82. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

4E/2023 EBAZPENA, otsailaren 2koa, Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez Nafarroako Txistorra adierazpen geografiko babestua Adierazpen Geografiko Babestuen Erregistroan inskribatzeko eskaeraren aldeko erabakia hartu eta argitara ematen baita. Espedientearen kodea: 0000-RES1-2023-000040.

2022ko ekainaren 22an, Nafarroako Txistor egileen elkarteak, IFZ G71407803 zenbakia eta egoitza Nafarroan duenak, eskaera bat aurkeztu zuen (2022/792905 erregistro zenbakia), "Nafarroako Txistorra" izena Europar Batasuneko jatorri-deituren eta adierazpen geografiko babestuen Erregistroan inskribatzeko. Erregistro hori Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzko 2012ko azaroaren 21eko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluan aipatzen da. Urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuak arautzen du zein den prozedura Batasuneko erregistroan jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak inskribatzeko eskaerak tramitatzeko, bai eta haien aurka egiteko ere.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, gai honetako eskumena duen organoa den aldetik, egiaztatu du eskaera justifikaturik dagoela eta tramitatzen jarraitzeko baldintzak betetzen dituela; ondoren, Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiak, uztailaren 4ko 175E/2022 Ebazpenaren bidez, ebatzi zuen inskribatzeko eskaera tramitatzeko prozedura aurrera eramatea eta eskaerari buruzko egintza administratiboa Estatuko Aldizkari Ofizialean argitara emateko agintzea; horrekin batera, bi hilabeteko epea ezarri zen, argitalpenaren egunetik aurrera, Espainian legezko egoitza edo bizilekua duen edozein pertsona fisiko edo juridikok haren kontra egin ahal izateko, adierazpen arrazoituaren bidez, bere eskubide edo interes legitimoak ukitzen zirela iritziz gero. Ebazpen hori 2022ko 188. Estatuko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, abuztuaren 6koan.

Oharturik akats material bat zegoela 175E/2022 Ebazpenari atxikitako baldintza-agirian (2022ko 188. Estatuko Aldizkari Ofizialean, abuztuaren 6koan, argitara emandako ebazpena), urriaren 7ko 223E/2022 Ebazpenaren bidez zuzenketa egin zen agirian eta beste epe bat ireki zen, bi hilabetekoa ebazpenaren argitalpen egunetik aurrera, Espainian legezko egoitza edo bizilekua duen edozein pertsona fisiko edo juridikok haren kontra egin ahal izateko, bere eskubide edo interes legitimoak ukitzen direla iritziz gero, horretarako Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako adierazpen arrazoitu bat aurkeztuz. Ebazpen hori 2022ko 241. Estatuko Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, urriaren 7koan.

Erregistratzeko eskaera argitaratu zenetik bi hilabete baino gehiago iragan direlarik, ez da kontrako adierazpenik egin. Horrenbestez, bidezkoa da aurrera eramatea urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuan ezarritako prozedura. Errege dekretu horretan arautzen da zein den prozedura Batasuneko erregistroan jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak inskribatzeko eskaerak tramitatzeko, bai eta haien aurka egiteko ere, martxoaren 7ko 149/2014 Errege Dekretuak emandako testuaren arabera betiere.

Adierazitakoarekin bat, eta nire eskudantziak erabiliz, hain zuzen ere Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidatenak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Txistorra adierazpen geografiko babestua Europar Batasuneko Adierazpen Geografiko Babestuen Erregistroan (AGB) inskribatzeko eskaeraren aldeko erabakia hartu eta argitara ematea, tramitazioa aurrera eramateko baldintzak betetzen dituela egiaztatu ondoren. Erregistro hori Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2012ko azaroaren 21ean onetsitako Nekazaritzako produktuen eta elikagaien kalitate araubideei buruzko 1151/2012 (EB) Erregelamenduaren 11. artikuluan aipatzen da.

2. Aldeko erabaki hau hartzeko oinarritzat hartu den baldintza agiria ere argitara ematea. Testua Nafarroako Gobernuaren web orriaren helbide honetan kontsulta daiteke: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Ambito+rural/Agroalimentacion/Solicitudes+nuevas+DOP+e+IPG.htm.

3. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari jakinaraztea ebazpen hau argitaratu dela, inskripzio-eskaera Europako Batzordeari helarazteko, Batasuneko erregistroan jatorri-deitura babestuak eta adierazpen geografiko babestuak inskribatzeko eskaerak tramitatzeko eta haien aurka egiteko prozedura arautzen duen urriaren 3ko 1335/2011 Errege Dekretuaren 15.2 artikuluan ezartzen den bezala.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko otsailaren 2an.–Landa Garapeneko zuzendari nagusia, Fernando Santafé Aranda.

Iragarkiaren kodea: F2305019