82. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

263E/2023 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen eraginaren txostena egiten baita Castejóngo "La Sarda" legar hobi instalazioak aldatzeko proiektuari buruz. Hormavasa (Hormigones en Masa de Valtierra SA) da sustatzailea.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoaren b) apartatuan.

Proposamena da legar hobi horren plazan, bertan dauden agregakin naturalak eta aglomeratu asfaltikoa tratatzeko jarduerekin batera, eraikuntza eta eraispen hondakinak (EEH) kudeatzeko eta balorizatzeko instalazio berri bat eta hormigoi instalazio bat ezartzea. Ikus txosten honen I. eranskina.

Aurkeztutako dokumentuan Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehaztutakora egokitzen den ingurumen eraginaren azterketa bat ere biltzen da. Ikus txosten honen II. eranskina.

21/2013 Legearen 46. artikuluaren arabera, 2022ko uztailaren 5ean, kontsultak egin zaizkie eragindako administrazio publikoei eta interesdunei. Eragindako administrazio publikoak izateagatik, kontsulta egin zaie Corellako udalari, Castejóngo Udalari (proposamena udalerri horretan kokatzen da) eta Alfaroko Udalari, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalari, Hondakinen Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari.

Kontsulta horren erantzun gisa, Hondakinen Atalaren komunikazioa jaso zen, adieraziz jotzen dela jarduera bat datorrela sektoreko berezko araudian ezarritakoarekin, baina zaindu beharko dela errefusa behar bezala entregatzen zaiola kanpoko kudeatzaile baimenduari. Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalaren komunikazioa ere jaso zen, adierazten zuena baimenerako aurkeztutako dokumentazioa nahikoa dela balorazioa egiteko.

2023ko irailaren 16an Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuaren Meategien Atalari kontsulta egin zitzaion, proposatutako jarduerek gaur egun "La Sarda" legar hobirako onartuta dagoen lehengoratze plana aldarazten ahal dutelako. 2022ko urriaren 31n, organo substantiboak proposamena "La Sarda" legar hobirako onartutako lehengoratze planarekin bateragarria dela dioen dokumentazioa eskatu zion sustatzaileari.

Gai horri dagokionez, sustatzaileak dokumentu bat prestatu zuen 2022ko azaroan, eta Meategien Atalean aurkeztu zuen. Atal horrek dokumentuaren aldeko txostena eman zuen 2022ko azaroaren 23an, eta txostenaren kopia bidali zion Biodibertsitatearen Zerbitzuari.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen eraginari buruzko txostena emateari buruz, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

EEHen tratamendurako instalazioetan, hala nola aurkeztutako proposamenaren arabera "La Sarda" legar hobian sustatzen denean, hondakinak kudeatzeko jarduerak egiten dira, hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko bereiztea ahalbidetzen dutenak. EEH horietatik abiatuta agregakin birziklatua ekoiztearen kasu zehatzean, instalazioak hondakinetatik sortutako materialak berrerabiltzeko aukera ematen du, eta ekonomia zirkularra sustatzen du eraikuntzaren sektorean.

Jarduera berrien proiektuaren ingurumen baimen bateratuak (hormigoi instalazioa eta EEHak tratatzeko instalazioa) neurri egokiak zehaztuko ditu atmosferaren kutsadurak, isurketek, hautsak, zaratak eta abarrek sortzen ahal dituzten eraginak kontrolatzeko. Horiei esker, bi jarduerak bateragarriak izanen dira inguruko airearen, uraren eta lurzoruaren kalitatea zaintzearekin. Halaber, baimen horiek betetze aldera, baliabideen kontsumoa eta hondakinen sorkuntza minimizatu eginen da.

Instalazioan sartzen diren EEHetatik abiatuta sailkatu nahi diren hondakin motak kontuan hartuta, eta agregakin birziklatuaren eta/edo sailkatutako materialen irteera diskrezionala izaten ahal dela kontuan hartuta, EEHak tratatzeko jarduerak behar bezala dimentsionatuta eta kudeatuta egon behar du, instalaziora zuzenduta ez dauden legar hobietan tratatzeke dauden materialen gehiegizko biltegiratzerik edo pilaketarik gerta ez dadin, bai eta kudeatzeko zailak diren errefusak edo kudeatzaile baimenduek jaso beharreko edo haiei entregatzeko dauden sailkapenetik lortutako beste hondakin batzuk ere.

Proposatutako bi jarduerak lurzoru industrialean daudenez, ez dute ingurumen balio handiko eremurik okupatzea ekarriko. Bi proposamenen kokapen geografikoa eta izaera direla eta, ez da aurreikusten Natura 2000 Sareko espazioei edo katalogatutako flora eta fauna espezieei zuzenean edo zeharka eraginen zaienik.

Legar hobiaren barruan agregakinak tratatzeko prozesuko zenbait urmael daude, eta horien ertzak naturalizatu egin dira. Proposamenak ez die urmael horiei eragiten.

Hasiera batean, legar hobia lehengoratzeko plana ez da nabarmen aldatuko, instalazio berriek okupatzen ez dituzten ezpondak eta zelaiguneak lehengoratzeko eta landareztatzeko aukera ematen baitute jarduerek. Sustatzaileak adierazi duenez, jarduerak, elementuak, makinak eta abar bertan behera geratzen direnean, desmuntatu edo kendu eginen dira, eta haien kokalekuak lehengoratu eginen dira, legar hobiaren gainerako lekuekin bat etorriz.

Paisaiaren gaineko edo ikusizko eraginari dagokionez, gaur egun ikusizko eragina dute jada legar hobiak (ezpondak, erauzketa eremuak eta/edo lehengoratzeko dauden eremuak eta abar), agregakin naturalen tratamendu lerroek eta aglomeratuen instalazioak. AP-15 autobidea legar hobiaren hegoalderantz bideratzen duen adarraren iparraldeko ertzean, egungo eta etorkizuneko jarduerak ikusgai daude hein batean, eta kontuan hartu behar da jarduerak inguruko eta ondoko bideetatik ikusgai al dauden, batez ere Barca Vieja bidetik (bide hori Nafarroako abelbide batekin bat dator).

Tarte bat geratzen da AP-15 autobidearen adarraren eta legar hobiaren artean, eta hor altuera desberdineko kabailoia egin da. Halaber, adar horren ondoan zuhaitz lerrokadura laxoa landatu da. Kabailoiak "La Sarda" eremuan dauden jardueren zati handi bat ezkutatzen du, eta beherago zati bat geratzen da egungo aglomeratu plantaren ekialdeko eremuaren parean; horretatik, jarduerak ikusgai daude hein batean.

Ziurrenik hormigoi instalazioa ere nahiko estalita geratuko da, nahiz eta aipatutako AP-15eko bidearen ondoan egon eta 10 eta 20 metro bitarteko altuerako industria elementuak izan. EEHen instalazioko pilaketak eta ekoizpen lerroak agregakin naturalak eta aglomeratuak tratatzeko egungo instalazioek eragindako eremuen ondoan edo barruan daude kokatuta, eta, beraz, ez dute nabarmen okertuko egungo ikusizko eragina.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamenaren ondorioz sortzen ahal den ingurumen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, zehazten du ezen, kontsulten emaitza kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, ez dagokiola proiektuari ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta egitea eta proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ingurumen eraginaren txosten honetan jasotako zehaztapenak betetzen badira, baita hondakinen kudeatzailea izateko baimenaren ebazpenean jasotzen direnak ere; azken agiri horretan, funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak bilduko dira, eta horiek proiektuaren funtsezko baimenean txertatuko dira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legediaren arabera behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen eraginaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Castejóngo "La Sarda" legar hobian instalazioak aldatzeko proiektuak (eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko eta balorizatzeko instalazio berri bat eta hormigoi instalazio bat ezartzea), zeina Hormavasa (Hormigones en Masa de Valtierra SA) enpresak sustatu baitu, ez du ondorio nabarmenik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezarritakoan, eta, horrenbestez, ez du bete behar ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluaren I. kapituluaren 1. atalean aurreikusten dena.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du baldintza hauek betetzea:

–Proiektuak honako helburu hauek dituzten jardueren baimen substantiboetan ezartzen diren zehaztapenak eta baldintzak jaso beharko ditu:

  • Ingurunea andeatzea saihestea, baztertutako edo biltegiratutako hondakinak kudeatzaile baimenduari emateko zain biltegiratzearen ondorioz lurzorua kutsatzea saihestea, bai eta instalazioko tratamendutik lortzen diren eta andeatzen ahal diren materialak biltegiratzearen ondorioz lurzorua kutsatzea ere.
  • Gai lurrunkorrak (plastikoak, kartoiak, paperak eta abar) instalazioaren inguruan barreia daitezen saihestea; nolanahi ere, ingurunea garbitzeko kanpainak eginen dira aldian behin.

–Proiektuan ebaluatu eta jasotakoak baino material gehiago sartzeagatik gertatzen ahal den paisaia eragina murrizteko, EEHen sarrera kantitateak zorrotz kontrolatuko dira. Halaber, ez da gainditu behar entregatu edo merkaturatu aurretik biltegiratzen ahal dena baino hondakin sailkatuen edo azpiproduktuen metaketa handiagoa.

–Paisaia eragina zuzentzeari dagokionez, landareztatu eginen dira jarduera berrien ondoan dauden legar hobiko lur erauzketako ezpondak, eta bukatu eginen dira EEHak, pilaketak eta edukiontziak jasotzen diren eremutik gertu dagoen legar hobiko zelaigunea laborantzarako edo baso erabilerarako lehengoratzeko lanak.

–Era berean, legar hobiaren hegoaldean dagoen kabailoiaren ikusizko pantailaren funtzioa indartu eginen da, AP-15 autobideko adarraren ertzean, eta jarraitutasuna emanen zaio, batez ere ekialdeko aldean.

–Helburu berarekin, jardueraren funtzionamenduak eta AP-15eko adarraren zortasunek horretarako aukera ematen dutenean, kabailoiaren hegoaldean dagoen zuhaitz landaketa laxoa indartu eginen da. Hala, milazka (Tamarix canariensis edo T. africana) eta bolazko erretama (Retama sphaerocarpa) landatuko dira, kabailoi horren ertzetakoren batean. Landaketaren lerrokaduran ale bat jarriko da 5 metro bakoitzeko, eta hormigoi instalazioaren aldetik erauzitako eremuaren ekialdeko muturreraino doan gailurraren tartea hartuko du, gutxienez. Landatu aurretik, lurra trinkotu, emendatu eta ongarritu egin beharko da. Landaketak ureztatzea izanen du jardueren bizitza baliagarrian zehar.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Meategien Atalari, Castejóngo, Corellako eta Alfaroko Udalari, Basozaintzari (11. barrutia, "Tutera") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proiektuaren laburpena

Txosten honen xede diren bi jarduerak "La Sarda" legar hobiaren erauzketa hutsunean daude. Legar hobiak ingurumen eraginaren aldeko adierazpena du, Ingurumeneko zuzendari nagusiaren urriaren 13ko 2432/2006 Ebazpenaren bidez eman zena.

Aipatutako ingurumen eraginaren adierazpenean 71 ha inguruko erauzketa jaso zen arren, industria departamentuaren baimenak ez dira esparru osora iritsi, eta doikuntzak izan dira erauzketaren irismen errealean eta, hortaz, lehengoratzean.

Legar hobiak, ekialdean, Villa de Castejón hotelaren atzealdeko lurzatiak ditu mugakide, N-232 errepidearen ondoan, A-68a Nafarroan bitan banatzen den gunean. Iparraldean, La Sarda bidearekin eta La Barca Vieja bidearekin egiten du muga, Castejón inguruan, eta La Coscojeta bidearekin mendebaldean, Corellan. Hegoaldean, legar hobiak NA-113 errepidetik AP-15 errepidera sartzeko adarrarekin egiten du muga. La Barca bideak 700 m inguruko tarte bat du, legar hobiaren barruan.

Gaur egun, legar hobia ia erabat agortuta dago, bao nagusian behintzat. Horregatik, legar hobiaren zati handiena lehengoratze prozesuan jada ateratako eremuei dagokie, baina oraindik badaude erauzketa eremu aktibo batzuk.

Jarduerari zerbitzu emateko, legar hobiak prozesuko urak metatzeko urmael zabalak ditu, agregakin naturalak tratatzeko 7 ha-ko eremua dago legar hobiaren erdialde-mendebaldean, eta 3 ha-ko beste eremu bat, aurrekoaren ekialdean, aglomeratuen instalazio batek okupatzen duena.

Legar hobian beste elementu batzuk, aparkalekuak eta abar ere badaude, instalazioaren funtzionamendurako eta inguruneko errepideen mantentze eta kontserbazio zerbitzuetarako beharrezkoak direnak.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren apirilaren 27ko 31/2020 Ebazpenaren bidez "La Sarda" legar hobia handitzea onetsi zen, 11 urteko exekuzio aldiarekin, lehengoratzea barne hartuta. Hori pixkanaka egitekoa da, lehengoratze planean bertan aurreikusitako epeen arabera, 2020ko otsaileko data duen dokumentazioarekin bat etorriz.

Lehengoratze planak ezartzen du plaza itsasoaren mailarekiko 330 m-ko kotan itzuliko dela laborantzara, eta perimetroko lur erauzketako ezpondei dagokienez, 2H:1V-ko maldarekin utziko direla eta, ondoren, zuhaitzik gabeko baso erabilerarako landare estalki bat jarriko dela.

Orain sustatzen diren bi jarduerak agregakin naturalak tratatzeko instalazioak hartzen duen legar hobiko esparruan eta aglomeratuen instalazioan kokatuko dira, edo horien inguruan, dagoeneko ustiatzen diren espazioen barruan.

2022ko azaroko dokumentazioan, sustatzaileak adierazi zuen bi jarduera horiek instalatzeak ez dituela aldatzen erauzketa lehengoratzeko planean (Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak onetsitako lehengoratze planean aurreikusia) proposatutako ekintzak. Halaber, adierazi zuen instalazioa egiten den legar hobiko lurren lehengoratzea ekoizpena amaitzen den unera atzeratzea bakarrik ekartzen duela berarekin.

Hormigoi instalazioa.

Jada erauzitako lurretan kokatzen da, agregakin naturalak tratatzeko eremuaren ekialdean, hondeaketaren hegoaldeko mugaren ondoan, orain ekoitzitako materialak metatzera bideratzen den eremu batean. Eremu hori legar hobiaren gainerako eremuak baino 2 metro beherago geratzen da, eta 8.460,34 m² inguruko laukizuzena osatzen du (alde luzea 180 m ingurukoa da iparraldetik hegoaldera, eta zabala 40-45 m ingurukoa, ekialdetik mendebaldera).

Instalazioak zenbait tobera izanen ditu, eta, horietatik, zinta jasotzailearekin oratzeko instalaziorako garraioa eginen da. Instalazio horretan agregakinak gehigarri eta zementuekin nahastuko dira, eta horiek oratzeko makinaren ondoko andeletatik zerbitzatuko dira. Prozesutik eta zoladuren garbiketatik sobratzen diren urak 8 x 8 metroko azalerako eta 1,5 metroko sakonerako bi urmaeletan dekantatuko dira, hormigoi instalazioaren eremuaren hegoaldeko mugan.

Toberek 10 metro inguruko altuera izanen dute. Oratzeko makinak 10 metro inguruko altuera izanen du; eta gehigarri eta zementuen andelek, berriz, 20 metro ingurukoa.

Instalazioari inguruko transformadoretik abiatzen den lurpeko hargunearen bidez hornituko zaio energia elektrikoa. Aurreikusten den urteko 30.000 m³-ko ekoizpena lortzeko, urtean 3.300 m³ ur beharko dira. Behar den ura azken idoiko ur dekantatuak birzirkulatzetik lortuko da, eta agregakinak tratatzeko instalazioko urarekin osatuko da.

Eraikuntza eta eraispen hondakinak tratatzeko instalazioa.

Jarduera hau bi esparru bereizitan egitea planteatzen da. Batetik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak jaso, bereizi eta sailkatzeko, jardueran sartu ondoren; eta, bestetik, eraikuntzako eta eraispeneko hondakin garbiak tratatzeko.

Jasotzeko eta sailkatzeko eremua aglomeratuen instalazioaren ekialdean dago, gaur egun erabilerarik ez duten eta lehengoratzeke dauden lurretan. Espazio horretan, harrera egiteko eremu bat eta zenbait edukiontzi egonen dira, errefusa botatzeko, sailkatutako hondakin mota desberdinak biltegiratzeko, eta produktu birbalorizatuak biltegiratzeko, kudeatzaile baimenduari entregatu edo berrerabiltzeko bidali aurretik. Zur tratatua, tratatu gabeko zura, papera eta kartoia, plastikoa, burdina, banalak, igeltsua, beira, ehunak eta bestelako metalak eta abar uzteko edukiontziak proposatzen dira.

Material fluxuaren eta prozesuaren errendimenduaren arabera, EEH garbiak stock aurreko eremu batean biltegiratuko dira aldi batez, harrera eremuan bertan.

EEH garbiak tratamendu eremura eramanen dira, eta hori agregakin naturalak (deskargarako tobera, errota, bahea eta abar, eta garraiorako zintak eta aginte txabola) tratatzeko lerroetako batekin bat dator. Eremu hori legar hobira sartzeko bidearen ondoan geratzen da, gaur egun agregakin naturalak tratatzeko erabiltzen den espazioaren iparraldean. Tratamendu honetako produktuak makina horien ingurune hurbilean biltegiratuko dira, berrerabiltzeko entregatu edo saldu bitartean.

II. ERANSKINA

Aurkeztutako ingurumen eraginari buruzko azterketaren laburpena

Espedientean barne hartzen da ingurumen eraginaren azterketa bat. Horren edukia bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin, eta behar bezala deskribatzen ditu proposamenak eragindako ingurune naturala, soziala eta pertzepziozkoa, proiektuak ingurunean duen elkarreragina baloratzen du eta diseinu, babes, zuzenketa eta jarraipen neurri batzuk proposatzen ditu, proposamenak sortzen ahal dituen eraginak minimizatzeko.

Ondorioztatzen denez, proiektuak ez du eragin esanguratsurik izanen, batez ere kokapen industrial baten barruan geratzen delako eta zaratak, hautsak, molestiak eta abar kontrolatzeko proposatutako neurriak nahikoa direlako aipatu eraginak kontrolatzeko.

Iragarkiaren kodea: F2304932