8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LERATEKO KONTZEJUA

Kontzejuaren ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta espazio publikoen babesari buruzkoa. Behin betiko onespena

Lerateko Kontzejuak, 2022ko irailaren 12an egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: kontzejuaren ordenantza, Lerateko (Gesalatz) kontzeju-mugartean gizalegezko jokaeren sustapena eta espazio publikoen babesa arautzen dituena.

2022ko 199. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 6an, eta Kontzejuaren iragarki-taulan argitaratu ondoan, bukatu da jendaurrean egon beharreko epea, inork erreklamazio, eragozpen edo oharrik aurkeztu gabe.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara ematen da haren behin betiko testu osoa. Hain zuzen, argitaratzearekin batera jarriko da indarrean.

Leraten, 2022ko abenduaren 12an.–Kontzejuko burua, Sagrario Miranda Otín.

KONTZEJUAREN ORDENANTZA, GIZALEGEZKO JOKAEREN SUSTAPENA ETA ESPAZIO PUBLIKOEN BABESA ARAUTZEN DITUENA LERATEKO (GESALATZ) KONTZEJU-MUGARTEAN

Ordenantza honen helburu nagusia da espazio publikoa zaintzea bizikidetzarako eta gizalegerako tokia izan dadin, bertan pertsona guztiek askatasunez gauza ditzaten beren jarduerak –hala nola, joan-etorri librean ibili, aisialdiko edo jostetako jarduerak egin, edo bertan elkartu–, errespetu osoa erakutsirik besteen duintasunari eta eskubideei, bai eta Lerateko Kontzejuan diren adierazpide eta bizimoldeen aniztasunari ere.

Portaera eredu horretan, herritarrek eskubidea dute espazio publikoak erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta pertsonak eta ondasunak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

Inork ezin ditu, bere portaerarekin, gainerako pertsonen eskubideak gutxietsi edo kaltetu, ezta haien ekiteko askatasuna ere; ez zaie haien balioei erasoko eta ez dira sinesmenak eta bizikidetzaren arauak laidoztatuko.

Gizalegezkoak ez diren portaerak gutxiengo batenak dira, baina guztien ondare diren ondasunak eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira, eta elkartasun eta errespetu eza adierazten dute herritar gehienenganako, hain juxtu ere herritar izatearen ondoriozko eskubideak eta eginbeharrak gizalegez onartzen dituzten horienganako.

Beste alde batetik, gizalegearen kontrako portaerek behartzen dute dirua erabiltzera garbitze, mantentze eta konpontze lanetan edo ondasunak berrezartzen, diru hori beste zerbaitetarako baliatu beharrean. Beraz, erabilera publikoko instalazioetarako eta gure udalerriko ondarerako eskatzen den errespetuak diru publikoaren kudeaketa hobetzen du; gainera, aukera ematen du baliabide gehiago lehentasunezko gaietan arrazionaltasunez erabiltzeko.

Hain zuzen ere, gizalegearen kontrako jarreretatik datozen ondorio horiek zuzentzera bideratu dira, historikoki, udalen eskumenak; horregatik eman zaie arau-hausleen egintzak zehatzeko ahalmena.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek xede hauek ditu:

–Gizalegezko kontzientzia eta jokaerak bultzatzea, herritarren bizikidetza trabatzen duten jarduerak prebenituz.

–Babestea herriko ondasunak eta espazio publikoak edo pribatuak, eta hirigintza eta arkitektura ondarea osatzen duten instalazio eta elementu guztiak, gerta daitezkeen eraso, bestelakotze eta legez kontrako erabileretatik.

Ordenantza honetan arautzen diren babes neurriak udal titulartasuneko zerbitzu edo erabilera publikoko ondasunei buruzkoak dira: kaleak, plazak, pasealekuak, parkeak, lorategiak, zubiak, aparkalekuak, iturriak, eraikinak, hilerriak, kirol instalazioak, bankuak, kale-argiak, elementu apaingarriak, bide seinaleak, zuhaitzak, landareak, edukiontziak, paperontziak, eta Udalaren gainerako ondasunak, nolanahikoak izanik ere.

Ordenantza honetan bildutako babes neurriek halaber hartzen dituzte eraikinetako fatxadak eta beste hirigintza eta arkitektura elementu batzuk, azpiegiturak, eta titulartasun publikoko edo pribatuko tresnak edo instalazioak, hala nola atariak, merkataritzako galeriak, patioak, orubeak, igarobideak, lorategiak, heskaiak, landareontziak, kale-argiak, elementu apaingarriak, edukiontziak eta jatorri bereko edo berdintsuko gainerako ondasunak, baldin eta eremu publikoan kokatuta badaude edo hartatik ikus badaitezke, ondasun pribatuak izan arren. Izan ere, hiriko ondare eta paisaiaren parte dira, apaindura publikoak eskatzen duen baldintza egokietan izan beharrekoak.

–Gizalegezko balioen kontrako jarduerak zuzentzea, zehapen ahalmenaren bidez.

–Bizikidetza arauak hausten dituztenen errehabilitazioa sustatzea.

2. artikulua. Udal eskumena eta aplikazio eremua.

1. Ordenantza honetan jasotzen diren udal eskumeneko babes neurriek ez dituzte deusetan ukatzen ukitutako ondasunen jabeen eskubideak, ahalmenak eta betebeharrak, ez eta beste administrazio publiko batzuen eskumenak ere.

2. Ordenantza honek arautzen ditu gizalegezko balioekin zerikusia duten herritarren jarduketak eta ez-egiteak; ez die eragiten, beraz, egungo antolamendu juridikoak ezarritakoa betetzeko egiten diren zerbitzu publikoen jarduerei.

3. Ordenantza hau Lerateko kontzeju-mugarte osoan aplikatuko da.

4. Bestelako ordenantzei modu osagarrian aplikatuko zaie ordenantza hau, ordenantza honen xedekoak diren kontu berariazkoetarako, eta betiere, bidezkotzat jotzen baldin bada, bere zehapen araubidea aplikatzen ahalko da, berezitasun batekin, arau haietako aginduei egokituko baitzaie.

5. Ordenantza honetan biltzen diren udal eskumenak udal organo eskudunek erabiliko dituzte; horiek, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, honako hauek galdatzen ahalko dituzte: lizentzia edo baimenen eskaera; behar diren neurri badaezpadakoak, zuzentzaileak edo konpontzaileak hartzea; komeni diren ikustaldi guztiak agintzea, eta zehapen prozedura aplikatzea, indarra duen legeria eta/edo ordenantza hau betetzen ez bada.

II. TITULUA

Herritarren portaera

3. artikulua. Bizikidetzarako printzipioak.

1. Herritarrek beren arteko bizikidetza errespetatu eta ondasunak eta zerbitzu publikoak haien helburuaren arabera erabili behar dituzte, gainerako herritarrek haiek erabiltzeko duten eskubidea begiratuta. Horren ondorioz, debeku dira herritarren bizikidetza hautsi, eragozpenak sortu eta pertsonei lotsa galtzen dieten portaerak, ordenantza honetan ezarritako ildoetatik.

2. Herritarrek eskubidea dute kontzejuko bide eta eremu publikoak libreki erabiltzeko, eta askatasun hori errespetatu behar zaie. Eskubide hau gizalegez erabiliko da, ondasun eta espazio publikoen erabilerari buruzko xedapenek eta gainerako pertsonak eta ondasun pribatuak errespetatu beharrak ezarritako mugen barrenean.

3. Debeku da bizilagunen atsedena eragozten duen zaratarik egitea, baita gaueko iskanbiletan parte hartzea ere, edo gaueko aisiarako lokaletatik zalapartaka ateratzea.

4. Herritarrek ez dute bide publikoan eginen abusuzko ekintzarik, edo diskriminatzailerik, edo larderiazkorik, ez eta indarkeria fisikoa edo morala dakarrenik ere.

4. artikulua. Jarduketa administratiboak.

Ordenantzaren aplikazioaren ondoriozko jarduketak lotuko zaizkie prozeduraz, inpugnazioaz eta, oro har, araubide juridiko eta zehapenekoaz aplikatzekoak diren xedapenei.

5. artikulua. Herritarraren eskubideak eta betebeharrak.

1. Herritarraren eskubidea da zerbitzu publikoek ongi funtzionatzea eta, zehazki, Udalak, udal zerbitzu eskudunen bitartez, modu eraginkorrean zaintzea herritarren arteko bizikidetzari buruz berak nahiz beste batzuek dituzten arauak betetzen direla, edo dagozkion salaketak tramitatzea arlo horretako arau-haustea ekartzen duten jarduketen kontra.

2. Udal-mugartean, herritarra beharturik dago honako hauetara:

a) Indarra duen araudian eta Udalaren ordenantza eta erregelamenduetan bizikidetzarako ezarritako arauak betetzera, eta orobat Alkatetzaren ebazpenak eta bandoak, ordenantza honen xede direnak.

b) Ondasun eta instalazio publikoak nahiz pribatuak eta ingurumena errespetatzera eta ez hondatzera.

c) Eraikin publikoetan eta, betiere, ordenantza honetan eta diren erregelamenduetan ezarritako erabilera eta portaera arauak errespetatzera.

Herritarren arteko bizikidetza

6. artikulua. Xedea.

1. Ordenantza honek arautzen du Lerateko kontzeju-mugarteko kale, espazio libre, pasealeku, plaza, bide, zubi, parke, lorategi, iturri eta gainerako udal ondasun publikoen erabilera, komuna eta pribatiboa.

7. artikulua. Oinarrizko arauak bizikidetzarako eta eremu publikoaren zaintzarako.

Debeku dira honako jarduera hauek:

a) Eremu publikora edozein motatako zabor edo hondakin botatzea; horiek, txikiak baldin badira, paperontzietara bota beharko dira.

b) Bide publikoan lanbideetan edo lanetan aritzea; edo olioa edo bestelako isurki kutsagarriak aldatzea; nolanahiko konponketa eta mantentze lanak egitea.

c) Bide publikoan edozein gauza abandonaturik uztea, baldin eta pertsonendako arriskua badakar, ingurunea itsusten badu edo oinezko eta/edo ibilgailuen joan-etorriari kalte egiten badio.

d) Eremu publikoan ura edo edozein motatako isurkia botatzea edo behar fisiologikoak egitea.

e) Frontoia erabiltzea ordutegi honetatik kanpo: goizeko 9etatik gaueko 9etara.

f) Kirol instalazioak erabiltzea horretarako ezarritako ordutegitik kanpo.

Kartelak, pankartak eta gisakoak

8. artikulua. Publizitatea.

1. Edozein euskarritan egonda eta edozein ezaugarri eta helburu izanda ere, kanpoko publizitatea xede horretarako bereziki prestatutako lekuetan baizik ezin izanen da jarri.

Establezimenduen titularrek ezin izanen dute bide publikoan publizitatea edo propaganda duen inolako instalaziorik ezarri, ez finkorik ez mugigarririk, baimena izan ezean.

2. Debeku da, Udalak baimena eman ezik, edozein iragarki mota paratzea eraikin publikoen fatxadetan, hiri altzarietan, arboletan eta murruetan. Era berean, debeku da aipatu lekuetan paratzea eranskailu, kartel, afixa, pankarta edo banderola oro.

9. artikulua. Kartelak, pankartak eta banderolak.

1. Lerateko Kontzejuak eremu publikoan kartelak eta banderatxoak paratzea esanbidez baimendu ahal izanen du honako kasu hauetan:

a) Kontzejuan kultur, arte edo kirol gertaera garrantzitsuak egiten direnean.

b) Kultur emanaldiak apaintzen laguntzen dutenean.

c) Hauteskunde kanpainetan, behar bezala baimendutako lekuetan.

d) Publizitate helburua dagoenean.

Salbuespen gisa, adierazitakoen artean sartzen ez diren zenbait kasutan, baimentzen ahalko da bide publikoan kartelak eta banderolak paratzea.

2. Artikulu honek aipatzen duen baimenaren eskaerak hurrengo zehaztapenak bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Kartelen edo banderolen edukia eta neurriak.

b) Haiek paratzeko lekuak.

c) Paraturik egonen diren denbora eta egunak.

d) Haiek kentzeko eta eragindako kalteak konpontzeko konpromisoa, halakorik eragiten bada.

e) Banderolak kale-argi edo argi-puntuei lotzeko modua erakusten duen krokisa, euskarriaren pinturak edo galbanizatuak kalterik jasoko ez duela bermatuta.

f) Publizitate euskarriak jartzeko baimena emanez gero, horien jabeek arduratu beharko dute euskarriok behar bezala zaintzeaz. Zaindu ezean, kendu eginen dira.

3. Kale-argi edo argietan paratu baino 72 ordu lehenago jakinaraziko da, gutxienez, argiteriaren ikuskapen teknikoko udal zerbitzuak instalazioa berrikus eta kontrola dezan.

4. Kartel, pankarta eta banderolak baimendutako berezitasunei lotuko zaizkie; horien artean egon daiteke 25.2 artikuluan jasotzen den fidantza.

5. Kartelek, pankartek eta banderolek baimenaren baldintzak bete beharko dituzte, eta baimenaren eskatzaileak kenduko ditu, emandako epea iragan bezain laster. Hala egin ezean, Udala ordezko betearazpenari lotzen ahalko zaio, dagozkion zehapenak deusetan ukatu gabe.

10. artikulua. Liburuxkak eta eskuorriak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan barreiatu eta botatzea mota guztietako liburuxkak, eskuorriak, propaganda edo publizitate paperak eta gisako materialak.

Udal zerbitzuek eskuorri, liburuxka edo gisakoen banaketak zikindutako hiri espazioa garbituko dute eta aparteko zerbitzuen kostua erantzuleei egotziko zaie, dagozkien zehapenak deusetan ukatu gabe.

2. Publizitatea etxez etxe banatzen dutenek ezin izanen dute propaganda paratu atariko esparrutik kanpora, eraikinek horretarako saskiak edo ontziak badituzte. Propagandak edo iragarkiak saski horietan baizik ez dira uzten ahalko.

3. Propaganda banatu, informazioa eman edo sinadurak biltzeko mahaiek Udalaren baimena izan beharko dute aldez aurretik, eta aurreko artikuluko aginduak aplikatuko zaizkie.

Ondasunak hondatzea

11. artikulua. Hondatzea eta kalteak eragitea.

Ezin izanen da jarduketarik egin ordenantza honek babesten dituen ondasunetan, baldin haien erabileraren edo helburuaren kontrakoa bada, haiek hondatzen baditu edo kalteak eragiten badizkie, edo haien estetika desitxuratzen badu, 1. artikuluan ezarritakoaren arabera.

12. artikulua. Pintadak eta grafismoak.

1. Debeku da pintadak, idazkiak, inskripzioak eta grafismoak egitea ordenantza honek babesten dituen ondasun publiko edo pribatuetako edozeinetan.

2. Aurreko apartatuan agertu debekutik kanpo geratuko dira Kontzejuaren baimena izanda, mehelin edo gisakoetan egiten diren horma-irudi artistikoak.

3. Udalak aukerakoa du baimena ematea; hura ematen duenean, erantsiko da zer baldintza eta beharkizun beteko dituen jarduerak.

4. Erabilitako materialak edo tresnak kentzen edo atzematen ahalko dituzte agintaritza-agenteek baldin jarduerak Udalaren nahitaezko baimenik gabe egiten badira.

5. Baldin pintadak egiten badira, edo paperak ezarri, kristalak marratu edo hautsi, kartelak itsatsi, edo kaltea dakarren beste edozer egiten bada eraikin batean edo hiri altzarietako elementu batean, Kontzejuak enpresa, erakunde edo pertsona erantzuleari egozten ahal dizkio bidezko kalte-ordainak eta garbitzearen, berria jartzearen edo lehengoratzeko lanen fakturen kostua. Horrez gain, dagokion zehapena ezarriko dio.

13. artikulua. Zuhaitzak.

Zuhaitzak babesteko neurri gisa, ondokoak debeku dira:

a) Kalte egitea edo tratu txarrak ematea.

b) Haietan edozein elementu itsastea edo lotzea, Kontzejuaren baimenik gabe.

c) Hondakinak botatzea zuhaitz-txorkoan edo inguruan.

14. artikulua. Lerateko badia eta lorategi publikoak.

Herritarrek nahitaez errespetatu behar dute Lerateko badia deritzona, bai eta udalerriko lorategiak ere.

Parkeetako landare-espezieak behar bezala zaindu eta mantentzeko, debeku dira honako hauek:

a) Loreak edo landareak ebatsi, errotik atera edo hondatzea eta, oro har, behar ez bezala erabiltzea parkeak edo lorategiak, belardiak edo landaketak.

b) Soropila hondatzea eta horren gainean kanpatzea, salbu berariaz baimentzen diren parkeetako lekuetan.

c) Arbolak moztu, kimatu edo apurtzea, baita plaza, parke eta lorategietan ibilgailu motordunak eta ziklomotorrak erabiltzea ere.

d) Azalak grabatu edo pintatzea, puntak sartzea, haiei eskailerak, tresnak, aldamioen euskarriak eta abar lotzea, eta kartelak paratzea.

e) Zuhaitzen ondoan obra-materialak metatzea, aldi baterako bada ere, edo horien gainean edozein motatako produktu toxikoak edo usain txarra ematen dutenak botatzea.

f) Zaborrak berdeguneetan botatzea. Hondakinak, harriak, legarra edo haiek kaltetu edo haien estetikari eta gustu onari eraso diezaiekeen beste edozein produktu botatzea.

g) Gorozkiak soropilaren gainean uztea, eta orobat lorategi, bide eta espaloien gainean.

h) Sua piztea parke eta lorategietan, espresuki baimendurik dauden tokietan izan ezik.

15. artikulua. Paperontziak eta edukiontziak.

1. Debeku da bide edo espazio publikoetan dauden paperontziak edo edukiontziak erabiltzea halako moduz non kalteak eragiten diren, edo haien estetika desitxuratzen edo erabilera oztopatzen den.

2. Bereziki debeku da haiek mugitzea, erauztea, erretzea, iraultzea edo haien edukia lurrera botatzea, inskripzioak egitea eta paperak edo eranskailuak itsastea.

3. Paperontzietara bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak, paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, eta birziklagarriak izanez gero, erabiliko dira bilketa sailkaturako bide publikoan paraturik dauden edukiontziak.

4. Debeku da paperontzietan material, tresna eta gauza arriskutsuak uztea.

16. artikulua. Iturriak.

Debeku da iturrietako instalazio edo elementuetan baimenik gabeko edozein erabilera egitea. Bereziki, debeku da norbera barrenean sartzea eta edozer sartzea, arrantzan egitea, animaliei edatera ematea eta gaiak edo gauzak haietara botatzea.

Herritarren jarduerak

17. artikulua. Ondasun, zerbitzu eta espazio publikoen erabilera arruntaren edo egokiaren aurkako jarduerak.

1. Bide edo espazio publikoek zer xede duten, haren arabera erabiliko dituzte herritarrek, eta ezin izanen dute eragotzi oinezkoen edo ibilgailuen ohiko joan-etorria horretarako prestatutako tokietan, salbu legez ezarritako kasuetan eta horiei dagozkien baldintzetan.

Debeku da eremu edo espazio publikoetan kasu zehatz bakoitza eta inguruabarrak kontuan hartuta pertsona edo ondasunei kalteak edo herritarrei eragozpen nabariak eragin diezazkieketen jarduerak egitea, zein diren ere.

Debeku hori ez da aplikatuko aurretik baimena lortu denean edo aipatutako jarduerak egiten direnean berariaz prestaturiko tokietan edo berez haiek egiteko diren tokietan, ezarritako baldintzak betez.

2. Espazio publikoetan ezin da inolako elementurik instalatu edo jarri, Udalaren baimena izan ezean.

3. Debeku da zerbitzu publikoen erabilera desegokia dakarren portaera oro eta, bereziki, maltzurkeriaz eragitea larrialdi zerbitzuak mobiliza daitezela.

Jarduera berariazkoak

18. artikulua. Suak eta festak.

1. Debeku da, baimenik gabe, erabilera publikoko eremuetan sua piztu edo izatea, baita piztutako metxak eramatea edo petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak erabiltzea ere udal-mugarte osoan.

2. Jaiak edo gertaera jakin batzuk direla eta, Kontzejuak baimen orokorra ematen ahalko du, eta hartan finkatuko ditu baimentzen diren suak edo jarduerek errespetatu beharreko baldintzak.

3. Bereziki debeku da edozein material pirotekniko erabiltzea, suziriak barne, elizaren inguruetan, eraikin horien kontserbazioari eragiten baitiote.

19. artikulua. Zaratak.

1. Herritar guztiek bizilagunen lasaitasuna eta atsedena errespetatu behar dituzte. Halaber, bizikidetza arrunta trabatzen duten zaratak egitea saihestuko dute, bai hots mailei buruzko 135/1989 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, bai gizalegezko jokaeren sustapenari buruzko ordenantza honek arautzen dituen honako baldintza hauen arabera:

a) Gidariek ez dituzte ibilgailuetako musika-ekipoak ozen jarriko.

Ozentzat joko da agintaritza-agenteek kanpotik modu gogaikarrian entzuten ahal dutenean.

b) Debeku da botatzea zaratak edo suteak sor ditzaketen petardoak, suziriak, bengalak eta mota guztietako gai piroteknikoak, Udalaren baimenik gabe.

c) Obrak egunez eginen dira, arrazoi justifikatuak direla-eta Udalak edo Kontzejuak ordutegi berezia baimendu ezean. (Eguneko ordutegia, 8:00etatik 22:00etara; gaueko ordutegia, 22:00etatik 8:00etara. Administrazioak ordu bat aurrera dezake eguneko ordutegia).

Larunbat, igande eta jaiegunetan, eguneko ordutegia izanen da 10:00etatik 20:00etara.

d) Ezin izanen da bozgorailurik erabili edo jarri bide publikoan, ez eta, hari begira, eraikinetan eta ibilgailuetan ere, baimena lortu ezean.

e) Oro har, ez dira baimenduko bizilagunei traba egiten dieten jarduerak, batez ere gauez.

20. artikulua. Kea eta usainak.

1. Herritarrek uko eginen diote kea, usaina edo hautsa sortzen duten jarduerak egiteari espazio publikoetan edo baimendu gabeko beste batzuetan, lasaitasuna galarazten dutelako edo osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren kontrakoak direlako, indarra duen legedian eta ordenantzetan ezarri mugak edozein direla ere.

Debeku horretatik salbu dira aldez aurreko baimenik gabe etxeetan egin daitezkeen lan batzuk, hala nola zola bernizatzea, hormak pintatzea eta abar.

21. artikulua. Hondakinak eta zaborrak.

1. Debeku dira erabilera publikoko bide eta espazioak zikin ditzaketen baimendu gabeko jarduera edo eragiketa guztiak –aipatutako tokien parte dira orubeak, itxi gabeko finkak, ibaiertzak eta ibaien ibilguak–. Batzuk aipatze aldera, debeku da aipatu bide edo eremuetan automobilak konpondu edo olioztatzea, ezinbesteko kasua izan ezean, eta orobat zigarrokinak, bilgarriak, txikleak eta hondakin solidoak edo likidoak botatzea, hautsontziak eta ontziak hustea, botilak haustea, zaborrak edukiontzi edo paperontzi hutsen ondoan uztea, barnean sartzeko lekua gelditzen bada, eta gisako beste ekintza batzuk.

2. Herritarrak behartuta daude hiri hondakinak paperontzi eta edukiontzi egokietan botatzera.

Paperontzietan bota behar dira hondakin solido txikiak, hala nola zigarro-mutur itzaliak, azalak, txikleak (paper batean bilduak), paperak, poltsak, bilgarriak eta gisakoak, birziklagarriak izan ezean; azken kasu horretan, erabiliko dira bide publikoan bilketa sailkaturako diren edukiontziak.

Paperontzietara botatzen ahal ez diren hiri hondakinak Jurramendiko Mankomunitatearen garbigunean utzi behar dira, hondakinen gaikako bilketaren printzipioarekin bat.

3. Espresuki debeku da uztea edo abandonatzea beirazko edozein objektu, osorik nahiz hautsirik, erabilera publikoko edozein espaziotan. Hura horretarako prestaturiko edukiontzira bota beharko da.

4. Debeku da paperontzi edo edukiontzietara botatako hondakinak atera eta barreiatzea.

5. Debeku da ibilgailuetatik hondakin mota oro botatzea, abian nahiz geldirik egon.

6. Debeku da ur zikinak euri uren sarera edo zuzenean ugaldera, edo iturrietara isurtzea, natur inguruneari kalte egiten dioten xaboiak, garbikariak, koipeak edo gisako beste gai batzuk baitituzte.

7. Debeku da lurretan eta orubeetan zaborra, obra-hondakinak, altzariak, hondakin-materialak eta, oro har, edozein motatako hondakinak botatzea.

Orubeetan eta lurretan zaborrak edo hondakinak botatzen dituen pertsonaren erantzukizunaren kalterik gabe, orube eta lurren jabeak horiek garbi edukitzeko betebeharra du.

22. artikulua. Hondakin organikoak.

Debeku da bide publikoetan eta erabilera publikoko espazioetan kaka, pixa edo tu egitea.

23. artikulua. Animaliak bide publikoan.

1. Herritarrek behar bezala zaindu beharko dituzte etxeko animaliak, eta bereziki debeku da horiek abandonatzea.

2. Herritarrek lagun egiteko animaliak eramaten ahal dituzte berekin espazio publikoetan, baldin eta eramaten badituzte uhal edo kate batez loturik, edo legez ezarri bezala.

3. Jabearen erantzukizun subsidiarioa ukatu gabe, animaliak daramatzaten pertsonek ez diete utziko kaka egin dezaten espaloi, kale, pasealeku, lorategi eta, oro har, oinezkoak iragateko edo aisia hartzeko edozein lekutan. Nolanahi ere, animalia daramanak gorozkiak bildu eta kendu beharko ditu, eta behar bezala bildu ondoan bide publikoan dauden edukiontzietara bota eta zikindutako gunea garbitzeaz arduratu.

4. Animaliek ezin izanen dute edan bide publikoan gizakiek edateko dauden iturrietatik.

5. Ezin izanen zaie tratu txarrik edo eraso fisikorik egin animaliei.

24. artikulua. Kanpaldiak eta aisia.

1. Ezin izanen da kanpatu edo kanpadenda edo horretarako prestatutako ibilgailurik paratu 226/1993 Foru Dekretuan aurreikusi gabeko lur publiko edo pribatuetan, horretarako baimenik izan ezean.

Agintaritza-agenteek kanpatzea bertan behera uzteko eskatuko diete bide publikoa modu bidegabean okupatzen duten kanpadenden, ibilgailuen edo bestelakoen erabiltzaile eta jabeei, galarazi gabe dagokien salaketa jartzea. Ezezkoa emanez gero edo jabeak edo erabiltzaileak aurkitu ezin izanez gero, agintaritzako agenteek haiek berehala kentzeko beharrezko baliabideak antolatzen ahalko dituzte. Halakoetan, arau-hausleek eta, haiekin batera, jabeek beren gain hartu beharko dute sortu den gastua.

2. Ezin izanen da bide publikoan janaririk prestatu, berariazko baimenik izan ezean.

Betebehar bereziak

25. artikulua. Ekitaldi publikoak.

1. Ekitaldi publikoen ondorioz zikinkeria sortzen bada edo kalte egiten bazaie hiri edo arkitektura elementuei, erantzuleak antolatzaileak izanen dira, eta administrazioak behartzen ahalko ditu erabili edo hondatzen diren ondasunak lehengoratzera.

2. Kontzejuak fidantza eratzeko eskatzen ahalko die antolatzaileei, eta hala bermatuko da behar den erantzukizuna, garbiketa eta ingurumen lanengatik nahiz ekitaldiak ekar ditzakeen bestelako kalte-galerengatik. Kasuan kasuko espazio publikoa behar bezala geldituz gero, fidantza itzuliko zaie. Hala ez bada, hartatik kenduko da aparteko lanen zenbatekoa.

3. Betiere, ekitaldi publikoen antolatzaileek egin beharko dute kalteak bermatzeko erantzukizun zibileko aseguru-kontratu bat, ekitaldiaren izaera kontuan hartuta.

Zehapen araubidea

26. artikulua. Arau-hauste arinak.

Arau-hauste arinak honako hauek dira:

Herritarren bizikidetza arinki trabatzea, halako moduz non eragozten den beste batzuen lasaitasuna, beren legezko eskubideak erabiltzea edo era guztietako jarduerak normal egitea, jarraikiz aplikatzekoa den araudiari edo osasungarritasun eta apaintasun publikoari, baldin eta jokaera horiek ez badaude tipifikaturik herritarren segurtasuna babesteari buruzko araudian. Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak arinki hondatzea edo zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu arinean trabatzea. Honako hau arau-haustea izanen da beti:

–Eremu publikoan su egitea, salbu eta Kontzejuak baimentzen duenean herriko bestetan.

–Zerbitzu publikoa edo eremu publikoa erabiltzeko eskubidea modu arinean trabatzea beste pertsona batzuei. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Ibilgailuak abandonaturik uztea, higienea, osasungarritasuna eta pertsonen segurtasuna arriskuan jartzen badituzte, itxura txarra ematen badute edo bertzelako ibilgailuen zirkulazio libreari traba egiten badiote.

–Eremu publikoa okupatzea Udalaren baimenik gabe.

–Bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, baimendu baino leku handiagoa hartuta.

–Baimenik gabe kanpatzea.

–Eremu publikoetan edozein elementu paratzea baimenik gabe.

–Eremu publikoa erabiltzea lanetan edo lanbideetan aritzeko, baita ibilgailuak konpontzeko, edo metal arotzerian, iturgintzan edo gisakoetan aritzeko.

–Edozein ondasun edo eremu publikotan pintadak, grafismoak edo horma-irudiak egitea Udalaren baimenik gabe.

–Arbola, landare eta lorategi publikoetan kalte egitea.

–Osasungarritasun edo apaindura publikoak modu arinean trabatzea. Betiere, arau-haustea izanen da:

–Lagun egiteko animalien gorozkiak bildu gabe uztea espazio publikoetan.

–Propaganda edo publizitatea zabaltzea ordenantza honetan ezarritakoa hautsiz.

–Eremu publikoan pixa, kaka edo tu egitea.

–Eremu publikoan zaborra edo beste edozein elementu bota edo bertan uztea.

–Apaintzeko zeren bat edo hiri altzariren bat lekualdatu, mugitu, altxatu, beheratu, biratu edo zernahi gisaz zegoen bezala ez uztea, bere lehengora itzuli behar bada.

–Espazio publikoetan edari alkoholdunak kontsumitzea, horrekin espazio publikoa erabiltzen ari diren pertsonei eta herritarrei traba egiten bazaie.

–Edateko ontziak lurrera botatzea edo eremu publikoan uztea, hala nola potoak, botilak, edalontziak edo bertze edozein gauza.

–Baimen baten baldintzak ez betetzea, betiere sailkapen larriagorik merezi ez badu.

–Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak eta ez-egiteak, aurreko artikuluetan tipifikatu ez direnak.

–Hirian barna soina biluzik ibiltzea.

27. artikulua. Arau-hauste astunak

Arau hauste astunak honako hauek dira:

–Herritarren bizikidetza modu larrian trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez, herritarren segurtasunaren babesari buruzko legedian tipifikatu gabeko jokaerak badira.

–Zerbitzu edo espazio publiko bat erabiltzeko eskubidea modu larrian trabatzea beste pertsona batzuei.

–Bide edo eremu publikoetan terrazak edo beladoreak paratzea, Udalaren baimenik izan gabe

–Zerbitzu publikoen funtzionamendu arrunta modu larrian trabatzea.

–Osasungarritasun edo apaindura publikoa modu larrian trabatzea.

–Zerbitzu edo espazio publiko bateko ondasunak modu larrian hondatzea.

–Eraikinetan edo instalazio publikoetan, baimendu gabeko eremuetan sartzea, edo erabiltzeko edo irekitzeko ordutegitik kanpora sartzea.

–Ur zikinak isurtzea eta premia fisiologikoak eremu publikoan egitea.

–Erabilera publikoko eremuetan sua piztea edo pizturik edukitzea, baita petardoak, suziriak eta bengalak edo bestelako artikulu piroteknikoak baimenik gabe erabiltzea ere udal-mugarte guztian.

–Orubeetan zaborrak edo askotariko hondakinak edukitzea.

–Eremu publikoa itsusten edo zikintzen ahal duen edozein jarduera, hala nola lanbideetan edo lanetan aritzea, ibilgailuetako olioa edo bertzelako likidoak aldatzea eta edozein konponketa edo mantentze lan egitea.

–Parkeei, parterreei eta landaketei kalte egiten ahal dien edozein jarduera egitea, baita landareak, loreak edo fruituak hondatzen ahal dituen edozein ekintza, hala nola arboletara igotzea.

–Objektuak edo produktuak botatzea urtegira.

–Hiri altzariei kalte egitea, baita horiek xede partikularretarako erabiltzea ere, haien erabilera publikoa galarazteko edo trabatzeko maneran, hala nola haien jatorrizko kokalekua aldatzea; eta orobat ur-hargunea Kontzejuak baimendu gabe erabiltzea, eta hondakinen edukiontziak behar ez bezala erabiltzea edo lekuz aldatzea, salbu eta Kontzejuak berariaz baimentzen duelarik.

–Arestian deskribatu apaindura edo erabilera publikoko ondasunetan pintatzea, idaztea edo zikintzea, eta orobat eskuorriak edo gisakoak barreiatzea edo botatzea, afixak itsastea leku baimenduetatik kanpora, ordenantzan jasotzen diren salbuespenak salbu, eta pintadak egitea Kontzejuak berariaz baimendu gabe.

–Afixak, pankartak edo gisako publizitate elementuak paratzea, Udalak baimendu gabe.

–Estolderia-sarera edo eremu edo espazio publikoetara zaborrak edo hondakinak botatzea, ohiko funtzionamendua trabatzen edo osasungaiztasun arriskua sortzen dutenak.

–Jarduerak egitea bide publikoan Udalaren baimenik gabe.

–Oinezko edo ibilgailuen ohiko joan-etorriak nahita eragoztea haientzat prestatutako lekuetan.

–Urtebetean hiru arau-hauste arin edo gehiago egitea.

Arau-hauste arina egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu larria eragitea.

Agintariek debekatu ondotik norbaitek arau-hauste astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondotik agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean, orduan desobeditzetzat hartuko da eta gehienez ezartzen ahal den zehapena ezarriko da, arau-hausleak arlo penalean izan ditzakeen erantzukizunak aparte utzita.

Ikuskaritza lana oztopatzea, udal ordenantza honetako nahiz gainerakoetako aginduen kontra arau-haustea eginda. Honi dagokionez, nork bere nortasuna adieraztean datu faltsuak ematea edo nork bere nortasuna adierazteari uko egitea oztopatze gisa joko dira, Udalak kanpoko baliabideak erabili behar baditu hura ikusteko.

28. artikulua. Arau-hauste oso astunak

Arau-hauste oso astunak honako hauek dira:

–Herritarren bizikidetza modu larri, berehalako eta zuzenean trabatzea, beste pertsona batzuen lasaitasunari edo legezko eskubideak erabiltzeari edo mota guztietako jarduerak araudi aplikagarriaren edo osasungarritasun eta apaindura publikoen arabera gauzatzeari eragiten dioten ekintzen bidez.

–Zerbitzu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea.

–Zerbitzu publiko baten funtzionamendu arrunta galaraztea edo horretarako oztopo larriak jartzea.

–Zerbitzu publiko baten ekipamendua, azpiegiturak, instalazioak edo elementuak modu larri eta nabarmenean hondatzea.

–Eremu publiko bat erabiltzeko eskubidea dutenei hartaz balia daitezen galaraztea. Betiere, arau-haustea izanen da oinezkoei edo ibilgailuei nahita eta modu larrian galaraztea haientzat prestatutako tokian zirkulatzea, baimenik izan gabe.

–Eremu publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, higigarri izan zein higiezin, modu larrian hondatzen dituzten egintzak, herritarren segurtasunean eragindako nahasmenduetatik aparte.

–Seinale publikoak hautsi, erauzi edo pintatzea edo haietan kalteak sortzea, baldin eta horrela seinalea ikustea edo ulertzea eragozten edo zailtzen bada.

–Edozein material pirotekniko erabiltzea, suziriak barne, herriko elizen inguruan.

–Zerbitzu publikoaren elementuak, zaborrak edo hondakinak erretzea, nahita edo erru larria izanda.

–Eremu publikoan eta parke eta lorategietan dauden arbolak hautsi edo deusetarako ez direla uztea.

–Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako egiteak edo ez-egiteak, baldin arriskuan jartzen badute pertsonen osasuna edo osotasun fisikoa edo morala.

–Herriko argien edozein sistema nahita itzaltzea.

–Urtebetean hiru arau-hauste astun edo gehiago egitea.

–Arau-hauste astuna edo oso astuna egitea, espresuki debekatu denean baimentzeko idazkien edo beste batzuen bidez, edo baimen baten baldintzak ez betetzea eta horren ondorioz nahasmendu oso larria eragitea. Espresuki debekaturiko arau-hauste oso astuna egin bada, ezar daitekeen zenbatekorik handiena izanen da zehapena.

–Agintariek debekatu ondotik norbaitek arau-hauste oso astuna egiten duenean edo haiek ez egiteko eskatu eta hala ere egiten duenean, eta orobat arau-haustea egin ondotik agenteek egoera lehengoratzeko errekerimendua egin eta, hori momentuan posible izanda, uko egiten zaionean, orduan desobeditzetzat hartuko da eta gehienez ezartzen ahal den zehapena ezarriko da, arau-hausleak arlo penalean izan ditzakeen erantzukizunak aparte utzita.

29. artikulua. Zehapenak.

Arau-hauste arinei 50etik 500 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste astunei 501 eurotik 1000 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

Arau-hauste oso astunei 1.001 eurotik 3.000 eurora bitarteko isuna ezarriko zaie.

30. artikulua. Kalteei ordaina ematea.

Ordenantza honetan adierazten diren zehapenak ezartzean, beti eskatuko zaio arau-hausleari kaltetu den egoera lehengora dezala. Arau-hausleek eragindako kalte-galerak erantzuleek konponduko edo ordainduko dituzte beti.

Udalak lehengoratzeko zein kalteak ordaintzeko eskaera izapidetuko du antolamendu juridikoan ezarritakoaren arabera eta hondatutako ondasuna nolakoa den kontuan hartuta.

Betebeharpekoaren kontura eginen ditu Udalak edo Kontzejuak egin beharrekoak, gauzak arau-haustearen aurreko egoerara lehengoratzeko, non eta ez dituen arau-hausleak ordurako egin. Betebeharpekoari kostua eskatzeko, antolamendu juridikoan ezarritakoari jarraikiko zaio.

31. artikulua. Erantzuleak.

1. Ekitaldi publikoetan, erantzule solidarioak izanen dira haien antolatzaile edo sustatzailea, eta baimena eskatzen duena, baita ekitaldiaren antolakuntzan parte hartzen duten gainerako lagunak ere.

2. Animaliak daramatzaten pertsonak eta modu subsidiarioan animalien jabeak izanen dira erantzuleak animaliak gauza edo pertsonei sortu kalte edo eraginengatik eta zikinkeriarengatik.

3. Iragarlea eta zuzeneko egilea izanen dira, modu solidarioan, kanpoko publizitateari (eskuorriena barne) buruzko arau-hausteen erantzuleak.

4. Etxebizitzak edo lokalak erabiltzeko eskubidea dutenak izanen dira haien erabilerari dagozkion arau-hausteen erantzuleak.

5. Gainerako kasuetan, ordenantza honen kontrako arau-hausteen erantzuleak izanen dira arau-hausteen zuzeneko egileak.

6. Oro har, pertsona fisiko edo juridiko pribatuak izanen dira kalteen erantzule solidario, baldin eta legezko betebeharra badute beste batzuek egin ditzaketen administrazioko arau-hausteak prebenitzeko.

Erantzulea adingabea izanez gero, edo hari egotzi ahal ez izateko lege arrazoiren bat izanez gero, erantzuleak gurasoak, tutoreak edo legezko zaintza dutenak izanen dira.

7. Arau-haustea dakarten jarduerak pertsona batek baino gehiagok elkarrekin egiten badituzte, guztiek izanen dute erantzukizuna, modu solidarioan, eta zehapena bakoitzari ezartzen ahalko zaio.

32. artikulua. Zehapenen mailaketa.

Aurreko artikuluen arabera sailkatu ondoren, ezarri beharreko zehapena mailakatzeko, honako inguruabar hauek hartuko dira kontuan:

a) Berrerortzea, urtebetean eite bereko arau-hauste bat baino gehiago egin bada, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

b) Errepikatzea, urtebetean astuntasun handiagoko arau-hauste bat edo astuntasun bereko edo txikiagoko bi arau-hauste egin badira, ebazpen irmo batek hala deklaratuta.

c) Nahitakosuna.

d) Hutsegite berean nahita berrerortzeak hurrengo larritasun mailara pasatzea ekarriko du.

e) Gertaerek gizartean duten garrantzia edo oihartzuna.

f) Zer kalte egin diren eta haien larritasuna.

g) Egindako kaltea prozedura ireki baino lehen konpontzea.

33. artikulua. Agintarien frogabideak.

1. Ordenantza hau aplikatuz irekitzen diren zehapen prozeduretan, agintzaritzako agenteek eta alkateak/Kontzejuko buruak egiaztatzen dituzten egitateak froga balioa izanen dute, aplikatzen ahal den araudiari jarraikiz, interesdunek ekartzen ahal dituzten bestelako frogak aparte utzirik.

2. Irekitzen diren zehapen espedienteetan, eta indarra duen legeriaren araberako baldintzetan, salatu diren egitateen irudiak gehitzen ahalko dira, hala argazkietan nola modu digitalean nahiz bertzelako balio teknologikoen bidez egindako filmazioan, aplikatzen ahal den araudiarekin bat aurkeztutako salaketan jasotzen diren egitateak frogatzen ahal badituzte.

34. artikulua. Ordaina ematea eta kalte-ordaina.

1. Zehatutako jokabideek kalte edo galerarik eragin badiote Udalari edo Kontzejuari, honako hau deklaratzen ahal da prozeduraren ebazpenean:

a) Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

b) Eragindako kalteak eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

2. Aurrekoapartatuko b) letran jasotzen diren inguruabarrak gertatzen ez direlarik, eragindako kalte-galeren ordaina prozedura osagarri baten bidez zehaztuko da; haren ebazpena berehala betetzekoa izanen da. Prozedura hori modu konbentzionalean buka daiteke, baina hala izateak eta arau-hausleak etor daitekeen ebazpena onartzeak ez dute ekarriko bere erantzukizunaren borondatezko onarpena. Prozeduraren ebazpenak amaiera emanen dio bide administratiboari.

35. artikulua. Zehapenen ordez, komunitatearendako lanak.

Arau-haustearen izaerak eta/edo kalte motak komenigarri egiten dutenean, eta interesdunek aurretik eskatuta, udal agintariek ebazten ahalko dute zehapenaren edo/eta kalte-ordainaren ordez komunitatearen aldeko lanak egitea, egindako arau-hauste motarekin zuzenean ikusteko dutenak.

36. artikulua. Zehapen prozedura.

Ordenantzaren zehapen prozedurak jarraituko die urriaren 1eko 39/2015 Legeari (haren bidez jorratu zen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidea) eta lege horrekin bat datozen zehapen-araudi sektorialei.

37. artikulua. Indarraldia.

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean oso-osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 49. eta 70. artikuluetan ezarritako epeak bukatzen direnean.

Iragarkiaren kodea: L2217048