lege-merkataritza trafikoan egiaztatzeko baliozkotasuna dutenak, aipatutako zerrendan duten ordena berean.
c) Ordainagiri eskaneatuak honako hauek izan daitezke, aukeran: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatu eta zigilatuta daudela, edo faktura edo gastua ordaindu dela frogatzen duen beste edozein agiri, kontabilitate orriak barne. Egindako gastutzat joko da justifikazio epea bukatu baino lehen benetan ordaindu dena.
d) Jarduerak, deialdi honetako laguntzez gain, funts berekiekin edo bestelako dirulaguntza edo baliabideekin finantzatuak izan direnean, dirulaguntza horien zenbatekoa eta jatorria zehaztu beharko dira (horien zerrenda zenbakitu eta zehaztua aurkeztuz) eta, orobat, funtsak nola aplikatu zaizkien lagundutako jarduerei (V. eranskina).
e) Diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko inprimakia, VI. eranskinean jasotako inprimaki-ereduaren arabera.
f) Frogatzea, hala behar bada, efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla hornitzaileak; hala izanez gero, VII. eranskina bete beharko da.
B.–KIROL MEMORIA.
Kirol-memoria bat aurkeztu beharko da, lehiaketaren nondik norakoak azaltzeko.
C.–EMAITZAK/SAILKAPENAK.
Lehiaketaren emaitzak eta/edo sailkapenak aurkeztu beharko dira, beharrezko dokumentazioa erantsita.
4. Dokumentazio osoa aurkezten ez bada edo deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen ez baditu, onuradunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan 10 egun balioduneko epean, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean bere eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.
5. Gaitutako helbide elektroniko bakarrera eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.
13.a Erakunde onuradunen betebeharrak.
1. Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten erakundeek betebehar hauek izanen dituzte:
a) Dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabiltzea, eta hala egin dela justifikatzea dokumentuen bidez. Gainera, NKIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartzea eta erraztea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.
b) Hartutako dirulaguntza beren kontabilitatean edo erregistro-liburuetan erregistratzea, diru-sarrerak nondik jaso dituzten eta inbertsioa edo gastuak zertarako diren azalduta. Egiaztatzeko eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko asmoz, kontabilitate-liburuak, erregistro eginbidetuak eta bestelako agiriak behar bezala auditatuak eduki beharko dira, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.
c) Kirol Departamentuak egin beharreko egiaztapen-jarduketak eta Foru Komunitateko Kontu-hartzailetza Nagusiak egiten ahalko dituen finantza-egiaztapen eta -kontroleko jarduketak ahalbidetzea eta horietarako eskatzen zaion informazio guztia ematea, 38/2003 Legean, 11/2005 Foru Legean eta foru agindu honetan ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta Kontu Auzitegiaren legerian aurreikusitakoarekin ere.
d) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekikoak egunean izatea, emakida-ebazpena eman aurretik eta ordainketa egin aurretik, eta zorduna ez izatea itzulketa-ebazpen baten ondorioz.
e) Gardentasunari buruzko aitorpena aurkeztea; bestela ez baitzaio ordaintzen ahalko aldez aurretik onartutako dirulaguntza.
f) Hala badagokio, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluen arabera.
g) Jasotako edo jasotzeko dauden zuzeneko eta zeharkako diru sarrera guzti-guztiak adierazi beharko dira.
h) Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala zabaltzea, 4/2016 Foru Dekretuan ezarritakoa, lehiaketaren webguneko, kartelean edo azpiegituran ageriko lekuan jarriz. Ikur hori webgune honetan jaisten ahal da: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.
i) Jasotako funtsen aplikazioari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztapen eta kontrol lanen xede diren bitartean.
j) Jasotako funtsak itzultzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan eta deialdi honetan eta dagokion legedian aipatzen diren kasuetan.
k) Antolatzen diren kirol ekitaldietan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da (https://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Residuos/Plan+de+Residuos+de+Navarra.htm) eta 14/2018 Foru Legea, ekainaren 18koa, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzkoa.
Zehazki, neurriak hartuko dira hondakinik ez sortzeko (ahalik eta paper gutxien erabiltzea, ahal den guztietan txorrotako ura erabiltzea, erabilera bakarreko ontziak eta produktuak alde batera uztea, etab.), bai eta hondakinak bereiziko direla bermatzeko ere, horiek birziklatze aldera (gai organikoak, ontziak eta materialak, papera eta kartoia eta gainerakoa, gutxienez), ekitaldia zer mankomunitatetan gauzatzen den, hango hondakin-kudeaketarekin bat.
Ez da plastikozko poltsarik erabiltzen ahalko, salbu eta plastiko konpostagarrizko poltsak badira, 13432:2000 UNE-EN arauan edo horren baliokidea den beste arau batean ezarritako betebeharrak betetzen dituztenak. Poltsa horiek ez dira doan ematen edo banatzen ahalko.
Halaber, ez da plastikozko plater, edalontzi, kikara edo erretilurik erabiliko, erabili eta botatzekoak badira eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 94/62/EE Zuzentarauaren aplikazio-eremuan sartzen ez badira (salbuespena izanen dira material biodegradagarriz eginikoak); banakako dosietan ontziratutako produkturik eta erabilera bakarreko kapsularik ere ez, prozesu organiko edo mekanikoen bidez birziklatu ezin diren materialetakoak badira.
2. Erakunde onuradunek, halaber, Europar Batasuneko Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren finantzatzeari buruzko betebeharrak bete beharko dituzte (Europakoak eta Estatukoak):
a) Batasuneko erakundeen kontrol-jarduketak beteko dituzte, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 22. artikuluaren arabera.
b) Eskaeraren dokumentazioan adieraziko dute (II. eranskina), Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planari (SEEP) erreparatuta, konpromisoa hartzen dutela, ahal den neurrian, ekonomia zirkularraren printzipioak errespetatzeko eta ingurumenean inpaktu negatibo nabariak saihesteko (DNSH ingelesezko siglak - "do no significant harm"), 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz –Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen du–. Horrenbestez, adieraziko du ez duela bazter utzitako jarduerarik egiten, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren erregelamenduaren araberako "kalte nabarmenik ez eragiteko" printzipioari buruzko gida teknikoa betez; izan ere, erregelamendu horrek ez du aurreikusten jardueraren ondorengo faseek ingurumenean zuzeneko ondoriorik izatea, ez eta zeharkako lehen mailako ondoriorik ere (halakotzat joko dira bukatu ondoko ondorioak). Bestalde, adieraziko dute ez dietela kalte nabarmenik eraginen 2020/852 (EB) Erregelamenduaren 17. artikuluko ingurumen-xedeei.
Zehazki, jasotako laguntzarekin, ez dute gauzatuko DNSH printzipioari buruzko Europako Batzordearen Gida Teknikoari (2021/C 58/01) jarraikiz baztertutako jarduera hauetako bat ere:
–Erregai fosilekin zerikusia duten jarduerak, horien geroko erabilera barne.
–EBko isurketa eskubideen salerosketa araubideko (RCDE) jarduerak, aurreikusten bada sortuko dituzten berotegi efektuko gasen isuriak ez direla egonen dagokien erreferentziako parametroetatik behera.
–Hondakinen zabortegiekin, erraustegiekin eta tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioekin lotutako jarduerak.
–Hondakinak epe luzera ezabatzeak ingurumenari kalte egin diezaiokeen jarduerak.
c) Europar Batasunaren ekarpenaren berri ematea inbertsioekin gauzatuko diren jardueren gaineko informazio- eta komunikazio-neurrietan (informazioa emateko kartelak, plakak, paperezko eta online argitalpenak, ikus-entzunezko materiala, webguneak, prentsako iragarki eta ezarpenak, ziurtagiriak eta abar), honako logotipo hauen bidez:


Logoen bertsio deskargagarri batzuk aurki daitezke hemen: https://planderecuperacion.gob.es/identidad-visual.
Informazio-kartel eta plaka guztiak ongi ikusteko moduko leku publikoetan jarri beharko dira.
d) Halaber, aplikatzekoa den araudiaren arabera, onuradunek neurri egokiak hartuko dituzte helburu hauek lortzeko:
–Une oro bermatzea Estatuaren laguntzei buruzko araudia erabat errespetatzen dela, bai eta finantzaketa bikoitzik ez dagoela ere.
–Identifikatzea funtsen azken hartzailea, eta bermatzea erakunde horrek onartzen duela datuak lagatzea esku-hartzen duten administrazio publikoen artean.
–Bermatzea onartzen dutela Europako erakundeen kontrola eta konpromisoa dutela erakunde horiei ahalbidetzeko beren eskumenak gauzatzen.
–Dokumentuak kontserbatzeko betebeharra ezartzea, Finantza Erregelamenduaren 132. artikuluaren arabera (https://www.boe.es/doue/2018/193/L00001-00222.pdf) .
14.a Gardentasun-betebeharrak.
1. Erakunde onuradunek, emandako dirulaguntzaren arabera behartuta egonen direnek, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, baita eskatutako dokumentazioa ere, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. eta 12.4 artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz.
2. Adierazpen eredua VIII. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez ere kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko da: www.nafarroa.eus.
15.a Azpikontratazioa.
1. Erakunde/pertsona onuradunek aukera izanen dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzeko, osorik edo partzialki, jardueren kostuaren % 100era arte. Nolanahi ere, kontzeptu honetatik kanpo geldituko da diruz laguntzen den jarduera onuradunak berak egiteko beharrezkoak diren gastuen kontratazioa.
2. Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritako gainerako aurreikuspenak ere bete beharko dira. Zehazki, hirugarrenekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren % 20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, azpikontratazioa egiteko kontratua idatziz sinatu beharko da.
16.a Dirulaguntzaren bateragarritasuna.
1. Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazioak berak (NKIa bera alde batera utzita), beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, estatukoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ez dute behin ere gainditzen ahalko garatu beharreko jardueraren kostua.
2. Nolanahi ere, SEEPen kargura finantzatuko diren lehiaketek ez dute jasotzen ahalko Europar Batasunaren bestelako programen eta tresnen laguntzarik, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluari, Batasunaren Aurrekontu Orokorrari aplikatu beharreko finantza-arauei buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2018ko uztailaren 18ko 2018/1046 Erregelamenduaren (EB, Euratom) 188. artikuluari eta irailaren 29ko HFP/1030/2021 Aginduaren 7. artikuluari jarraikiz.
17.a Ez-betetzeak.
1. Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKIaren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.
2. Halaber, eragiketa honekin lotutako diru sarrera gehigarriren bat jasotzen badute, eta horrek garatu beharreko jardueraren kostua gainditzea ekar badezake, dirua itzultzeko eskatuko da.
18.a Datu pertsonalak babestea.
1. Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.
2. Eskaera-inprimakian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.
19.a Publizitatea.
1. NKIak jendaurrean paratuko ditu emandako dirulaguntzak Nafarroako Gobernuaren izapideen katalogoaren bidez (www.nafarroa.eus) eta Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri dagokion, onuradunak eta emandako diru kopurua.
2. Gainera, publizitatea eginen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduari jarraikiz, zeinaren bidez ezarri baitzen Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa.
20.a De minimis laguntza.
1. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EB) Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da. (L 352. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, 2013ko abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).
2. Erregelamendu horrekin bat, enpresa/erakunde bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa/erakunde bakarraren definizioa.
3. Horretarako, erakundeek eskaera-dokumentazioan aitortu beharko dituzte indarreko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak. Halaber, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak finantzatutako proiektuen kudeaketa- eta kontrol-arauak onartzen dituen Nafarroako Gobernuaren 2022ko otsailaren 16ko Erabakiak agintzen duen bezala, dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntza gordinaren baliokidearen zenbatekoaren berri emanen zaie erakunde onuradunei.
21.a Errekurtsoak.
1. Deialdi honen eta haren oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
2. Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, egintzak jakinarazi eta biharamunetik hasita.
22.a Aplikatu beharreko araudia.
1. Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio. Era berean, laguntza hau NextGenerationEU funts berriarekin batera finantzatuta dagonez, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez, aplikatuko zaie Kirol Kontseilu Gorenaren Presidentetzaren 2022ko abuztuaren 2ko Ebazpena, zeinaren bidez argitaratu baita Kirolaren Konferentzia Sektorialaren 2022ko uztailaren 5eko Erabakia, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren lurralde-banaketari eta banaketa-irizpideei buruzkoa.
2. Azkenik, aplikatzekoa izanen da Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/241 (EB) Erregelamendua, 2021eko otsailaren 12koa, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa ezartzen duena.
Iragarkiaren kodea: F2305136
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
