8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GALOZE

Ordenantza, arautzen duena administrazio elektronikoaren erabilera. Behin betiko onespena

Galozeko Udalak, 2021eko abenduaren 23an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Galozeko Udalaren administrazio elektronikoaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Ordenantza 30 egun baliodunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2022ko 45. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 3an, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea bukatu denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, eta jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta hori argitaratzen da, behin betiko testuarekin batera, ondorio juridikoak izan ditzan.

Galozen, 2022ko abenduaren 14an.–Alkatea, Pío Sarriés Martínez.

ADMINISTRAZIO ELEKTRONIKOARI BURUZKO ORDENANTZA

Atarikoa

Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legearen bidez, herritarrei eskubide berri bat aitortu zitzaien, aukera izan dezaten administrazio publikoekin dituzten harremanetan bitarteko elektronikoak erabiltzeko. Halaber, 2009. urtera arteko epea eman zien administrazio publikoei, eskubide hori bermatzeko beharrezko baliabideak ezar zitzaten, arauan xedatua betetzeko.

Horrenbestez, Herritarrek Zerbitzu Publikoetan Sarbide Elektronikoa izateari buruzko ekainaren 22ko 11/2007 Legea partzialki garatzen duen azaroaren 6ko 1671/2009 Errege Dekretuak xedatuari jarraikiz, Udal honek administrazio elektronikoko sistema oso bat garatu eta abiarazi du, barne hartzen dituena, batetik, herritarrekiko harremana eta, bestetik, prozeduren izapidetzea udal administrazioren beraren barnean. Horrek aldaketa ugari dakartza berekin, eta tradizionalki erabili diren beren baliokide elektronikoekin ordezteko beharrezko kontzeptu eta arau berriak ahalik eta zehatzen eta argien ezartzea eskatzen du.

Horretaz gainera, beharrezkoa da herritarren eskura jartzea arau bat, testu bakarrean biltzen dituena eskubide eta betebehar guztiak, bai eta Udal honekiko harremanetarako bitarteko elektronikoen erabilerari lotutako alderdi instrumentalak ere. Ordenantza honek bi eskakizunok betetzen ditu, administrazio elektronikoa osoki hartzen baitu.

Hori dela eta, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz Udal honi dagozkion eskumenak eta toki autonomiaren printzipioa betez, beharrezkoa ikusten du administrazio elektronikoa arautzeko ordenantza hau.

Horrek guztiak justifikatzen du araua egokitzen dela Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129.1 artikuluan ezarritako erregulazio onaren printzipioetara eta, beraz, betetzen dela administrazio publikoek premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioen arabera jarduteko duten betebeharra.

I. KAPITULUA

Xedea eta aplikazio-eremua

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal administrazioaren alderdi elektronikoak arautzea, eta egoitza elektronikoaren, erregistro elektronikoaren eta administrazioko kudeaketa elektronikoaren araubide juridikoa sortu eta zehaztea. Horren bidez gauzatzen da herritarrek Udalaren zerbitzu publikoen sarbide elektronikoa erabiltzeko duten eskubidea.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza hau aplikatuko zaie Udalari eta hari lotutako edo haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeei, bai eta herritarrei ere, udal administrazioarekin izaten dituzten harremanetan.

II. KAPITULUA

Identifikazio eta autentifikazio sistemak

3. artikulua. Identifikazio eta autentifikazio sistemak.

Erabiliko diren identifikazio eta autentifikazio sistemak izanen dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen I. tituluko II. kapituluan ezarritakoak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Udal administrazioaren aurrean elektronikoki identifikatzeko garaian, interesdunek edozein sistema erabiltzen ahalko dute, baldin eta sistema horrek aldez aurreko erregistro bat badu eta erabiltzailearen identitatea bermatzeko aukera ematen badu. Zehazki, honako sistema hauek erabiltzen ahalko dira:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Gako itunduko sistemak eta udal administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Interesdunek edozein bitarteko erabiltzen ahalko dute sinatzeko, baldin eta ziurtatzen bada adierazitako borondatearen eta adostasunaren benetakotasuna, bai eta agiriaren osotasuna eta aldaezintasuna ere.

Interesdunek udal administrazioarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanetan jartzea erabakitzen badute, honako bitarteko hauek joko dira baliozkotzat sinatzeko:

a) Sinadura elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako sinadura elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak. Horren ondorioetarako, aipatu ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan sartutzat jotzen dira pertsona juridikoarenak eta nortasun juridikorik gabeko entitatearenak.

b) Zigilu elektronikoko ziurtagiri elektroniko aitortu edo kualifikatuetan oinarritutako zigilu elektroniko aitortu edo kualifikatuko eta zigilu elektroniko aurreratuko sistemak; ziurtagiri horiek izan beharko dute Ziurtapen-zerbitzuen emaileen konfiantzako zerrendako emaileek emanak.

c) Udal administrazioak ontzat ematen dituen beste sistema guztiak, ezartzen diren modu eta baldintzetan.

Oro har, administrazio prozeduran ezarritako edozein jarduketa gauzatzeko, aski izanen da interesdunek aurretik beren nortasuna egiaztatzea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein identifikazio bitarteko erabiliz.

Administrazio publikoek honako prozedura hauetarako baizik ez diete eskatuko interesdunei sinadura nahitaez erabiltzeko:

a) Eskaerak egiteko.

b) Erantzukizunpeko adierazpenak edo komunikazioak aurkezteko.

c) Errekurtsoak jartzeko.

d) Akzioetan atzera egiteko.

e) Eskubideei uko egiteko.

III. KAPITULUA

Egoitza elektronikoa

4. artikulua. Egoitza elektronikoa.

Galozeko Udalaren egoitza elektronikoa sortzen da.

Egoitza elektronikoaren titulartasuna udal administrazioarena izanen da.

Egoitza elektronikoak honako printzipio hauek bete behar ditu: gardentasuna, publizitatea, erantzukizuna, kalitatea, segurtasuna, eskuragarritasuna, irisgarritasuna, neutraltasuna eta elkarreragingarritasuna.

Identifikatzeko eta komunikazio segurua bermatzeko, egoitza elektronikoak erabiliko du webgunea autentifikatzeko ziurtagiri aitortu edo kualifikatua, edo baliokide den beste bat.

Egoitza elektronikoa urteko egun guztietan eta eguneko hogeita lau orduetan egonen da sartzeko moduan herritarrentzat. Mantentze-lan tekniko edo operatiboekin lotutako arrazoi justifikatuak tartean direnean baino ezin izanen da eten egoitzan sartzeko aukera, eta ezinbesteko denboraz baino ez. Aurretiaz iragarri behar da etenaldia, egoitza elektronikoan bertan, kasuan-kasuan posible den aurrerapenarekin. Egoitzaren funtzionamendua ezustean eteten bada, posible den guztietan, erabiltzaileari horren berri ematen dion mezu bat helaraziko zaio.

5. artikulua. Prozeduren katalogoa.

Aipatu 39/2015 Legearen 53.1.f) artikuluan ezarritakoa betez, interesdunak eskubidea du, besteak beste, informazioa eta orientabidea jasotzeko, jakiteko zer baldintza juridiko edo tekniko bete behar dituzten, indarreko xedapenen arabera, berak egin nahi dituen proiektu, jarduketa edo eskabideek.

Ildo berean, 39/2015 Legearen 16.1 artikuluak ezartzen du erregistro bakoitzera sartzeko egoitza elektronikoan agertuko dela bertan egiten ahal diren izapideen zerrenda eguneratua.

Horren ondorioetarako, Udalak publikoki jakitera emanen du egoitza elektronikoko prozedura eta jarduketen katalogoa, eta eguneratua izanen du katalogo hori.

6. artikulua. Egoitza elektronikoaren edukia.

Egoitza elektronikoak, aplikatzekoa den legedian ezarritako edukia izanen du eta, beti, honako hauek adieraziko dira:

a) Egoitzaren titulartasuna duen organoaren identifikazioa, bai eta kudeaketaren arduradunena eta bertan eskuragarri jartzen diren zerbitzuena ere eta, halakorik dagoenean, bertatik eratorritako azpiegoitzena.

b) Egoitza behar bezala erabiltzeko beharrezko informazioa, egoitza elektronikoaren mapa edo horren baliokidea den informazioa barne, nabigazio egitura eta eskuragarri dauden atalak zehazturik.

c) Egoitzaren ziurtagiriak egiaztatzeko sistema; zuzenean eta doan egon beharko du eskuragarri.

d) Egoitzan onartu edo erabilitako sinadura elektronikoko sistemen zerrenda.

e) Udal administrazioak erabiltzen dituen zigilu elektronikoen zerrenda (ziurtagiri elektronikoen ezaugarriak eta horiek ematen dituzten emaileen ezaugarriak barne), bai eta horiek egiaztatzeko sistema ere.

f) Erregistro elektronikorako sarbidea eta egoitzaren bidez irisgarri dauden erregistro elektronikoa edo elektronikoak sortzeko xedapenerako sarbidea.

g) Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa.

h) Informazio administratiboaren inbentarioa, Udalak ematen dituen prozeduren eta zerbitzuen katalogoarekin.

i) Herritarrak erabiltzen ahal dituen bitarteko elektronikoen zerrenda, udal administrazioarekin komunikatzeko duen eskubideaz baliatzean.

j) Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak.

k) Espedientearen izapidetze-egoerarako sarbidea, halakorik dagoenean, aldez aurretik interesdunak bere burua identifikaturik.

l) Egoitzako organo edo erakunde publikoek egindako eta egiaztapen kode seguruarekin autentifikatutako agirien benetakotasuna eta osotasuna egiaztatzea.

m) Data eta ordu ofiziala.

n) Epeak zenbatzeko egun baliodun eta baliogabeen egutegia.

o) Adierazi eginen da zer egun eta ordutan egoten diren zabalik agiriak elektronikoki aurkezteko laguntza ematen duten bulegoak, interesdunek bitarteko elektronikoak erabiltzean laguntza jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

p) Direktorio geografiko eguneratua, interesdunari identifikatzen laguntzeko zein den haren etxetik hurbilen dagoen bulegoa erregistro gaietan.

q) Organo, zentro edo administrazio unitateen indarreko identifikazio kodeak.

7. artikulua. Ediktu-taula elektronikoa.

Egoitza elektronikoak ediktu-taula elektronikoa izanen du. Han, legez edo erregelamenduz xedaturiko egintzak eta komunikazioak argitaratuko dira.

Udalak jakinarazpen edo ediktuen argitaratze daten kontrola bermatuko du bitarteko tekniko egokiekin, data horiek egiaztatu ahal izatea segurtatzeko, epeen zenbaketaren ondorioetarako.

8. artikulua. Publizitate aktiboa.

Udalak aldian behin emanen du argitara jarduketa publikoen funtzionamenduarekin eta kontrolarekin loturiko jardueren gardentasuna bermatzeko beharrezkoa den eguneratutako informazioa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean, edo hura aldatzen edo ordezten duen araudian xedatuaren arabera.

Ildo horretan, Udalak honako hauek emanen ditu argitara:

–Informazio instituzionala, antolaketakoa eta plangintzakoa.

–Garrantzi juridikoa duen informazioa, hau da, araudi propioa, hala ordenantzak edo erregelamenduak nola ordenantza fiskalak edo izaera orokorreko beste edozein xedapen.

–Informazio ekonomikoa, aurrekontuen arloko informazioa, eta informazio estatistikoa.

9. artikulua. Kontratatzailearen profila.

Egoitza elektronikotik Udalaren kontratatzailearen profilera sartzeko aukera egonen da, eta horren edukia bat etorriko da kontratazioari buruzko araudian xedatuarekin.

IV. KAPITULUA

Erregistro elektronikoa

10. artikulua. Erregistro elektronikoaren sorrera eta funtzionamendua.

Ordenantza honen bidez Udalaren eta haren mendeko zuzenbide publikoko erakundeen erregistro elektronikoa sortzen da, funtzionamendu-araubidea zehazten da eta bitarteko elektronikoen bidez egiten diren eskabide, idatzi eta komunikazioak aurkeztu eta bidaltzean bete beharreko baldintzak ezartzen dira.

Erregistro elektronikoaren funtzionamendua izanen da urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) eta ordenantza honetan ezarritakoaren araberakoa eta, horietan arautu ez diren alderdietan, aplikatzekoa den zuzenbide administratiboko araudian xedatutakoaren araberakoa.

11. artikulua. Erregistro elektronikoaren izaera eta eraginkortasuna.

Udal honek erregistro elektroniko orokor bat du, eta aurkeztutako edo jasotako agiri guztien idazpena eginen da bertan.

Administrazio guzti-guztien erregistro elektronikoak erabat elkarreragingarriak izanen dira, horrela bermaturik haien bateragarritasun informatikoa eta interkonexioa, bai eta erregistroko idazpenen eta erregistro guztietan aurkezten diren agirien transmisio telematikoa ere.

12. artikulua. Erregistro elektronikoaren eginkizunak.

Udalaren erregistro elektronikoak eginkizun hauek izanen ditu:

a) Idazkiak, eskabideak eta komunikazioak jasotzea, eta haien sarrera idazpena egitea.

b) Idazki, eskabide eta komunikazioak aurkeztu izanaren hartu-agiri elektronikoak ematea.

c) Komunikazio eta jakinarazpen elektronikoak bidaltzea, eta haien irteera idazpena egitea.

d) Legez edo erregelamenduz ematen zaion beste eginkizun oro.

13. artikulua. Erregistro elektronikoaren arduraduna.

Udaleko Alkatetza arduratuko da erregistroa kudeatu, antolatu, zuzendu, bultzatu eta ikuskatzeaz, bai eta sortzen diren lege-aldaketetara eta etorkizuneko teknologia berrietara egokitzeaz ere. Eskudantzia horien barnean sartzen da erregistroaren bidez izapidetu beharreko prozedurak eta agiriak ezartzea, beharrezko aginduak emanez indarrean sartzeari buruz. Idazkaritza Nagusiak erregistroaren eguneroko funtzionamendua bermatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko ditu, bai eta zerbitzu administratiboak koordinatu ere, informazio-sistema hori ahalik eta eraginkorrena izatea lortzeko.

14. artikulua. Erregistro elektronikorako sarbidea.

Erregistro elektronikorako sarbidea Udalaren egoitza elektronikoaren bidez eginen da.

15. artikulua. Eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkeztea.

Administrazio honi aurrez aurre aurkeztutako agiriak digitalizatu egin beharko ditu agiri horiek jaso dituen erregistroen alorreko laguntza-bulegoak, 39/2015 Legearen 27. artikuluan eta aplikatzekoa den gainerako araudian xedatuari jarraikiz, horiek administrazio-espediente elektronikora sartzeko. Jatorrizkoak interesdunari itzuliko zaizkio, hori eragozpena izan gabe aurkeztutako agiriak, arauz, administrazioak gorde behar dituen kasuetarako, edo objektuak edo digitaliza ezin daitekeen formatu jakin batean dauden agiriak aurkeztea nahitaezkoa den kasuetarako.

Erregistro elektronikoak aukera emanen du eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan.

Erregistro elektronikoan egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialak erabiliko dira.

Erregistro elektronikoak modu automatikoan sortuko du egindako aurkezpenaren hartu-agiri bat, PDF formatuan eta onartutako identifikazio-sistemetako baten bidez. Han, azaldu beharko dira aurkezpenaren data eta ordua, erregistroko sarrera-zenbakia eta aurkezpen-inprimakiari atxikitako eranskinen zerrenda. Aurkezpenaren hartu-agiria ez emateak esan nahiko du ez dela jaso dena delako agiria, eta horren berri eman beharko zaio erabiltzaileari.

16. artikulua. Eskaerak, idazkiak eta komunikazioak errefusatzea.

Udal administrazioak errefusatzen ahalko ditu baldintza hauetan aurkezten diren agiri elektronikoak:

a) Kode gaiztoa dutenak edo sistemaren osotasuna edo segurtasuna arriskuan jar lezakeen gailu bat dutenak.

b) Agiri normalizatuak erabiliz gero, nahitaezko eremuak betetzen ez direnean edo agiriaren tratamendua ezinezko egiten duten inkongruentziak edo omisioak daudenean.

Erregistro elektronikoan aurkezten diren idazki eta komunikazioen eranskinek izan beharko dute irakurgarriak eta akatsik gabekoak. Normalean onartzen diren formatuak erabiltzen ahalko dira (halakoak Udalaren egoitza elektronikoan emanen dira jakitera).

Kasu horietan, egoera horren berri emanen zaio agiria bidali duenari, agiria errefusatzeko arrazoiak jakinarazita eta, posible denean, akats horiek zuzentzeko bitartekoak adierazita. Interesdunak eskatzen duenean, agiria aurkezteko saiakeraren frogagiria emanen da, bertan errefusatzeko arrazoiak azalduta.

17. artikulua. Epeen zenbaketa.

Interesdunek zein administrazio publikoek bete beharreko epeen zenbaketari dagokionez, erregistro elektronikoa jarraikiko zaie egoitza elektronikoko data eta ordu ofizialei; azken horrek behar diren segurtasun-neurriak izanen ditu osotasuna bermatzeko eta agerian egoteko.

Erregistro elektronikoa eguneko hogeita lau orduetan eta urteko egun guztietan egonen da erabiltzaileen eskura, salbu eta arrazoi teknikoengatik etenaldirik egin behar bada.

Epeen zenbaketari dagokionez, honako hauek bete beharko dira:

–Epeak ordutan zehazturik badaude, betiere ordu baliodunak hartuko dira kontuan. Ordu baliodunak izanen dira egun baliodun bat osatzen duten ordu guztiak.

Ordutan adierazitako epeak orduz ordu eta minutuz minutu zenbatuko dira, dagokion egintza gauzatzen den ordu eta minututik aurrera, eta ezin izanen dira hogeita lau ordutik gorakoak izan; horrelakoetan, egunetan adieraziko dira epeak.

–Epeak egunetan zehazturik badaude, betiere egun baliodunak hartuko dira kontuan; beraz, larunbatak, igandeak eta jaiegunak ez dira zenbatuko.

–Eskabideak, idazkiak eta/edo komunikazioak egun baliogabe batean sartuz gero, hurrengo lehen egun balioduneko lehen orduan sartutzat joko dira. Horretarako, sarrera idazpenean, agiria benetan jaso zen eguna eta ordua inskribatuko dira aurkezpenaren egun eta ordutzat, baina hurrengo lehen egun balioduneko lehen ordua jasoko da sarrera egun eta ordutzat.

–Eskabideen sarrera ezarritako epean jasotzat joko da, transmisioa egun horretan bertan hasten bada eta ongi burutzen bada. Epeen zenbaketari dagokionez, baliozkoa izanen da eta ondorio juridikoak izanen ditu erregistro-unitateak emaniko hartu-agirian ageri den sarrera datak.

–Egun baliogabeetan ez da aterako inolako idazki edo komunikaziorik erregistro elektronikotik.

–Udal administrazioaren erregistro elektronikoari dagokionez, egun baliogabeak dira larunbatak, igandeak eta Estatuko, Nafarroako eta udalerriko hiriburuko laneko jaiegunen egutegi ofizialean zehaztutakoak. Horren ondorioetarako, egoitza elektronikoan argitaratutako egutegia egonen da kontsultagai.

V. KAPITULUA

Jakinarazpen elektronikoak

18. artikulua. Jakinarazpenen baldintza orokorrak.

Jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez eginen dira lehentasunez, eta, betiere, baldin interesdunak betebeharra badu halakoak bide horretatik jasotzeko.

Aurrekoa gorabehera, administrazioek jakinarazpenak bitarteko ez-elektronikoen bidez egiten ahalko dituzte, honako kasu hauetan:

a) Interesduna edo haren ordezkaria berez agertzen denean erregistroaren alorreko laguntza-bulegoan eta une horretan komunikazio edo jakinarazpen pertsonala eskatzen duenean.

b) Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna bermatzeko, beharrezkoa denean jakinarazpena egin behar duen administrazioko langile batek jakinarazpena zuzenean ematea.

Erabilitako bitartekoa edozein izanik ere, jakinarazpenak beti izanen dira baliozkoak baldin eta aukera ematen badute jasota uzteko honako hauek: jakinarazpena igorri edo eskuragarri jarri izana; interesdunak edo haren ordezkariak jaso izana edo hartara iritsi izana; datak eta orduak; jakinarazpenaren eduki osoa; eta igorlearen eta hartzailearen identitate fidagarria. Egindako jakinarazpenaren egiaztapena espedienteari erantsiko zaio.

Jakinarazpen elektronikoak jasotzeko betebeharra ez duten interesdunek noiznahi erabaki eta jakinarazten ahalko diote administrazio publikoari, horretarako ezartzen diren eredu normalizatuen bidez, hortik aurrerako jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egin diezazkien nahi dutela, edo, bestela, jakinarazpenak bitarteko horien bidez egiteari utz diezaion.

Interesdunek adostasun orokorra eman dezakete udal administrazioarekiko izapide guztietarako, edo izapide jakin baterako edo batzuetarako, adierazten dutenaren arabera.

Interesdunak, orobat, prozedura izapidetu bitartean, udal administrazioarekin komunikatzeko modua aldatzen ahalko du, hasieran hautatutakoa ez beste bitarteko bat aukeratuz, dela une horretatik aurrera jakinarazpenak bitarteko elektronikoen bidez egiteko, dela jakinarazpen elektronikorako baimena atzera bota eta jakinarazpenak postaz jasotzeko; kasu horretan, organo eskudunari jakinarazi beharko dio, eta ondorengo jakinarazpenak jasotzeko posta-helbide bat adierazi.

Organo eskudunaren erregistroan jaso eta biharamunetik aurrerako jakinarazpenetarako izanen ditu ondorioak aldaketa horrek.

19. artikulua. Jakinarazpen elektronikoak egitea.

Jakinarazpen elektronikoa agerraldi elektronikoaren bidez eginen da.

Agerraldi elektronikoaren bidezko jakinarazpenean, interesduna, behar bezala identifikatuta, dagokion administrazio jarduketaren edukira sartzen da udal administrazioaren egoitza elektronikoaren bidez.

Agerraldi elektronikoak, jakinarazpenaren ondorioak izan ditzan, honako baldintza hauek bete beharko ditu:

–Edukira sartu aurretik, interesdunak abisu bat ikusi beharko du, adieraziko duena bertara sartzea jakinarazpen-izaerako administrazio jarduketa izanen dela.

–Dagokion informazio-sistemak edukira sartu izana jasoko du, data eta ordua adierazita, eta une horretatik aurrera jakinarazpena egintzat joko da, legezko ondorio guztietarako.

Jakinarazpen-sistemak aukera emanen du ziurtatzeko zer egunetan eta ordutan jarri den interesdunaren esku jakinarazpenaren xede den egintza eta zer egunetan eta ordutan sartu den haren edukira.

Jakinarazpena bitarteko elektronikoz egitea nahitaezkoa denean, edo interesdunak espresuki hori aukeratu duenean, jakinarazpena ez onartutzat joko da baldin haren edukirako sarbiderik gauzatu ez bada hamar egun natural igarotakoan, jakinarazpena eskuragarri jarri zenetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengo xedapen gehigarria.–Egoitza elektronikoa abian jartzea.

Egoitza elektronikoa abian jarriko da ordenantza hau indarrean sartzen den eguneko 00:00ak eta segundo batean.

Bigarren xedapen gehigarria.–Erregistro elektronikoa abian jartzea.

Erregistro elektronikoa abian jarriko da ordenantza hau indarrean sartzen den eguneko 00:00ak eta segundo batean.

Hirugarren xedapen gehigarria.–Segurtasuna.

Egoitza eta erregistro elektronikoen segurtasuna nahiz herritarren zerbitzu publikoetarako sarbidearen segurtasuna izanen dira Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritakoaren araberakoak.

Udalak osoko bilkuran onartu beharko du bere segurtasun-politika, urtarrilaren 8ko 3/2010 Errege Dekretuaren 11. artikuluan ezarritako gutxieneko edukiarekin (errege-dekretu horren bidez arautu zen administrazio elektronikoaren esparruko Segurtasun Eskema Nazionala).

Egoitza elektronikoetan publizitatea eman beharko zaie dagozkien adostasun-adierazpenei eta segurtasun-bereizgarriei.

Ohiko auditoretza erregular bat egin beharko da gutxienez bi urtean behin. Informazio-sisteman funtsezko aldaketak egiten diren bakoitzean, horiek beharrezko segurtasun-neurrietan eraginik izan badezakete, ezohiko auditoretza bat eginen da, eta horren arabera ezarriko da bi urteko epea kontatzeko data. Auditoretza-txostenak Segurtasun Eskema Nazionalaren 34.5 artikuluan ezarritako edukia izanen du.

Laugarren xedapen gehigarria.–Datuak babestea.

Telekomunikazio-sareen bidez ematen diren zerbitzuek eta harreman juridikoek bete egin beharko dituzte Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa, bai eta informazioaren tratamendu automatizatua, jabetza intelektuala eta informazioaren gizarteko zerbitzuak arautzen dituzten xedapen espezifikoetan jasotakoa ere.

Bosgarren xedapen gehigarria.–Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarra.

Udalak bermatu eginen du, bere eskumenen alorrean, zerbitzu emaileek jarduera batean sartzeko eta hura gauzatzeko beharrezko informazioa eta inprimakiak jasotzen ahalko dituztela Zerbitzuen zuzentarauaren leihatila bakarraren bidez (www.eugo.es), bai eta agintari eskudunek haien eskarien inguruan eman dituzten ebazpenak eta gainerako komunikazioak ere. Xede horretarako, Udalak koordinazioa sustatuko du jarduera batean sartu eta jarduteko beharrezko inprimakiak normalizatzeko.

Seigarren xedapen gehigarria.–Garatzeko gaikuntza.

Alkate udalburua gaitzen da antolakuntzaren arloan beharrezko diren neurriak har ditzan, ordenantza honetako xedapenak garatzeko, eta beharrezko alderdi teknikoak alda ditzan, komeni denean, normalizazioa eta elkarreragingarritasuna direla-eta edo, oro har, teknologiaren garapenari egokitzeko.

Zazpigarren xedapen gehigarria.–Ordenantza honen xedapenak aplikatzea.

Ordenantza honetan jasotako xedapenak aplikatuko dira Udalaren tresna teknologikoen garapen maila kontuan izanik; Udala saiatuko da bere aplikazioak une bakoitzean eskuragarri dauden konponbideen arabera egokitzen, horrek eragotzi gabe egokitzapen aldiak egon daitezen, beharrezkoak direnean. Horiek eskuragarri daudenean, horren berri emanen da egoitza elektronikoan.

AZKEN XEDAPENA

Azken xedapena.–Indarrean jartzea.

Ordenantza hau ez da indarrean jarriko testua osorik argitara eman arte eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen Legearen (apirilaren 2ko 7/1985) 65.2 artikuluan ezarritako epea igaro arte. Indarrean egongo da espresuki aldatu edo indargabetu arte.

Iragarkiaren kodea: L2217049