84. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 25a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

91/2023 EBAZPENA, martxoaren 27koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, 2023ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra irakasleek atzerrian prestakuntza egiteko laguntzen deialdia onesten duena.

Nafarroako Hezkuntza Departamentuak, atzerriko hizkuntzak irakasten dituzten edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten irakasleen prestakuntzaren inguruko gomendioak kontuan hartuta, eta indarreko legediari jarraikiz, bidezkotzat jotzen du irakasleen atzerriko prestakuntza sustatzea.

Atzerriko hizkuntzen irakasleak atzerrian prestatzea funtsezkoa da, bai hizkuntza maila gaurkotzeko, baita hizkuntzak irakasteko metodologian, hizkuntzak edukien bidez irakasteko metodologian, eta antzeko beste gai batzuetan prestatzeko ere.

Hala ere, COVID-19ak sortu zuen osasun krisia dela-eta, aurrez aurreko atzerriko prestakuntza jarduera ia guztiak eten ziren 2020ko eta 2021eko udetan. Urte horietan, online prestakuntza sustatzen jarraitu zen, ikastaroak antolatzen dituzten entitateek udako hilabeteetatik kanpo eskaintzen dutena. Ondorioz, 2022ko udan laguntza deialdi bat egin zen, bai atzerrian ikastaroak egiteko, bai online ikastaroak egiteko. Aurten osasun egoera aldatu denez gero, online ikastaroen premiarik ez dagoela uste da.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du, zeinetan proposatzen baitu 2023ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra aurrez aurreko ikastaroak egiteko deialdi bat egin dadila, Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publiko eta itunduetan atzerriko hizkuntzak edo hizkuntzaz bestelako irakasgaiak atzerriko hizkuntzetan irakasten dituzten irakasleentzako edo, atzerriko hizkuntza baten C1 maila edo baliokidea izanda, hizkuntza horren irakaskuntzarako metodologiari buruzko prestakuntza jaso nahi duten irakasleentzako.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Atzerrian aurrez aurreko ikastaro bat egiteko gehienez 30 banakako laguntza –1.000 euro artekoak– emateko deialdia onestea. Parte hartzeko oinarriak ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

2. Horretarako, gehienez 30.000 euroko gastua onestea, 2023ko aurrekontuko "Irakasleak atzerriko hizkuntzetan trebatzeko laguntzak" izeneko 420001-42400-4809-321202 partidaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio (Hezkuntzako berriak) eta www.nafarroa.eus (Tramiteak) webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta bere eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Atzerriko Hizkuntzen Atalera, Argibide eta Agiri Bulegora eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2023ko martxoaren 27an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA

2023ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra irakasleek prestakuntza ikastaroak egiteko laguntzen deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehen oinarria.–Deialdiaren xedea.

Nafarroako Gobernuak gehienez 30 banakako laguntza –1.000 euro artekoak– emateko deialdia egin du, atzerrian aurrez aurreko ikastaro bat egiteko 2023ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra. Laguntza hauek Foru komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako eta hizkuntza eskola ofizialetako irakasleei zuzenduta daude.

Irakasle eskatzaileek ikastaroa ematen duen erakundearekin zuzenean kudeatu beharko dituzte deialdi honen bidez diruz laguntzen diren ikastaroetarako izen-ematea eta gainerako izapideak.

Bigarren oinarria.–Parte hartzeko baldintzak.

–Jarduneko irakaslea izatea.

–Irakasleentzako atzerriko edo online prestakuntzarako laguntzarik jaso ez izana azken 3 deialdietan.

–Irakaslea egoera hauetako batean izatea:

  • Atzerriko hizkuntzak irakastea (ingelesa, frantsesa, alemana) edo eskolak atzerriko hizkuntzetan ematea (British, IIP, FIP, AIP, Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztuna eta atal elebidunak) Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen edo Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.
  • Sare publikoko Bigarren Hezkuntzako irakaslea izatea, hizkuntza arlokoak ez diren irakasgaietakoa, C1 mailaren profil baliokidea egiaztatzen badu deialdiaren xede diren atzerriko hizkuntzetako batean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuari jarraikiz.
  • Nafarroako hizkuntza eskola ofizialetako irakaslea izatea.

Hirugarren oinarria.–Udako atzerriko ikastaro bat egiteko laguntza indibidualen deskribapena.

3.1.–Ikastaroen ezaugarriak.

–Ikastaroaren edukia metodologikoa izanen da, eta hizkuntzekin eta haien didaktikarekin lotuta.

–Gutxienez bi asteko iraupena eta berrogei irakastordu izan beharko ditu. Ondorio horretarako, ez dira zenbatuko eskolaz kanpoko jardueren edo jarduera soziokulturalen orduak (bisitak, antzerkia, zinea, etab.).

–Ikastaroak 2023ko uztailaren 1etik abuztuaren 31ra bitartean egin beharko dira.

–Laguntza hauek bateraezinak dira 2023an Hezkuntza Departamentuak antolaturiko udako ikastaroetan parte hartzearekin.

3.2.–Laguntzen banaketa.

3.2.1. Aurrezko aurreko prestakuntzarako laguntzak:

Guztira 30 laguntza emanen dira. Horietatik 21 sare publikoko irakasleentzat gordetzen dira (ingeleseko 16, frantseseko 4 eta alemaneko/italierako 1), eta 9 sare itunduko irakasleentzat (ingeleseko 7, frantseseko 1 eta alemaneko 1).

3.2.2. Sare bakoitzeko hizkuntza bakoitzarentzat erreserbatutako laguntza guztiak esleitzea posible ez bada, esleitu gabeak beste sarean hizkuntza berean ari direnentzat izanen dira.

3.3.–Laguntzen zenbatekoa eta estaldura.

3.3.1. Laguntzen xedea da matrikularen oinarrizko kontzeptua finantzatzea eta, aurrez aurrekoen kasuan, ostatuarena ere bai.

Aurrez aurreko modalitatean, gehienez ere 1.000 euroko laguntza jasoko da.

Ikastaroa egin ondoren jasoko da laguntza, behin matrikulari eta, hala badagokio, ostatuari, lotutako gastuen frogagiriak aurkeztu eta egiaztatuta, eta ikastaroaren ordu guztiak zehazten dituen bertaratze ziurtagiria aurkeztuta, 2023ko azaroaren 19ra arte. Gastuak deialdi honetako zazpigarren oinarrian xedatzen denaren arabera frogatu beharko dira.

3.3.2. Hezkuntza Departamentuak beretzat gordeko du gastuetako edo haien frogagirietako batzuk aintzat ez hartzeko eskubidea, gehiegizkotzat edo desegokitzat jotzen baditu. Jasotzen den laguntzak ez dio inolako onura ekonomiko pertsonalik ekarriko adjudikaziodunari. Dirulaguntza hauengatik ez da zergarik ordaindu behar.

3.3.3. Laguntza bat eskuratzen duen pertsona baino ez da arduratuko hautatu den ikastarorako inskripzioa kudeatzeaz eta egin beharreko ordainketak egiteaz.

Laugarren oinarria.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epea.

Laguntza honetaz gain, Departamentuak udako ikastaroetarako egiten dituen beste deialdietako batean ere eskatzen bada, lehenesteko ordena adierazi beharko da nahitaez bi eskaeretan.

4.1.–Eskaerak aurkeztea.

Eskaera webgune honetako inprimakiaren bidez beteko da: https://forms.gle/DbNke9J1P7r5MkA39.

Eranskin honen 4.2 puntuan aipatzen den dokumentazioa eskaneatu eta helbide elektroniko honetara bidaliko da: idiomas@educacion.navarra.es.

Departamentuak, dirulaguntzak emateko xedeei dagokienez, programa egokia den edo ez baloratuko du. Ezezko balorazioa emanez gero, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak horren berri emanen dio eskatzaileari, arrazoiak adierazita, 5 egun naturaleko epean beste ikastaro baten programa aurkez dezan. Laguntza ematea beste ikastaro bat aurkeztearen eta haren egokitasunaren baldintzapean egonen da beti.

Era berean, laguntza eskaera aurkeztu eta gero hautagaiak ikastaroa aldatzen badu, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio behin betiko zerrendak argitaratu baino lehen, hautatu duen ikastaroaren programa erantsirik, hark onets dezan. Horrela egin ezean, ez dago bermatuta laguntza emanen dela.

Behar izanez gero, agiri osagarriak aurkezteko eskatzen ahalko da.

Deialdi honetako ikastaro eta laguntzak eskuratu ahal izateko eskabideak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio beti.

4.2.–Nahitaezko dokumentazioa.

1) Eskaera guztietarako: zinpeko aitorpena, 6. eranskinaren arabera betea.

2) Ikastetxe publikoak:

a) Atzerriko hizkuntza bat irakasten duten irakasleentzat: ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako ikasturteak irakaslearen zerbitzu-orriaren bidez egiaztatuko dira. Atzerriko Hizkuntzen Atalak ofizioz eskatuko dizkio orriak Giza Baliabideen Zerbitzuari, eta, horregatik, eskatzaileak ez du datu hori eman behar.

b) Eskolak atzerriko hizkuntzetan ematen dituzten irakasleentzat: ikastetxeko (edo ikastetxeetako) zuzendariaren ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita aurreko ikasturteetan zer irakatsi den eta gaur egun zer irakasten ari den ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, AIP edo atal elebidunak) (5. eranskina, eskatzaileak aurkeztu beharrekoa).

c) Bigarren Hezkuntzako irakasleak, C1 hizkuntza eskakizuna edo hizkuntza gaitasuna dutenak deialdi honen xede diren atzerriko hizkuntzetako edozeinetan:

–Alemaneko, frantseseko, ingeleseko edo italierako C1 mailaren ziurtagiria, 30/2018 Foru Aginduak aldatutako 30/2011 Foru Aginduan ezarritakoen artetik. Foru agindu horren bidez, hizkuntzen jakite maila egiaztatzen duten titulazioak eta ziurtagiriak ezarri ziren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuak ezartzen dituen mailei erreferentzia eginez, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko eskumeneko eremuan.

Ingeleseko, frantseseko edo alemaneko hizkuntza eskakizuna edukiz gero, ez da dokumentaziorik aurkeztu beharko, ofizioz egiaztatuko baita.

3) Sare itunduko ikastetxeak.

–Ikastetxeko (edo ikastetxeetako) zuzendariaren ziurtagiria, zeinean zehaztuko baita aurreko ikasturteetan zer irakatsi den eta gaur egun zer irakasten ari den ingelesez, frantsesez edo alemanez (IIP, eta atal elebidunak) (5. eranskina, eskatzaileak aurkeztu beharrekoa).

4.3.–Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko hamabost egun naturaleko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bosgarren oinarria.–Hautapen batzordea.

Hautapen batzordea kide hauek osatuko dute:

–Atzerriko Hizkuntzen Ataleko burua, batzordeburua izanen dena, edo hark eskuordetzen duena.

–Europako Proiektuen Bulegoko burua, edo hark eskuordetzen duena.

–Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko legelari bat.

Hautapen batzordeak 2. eranskinean ezarritako baremoaren arabera baloratu eta barematuko ditu parte hartzeko eskaera guztiak.

Seigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak hautapen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) eta https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio webgunean (Hezkuntzako berrien atalean).

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behineko eskaeren zerrenda eta bakoitzak lortutako puntuazioa.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Zerrendetan zenbaki bana esleituko zaie eskatzaileei, berdinketarik bada zozketa publiko baten bidez ebazteko. Zozketa Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus) eta Hezkuntza Departamentuaren web-orrian (https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio) iragarriko da.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda hori argitaratzen denetik.

Behin erreklamazioak aztertutakoan eta ebatzitakoan, Hezkuntzako zuzendari nagusiak behin betiko ebatziko du deialdia, ebazpen baten bidez, eta emandako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren webgunean: www.nafarroa.eus.

Emandako laguntzari uko eginez gero, behin betiko zerrenda argitaratu eta hiru egun balioduneko epean, hautatuek deialdiaren 3. eranskina igorri beharko diote Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari posta elektronikoz (idiomas@educacion.navarra.es), laguntzari uko egiten diotela adierazteko. Mezuaren gaiaren eremuan "Uko egitea - Atzerria" eta eskatzailearen izena eta bi deitura idatzi beharko dira.

Bestela, laguntza onartu dutela ulertuko da.

Ezarritako epea bukatutakoan ere uko egiteak irits daitezkeela aurreikusirik, ezarri da ukoa epe hori bukatu ondoren aurkezteak hurrengo deialdietatik baztertzea ekarriko duela, kasu justifikatuetan izan ezik.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea izanen du emandako laguntza bat ikastaroa egin aurretik bertan behera uzteko, baldin eta egiaztatzen bada eskatzailearen destinoa Nafarroako Foru Komunitatetik kanpora aldatu dela, edo aurreikusten bada betebehar gisa ezartzen diren baldintzetakoren batek ez duela indarrik izanen hurrengo ikasturtean (2023-2024).

Zazpigarren oinarria.–Azken agiriak eta laguntzak ordaintzeko eskaera.

2023ko irailaren 19an beranduenez, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduak:

–Ikastaroaren azken txostena. Hartan agertuko dira ikastaroaren ezaugarri eta helburuak, egindako jarduerak eta norberaren balorazioa; oro har, webgune honetako datu-orriaren bidez eginen da (Chrome erabilita, ahal bada):

https://forms.gle/U2HbPobvVAcv9tka8

–Ikastarora joan dela ziurtatzen duen agiriaren fotokopia. Hartan, erakunde antolatzailea, parte-hartzailearen izen-deiturak, egindako jardueraren izena, ikastaroaren datak eta guztira egindako irakastorduak azalduko dira. Datu horiek guztiak nahitaezkoak dira laguntza ordaintzeko.

Kalkulu horretan, ez dira aintzat hartuko eskolaz kanpoko jarduerak, jarduera osagarriak eta programazio soziala.

–Gastuen laburpen-orria (4. eranskina).

–Matrikularen jatorrizko faktura, baita ordaindu dela frogatzen duen agiria ere.

Agiri horiek eskaneatuta igortzen ahalko dira posta elektroniko honetara: idiomas@educacion.navarra.es. Mezuaren gaiaren eremuan "Azken txostena" eta interesdunaren izen-deiturak idatzi beharko dira. Hala eta guztiz ere, Hezkuntza Departamentuak laguntzaren onuradunari edozein unetan eskatzen ahalko dio jatorrizko ziurtagiriak eta fakturak aurkezteko, egokitzat jotzen badu.

–Irakasle onuradunek "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera", dagokion banku-erakundeak betea eta zigilatua, aurkeztu beharko dute Diruzaintza Atalean, salbu eta lehenago aurkeztu badute; ahal dela, erregistro orokor elektronikoaren bidez igorri beharko dute eskaeran bertan agertzen den helbidera edo, bestela, aurrez aurre, Diruzaintza Atalera (Carlos III.aren etorbidea 4, 2. solairua).

Agiri hori helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Zortzigarren oinarria.–Laguntzak ordaintzea.

Deialdi honen hirugarren oinarriarekin bat, esleitutako laguntza guztia ordaintzeko, deialdiaren zazpigarren oinarrian aipatzen diren azken agiriak aurkeztu behar dira aurretik.

Laguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, betiere, batera erdietsi badira estatuko edo nazioarteko beste administrazio publiko batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak, dirulaguntza emateko ebazpenak aldatzen ahalko dira.

Laguntza hauen onuradunak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dien informazio guztia ematera derrigortuta daude, eta behar diren finantza kontrolerako jarduketen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

Bederatzigarren oinarria.–Ziurtapena.

Hezkuntza Departamentuak ez du inolako ziurtagiririk emanen diruz lagundu den ikastaroko bertaratzeari edo aprobetxamenduari buruz.

Hamargarren oinarria.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta honetatik sortzen diren egintzen aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, horiek jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

2. ERANSKINA

2023ko udan irakasleek atzerrian aurrez aurreko prestakuntza egiteko laguntzen deialdirako baremoa

MEREZIMENDUA

GEHIENEKO PUNTUAZIOA

DOKUMENTAZIOA

Funtzionarioa izateagatik

2

Eskatutako ikastaroaren xedeko hizkuntza irakasten emandako urte bakoitzeko (0,5 puntu urteko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria (soilik ikastetxe itundua bada)

Atzerriko hizkuntzan ematen den arlo batean irakasten emandako urte bakoitzeko, Departamentuak baimendutako programa eleaniztuna duen ikastetxe batean (0,5 puntu urteko)

3

Zuzendariaren ziurtagiria (8. eranskina)

Bigarren Hezkuntzan, hizkuntza arlokoa ez den irakasgai bat irakasten emandako urte bakoitzeko (0,5 puntu urteko) (Aurreko ataletan punturik ematen ez duten ikasturteei soilik aplikatuko zaie)

3

C1 mailako ziurtagiria (hizkuntza eskakizunak ofizioz egiaztatzen dira)

Erasmus+ programaren KA1 prestakuntzarako mugikortasunerako laguntzarik ez jasotzeagatik 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan

1

Zinpeko deklarazioa (9. eranskina)

3. ERANSKINA

UKO EGITEA

2023ko udan irakasleek atzerrian aurrez aurreko prestakuntza egiteko laguntzen deialdia

………………………………………………………………..........................…............ jaunak/andreak, …………………………… NAN zenbakia duenak, uko egiten dio prestakuntza ikastaro bat egiteko laguntza ekonomikoari (……………………………(e)ko ……………………………aren ………(e)ko ………/…… Ebazpenaren bidez onetsitako deialdiari dagokio).

Sinatua

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n.

ELEANIZTASUNAREN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUA (HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA)

4. ERANSKINA

Aurkeztutako fakturen laburpena, 2023an irakasleek atzerrian aurrez aurreko prestakuntza egiteko laguntzen deialdirako

ESKATZAILEAREN DATUAK

1. DEITURA

2. DEITURA

IZENA

NANa

EGINDAKO IKASTAROAREN DATUAK

ERAKUNDEA

IKASTAROAREN IZENBURUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

KONTZEPTUA

ZENBATEKOA
(eurotan)

Ikastaroaren matrikula

Ostatua (hala badagokio)

GUZTIRA

ELEANIZTASUNAREN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUA (HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA)

5. ERANSKINA

Ikastetxeko zuzendariaren ziurtagiria

................................................................................................................................. jaunak/andreak, ................................................................................................................. ikastetxeko zuzendaria den aldetik, honako hau ziurtatzen du:

................................................................................... jaunak/andreak, ................................... NAN zenbakia duenak, honako honetan irakatsi duela:

IIP FIP AIP

British programan

Atal elebidunetan Bigarren Hezkuntzako programa eleaniztunean, hizkuntza honetan: .................................................................., ikastetxe honetan eta ikasturte honetan/hauetan:

...........................................................................................................................................................

...........................................................................................................................................................

...........................................................................................................................................................

Eta gainera (ikastetxe itunduetarako bakarrik):

Hizkuntza hau irakatsi duela: ................................................................................, atzerriko hizkuntza gisa, ikastetxe honetan eta ikasturte honetan/hauetan:

...........................................................................................................................................................

...........................................................................................................................................................

...........................................................................................................................................................

Eta hala jasota gera dadin, ziurtagiri hau sinatzen dut.

Sinadura eta ikastetxeko zigilua:

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n.

6. ERANSKINA

Zinpeko aitorpena

2023ko udan irakasleek atzerrian aurrez aurreko prestakuntza egiteko laguntzen deialdia

Nik, ............................................................................. jaunak/andreak (NANa: .............................), honako hau adierazten dut:

(X bat jarri dagokion laukian)

Ez dudala parte hartu Hezkuntza Departamentuak deitutako udako prestakuntza ikastaroetan 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

Erasmus+ programaren KA1 prestakuntzarako mugikortasunerako laguntzarik ez dudala jaso 2019-2020, 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan.

Sinatua

.............................................(e)n, 2023ko ............................................aren ........(e)(a)n.

ELEANIZTASUNAREN ETA ARTE IKASKETEN ZERBITZUA (HEZKUNTZA DEPARTAMENTUA)

Iragarkiaren kodea: F2305304