83. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

15/2023 FORU LEGEA, apirilaren 5ekoa, Lurralde Kohesiorako Departamenturako 1.317.427 euroko kreditu-gehigarri bat ematekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, LURRALDE KOHESIORAKO DEPARTAMENTURAKO 1.317.427 EUROKO KREDITU-GEHIGARRI BAT EMATEKOA.

ATARIKOA

2022ko abenduaren 28an "Estatuko Aldizkari Ofizialean" eman zen argitara abenduaren 27ko 20/2022 Errege Lege-dekretua, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta sozialei erantzuteko eta La Palma uhartearen berreraikuntzari laguntzeko eta beste zaurgarritasun egoera batzuetarako neurriei buruzkoa.

20/2022 Errege Lege-dekretu horretan zuzeneko laguntzen sistema bat ezartzen da 2023ko lehen seihilekorako, hiri edo hiri arteko garraio kolektiboaren zerbitzua ematen duten autonomia erkidegoei eta toki erakundeei horren finantzaketan laguntzeko. Laguntza horri esker, %30eko hobaria egiten ahalko da autonomia erkidegoen edo udalen eskumeneko hiri eta hiri arteko garraioaren prezioan, baldin eta erkidego eta udal horiek erabakitzen badute %20ko hobari gehigarria egitea bidaia anitzeko abonuen eta tituluen prezioan-joan-etorriko txartelak alde batera utziz-, halako moduan non bidaia anitzeko abonu eta titulu horien prezioa erdira, gutxienez ere, murrizteko konpromisoa hartuko baita.

2023ko otsailaren 9an, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak hartutako Erabakiaren bidez, Iruñerriko Hiri Garraioaren X. Plana (2023) aldatzea onetsi zen; bertan 29.422.693,86 euroko defizita onartu zen, zeinaren %65, 19.124.926,51 euro, Nafarroako Gobernuak finantzatu behar baitu, eta gainerakoa, berriz, 10.298.037,35 euro, udalek.

Horrenbestez, proposatzen da 1.224.927 euroko kreditu-gehigarri bat izapidetzea "Iruñerriko garraio publikorako ekarpena" izeneko 230001 23100 4609 441100 partidarako.

Bestetik, Nafarroako 2023rako Aurrekontu Orokorretan 210001-21100-4609-922300 kodea eta "Petilla Aragoiko Udalerako transferentzia" izena duen partida bat dago, 10 euroko zenbatekoa duena. Egun ordaindu gabe daude Petilla Aragoiko Udalari Aurrekontuaren zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 316/2019 Ebazpenaren 4. puntuan xedatutakoaren ondorioz dagozkion diru kopuruak. Ebazpen horren bidez Petilla Aragoiko "Los Bastanes" izeneko finkaren errentamendua 5 urtez esleitu zen (gehienez ere 20 urtera luzatzeko aukerarekin), apirilaren 30eko 175/2019 Ebazpenaren bidez (GP 2019005) deitutako enkante publikoan esleitu ere.

Puntu horretan ezartzen denez, errentamenduak eragindako diru-sarrera ordainduko da 2019ko sarreren aurrekontuko "Petilla Aragoiko errentamendua" izeneko 111002-11300-5400-000002 partidan eta hurrengo urteetako aurrekontuetan hurrenez hurren gaitzen diren partidetan.

Era berean, adierazten da errentamenduaren prezioa, partida horretan sartzen dena, Toki Administrazioaren arloko eskumena duen departamentuak ordainduko diola Petilla Aragoiko Udalari, Foru Diputazioaren 1980ko maiatzaren 15eko Erabakiaren bidez udal horrekin izenpetu zen hitzarmenean ezarrita dagoen tutoretza araubide berezia dela eta.

Ondare Zerbitzuak finkaren errentamenduari dagokionez jaso dituen diru-sarrerak 44.086,35 euro dira 2021eko ekitaldian eta 48.406,80 euro 2022ko ekitaldian.

2021eko eta 2022ko ekitaldietan egin beharreko ordainketak egin gabe daudenez, eta toki erakundeak horiek jasotzeko eskubideak ez duenez preskribatu, beharrezkoa da 2023ko "Petilla Aragoiko Udalerako Transferentzia" izeneko 210001-21100-4609-922300 partidan kreditu-gehigarri bat egitea, 92.500 eurokoa, Foru Komunitateko Administrazioak udal horrekin dituen betebeharrak betetzeko.

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 48. artikuluaren 1. puntuak ezartzen du ezen, hurrengo ekitaldira arte berandutu ezin daitekeen gasturen bat aurrekontu indardunaren kargura egin behar bada eta dagoen kreditua aski ez bada eta ezin bada handitu aipatutako foru legean jasotako xedapenen arabera, Nafarroako Gobernuak, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak proposaturik, foru lege proiektu bat bidaliko duela Nafarroako Parlamentura, kreditu-gehigarri bat ematekoa.

Artikulu horren 2. apartatuan ezartzen denez, foru lege proiektu horretan zehaztu behar da zein baliabide diren egin nahi den gastu handiago hori finantzatuko dutenak; edozein gastu programatako beste kreditu erabilgarri batzuk izan daitezke, are Parlamentuak zuzenketen edo foru lege horretako xedapenen ondorioz berariaz onetsitako kredituetakoak, edo bestela, ekitaldi ekonomiko bereko diru-sarrera handiagoen kargura (diru-sarrera horiek errealak edo aurreikusitakoak direla ere), jatorrian dagoen gastua egiteari lotutako diruzaintzako gerakinaren aplikazioaren kargura edo gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinaren kargura, positiboa denean.

1. artikulua. Kreditu-gehigarria ematea.

Lurralde Kohesiorako Departamenturako 1.317.427 euroko kreditu-gehigarri bat ematen da 2023ko ekitaldian.

Horietatik 1.224.927 euro Iruñerriko Mankomunitatean sortutako defizitari aurre egiteko erabiliko dira, eta 92.500 euro Petilla Aragoiko Udalari bertako "Los Bastanes" finkaren errentamendua esleitzeagatik dagokion dirua ordaintzeko.

Kreditu-gehigarri hau aurrekontuko partida hauetan aplikatuko da eta zenbateko hauek izanen ditu:

"Iruñerriko garraio publikorako ekarpena" izeneko 230001-23100-4609-441100 partida

1.224.927 euro

"Petilla Aragoiko Udalerako Transferentzia" izeneko 210001-21100-4609-922300 partida

92.500 euro

2. artikulua. Kreditu-gehigarriaren finantzaketa.

1.317.427 euroko kreditu-gehigarri hau finantzatuko da 2023ko gastuen aurrekontuko "Iruña-Logroño A-12 autobiaren kanona" izeneko 220003 22200 2090 453200 partidaren kargura.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta "Estatuko Aldizkari Ofizialera" igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023 ko apirilaren 5ean.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2305704