82. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

77E/2023 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita energia-efizientziari buruzko aholkularitza jasoko duten turismo establezimenduak hautatzeko deialdia, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatzen duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan. DDBN identifikazioa: 686074.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren bidez ezarritako Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa (SEM) «Next Generation EU» programaren osagai nagusia da (programa hori pizgarri ekonomikorako tresna da, Europar Batasunak finantzatua, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko).

SEM mekanismoan sartzeko, Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana (SEEP) onartu zuen Espainiak, Ministroen Kontseiluak 2021eko apirilaren 27an hartutako erabakiaren bidez. SEEPek aurreikusten dituen hamar politika bultzatzaileen barruan hogeita hamar ekintza ildo identifikatzen dira. Horietako bat 14. osagaia da, "Turismo sektorearen modernizazio eta lehiakortasun plana", eta barnean hartzen du "Helmugetako jasangarritasun turistikorako planen programa", 1. inbertsioko 2. azpineurri gisa (C14.I1.2).

2021eko abenduaren 21ean Turismoaren Sektoreko Konferentzian hartutako erabakiaren bitartez banaketa irizpideak ezarri ziren eta autonomia erkidegoen artean banatu zen toki entitateen inbertsio jarduketak finantzatzeko kreditua, SEEPeko 14. osagaiaren 1. inbertsioaren esparruan (2021eko 312. BOE, abenduaren 29koa (https://www.boe.es/boe/dias/2021/12/29/pdfs/BOE-A-2021-21764.pdf)). Erabaki horretan jasota dagoenez, Nafarroari 21.970.000 euroko kreditua esleitu zaio "Nafarroako Foru Komunitateko Helmugetako Jasangarritasun Turistikorako Lurralde Plana 2022-2024" delakoan sartutako esku-hartzeetarako, honela banatuta: 5.492.500 euro "Nafarroako Erribera" HJTPrako, 5.492.500 euro "Iruña SF365" HJTPrako eta 10.985.000 euro "Nafarroa landatarra" HKJrako.

HKJ (helmugen arteko kohesio jarduketa) horren helburuetako bat turismo establezimenduen energia-efizientzia handitzea da, eta, horretarako, establezimendu batzuk hautatuko dira arlo horretako aholkularitza jaso dezaten Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak berariaz kontratatutako enpresen aldetik. Aholkularitza hori auditoretzak egin eta energia-efizientziaren ziurtagiriak ematean datza, eta gauzazko laguntzatzat joko da.

Esan behar da, azkenik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiaren ekainaren 20ko 93E/2022 Ebazpenaren bidez Helmugako Jasangarritasun Turistikorako Planeko "Nafarroa landatarra HKJ" kudeaketa plana onetsi dela (0010-4249-2022-000017 espedientea). Era berean, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi zen departamentu honen SEMen kargura finantzatutako proiektuen kudeaketa esparruko iruzurraren aurkako neurrien plana.

Adierazitakoagatik guztiagatik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten turismo establezimenduak hautatzeko, Europar Batasunak (Next Generation EU) finantzatutako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.

2. Hautapen hori arautuko duten oinarriak onestea. Ebazpen honen eranskinean ageri dira.

3. 500.000 euroko gastua baimentzea deialdiaren ondoriozko konpromisoak betetzeko, denbora banaketa honen arabera:

AURREKONTUKO PARTIDA

URTEA

ZENBATEKOA

830000-83000-4709-432100 (PEP: E22/000502-03) SEM Energia-efizientziarako dirulaguntzak, gastu-aurrekontuetakoa

2023

450.000

830000-83000-4709-432100 (PEP: E22/000502-03) SEM Energia-efizientziarako dirulaguntzak, gastu-aurrekontuetakoa

2024

50.000

Guztira

500.000

2024ko ekitaldiko gastu-aurrekontuaren kargurako gastua kreditu egokia eta nahikoa izatearen mende egonen da.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen eta beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko martxoaren 31n.–Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusia, Maitena Ezkutari Artieda.

ERANSKINA

Energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasoko duten turismo establezimenduak hautatzeko oinarri arautzaileak

1. oinarria. Xedea.

Ebazpenaren azalpen zatian aipatzen den "Nafarroa landatarra" HKJn aurreikusten diren jarduketetako bat, hirugarrena, "Nafarroako turismo sisteman energia-efizientzia sustatzea" da, Foru Komunitatea turismo jasangarriaren arloan erreferente bilaka dadin.

Jarduketa horren helburua da gutxienez 45 turismo establezimenduk jasotzea energia-efizientziaren arloko aholkularitza eta 30 turismo establezimenduk lortzea A eta B energia-ziurtagiria 2024ko abenduaren 31rako.

Horretarako beharrezkoa da arautzea nola hautatuko diren turismo establezimenduak energia-efizientziaren arloko aholkularitzaren onura jaso dezaten (auditorien eta energia-ziurtagirien bitartez) Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak kontratatutako enpresen aldetik.

Jarduketa ildo honi esleitutako etiketa klimatikoa 073 da (mugikortasun jasangarrirako eta energia-efizientziarako ekintzak helmuga turistikoetarako). Etiketa horri helburu klimatikoetarako %100eko ekarpena eta ingurumen helburuetarako %40 ekarpena dagozkio, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 Erregelamenduaren VI. eranskinaren arabera (erregelamendu horren bidez ezarri da Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoa).

2. oinarria. Hautatua izateko betekizunak.

1. Turismo establezimenduek betekizun hauek bete behar dituzte energia-efizientziaren arloko aholkularitza jasotzeko hautatuak izateko:

a) Nafarroako Turismo Erregistroan erregistratuta egotea modalitate hauetatik edozeinetan:

–Hotel establezimenduak (hotelak, hostalak eta pentsioak).

–Landetxeak.

–Apartamentu turistikoak (apartamentu edo/eta etxebizitza turistikoak).

–Turismoko kanpalekuak.

–Turismoko aterpetxeak.

b) Gutxienez 151 m²-ko azalera erabilgarria izatea turismoko ostatu zerbitzuari atxikita. Ez dira azalera horretan kontuan hartuko ataripeak, igerilekuak, saltokiak, kafetegiak, biltegiak eta antzekoak.

Ofizioz egiaztatuko da a) letrako betekizuna betetzen dela, eta b) letrakoa frogatzeko, berriz, eskaera-inprimakian dagoen erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

2. Aipatu establezimenduen titularrek honako betekizun hauek ere bete beharko dituzte:

a) ETEa izatea, Batzordearen 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinean ezarritakoaren arabera. Erregelamendu horren bidez, zenbait laguntza kategoria barne merkatuarekin bateragarritzat jo ziren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz.

b) Turismo establezimenduaren titularra izatea eskaera aurkezten den egunean. Bestela, Nafarroako Turismo Erregistroan titulartasunaren aldaketa eskatua izatea egun berean.

c) Ekonomia jardueren gaineko zergan (EJZ) Nafarroako udalerriren batean alta emanda egotea 681.-687. bitarteko multzoetako epigraferen batean edo 861. multzoan edo 862. multzoan. Ekonomia jardueren gaineko zergari buruzko informazioa web esteka honetan egonen da: https://hacienda.navarra.es/RegistroIAE.web/Registro.aspx.

d) 50 enplegatu baino gehiago izanez gero, berdintasun plana izatea, erregistratuta, Berdintasun planak eta horien erregistroa arautzen dituen urriaren 13ko 901/2020 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

e) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea, sexu edo genero diskriminaziotzat jotzen diren lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

f) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan dirulaguntzen onuradun izateko ezarritako ezein debekurik ez urratzea.

Aurreko b) eta c) letretako betekizunak ofizioz egiaztatuko dira, eta gainerakoak egiaztatzeko, eskaera-inprimakian datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

3. oinarria. Energia-efizientziaren gaineko aholkularitza.

1. Hautatzen diren turismo establezimenduek aholkularitza tekniko hau jasoko dute, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak horretarako kontratatutako enpresek emanda:

a) Energia-auditoretzak.

Auditoretzak egiteko, otsailaren 12ko 56/2016 Errege Dekretuan ezarritakoa beteko da. Errege dekretu horren bidez transposizioa egiten zaio Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2012ko urriaren 25eko 2012/27/EB Zuzentarauari (energia-efizientziari buruzkoa, energia-auditoretzei, zerbitzu-hornitzaileen eta energia-auditoreen egiaztapenari eta energia-horniduraren efizientziaren sustapenari dagokienez) (2016ko 38. Estatuko Aldizkari Ofiziala, otsailaren 13koa).

b) Energia-efizientziaren ziurtagiriak.

Ziurtagiriak emateari dagokionez, ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretua beteko da, eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenerako oinarrizko prozedura onesten duena (2021eko 131. Estatuko Aldizkari Ofiziala, ekainaren 2koa).

2. Hautatua izateko aurkezten den eskaeran adierazi beharko da mota bakarreko aholkularitza teknikoa eskatzen den edo bi motetakoa eskatzen den.

4. oinarria. Eskaerak aurkeztea.

1. Epea:

Eskaerak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2024ko otsailaren 29an bukatuko, egun hori barne.

2. Modua:

a) Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko Tramiteen Katalogoko fitxaren bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/seleccion-de-los-establecimientos-turisticos-objeto-de-asesoramiento-en-materia-de-eficiencia-energetica) ,bertan dagoen eskaera-inprimakia erabiliz.

b) Ordezkaritza-ahalorde askietsia duen pertsonaren sinadura elektronikoa erabiliko da eskaera aurkezteko. Eskaeraren sinadura elektronikoaren bidez, eskaerarekin batera aurkeztutako agirien kopia digitalizatuen jatorrizkoarekiko fideltasuna bermatuko da.

c) Jakinarazpenak eta komunikazioak eskatzaileen helbide elektroniko gaitura (HEG) bidaliko dira.

3. Baldintzak:

a) Eskaera bakarra aurkeztuko da erregistratutako establezimendu bakoitzeko.

b) Zenbat ostatu-establezimendu turistikoren titularra izan, hainbeste eskaera aurkezten ahalko dira.

c) Zenbait establezimendu eraikin berean badaude eta titular berarenak badira, eskaera bakarra aurkeztuko da nahiz eta establezimenduak bereiz erregistratuta egon. Halakoetan, era berean, eraikinean ostatu zerbitzurako erabiltzen diren metro karratuen guztizko kopurua konputatuko da.

d) Aholkularitza teknikoaren bi mota aipatzen dira 3. oinarrian (auditoretza eta ziurtagiria), eta horietako bat bakarrik eskatzen ahalko da edo biak eskatzen ahalko dira.

4. Eskaera-inprimakian dauden adierazpenak:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, 2. oinarrian ezarritako betekizunak betetzeari buruzkoa.

b) Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planeko (SEEP) jarduketak gauzatzeari buruzko adierazpenak, laguntzaren fitxaren I. eranskineko ereduaren araberakoak.

5. Baimenak:

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskura ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

Eskaeran eskatzaileak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

Eta berekin dakar, gainera, organo emaileari baimena ematea turismo establezimenduari emandako energia-efizientziaren ziurtagiriaren edo auditoretzaren kopia eskuratu dezan, "Nafarroa landatarra" HKJn agindutako adierazleak betetzen direla egiaztatu ahal izateko.

6. Zuzenketak:

Eskabideak betekizun horiek betetzen ez baditu edo osorik ez badago, eskatzaileari errekerimendua eginen zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskabidea bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

5. oinarria. Hautapen prozesua.

1. Turismo establezimenduen hautapenean kontuan hartuko da zer hurrenkeratan aurkeztu diren jarduketa honetarako eskaerak.

2. Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak, oinarri hauetan ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, hautapen proposamena eginen dio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko zuzendari nagusiari.

3. Hautapenari buruzko ebazpena gehienez ere 3 hilabeteko epean emanen du aipatu organoak, eskaera aurkezten denetik hasita. Epe horretan ez bazaio eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi, eskaera ezetsitzat joko da.

Ebazpen horretan adieraziko da turismoko zein establezimendu hautatu den eta 3. oinarrian ezarritako aholkularitza tekniko motetatik zein jasoko duen. Hautatzen ez diren eskatzaileei hautatu ez izanaren arrazoia adieraziko zaie.

6. oinarria. Auditoretza-txostenak eta energia-efizientziaren ziurtagiriak ematea.

Gauzazko laguntzak direnez, hautatutako turismo establezimenduek ez dute diru kopururik jasoko. Hain zuzen ere, auditoretza-txostena edo energia-efizientziaren ziurtagiria bera izanen da laguntza.

Txostenak edo/eta ziurtagiriak ebazpen bidez emanen dira. Ebazpenean txosten edo/eta ziurtagiri bakoitzaren amaierako kostua zehaztuko da, zenbateko hori onuradunak jasotako dirulaguntzatzat joko baita.

Organo emaileak auditoretzaren eta ziurtagiriaren kostua ordainduko dio enpresa egileari, eta enpresa hori "ordezko ordaintzailea" izanen da gauzazko laguntzaren hartzaile den turismo establezimenduarentzat.

7. oinarria. Betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Hautatutako turismo establezimenduen titularrek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Hautapenari buruzko ebazpena jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa.

Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

3.c) artikuluko baldintzak betetzen dituztenek ez badute betetzen foru lege horren 12.4 artikuluan eskatzen den informazioa aurkezteko betebeharra, ez da jasotzen ahalko gauzazko laguntza.

b) Aholkularitza enpresari bere lana egin ahal izateko eskatzen duen informazio guztia ematea, hark adierazten dituen epeetan.

c) Beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu baten laguntza, diru-sarrera edo baliabideren bat lortuz gero xede bererako, jakitun jartzea Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzua. Inguruabar hori jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

d) Energia-auditoretza egin bada, proiektua aurkeztea, auditoretzan proposatutako inbertsioekin (inbertsio osoak edo zati bat), Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak 2023an edo 2024an helburu horretarako onesten duen dirulaguntza-deialdiren batean.

Enpresak, Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak errekerimendua eginez gero, inbertsioak gauzatzeko aurkeztutako dirulaguntza-eskaeraren kopia aurkeztu beharko du.

e) Turismo jarduerari gutxienez ere 2 urtez eustea etenik gabe, auditoretza edo energia-efizientziaren ziurtagiria emateko ebazpenaren datatik hasita.

f) Eskaerarekin batera aurkeztu diren erantzukizunpeko adierazpenetan hartutako konpromisoak eta deialdi honi aplikatzekoa zaion araudi guztia betetzea.

g) Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoak (SEM) finantzatutako dirulaguntzen onuradunek bete behar dituzten betebeharrak betetzea, laguntzaren fitxaren II. eranskinean jasotzen direnak.

h) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarririko betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri hauetan ezarritako betebeharren bat ez betetzeak berekin ekar dezake laguntza itzuli behar izatea, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da. Zehazki, turismo jarduera aurreko apartatuan adierazitako epean mantentzen ez bada, itzuli beharreko diru kopurua epea betetzeko gelditzen den denborarekiko zuzenki proportzionala izanen da.

8. oinarria. Bateraezintasuna.

Gauzazko laguntzak energia-efizientziari buruzko aholkularitza teknikoaren kostuaren %100 betetzen du, eta horregatik bateraezina da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek eta partikularrek, Estatukoak nahiz nazioartekoak izan, gastu beretarako ematen dituzten beste dirulaguntza batzuekin.

9. oinarria. De minimis laguntzak eta finantzaketa bikoitzik ez izatea.

1. Deialdi honetako laguntzak de minimis laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako de minimis laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako de minimis laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera egiteko inprimakian.

2. Finantzaketa bikoitzari dagokionez, SEM mekanismoa ezartzen duen 2021eko otsailaren 12ko 2021/241 (EB) Erregelamenduaren 9. artikuluaren arabera, mekanismoaren esparruan emandako laguntza erantsiko zaio Europako bestelako programa eta tresnen baitan emandakoari. Berrikuntzek eta inbertsio proiektuek Europar Batasunaren beste programa eta tresna batzuen laguntza jasotzen ahalko dute, laguntza horrek kostu bera estaltzen ez badu.

10. oinarria. Iruzur arriskuaren ebaluazioa.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariaren apirilaren 27ko 69E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsi da iruzurraren aurkako neurrien plana, Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren (SEM) kargura finantzatutako proiektuen kudeaketarako, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren esparruan.

Aipatutako planean jasotzen denaren arabera, oinarri arautzaile hauek onartzeko espedientean jasoa dago iruzur arriskuaren ebaluazioa (bandera gorrien egiaztapen zerrenda) eta, orobat, "Interes gatazkarik ezaren adierazpena" (IGEA), haren prestaketan eta tramitazioan parte hartu duten pertsona guztiei dagokiena, eta halaber, onuradunak hautatu eta baldintzak betetzearen egiaztapen prozeduran parte hartzen duten guztiei dagokiena, eguneratuta mantentzeko konpromisoarekin, egoera aldatzen bada jatorrizko adierazpenaren aldean, horrek galaraziko dielako prozeduran parte hartzea.

Gainera, laguntza eskatzen dutenek beren IGEA aurkeztuko dute, eskaera-inprimakian dagoen adierazpenaren barnean.

11. oinarria. Laguntzen publizitatea.

Turismoa eta Merkataritza Antolatu eta Sustatzeko Zerbitzuak ikusgai paratuko ditu emandako gauzazko laguntzak, Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (http://www.pap.minhap.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako datu hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egozten zaion, onuradunak eta zenbatekoa.

Halaber, laguntzaren fitxan argitaratuko dira deialdi honen emaitzak.

12. oinarria. Oinarri arautzaile hauen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2305527