Iragarkia
84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
HIRIBERRI ARAKILGO KONTZEJUA
Ordenantza, arautzen dituena herri-lurretako aprobetxamenduak. Behin betiko onespena
Hiriberri Arakilgo Kontzejuak, 2023ko martxoaren 25ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen ordenantza bat, arautzen dituena Hiriberri Arakilgo herri-lurretako aprobetxamenduak, ez baitzen erreklamaziorik jaso jendaurreko aldia bukatuta.
Hiriberri Arakilen, 2023ko martxoaren 25ean.–Kontzejuko burua, Javier Arrieta Aniz.
ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA HIRIBERRI ARAKILGO KONTZEJUAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Ordenantza honen xedea da arau batzuk ezartzea, Hiriberri Arakilgo kontzeju-mugarteko herri-ondasunen administraziorako, xedapen-egintzetarako, defentsarako, berreskurapenerako eta aprobetxamendurako.
2. artikulua. Herri-ondasunak dira bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen. Ez da aldaketarik izanen haien izaeran eta tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatzeko edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Honako hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak (Toki Administrazioari buruzko Foru Legea); Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, galarazi gabe xedaturik dagoena Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen-egintzak
5. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuari dagokio ahalmena herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko, ordenantza honetan ezartzen den moduan. Herri-lurretako ondasunen inguruan Hiriberri Arakilgo Kontzejuak hartzen dituen erabakiek beharko dute Nafarroako Gobernuaren baimena, Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herri-ondasunak desafektatu ondoren beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako. Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke, herri-lurretako ondasun gisa. Prozedurari dagokionez, jarraikiko zaio uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
III. TITULUA
Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea
7. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak begiratuko du herri-ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetu daitezen, eta kontra eginen dio edozein pribatizazio saiakerari, edo herri-ondasunetarako kaltegarri izan daitekeen edozein ekintzari.
8. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusita eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezkoa denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratzeko eta defendatzeko.
9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Hiriberri Arakilgo Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, finken immatrikulazioa dela-eta edo herri-lurrekin mugakide diren finken hedadura soberakina dela eta. Kontzejuak osoko bilkuran hartuko du komunikazio horien gaineko erabakia.
10. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak transakziorik egin nahi badu ondasunak herri-ondarerako berreskuratzeko, aldez aurretik beharko du Nafarroako Gobernuaren onespen berariazkoa.
11. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak administrazio-bidea erabiliko du, beti, suntsitzeko baimen, emakida edo beste zernahiren kariaz herri-ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak, eta baliatuko da ahalmen hertsatzaileez. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haien partaide denean, eta ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak. Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.
13. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-lurretako ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarrek ekitea, zehaztuko den moduan. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak, ekimen horrek aurrera eginez gero, sortutako gastuak itzuli beharko dizkie herritarrei.
IV. TITULUA
Herri-ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua.
Herri-larreen aprobetxamendua.
Etxerako egurraren aprobetxamendua.
Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.
15. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejua ahaleginduko da herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen, eta hori guztia bateragarri eginen du haien izaera sozialarekin. Betiere, kontuan izanen du ustiapenaren xede nagusia dela Kontzejuko biztanleen jarduera ekonomikoari laguntzea. Herri-lurretako ondasunen aprobetxamendua eginen da kontuan hartuta baliabide natural berriztagarriak direla, eta bateragarri eginen dira haien erabilera arrazoizkoa eta zaintza egokia.
16.1. artikulua. Orokorrean, Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete beharko dituzte familia-unitateen titularrek:
Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.
Biztanleen udal erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea gutxienez urtebete lehenagotik.
Bertan bizitzea urtean bederatzi hilabetez bederen, egiazki eta jarraian.
Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.
16.2. artikulua. Familia-unitateko kideak izanen dira etxe berean bizi diren guztiak. Nolanahi ere, familia-unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, baldin haien diru-sarrerak apalagoak badira lanbide arteko gutxieneko soldata baino.
16.3. artikulua. Artikulu hau interpretatzerakoan sortzen ahal diren zalantzak Hiriberri Arakilgo Kontzejuak argituko ditu, banan-banan.
II. KAPITULUA
Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak
17.1. artikulua. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, familia-unitatearen titular diren herritarrek bete beharko dituzte 16. artikuluan ezarritako baldintzak eta, familia-unitateko kide bakoitzeko, diru-sarrerek izan beharko dute lanbide arteko gutxieneko soldataren %30 baino txikiagoak, edo familia-unitatearen diru-sarrerek, guztira, halako soldata eta erdiaren azpitik egon.
17.2. artikulua. Baldin familia-unitatean badago desgaitasunen bat duen kiderik, gorputzekoa nahiz adimenekoa, agiri bidez frogatua, kide bakoitzeko kontatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren %60ko diru-sarrera.
17.3. artikulua. Errenta mailak zehazteko aintzat hartu beharreko irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Kontuan hartuko dira pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan edukitzea nahiz beste edozein tituluren bidez edukitzea, landa-lurraren eta industriaren gaineko kontribuzioen zergapeko kapitala, hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren kapitala, kenduta norberaren etxebizitzari dagokiona, baita horien antzeko beste edozein datu ere.
III. KAPITULUA
Laborantzako herri-lurren aprobetxamendua
18. artikulua. Herri-lurren aprobetxamenduak izan daitezke laboreetarako edo abereentzako larreetarako. Hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:
Herritarrentzako lehentasunezko aprobetxamenduak.
Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioko aprobetxamenduak.
Enkante publikoan adjudikatzea edo Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Hiriberri Arakilgo Kontzejuak hiru modu horiek erabiliko ditu herri-lurren aprobetxamendua adjudikatzeko, emandako ordenaren arabera, laborantzarako nahiz abereentzako larreetarako.
19. artikulua. Aprobetxamendu mota honetarako, Kontzejuak urteko kanona ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da aurrekontu arruntean. Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.
Aurreko apartatuan adierazten denaren ehuneko berrogeita hamar (%50) izanen da kanona, hala eskatzen duten onuradunentzat, baldin frogatzen badute beren familia-unitateko diru-sarrerak direla lanbide arteko gutxieneko soldata halako bat eta erdi baino gutxiago, familia-unitateko kide bakoitzeko. Ondorio horietarako, familia-unitatean desgaitasun fisikoa edo mentala duen kide bakoitzeko (agiriz frogatua), zenbatuko da lanbide arteko gutxieneko soldataren ehuneko hirurogeiko diru-sarrerak daudela.
20. artikulua. Adjudikazio oinarrietan ezarriko da herri-lurrak aprobetxatzeko epea, laborantza-unitate bakoitzerako, eta urtez urte luzatzen ahal da; ondoren, beste deialdi bat egin beharko da.
21. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendua egiteko edo beste batzuei lagatzeko. Kontzejuak zehaztuko du zenbat laborantzako lur adjudikatzen zaion bizilagun bakoitzari, kontuan hartuta dagoen herri-lurra eta adjudikatzen den lurraren produkzio gaitasuna, baita eskatzailearen ustiategia edo beharrak eta familia-unitatearen egoera ekonomikoa ere.
22. artikulua. Kontzejuak egokiak eta komenigarriak iruditzen zaizkion egiaztapenak egiten ahalko ditu noiznahi, ziurtatzeko herri-lurretako aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki egiten dela. Ondoko kasu hauetan interpretatuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:
Nekazaritzako makinak edukita, horiek ez erabiltzea adjudikatutako herri-lurrak lantzeko.
Behin egitateak egiaztaturik, Kontzejuaren ustez herri-lurrak ez ustiatzea zuzenean eta pertsonalki.
Ez aurkeztea lanak norberak egin izanaren frogagiriak, edo Kontzejuak baimendutako pertsonek egin izanaren frogagiriak, Kontzejuak ezarritako epean.
Nekazaritzako etekinik ez aitortzea pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpenean, horretara beharturik ez egonik ere.
Laborantzako lurren jabe izanik, hirugarrenei errentan emanak izatea.
Bazka ekoizten duten herri-lurren adjudikaziodun izanik, aziendak ateratzea udalerri honetako abere aberastasunaren katastrotik.
23. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzen dituen aziendak osasun ziurtagiria izanen du, frogatzen duena baldintzak betetzen dituela.
24. artikulua. Onuradunek ezin izanen dituzte herri-lurrak erabili, Kontzejuaren aldez aurreko baimenik gabe, adjudikatutakoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako.
25. artikulua. Adjudikatutako herri-lurretan itxiturak egiteko, Kontzejuaren baimena beharko da. Itxiturak egiteko honako material hauek erabil daitezke: harlauzak, zura, edo hesolak alanbre-hesiekin. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, edo hormigoi-blokezkoak.
26. artikulua. Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.
27. artikulua. Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, interesdunek ez baldin badute aldez aurretik eskatzen eta Kontzejuak ez badu baimenik ematen.
28. artikulua. Kontzejuak, hiru hilabete aurretik onuradunei iragarri ondoren, eraginik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, baldin sustatzen badu herri-lur horietan arbolak landatzea edo beste hobekuntza batzuk egitea. Aditzera ematen da laborantzako lurren aprobetxamendua bertan behera uzteak ez duela ekarriko kalte-ordainak jasotzeko eskubiderik onuradunaren alde. Hobekuntza horiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, aldez aurretik.
29. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren laborantzako herri-lurrak enkante publiko bidez adjudikatuko dira lau urterako, jarraikiz egungo araudiari eta ordenantza honi, aplikatzekoa den horretan.
IV. KAPITULUA
Herri-larreen aprobetxamendua
30. artikulua. Aprobetxamenduen ondorioetarako, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak kudeatzen dituen herri-larreak ustiapen bat dira, eta azpiunitateetan banatu daiteke, kontserbatzeko interesak direla eta, erabilera-arauak direla eta, edo Kontzejuaren beste interes batzuk direla eta. Madozko Kontzejuarekin adostuko da nola integratu Madozko Kontzejuarekin eta nola aprobetxatu 17. fazeriako larreak.
31. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren herri-larreen aprobetxamendua honako modu hauetan eginen da, lehentasun-ordena honi jarraikiz:
a) Herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren bidez.
b) Tradiziozko ohiturari jarraikiz.
c) Enkante publikoan adjudikatuz.
32. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateen titularrak izanen dira herri-larreen aprobetxamenduaren herritarrentzako zuzeneko adjudikazioaren onuradunak. Horretarako, aziendak alta emanda eduki behar dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Azienden Erroldaren Erregistroan, eta ustiapenaren liburuan agertarazi. Titularrak, gainera, toki-erakundearen baimena beharko du, bere aziendari dagokion jardueran aritzeko.
33. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak, eta debeku da azpierrentamenduan ematea edo lagatzea.
34. artikulua. Urtebeterako izanen da herritarrentzako zuzeneko adjudikazioa, eta luzatzen ahalko da, zortzi urtez gehienez ere, adjudikazio deialdian ezarritakoaren arabera. Epe hori igarota, beste adjudikazio deialdi bat egin beharko da.
35. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak honela kalkulatu du herri-larreek izan dezaketen abere-zama:
Azienda larriko unitate bat (AzLU) hektarea bakoitzeko.
Horri dagokionez, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak baliokidetza hauek egin ditu:
Zaldi-aziendako buru bakoitzeko, 1,4 behi-aziendako buru.
Behi-aziendako buru bakoitzeko, ardi-aziendako 8 buru.
Behi-aziendako buru bakoitzeko, ahuntz-aziendako 8 buru.
36. artikulua. Kontzejuak urtero finkatuko du, aurrekontu arruntean, zer kanon pagatu behar duten larreak zuzenean adjudikatu zaizkien onuradunek. Kanon hori izanen da larreen egiazko balioaren %80 eta %90 artekoa.
37. artikulua. Adjudikazio prezioa urtero berrikusiko da, egokitzeko, biziaren kostuak dituen gorabeheren arabera, kontuan hartuz Nafarroako erakunde ofizial eskudunak onartzen dituen indizeak (abeltzaintzako KPIa).
38. artikulua. Urtero ordainduko da kanona, gainerako tasekin batera, tradizioaren arabera.
39. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, frogatzeko betetzen direla 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan ezarritako baldintzak (foru lege horren bidez arautu zen herri-larreetan bazkatzen den aziendaren babesa), eta bete beharko dira Foru Lege horretako eta haren erregelamenduetako baldintza guztiak.
40. artikulua. Herriko ohiturekin bat, eta herri-larreak mantentzeko edo hobetzeko, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak baldintza hauek ezartzen ditu:
Izan daitekeen abelburu zamaren arabera banatuko da azalera. Urtero zatituko da azalera, edo ezartzen diren azpiunitateak, eskaera egin dutenen artean, baldin badute herritarrentzako zuzeneko ustiapenerako eskubidea. Hala, emaitza horren arabera eginen da zatiketa, eta zati horietako bat izanen da baldintzak betetzen dituen familia-unitate batek eskuratzen ahal duena.
Eskatutako azalera guztiarengatik pagatu beharko dute onuradunek, erabili nahiz ez erabili, salbu kasu hauetan: Baldin osasuneko kutsadura arriskuagatik larreak aprobetxatzeko eskubidea kentzen bazaie, edo istripuz hildako abere bat ez badute beste batekin ordezten.
41. artikulua. Herritarren arteko banaketatik soberan gelditzen diren larreak enkante publikoaren bidez adjudikatuko dira. Urtero eginen da adjudikazioa, eta luzatzen ahalko da, zortzi urtez gehienez, adjudikazio deialdiak ezartzen duenaren arabera, jarraikiz indarreko araudiari eta ordenantza honetan aurreikusitakoari, aplikatzekoa den horretan.
42. artikulua. Unitatearen perimetroa ixtea edo larreak azpibanatzea. Kontzejuak halakorik egiten ez badu, adjudikaziodunei egokituko zaie, eta adjudikazio deialdian zehaztuko da nolako baldintzak izanen diren konpentsazio ekonomikoa egiteko.
43. artikulua. Adjudikaziodunei dagokie perimetroko itxitura ongi mantentzea. Adjudikazio epea bukaturik, Kontzejuak baloratuko du itxituraren kontserbazio egoera, eta berak erabakiko du ea zehapenik jarri behar den, edo fidantza atxiki behar den, adjudikazio publikoaren kasuan.
44. artikulua. Abereak herri-lurretan bazkatzen ari badira behar den baimenik gabe, jaso egin daitezke, eta jabeei itzuliko zaizkie, zehapen ekonomikoa ordaindu ondoren. Adjudikazio publikoan urtero buru bakoitzeko ezarritako balioaren halako hiru izanen da zehapena. Adjudikazio publikorik ezean, aplikatuko da Udalak bere herri-lurretarako ezarritakoa, edo udalerri hurbilekoenean ezarritakoa.
V. KAPITULUA
Adjudikatzeko prozedura
45. artikulua. Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki-tauan ediktuak argitaratuta, 15 eguneko epea irekiko da, eskabidea aurkez dezaten herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskubidea dutela uste dutenek.
46. artikulua. Kontzejuak behin-behinekoz eginen du adjudikazioa, baldintza hauek kontuan harturik:
a) Lehentasuna emanen zaie egoera ekonomikorik apalena duten familia-unitateei.
b) Har dezaketen abelburu kargaren arabera adjudikatuko dira bazkatokiak, abelburu kopurua antzekoa duten eskatzaileen artean.
c) Bazkatoki bera abeltzain bati baino gehiagori adjudika dakioke, baldin guztiek dituzten abelburuen kopurua ez bada bazkalekuak har dezakeen kopurua baino handiagoa. Halakoetan, kanona abelburuko ezarriko da.
d) Abeltzain bakar bati bi bazkaleku adjudika dakizkioke, behar adina azienda badu eta herriko gainerako abeltzainen eskaerak bete badira.
47. artikulua. Perimetroaren itxiturak behar bezala ez mantentzeak kalterik baldin badakar hirugarrenentzat, adjudikaziodunena izanen da erantzukizuna, eta hala ezarriko da adjudikazio deialdietan.
48. artikulua. Behin-behineko adjudikazioa eginik, 15 eguneko epea emanen da erreklamazioak aurkezteko. Halakorik ez bada, behin betiko onetsitzat joko da epea bukatutakoan.
VI. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua (epaitza)
49. artikulua. Mendian aski baldin badago, eta Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia-unitateei. Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.
50. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak urtero ezarriko du familia-unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Zenbat egur dagoen jakiteko, kontsulta eginen zaio Nafarroako Gobernuaren administrazioko basogintzako zerbitzuei. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
51. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.
Adjudikatzen direnetik, urtebeteko epea izanen da epaitza hartzeko. Kontzejuak, klimatologia dela eta, eskubidea du epe hori luzatzeko, baita epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko ere, eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk ere egin ditzake. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira.
52. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduarengatik ordaindu beharreko kanona urtero finkatuko du Hiriberri Arakilgo Kontzejuak, aurrekontu arruntean, eta aprobetxamenduaren aurretik pagatu beharko da.
53. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondoren hondarrak jaso eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendiko pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere, kasu eginen diete Kontzejuko basozainek edo basogintzako administrazioko langileek ematen dizkieten jarraibideei. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei hiru urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.
54. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, kontsulta eginen zaie basogintzako administrazioari eta Kontzejuak aukeratutako ordezkariari. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.
55. artikulua. Haizeak botatako zuhaitzak, zuhaitz ihartuak edo obren ondorioz eraitsitakoak egurretarako aprobetxatzen ahal dira, baldin zura egiteko aprobetxatzerik ez badago. Betiere beharko dira basogintzako administrazioaren berariazko baimena eta Kontzejuaren onespena. Arrunta balitz bezala onartuko da aprobetxamendua, eta arau berberak izanen ditu. Egur lote horiek bateragarriak izan daitezke urteko epaitza arruntekin, baldin eta nahikoa egur badago. Ezin izanen dute etxerako egurraren aparteko aprobetxamendu hori egin oraindik aurreko bost urteetako egurrik atera gabe duten herritarrek.
56. artikulua. Kontzejuak urtero irekiko du epea epaitzak eskatzeko. Aldez aurretik, aurreko urteko loteen exekuzioa aztertuko da, eta kasuan kasuko herritarrei zehapenak ezartzen ahalko zaizkie, hala behar denean. Eskabide horien eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira. Kontzejuak zozketak egin ditzake taldeka, kontuan izanik epaitzen kokapenak bizilagun eskatzaileekin duen lotura.
57. artikulua. Erabat debekatuta dago zaborra, bidoiak edo edonolako hondakinak mendian uztea.
VII. KAPITULUA
Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk
58. artikulua. Ehiza barrutiak eratu baldin badira herri-lurrak sartuz, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da jarraikiz 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei, baita horretarako ezartzen diren legeei ere.
59. artikulua. Betiere, Kontzejuaren onespena beharko da ehiza barrutien, etxolen eta ehiza-postuen erabilera berritzeko. Herri-lurrak ehizarako erabiltzearekin lotutako beste edozein gorabehera Kontzejuari komunikatu beharko diote alderdi interesdunek (erabiltzaileak eta foru administrazioa), Kontzejuak aukera izan dezan, ukitutako herri-lurren titular den aldetik, bere eskumenak baliatzeko, erabilera egokia arautzeko, ehizakoak ez diren beste xedeekin bateragarria.
60. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren kontzesioa, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro. Gainera, agiri horiek jendaurrean eduki beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
61. artikulua. Fruituak, zizak eta beste produktu natural batzuk. Kontzejuak landaketak edo hazkuntzak egiten baditu, beste edozein fruitu ekoizteko, edo landaketa eta hazkuntza batzuen kontserbazioa eta mantentzea kudeatzen badu (intxaurrondoen, gaztainondoen... landaketak), kasu horretan Kontzejuan erroldatutakoek bakarrik aprobetxa ditzakete. Kontzejuak zainduko du aprobetxamendua zuzena eta zentzuzkoa dela, eta arautu dezake nola bildu dezaketen erroldatutakoek. Orobat, arautu dezake kontzeju-mugarteko beste produktu natural batzuen aprobetxamendua, esaterako zizen aprobetxamendua, baldin justifikaturik badago, zentzuz erabili beharragatik, oreka ekologikoari eusteko beharragatik edo Kontzejuaren diru-kutxari dagozkion arrazoi ekonomikoengatik.
Arau honetan eta etorkizunekoetan ezarritakoa betetzen ez bada, zehapen ekonomikoak jarriko dira. Kontzejuaren erabakiz ezarriko da zenbatekoa, aldez aurretik.
VIII. KAPITULUA
Hobekuntzak herri-ondasunetan
62. artikulua. Hiriberri Arakilgo Kontzejuak indarrik gabe uzten ahal ditu aprobetxamenduen adjudikazioak, lur horiek erabili nahi badira honako xede hauetarako:
Haien gaineko kargak kentzea.
Herri-lurrak hobetzea.
Proiektu sozialak egitea, lagundu ahal izateko hala behar dutela justifikatzen duten bizilagunei, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio.
63. artikulua. Proiektu horiek Kontzejuak nahiz bizilagun interesdunek susta ditzakete, eta lehentasuna izanen dute.
64. artikulua. Hona hemen halako kasuetan izanen den prozedura:
a) Kontzejuaren erabakia, onesten dituena dena delako proiektua eta ukitutako herri-lurren aprobetxamendua arautuko duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean edukitzea, eta Kontzejuak erabakia hartzea aurkeztutako alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
65. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herri-lurretan diren adjudikazioak, eta titularrei kalte-ordaina emanen zaie sorrarazitako kalte-galerengatik, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzengatik ere, zuzenbidez bidezkoa bada.
66. artikulua. Toki-erakundeak onetsi beharko ditu aprobetxamenduaren onuradunak herri-lurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak; aldez aurretik, 15 egunean egonen dira jendaurrean eta, alegaziorik aurkeztuz gero, Udalak ebatzi beharko ditu.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
67. artikulua. Honako egitate hauek hartzen dira arau-hauste administratibotzat:
a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez-egitea.
b) Aprobetxamenduen kanonak ez ordaintzea Kontzejuak ezarritako epeetan.
c) Nabarmen gaizki egitea edo osorik ez-egitea herritarrentzako aprobetxamendua, kasuan kasukoa.
d) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Herri-lurrak lantzea Udalak adjudikatu gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.
f) Labore iraunkorrak (fruta-arbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.
g) Ez errespetatzea adjudikazioetan zehaztutako epeak.
h) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.
i) Hildako abereak bertan uztea.
j) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.
k) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion egitate edo ekintza oro.
l) Abereak bazkatzeko tokiak behar bezala ez ixtea edo itxitura ongi ez mantentzea.
68. artikulua. Arau-hauste horiek honako zehapen hauek izanen dituzte:
a), b), c), d), f), h) eta i) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek zehapenak ezartzea.
Aipatutako g) arau-haustearengatik, galduko da herri-lurren edo herri-larreen adjudikaziodun izateko eskubidea.
Aipatutako l), adjudikazio publikoa denean, zehatuko da ezarritako fidantza atxikiz, eta herri-lur edo -larreen adjudikaziodun izateko desgaikuntzarekin.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa halako bost gutxienez eta halako hamar gehienez ordainduko da, zehapen gisa. Balio hori zehazterik ez bada, ezarriko da hirurogei (60) eurotik mila eta berrehun (1.200) eurora bitarteko zehapena.
VI. TITULUA
Hiriberri Arakilgo landabideak nola erabili
Hiriberri Arakilgo landabide publikoen sarea da Hiriberri Arakilgo herritar guztien ondarearen parte. Oso elementu inportantea da udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta haietara iristeko, eta nahitaezkoa, nekazaritzako lanak egiteko. Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on. Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, hiru xede lortzearren:
–Hiriberri Arakilgo natur ondarearen balioak begiratzea.
–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.
–Erabiltzeko moduan mantentzea.
69. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da arautzea Hiriberri Arakilgo udal-mugarteko landabide publikoen erabilera, zainketa eta babesa, indarreko araudiarekin bat.
70. artikulua. Definizioa.
Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek izanen dira landabideak: Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren titulartasunekoak eta eskumenekoak izanik, zuzeneko komunikazioa errazten dutenak herri mugakideekin, landa lurzatiekin edo bestelako komunikazio bideekin, eta erabiltzen direnak nekazaritzarako eta abeltzaintzarako edo bestelako jarduera osagarrietarako. Horiek guztiak jasoak daude kontzeju honen bideen inbentarioan eta bidezko kartografian.
71. artikulua. Izaera juridikoa.
Bide publikoak jabari eta erabilera publikoko ondasunak dira; hortaz, besterenezinak eta preskribaezinak dira. Horien titulartasuna izateak berarekin dakar bideak babesteko eta berreskuratzeko ahalmena. Hortaz, bideak bidegabeki hartzeak ez du inolako baliorik izanen titulartasun publikoaren aurrean, igarotako denbora edozein izanik ere.
72. artikulua. Ezaugarriak eta zabalera.
Jabari publikoaren zabalera 6 metrokoa da. Landabide publikoak eta dagozkien arekak jabari publikoaren zabalerara egokituko dira, eta neurriak ez dira inola ere izanen 6 metrotik gorakoak.
73. artikulua. Trafikoko arau orokorrak.
Hiriberri Arakilgo udalerriko landabide publikoetan, zirkulazioak jarraituko dio Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legeari.
Bereziki, seinalerik ez duten bidegurutzeetan, trafikoari buruzko arau orokorrek aginduko dute eta, beraz, eskuinetik dabilenak izanen du lehentasuna.
74. artikulua. Hiriberri Arakilgo mugarteko landabide publikoetako erabilera debekatuak.
Hiriberri Arakilgo landabide publikoetan zeharo debekaturik daude ekintza hauek:
1.–Lurra lantzean, traktorearekin bidera ateratzea buelta ematera.
2.–Harriak eta nekazaritzako hondakinak bidera, arekara eta erretenera botatzea.
3.–Bideko arekara lurra bota eta hura betetzea, lur-sailetan nekazaritzako lanak egitean.
4.–Nekazaritzako hondakinak areka, bide eta erretenetan erretzea.
5.–Administrazioaren baimenik gabe, lehiaketak edo lasterketak egitea, eta ausarkeriaz gidatzea.
6.–Lanabesak edo beste edozein makineria garraiatzea, bideetako zolaren kaltetan bada.
75. artikulua. Areken eta finketako pasabideen garbiketa eta mantentze lanak.
Finken titularrek izanen dute arekak eta finketako pasabideak garbitzeko ardura, landabide publikoak hobeki zaintzen laguntzeko.
76. artikulua. Zuhaitzak landatzea.
Adarrek arekak ez gainditzeko maneran landatuko dira arbolak landabide publikoen ondoan.
77. artikulua. Hiriberri Arakilgo landabide publikoetako zirkulazio abiadura.
Hiriberri Arakilgo landabide publikoetan ibiltzean, bideen egoerak eta haien ezaugarriek erakutsiko dute zer abiadura komeni den, eta abiadura apalduko da topo egitean ibilgailu bereziekin, motel dabiltzan ibilgailuekin, azienda saldoekin edo oinezkoekin; are gehiago hautsa pilatzen den aro idorretan; izan ere, abiadura bizian joanez gero, bideak hondatu egiten dira, zirkulazioa hobetzeko botatzen den harea-geruza desagertzen delako.
Betiere, 20 kilometro ordukoa da gehieneko abiadura.
78. artikulua. Finka pribatuetan sartzeko pasabideak.
Partikularrek baimena eskatu beharko diote Hiriberri Arakilgo Kontzejuari finketako pasabideak egiteko edo aldatzeko, eta gutxienez 40 zentimetroko diametroa duten hormigoizko hodiekin eginen dituzte, haien kontura egin ere.
Hiriberri Arakilgo Kontzejuak egokitzat jotzen duen fidantza eskatzen ahal du, lur-sailetako sarbideak behar den bezala egiten direla bermatzeko.
79. artikulua. Ibilgailuen gehieneko pisua Hiriberri Arakilgo landabide publikoetan.
Hiriberri Arakilgo landabide publikoetan ibiltzeko gehieneko pisua 20.000 kilo da.
Salbuespen gisa, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak baimena ematen ahalko du aurreko atalean ezarritako gehieneko pisua baino handiagoko ibilgailuetarako, inguruabar hauek kontuan hartuta:
1. Salbuespeneko erabilera denean, nekazaritzarako, abeltzaintzarako nahiz antzeko helburu baterako.
2. Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren iritziz udalerriarentzat interes orokorrekoak diren beste erabilerak, salbuespenekoak.
Baimena eskuratzeko, aldez aurretik eskaera bat beharko da, eta eskaera hori aurkeztu beharko dute salbuespeneko erabilera behar duen pertsonak edo entitateak, artikulu honen lehen paragrafoan ezarritako gehieneko pisua baino handiagoko ibilgailu batekin ibiltzeko Hiriberriko landabide publikoetan.
Era berean, salbuespenez eta batzarraren erabakiz, Hiriberri Arakilgo Kontzejuak aldatzen ahalko du aurretik ezarritako ibilgailuen gehieneko pisua, puntualki, partzialki edo osorik, Hiriberri Arakilgo landabide publikoetarako.
80. artikulua. Hiriberri Arakilgo landabide publikoak erabiltzeko salbuespeneko baimenen tasak.
Hiriberri Arakilgo Kontzejuak tasa bat ezartzen ahalko du Hiriberriko landabide publikoen salbuespeneko erabilerarako, kasu hauetan:
Hiriberri Arakilgo Kontzejuaren iritziz udalerriarentzat interes orokorra duten salbuespeneko beste erabilera batzuk direnean, Hiriberriko Kontzejuak ezarriko duen tasa izanen da 0,002 eurotik 0,01 eurora bitartekoa, garraiatutako kilogramo bakoitzeko.
Nekazaritzarako, abeltzaintzarako edo antzeko helburu baterako egindako salbuespeneko erabilera baimentzeko denean, tasa ordaintzetik salbuetsirik egonen da, baina eskatu beharko da 11. artikuluko 2. apartatuan aipatzen den baimena.
81. artikulua. Finken itxiturak.
Finken itxiturek ez dituzte inoiz arekak hartu behar, ezta erregelamenduz bidearen kanpoko ertzetik izan beharreko tarteak ere.
Horrez gain, gutxienez 4 metroko tartea utzi beharko da bidearen erditik finkaren itxituraraino.
82. artikulua. Debekuak.
–Landabide publikoak etengabe erabiltzeko moduan egonen dira, hortaz, espresuki debekatua dago horiek ixtea.
Baimendu gabe itxiz gero, Kontzejuak, ordenantza honekin bat, zirkulazio publikoarentzat irekiko du berriz ere.
Administrazio-ebazpen hori eginen da dagokion administrazio prozedura izapidetu eta interesdunari entzun ondoren.
–Udalaren baimenik gabe aldaketak edo obrak egitea.
–Bidea hondatzea.
–Landabide publikoetan obra-hondakinak, zaborra edo bestelako hondakinak botatzea.
–Pertsonen, abereen edo ibilgailuen zirkulazioa galarazten duen edozein egintza edo ez-egitea.
–Ur ibilgu naturalak desbideratzea edo eragoztea.
83. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzea, horra arau-haustea.
Arau-hausteetan maila hauek izanen dira, larritasunaren arabera:
1. Arau-hauste arinak. Arau-hauste arinak izanen dira ordenantza honen 3. artikuluko 1., 2., 3., 4., 5. eta 6. puntuetan jasotako debekuak ez betetzea, bai eta ordenantza honen 9. artikuluan adierazten den abiadura gainditzea ere.
2. Arau-hauste astunak. Arau-hauste astunak izanen dira bi arau-hauste arin egitea eta, ordenantza honen 12. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, landabide publikoen erabilera bereziagatik ezarritako tasa ez ordaintzea.
Arau-hauste astuna izanen da ordenantza honen 9. artikuluan adierazitako abiaduran baino lasterrago ibiltzea, eta abiadura horren ondorioz arriskuan jartzea landabide publikoetan dabiltzan beste ibilgailu batzuk, pertsonak edo abereak.
Arau-hauste astuna izanen da ur ibilgu naturalak desbideratzea edo eragoztea.
3. Arau-hauste oso astunak. Arau-hauste oso astunak izanen dira bi arau-hauste astun egitea eta Hiriberri Arakilgo landabide publikoan erabiltzea ordenantza honen 11. artikuluan finkatutako gehieneko pisua baino handiagoa duten ibilgailuak, erabilera hori Hiriberriko Kontzejuak espresuki debekatu baldin badu.
Arau-hauste oso astuna izanen da beste edozein egintza nahiz ez-egite baldin suntsitzen, narriatzen edo larriki hondatzen baditu bideko osagai funtsezkoak, edo horien erabilera galarazten badute, bai eta horiek inolako administrazio-baimenik gabe okupatzea ere.
Kontzejuak, larritasunaren edo errepikatzeen arabera, behar den salaketa jarriko du eskumena duen administrazioan edo polizian, arau-hausteak izan direla ziurtatzeko, behar diren zehapenen ondorioetarako.
84. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honen arau-hausteak egindako arau-haustearen larritasunaren arabera zehatuko dira, honela:
1. Arau-hauste arinek 300,00 euroko isuna izanen dute zehapen.
2. Arau-hauste astunek 600,00 euroko isuna izanen dute zehapen.
3. Arau-hauste oso astunek 1.200,00 euroko isuna izanen dute zehapen.
Zehapen horiek ez dituzte arau-hausleak salbuetsiko eragindako kalteak direla-eta dagozkien kalte-ordainetatik; hori dena, jarraikiz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluari.
Nork bere borondatez ordaindu ezean, premiamendu bidez bilduko dira isunak.
85. artikulua. Azken xedapenak.
1. Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geldituko dira herri-lurretako aprobetxamenduak arautzeko udal arau guztiak, indarrean zeudenak honako ordenantza honek indarra hartzean.
Iragarkiaren kodea: L2305146
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
