83. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

27E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 24koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, Nafarroako udalerriei "Artea eta Kultura 2023" programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 684539.

Kultur Ekintza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatzen da Nafarroako udalerriei, "Artea eta kultura" programaren barruko kultur jarduerak egiteko, dirulaguntzak emateko deialdia eta deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, 600.000 euroko gastua baimentzea eta foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta kontuan harturik gastua baimentzeko legeak ezartzen dituen helburua, baldintzak eta betebeharrak betetzen direla, eta ikusirik, halaber, espedientean kontu-hartzaile delegatuaren adostasuna ageri dela.

Horrenbestez, Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako udalerriei "Artea eta Kultura 2023" programako arte eta kultur jarduerak egiteko dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak, onestea.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20002-A2500-4609-334100: kultur ekintzetarako laguntzak udalei

2023

600.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 24an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

NAFARROAKO UDALERRIEI "ARTEA ETA KULTURA 2023" PROGRAMAKO ARTE ETA KULTUR JARDUERAK EGITEKO DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta helburua.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako udalerrietan arte eta kultur jarduerak sustatzeko laguntzak arautzea. Jarduera horiek 1.2 puntuan deskribatutako arloetakoak izan beharko dira, eta 2022ko azaroaren 7tik 2023ko urriaren 29ra bitarte eginen dira, bi egun horiek barne.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, arte eta kultur jardueratzat hartuko dira arte bisualetako ikuskizunak eta proiektuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekintza Zerbitzuak honako zortzi sektore hauetan egin ohi dituen jarduerekin lotuta daudenak: antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala (bertsolaritza, jotak, dantza, abesbatza, txistua).

1.3. Deialdiaren xede diren jardueren programazioak ondorio positiboak lortu nahi ditu emakumeen eta gizonen berdintasunean, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18. artikulua betez.

1.4. Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan kultur jarduerak eta jarduera artistikoak programatzeak eragin positiboa sortu nahi du Nafarroako kultur sektorearen ekosisteman, hots, babes neurri izan nahi du sektorearen jarduna mantendu dadin eta, azken batean, pertsona guztiek eskuragarriago izan dezaten kultura eta errazagoa izan dadin kultur jardunean modu librean parte hartzea.

2.–Toki erakunde onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradun izan nahi duten erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

2.1. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

2.2. 40.000 biztanletik beherako populazioa duten Nafarroako udalerriak izatea.

2.3. Udalerriek beren kultur jarduerak zuzenean kudeatzeko baliatzen dituzten erakunde edo entitateak ere izaten ahalko dira onuradunak, hala badagokio, bai eta haiek osatutako fundazioak ere.

3.–Aurrekontuko egozpena eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

3.1. Laguntza hauek (600.000 euro gehienez) Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren 2023ko gastuen aurrekontuaren kargura finantzatuko dira.

3.2. Dirulaguntzaren oinarrizko zenbateko bat ezarri da, udalerriko biztanle kopuruaren arabera, IV. eranskinarekin bat (Nafarroako Udalerrietako populazio datu ofizialak, 2022koak, Nafarroako Estatistika Institutuaren azken eguneraketaren arabera).

Deialdian baimendutako zenbatekoa txikiagoa bada herriei, biztanleriaren arabera, dagozkien zenbatekoen batura baino, zenbatekoa proportzionalki gutxituko da.

3.3. Behin eskaerak azterturik eta aurreko atalaren arabera laguntzak kalkulaturik, deialdiaren zuzkidura ekonomikoa agortu ez bada, 7 puntu edo gehiago dituzten udalerrien artean banatuko da (deialdi honen oinarri arautzaileetako 7. atalean ezarritako irizpideen arabera lortuko dira puntuok).

Irizpide hau aplikatuz eginen da banaketa: 7 puntu edo gehiago lortu dituzten udalerri eta entitateen puntuazio guztiak batuko dira eta gerakina zati puntuazio hori eginen da, puntu bakoitzaren balioa kalkulatzeko.

Puntua bider lortutako puntuazioa eginen da, eta horrela lortuko da herri bakoitzari dagokion diru kopurua.

3.4. Laguntzak onartutako aurrekontuaren %50ekoak izanen dira gehienez ere.

4.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

4.1. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.2. Eskaerak nahitaez telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus).

Eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago aurkeztu ahal izatea modu elektronikoan. Kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen elektronikoarena izanen da.

4.3. Laguntza-eskaerak oinarri hauetako I. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko dira, bertan aipatzen diren agiriak nahitaez erantsita.

4.4. Eskaera ereduak eta eranskinak Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez bete eta tramitatzen ahalko dira (http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17403/CONVOCATORIA-DE-SUBVENCIONES-A-LOS-MUNICIPIOS-DE-NAVARRA-PARA-LA-REALIZACION-DE-LAS-ACTIVIDADES-ARTISTICAS-Y-CULTURALES-QUE-INTEGRAN-EL-PROGRAMA-ARTE-Y-CULTURA-2023-).

4.5. Dirulaguntza-eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo erakunde eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu dezala edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

Eskaeraren edukia egokiro haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

4.6. Prozesuko edozein unetan, informazio osagarria eskatzen ahalko zaie erakunde eskatzaileei.

5.–Gastu diruz lagungarriak.

5.1. Gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe diruz lagundutako jardueren ezaugarriak biltzen dituztenak, eta, ondorio horietarako, hauek dira diruz lagungarriak:

a) Talde profesionalen eta talde amateurren ikuskizunak kontratatzeagatiko gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

b) Arte bisualen proiektuak programatu eta kontratatzeak sortutako gastuak (arte plastikoak, instalazioa, esku-hartzea, bideoartea, arte ekologikoa, arte efimeroa, besteak beste), BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

c) Egile-eskubideak kudeatzen dituzten entitateek sortutako gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

d) Programatutako jarduerak gauzatzeak eragindako gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

e) Programatutako jardueren zabalkunde gastuak, BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu.

5.2. Dirulaguntzen deialdi honen xedetik kanpo daude, berariaz, honako hauek:

a) Bidaien, otorduen, ostatuen eta dieten gastuak.

b) Ikastaroak, lantegiak eta hitzaldiak.

c) Sariak eta lehiaketak, eta horien epaimahaikideentzako ordainsariak.

d) Toki erakundeek herriko festak edo herriko zaindariaren festak direla-eta antolatu edo babesten dituzten kultur jarduerak.

e) Eguberrietako festen inguruan antolatzen diren jarduerak.

f) Herriko arte eta/edo kultur entitateen parte-hartzea duten jarduerak.

g) Kultur jarduerak egiteko antzokiak edo lokalak alokatzea.

h) Udalak diruz laguntzen dituen beste entitate batzuen jarduerek sortutako gastuak.

i) Berreskuratzen edo konpentsatzen ahal diren zeharkako zergak.

BEZarekin lotutako gastuetarako, erakundeak konpentsatu ezin badu, VI. eranskinean (gastuen justifikazio taula) sartuko da adierazi beharreko gastu zenbatekoa.

Erakundeak konpentsatzen ahal badu, gastuaren barruan ez da BEZaren zenbatekoa adieraziko.

Erakundeak BEZaren hainbanaketa aplikatzen badu, hainbanaketa horren arabera dagokion BEZaren zenbatekoa sartuko da.

6.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

6.1. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atala izanen da laguntzak emateko prozedura instruituko duen organo eskuduna.

6.2. Eskaerak Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak tramitatuko ditu, norgehiagokako araubidean.

6.3. Batzorde batek baloratuko ditu eskaerak, eta kide hauek izanen dira batzorde horretan:

–Lorenzo García Echegoyen jauna, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendaria. Batzordeko burua izanen da. Ordezkoa: Joaquín Llanso San Juan jauna, Artxiboen eta Dokumentu Ondarearen Zerbitzuko zuzendaria.

–Patrick Ullate García jauna, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Jesús Arana Palacios jauna.

–Amalia Jiménez Atienza andrea, Kultur Ekintza Zerbitzuko teknikaria. Batzordekidea izanen da. Ordezkoa: Rufina Tres Gambarte andrea.

–Estefanía Munárriz Nuin andrea, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Ataleko burua. Batzordeko idazkaria izanen da, hitza eta botoa dituela. Ordezkoa: María Soledad Martínez Caspe andrea, Programa Artistikoen eta Hedapenaren Ataleko burua.

6.3.1. Batzorde horrek eskaeren ebaluazioa eginen du, eta haren irizpena loteslea izanen da.

Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak, ebaluazio batzordeak sinatutako akta ikusi ondoren, deialdiaren gaineko ebazpen proposamena eginen du.

6.3.2. Kultur Ekintza Zerbitzuak eskatuta, kanpoko adituengana jotzen ahalko da, aurkeztutako eskaerak hobeki baloratzearren.

7.–Norgehiagokako prozeduraren balorazio irizpideak (10 puntu).

Aurkeztutako eskaerak baloratzeko eta laguntzen zenbatekoa finkatzeko, batzordeak irizpide hauek izanen ditu kontuan:

7.1. Jardueren programazioa (6 puntu gehienez).

a.1) Jardueren kopurua, diziplinen arabera (antzerkia, dantza, zirkua, musika, literatura eta hitza, arte bisualak, zinema eta ikus-entzunezko arteak, eta herri-kultura eta kultura tradizionala). (0,5 puntu gehienez).

–1 eta 5 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,25 puntu.

–6 eta 8 diziplina bitarte hartzen dituzten jarduerak: 0,50 puntu.

a.2) Jarduera kopurua (arte bisualetako jarduerak zenbatu gabe).

(gehienez ere 1 puntu).

–4 jardueratik 9 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jardueratik 16 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–17 jardueratik 24 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–24 jarduera baino gehiago: 1 puntu.

a.3) Arte bisualetako jardueren kopurua (gehienez 0,5 puntu).

–1 jardueratik 4 jarduera bitarte: 0 puntu.

–5 jardueratik 10 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: 0,50 puntu.

a.4) Nafar sortzaileekin programatutako jarduerak (profesionalak eta amateurrak) (gehienez ere 2 puntu).

–1etik 3ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 0,50 puntu.

–4tik 6ra (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): puntu 1.

–6 baino gehiago (baldin eta haien %50 sortzaile profesionalak badira): 2 puntu.

a.5) 2022ko deialdian onartutako gastu guztiaren justifikazioa (1 puntu)

(Barne egiaztapen bat eginen da, eskatzaileek 2022ko deialdian emandako eta Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalera igorritako datuak aztertuz).

a.6) Euskaraz programatutako jarduerak (1 puntu gehienez).

–1 jardueratik 3 jarduera bitarte: 0,25 puntu.

–4 jardueratik 5 jarduera bitarte: 0,50 puntu.

–6 jardueratik 10 jarduera bitarte: 0,75 puntu.

–10 jarduera baino gehiago: puntu 1.

7.2. Aurrekontu-eginahala, populazioarekin alderatuta (3 puntu gehienez).

(Hau ulertzen da aurrekontu-eginahaltzat: Artea eta Kultura 2023ko deialdi honetan onartutako aurrekontua zati herriko biztanle kopurua).

–0 eurotik 2,00 euro bitarte: 0 puntu.

–2,01 eurotik 4 euro bitarte: 0,25 puntu.

–4,01 eurotik 6 euro bitarte: 1,00 puntu.

–6,01 eurotik 8 euro bitarte: 1,50 puntu.

–8,01 eurotik 10 euro bitarte: 2,00 puntu.

–10,01 eurotik 12.00 euro bitarte: 2,50 puntu.

–12,01 eurotik 14,00 euro bitarte: 2,75 puntu.

–14 eurotik gora: 3,00 puntu.

7.2.1. Udalerrian kultur kudeaketako teknikari bat egotea, funtzionarioa nahiz kontratuduna, edo kulturako zerbitzuak kontratatzea enpresa baten bidez. (gehienez ere 1 puntu).

–1 puntu, A edo B mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago edo enpresa pribatu baten zerbitzuak kontratatzen badira.

–0,5 puntu, C mailarekin parekatutako funtzionarioa edo kontratuduna badago.

8.–Dirulaguntzak emateko ebazpena.

8.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita hiru hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori iraganik berariazko ebazpenik argitaratu gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

8.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran ematen diren ebazpenen jakinarazpen guztiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira.

Halaber, erakunde eskatzaileei jakinaraziko zaizkie.

Kultura eta Kirol Departamentuko iragarki-taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

8.3. Berariazko ezespenaren aurka, pertsona edo erakunde interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz. Presuntziozko ezespenaren aurka, pertsona edo erakunde interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

9.1. Nafarroako Foru Komunitatean kultur mezenasgoa eta haren zerga-pizgarriak arautzen dituen maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legearen 5.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira foru lege horretan aurreikusitako zerga-pizgarrien aplikazioaren ondorioetarako.

9.2. Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzeko, onuradunek maiatzaren 16ko 8/2014 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharrak bete beharko dituzte, baita Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22. artikuluan ezarritakoak ere, foru agindu horren bidez onetsi baitzen kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua.

10.–Toki erakunde onuradunen betebeharrak.

10.1. Kultur jardueren kudeaketa toki erakundeak berak zuzenean egiten ez badu, kudeaketa egiten duten erakunde autonomoek, patronatuek, fundazioek, enpresa entitate publikoek edo merkataritza sozietateek, dirulaguntza eman dela posta elektronikoz jakinarazi eta hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharraren adierazpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean ezarritakoarekin.

Aitorpen eredua eta nahitaezko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren web orriaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira:

www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

10.2. Deialdi honen bidez diruz laguntzen diren jardueretarako baizik ez da erabiliko laguntza, eta, oro har, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak beteko dira.

10.3. Diruz lagundutako jarduerak egin direla eta egindako gastuak justifikatu beharko dira Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalean.

10.4. Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari jakinarazi beharko zaio jarduerak gauzatzean gertatzen den edozein gorabehera, gertatzen den une berean, baldin eta jarduerak aldatzea ekartzen badu.

Diruz lagundutako jardueretan edozein aldaketa egiteko Kultur Ekintza Zerbitzuaren adostasuna beharko da aurretik, eta zerbitzu horrek baimena emanen du ofizioz, baldin eta aldaketak diruz lagundutako jarduerak funtsean aldatzen ez baditu, ebaluazio batzordearen ustean.

10.5. Jarduera Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin egin dela aipatzea programan, kartelean edo edozein eratako iragarkietan edo publizitatean.

Aipamen hori Nafarroako Gobernuko Argitalpen Zerbitzuaren jarraibideen arabera egin beharko da (publicaciones@navarra.es), kasu bakoitzean aurreikusitako elementuen arabera, eta jardueraren zabalkundeak iraun bitarte izanen da agerian.

10.6. Noiznahi ere onartzea Kultura eta Kirol Departamentuko Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalak jarduerak bete direla ziurtatzeko egiten dituen egiaztapen lanak.

10.7. Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste laguntza, dirulaguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuen berri ematea Kultur Ekimenaren eta Berrikuntzaren Atalari. Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuek eta haren erakunde autonomoek –Euskarabidea, kasurako– kudeatutako deialdien bidez lortu diren dirulaguntzen berri ere eman beharko da.

Jakin bezain laster emanen da horien berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

10.8. Ez erabiltzea inolako euskarritan, ez publizitatean ez informazioan, hizkera edo irudi sexistarik. Halaber, egiten diren dokumentuetan hizkera inklusiboa erabiliko da; horretarako, onuradunek kontsulta dezakete "Guía sobre estrategias de comunicación incluyente: El Género como prioridad" gida, helbide honetan eskuragarri: http://www.navarra.es/NR/rdonlyres/30B6ABA1-F8D6-468F-8CBB-D5808B5F6575/118955/GUIADECOMUNICACION1213.pdf.

11.–Ordainketa, eta justifikatzeko epea eta modua.

11.1. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ordainketa bakarrean pagatuko dira, Kultur Ekintza Zerbitzuak txostena eman ostean, baldin eta kasuan kasuko justifikazio agiriak aurkeztu badira.

2023ko azaroaren 6an amaituko da justifikazio agiriak aurkezteko epea. Honakoak bildu beharko dira:

11.1.1. Laguntza jaso duen programaren datu orri bat, V. eranskin gisa atxikirik dagoen ereduaren araberakoa (datuak Nafarroako kultur informazioko sisteman sartu behar dituzten udalek ez dute aurkeztu beharko).

11.1.2. Gastuak justifikatzeko taula (VI. eranskina), Excel formatuan, eremu guztiak beteta.

–Jarduera.

–Kontratatutako talde artistikoa eta/edo entitatea.

–Lana.

–Gastuaren kontabilizazio agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren zenbakia.

–Ordainketaren kontabilitate agiriaren data.

–Faktura zenbakia (toki erakundeei frogagiri gisa aurkezten zaizkien fakturak apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren arabera egin beharko dira; izan ere, foru dekretu horren bidez fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onetsi zen).

–Fakturaren data.

–Zenbatekoa (BEZa barne, erakundeak ezin badu konpentsatu).

11.1.3. Kontu-hartzailearen edo idazkari-kontu-hartzailearen ziurtagiria, alkateak ontzat emana (III. eranskina) edo, bestela, erakundeko idazkariarena, kudeatzaileak edo buruak ontzat emana; ziurtatu behar du erakundeak emandako informazioan ageri diren datuak egiazkoak direla.

11.1.4. Mezenasgo eta babesletzarako dauden modalitateen bidez jasotako ekarpenak zehaztuko dira, halakorik bada, eta horiek diruz lagundutako proiektuaren garapenean izandako eragina ebaluatuko da.

11.2. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatu beharko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoarekin bat. Dirulaguntza jaso duen aurrekontuko gastu guztia justifikatzen ez bada, proportzioan murriztuko da laguntza.

11.3. Justifikazioaren edukia egoki haztatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da behar bezala betetzea oinarri honetan adierazitako dokumentazioa.

12.–Beste dirulaguntza batzuekiko bateragarritasuna eta konkurrentzia.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateragarriak izanen dira helburu bererako edozein administrazio edo erakunde publikok edo pribatuk emandako dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideekin. Nolanahi ere, argi eta garbi identifikatu beharko da gastuen trazabilitatea.

Azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 16.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo jarduera horretarako beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabide bereki batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

13.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Erakunde onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Erakunde onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

14.–Arau-hausteak eta zehapenak.

14.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da.

14.2. Zehapen prozedura izanen da ezarrita dagoena Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen VI. tituluan.

15.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatu beharreko gainerako arauak ere.

16.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

17.–Eredu edo txantiloien zerrenda.

Jarraian aipatzen diren agiriak Nafarroako Gobernuaren web orrian egonen dira eskuragarri (http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/17403/CONVOCATORIA-DE-SUBVENCIONES-A-LOS-MUNICIPIOS-DE-NAVARRA-PARA-LA-REALIZACION-DE-LAS-ACTIVIDADES-ARTISTICAS-Y-CULTURALES-QUE-INTEGRAN-EL-PROGRAMA-ARTE-Y-CULTURA-2023-).

I. eranskina.–Eskaera.

II. eranskina.–Jardueren taula.

III. eranskina–Ziurtagiri eredua.

IV. eranskina.–Dirulaguntzen zerrenda populazioaren arabera.

V. eranskina.–Jardueren datuak.

VI. eranskina.–Gastuak justifikatzeko taula.

Iragarkiaren kodea: F2305450