1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
287E/2023 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiarena, Droneen Talde Espezializatua osatuko duten Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen hautaketa prozedura onesten duena.
Urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak arautzen du Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa.
Honako hau dio aipatutako foru dekretuaren 3.5 artikuluak: "Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren barruan sortzen ahalko dira, ingurumenaren arloan eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru aginduaren bidez, lan arloka banatutako talde espezializatuak. Talde horiek Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek osatuko dituzte, eta haren mende egonen da taldeen antolamendua eta funtzionamendua. Talde espezializatu bakoitzean sartzeko prozedura ezartzeko, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpena emanen da. Prozedura horretan bermaturik egonen da behar adinako gardentasuna eta publikotasuna, bai eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langile guztien eskubidea ere talde espezializatuan sartzeko, baldin eta taldekoa izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte".
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren azaroaren 25eko 297E/2022 Foru Aginduaren bidez sortu zen Droneen Talde Espezializatua, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren barruan (2023ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 12koa). Foru Aginduan aurreikusten denaren arabera, talde espezializatuan sartzeko prozedura "Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren ebazpenaren bidez finkatuko da, eta prozedura horretan bermaturik egonen da behar adinako gardentasuna eta publizitatea, bai eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileek duten eskubidea ere talde espezializatuan sartzeko, baldin eta taldekoa izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte".
Ikusi da Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren txostena: bertan jasotzen da Droneen Talde Espezializatuan sartzeko prozedura sortzeko beharra.
Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuaren 3.5 artikuluak ematen dizkidan eskumenak,
EBAZTEN DUT:
1. Droneen Talde Espezializatua osatuko duten Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak hautatzeko prozedura onestea eta ebazpen honi atxikitzea.
2. Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen hau jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari.
4. Antolakuntza prozeduran parte hartuko duten langileek Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuan aurreikusitako araubide juridikoari eta dagokien mugapenerako atxikipenari eutsiko diete, eta ordainsariak ez dira aldatuko.
5. Ebazpenaren eta aplikazio egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren aurrean.
Iruñean, 2023ko martxoaren 27an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.
DRONEEN TALDE ESPEZIALIZATURAKO BASOZAINAK/GUARDERÍO DE MEDIO AMBIENTE KOLEKTIBOKO LANGILEAK HAUTATZEKO PROZEDURA
1.–Deialdiaren xedea.
Deialdiaren xedea da Droneen Talde Espezializatua osatuko duten Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak hautatzea.
2.–Betebeharrak.
Funtzionario lanpostu bat edukitzea Basozainak/Guardas de Medio Ambiente kolektiboaren barruan, eta ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian eskaera aurkezteko unean.
3.–Eskaerak.
3.1. Eskaerak aurkezteko epea.
Parte hartzeko eskaerak hamabost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.
3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Hautaketa prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez. Eskabidea Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuari zuzenduko zaio, eta hau jasoko du: "Droneen Talde Espezializaturako Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileak hautatzeko prozedura".
4.–Izangaiak onartzea.
4.1 Eskaerak aurkezteko epea amaitu ondoren, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren zuzendariak ebazpena emanen du onartutako eta baztertutako izangaien behin-behineko zerrenda onesteko, eta Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuen katalogoan argitaratuko da. Parte hartzaileak agente zenbakiarekin identifikatuko dira argitaratzen diren izapide guztietan, eta ez da datu pertsonalik argitaratuko.
4.2. Behin-behineko zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztuko dira, Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren zuzendariak ebazpen bat emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du zerbitzuen katalogoan argitara dadila.
5.–Proben kalifikazioa.
Proba teorikoa elkarrekin egin eta zuzenduko dute Ingurumena Zaintzeko Ataleko buruak, Baliabideen Kudeaketarako eta Laguntzarako Bulegoko buruak eta Foruzaingoaren STTko (Sostengu Teknologikorako Taldeko) langileek. Ingurumena Zaintzeko Ataleko buruak eta Baliabideen Kudeaketarako eta Laguntzarako Bulegoko buruak huts egiten badute, lanpostua hutsik gelditzen bada edo gaixotzen badira, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren zuzendariak eta Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen Bulegoko buruak ordezkatuko dituzte, hurrenez hurren.
Proba psikoteknikoa HANIak egin eta zuzenduko du.
6.–Proben garapena.
6.1. 2023ko apirilaren 1etik aurrera hasiko dira.
6.2. Honako hauek osatuko dituzte:
6.2.1. Araudian eta segurtasunean oinarritutako proba teoriko batek eta proba psikotekniko batek. Bi proben puntuazioa 100 puntukoa izanen da guztira. Proba teorikoa test batek osatuko du, eta 70 puntu lortzen ahalko dira: baztertu eginen dira proba horretan gutxienez 25 puntu lortzen ez dituzten izangaiak. Proba teorikoaren gai zerrenda ebazpenaren 1. eranskinean dago; azterketaren araudia ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoena izanen da.
6.2.2. Proba psikoteknikoa HANIak antolatu eta zuzenduko du; galdetegi batzuk bete beharko dira izangaien nortasun orokorra eta lanerako gaitasunak eta/edo trebetasunak ezagutzeko, eta elkarrizketa pertsonalak eta/edo talde lanekoak eginen dira. Haien bidez zehaztuko da izangaiak zenbateraino diren egokiak lanpostuaren profil profesiografikoak eskatzen dituen ezaugarrietarako. Lanpostuaren profil profesiografikoa 2. eranskinean zehazten da. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatuko du eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Proba hau ez da baztergarria izanen, eta 30 punturekin baloratuko da.
7.–Hautatutako pertsonen zerrenda.
7.1. Hautaketa probak amaitzean, kalifikazio epaimahaiak pertsonen zerrenda argitaratuko du zerbitzuen katalogoan, lortutako kalifikazioekin, eta horiek puntuazioaren arabera ordenatuko dira, handienetik txikienera. Halaber, onartutako izangaiak eta proba teorikoan 70 puntutik gutxienez 25 ez lortzeagatik baztertutakoak adieraziko dira.
7.2. Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuaren zuzendariak espediente osoa bidaliko dio Ingurumeneko zuzendari nagusiari, zerrendan lehen hiru postuak lortu dituzten izangaiak Droneen Talde Espezializatuan sartzeko proposamenarekin. Berdinketa egotekotan, kalifikazio epaimahaiak jendaurrean eginen duen zozketa bakar baten bidez erabakiko da.
7.3. Hautatutako langileek uko edo huts eginez gero, prozeduran parte hartu duten eta 7.1 puntuan adierazitako onartutako izangaien zerrendan dauden pertsonei deitzen ahalko zaie, lehentasun ordenaren arabera.
1. ERANSKINA
Proba teorikoaren gai zerrenda
1. Batzordearen 2019/945 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2019ko martxoaren 12koa, tripulatu gabeko aireontzi sistemei eta tripulatu gabeko aireontzi sistemen hirugarren herrialdetako operadoreei buruzkoa.
https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=DOUE-L-2019-81002
2. Batzordearen 2019/947 (EB) Betearazpen Erregelamendua, 2019ko maiatzaren 24koa, tripulatu gabeko aireontzien erabilerari aplikatu beharreko arauei eta prozedurei buruzkoa.
https://www.boe.es/doue/2019/152/L00045-00071.pdf
3. 1036/2017 Errege Dekretua, abenduaren 15ekoa, zeinaren bidez arautzen baita urrutiko aginte bidez gidatutako aireontzien erabilera zibila.
https://www.boe.es/buscar/doc.php?id=BOE-A-2017-15721
4. UAS sistemen hegaldien baldintza eta mugei buruzko gida, operazio tokiaren arabera (UAS sistemen eremu geografikoak) (6. bertsioa, 2023/02/03).
https://www.seguridadaerea.gob.es/sites/default/files/UAS-OPS-DT01_v6_Zonas.geograficas.UAS_.pdf
2. ERANSKINA
Profil profesiografikoan neurtu beharreko ezaugarriak
Talde lana.–Beste pertsona batzuekin lan egiteko prestutasuna, lankidetza aktibo eta harberan, erakundearen xede komunak lortzeko konpromisoarekin. Bultzatu eta zuzendu.
Analisia eta planifikazioa.–Helburuak, atazak eta lehentasunak identifikatzeko erraztasuna, baliabideak eta epeak finkatzeko.
Erantzukizuna.–Betebehar eta atazak bereganatzeko gaitasuna, baita ondorioak ere, eta erakundearen xedea eta arauak (sozialak eta arauzkoak) partekatzea, norbere eta lankideen jokabidearen erreferentzia gisa. Etengabe saiatzea eta epeak betetzea. Erabakiak hartzeko gaitasuna, norberaren mugekin bat.
Iragarkiaren kodea: F2305094