8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Aldaketa, Agiriak egiteko eta izapidetzeko tasak eta lanpostuak betetzeko deialdiak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Aranguren Ibarreko Udalak, 2022ko urriaren 25ean egindako osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Agiriak egiteko eta izapidetzeko tasak eta lanpostuak betetzeko deialdiak arautzen dituen ordenantzan.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eman manuei jarraikiz, osorik argitaratzen da ordenantzaren testua.

Mutiloan, 2022ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ORDENANTZA FISKALA, ARAUTZEN DITUENA AGIRIAK EGITEKO ETA IZAPIDETZEKO TASAK ETA LANPOSTUAK BETETZEKO DEIALDIAK

2. ORDENANTZA

Xedapen orokorra

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Alderdi batek eskatuta egiten den udal-jarduerak zehazten du zergapeko egitatea. Jarduera hori udal-administrazioak edo udal-agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak diren dokumentuak izapidetzearen ondoriozkoa da, eta izangai gisa parte hartu behar du lehiaketa, oposizio eta lehiaketa-oposizioetan, libre nahiz murriztuak izan, Aranguren Ibarreko Udalak deitzen dituen funtzionarioen edo lan-kontratudunen lanpostu hutsak jabetzan betetzeko, bai eta kontratazio-zerrendak sortzen dituzten hautaketa-prozesuetan ere.

Ordaindu beharra

3. artikulua. Ordaindu beharra sortzen da nork bere interesean edozein dokumentu eskatze hutsagatik, baldin eta aipatu dokumentuak udal-administrazioaren edo udal-agintarien eskumenekoak badira, eta izangai gisa lehiaketa, oposizio eta lehiaketa-oposizioetan parte hartu nahi duten pertsonek, libre nahiz murriztuak izan, Aranguren Ibarreko Udalak deitzen dituen funtzionarioen edo lan-kontratudunen lanpostu hutsak jabetzan betetzeko, bai eta kontratazio zerrendak sortzen dituzten hautaketa-prozesuetan ere.

Subjektu pasiboa

4. artikulua. Honako hauek dira subjektu pasiboak: udal-administrazioak edo udal-agintariek ematen dituzten edo beren eskumenekoak dituzten agiriak eskatu, sorrarazi edo haien onura jasotzen duten pertsona natural edo juridikoak, eta Aranguren Ibarreko Udalak deitzen dituen lehiaketa, oposizio eta lehiaketa-oposizioetan, libre nahiz murriztuak izan, eta kontratazio-zerrendak sortzen dituzten hautaketa-prozesuetara izangai gisa aurkezten diren pertsona fisikoak.

Tarifak

5. artikulua. Ordenantza honek honako tarifa hauek izanen ditu:

1.–Ziurtagiriak.

a) Erroldatzeari, ondasunei, bizikidetzari eta abarri buruzko ziurtagiriak, plegu bakoitzeko 1 euro.

b) Katastroa kontsultatzea eskatzen duten ziurtagiriak edo bestelakoak, plegu bakoitzeko 2 euro.

c) Udal-artxiboetan kontsultatzea eskatzen duten ziurtagiriak, plegu bakoitzeko 3 euro.

d) Finken hirigintza egoera frogatzen duten ziurtagiriak: 1.20 euro.

2.–Agirien fotokopiak, partikularrek eskatutakoak.

a) Din A-4 tamainako kopia bakoitza: 0.10 euro.

b) Din A-3 tamainako kopia bakoitza: 0.20 euro.

3.–Agiriak konpultsatzea.

a) Konpultsa bakoitzeko, dokumentu bakoitzeko, 0.60 euro, lehenengo orria eta 0.30 euro hurrengo orri bakoitzeko.

4.–Kiroldegiko txartela.

a) Beste txartel bat egiteagatik, jatorrizkoa galtzeagatik, 1.20 euro.

b) Kirol-instalazioetara sartzeko txartela: 3 euro.

5.–Disketeak:

a) Diskete informatikoa, hirigintza-informazioa duena, unitateko, 3 euro.

6.–Lurzatien gaineko zedulak.

Lurzati zedula bakoitza: 1 euro.

7.–Lanpostuak betetzeko deialdiak.

a) A eta B mailetara sartzeko deialdietan izena emateagatik (Funtzio Publikoaren Estatutuarekin bat): 16,36 euro.

b) C mailan sartzeko, izena emateagatik: 11,25 euro.

c) D eta E mailan sartzeko, izena emateagatik: 6,14 euro.

Deitutako lanpostuak lan-araubidekoak izanez gero, zein funtzionario mailari atxiki zaizkien deialdian, dagokien tasa aplikatuko zaie.

Kudeaketako eta diru-bilketako arauak

6. artikulua. 1. Tasa sortutzat hartuko da agiria Udalaren Erregistro Orokorrean aurkezten denean eta udal bulegoetan ordenantzapeko eskabiderik ez agiririk ez da hartuko, ezta tramitatuko ere, aldez aurretik ez bada ordainketa egin.

2. Orobat, ez da emanen udal zigiluaren itzulketa behar duen agiririk baldin agiria ematen duen funtzionarioak ez badu zeregin hori bete. Aurrekariak bilatzeko eskaera orok tasa sortuko du, emaitza negatiboa bada ere.

7. artikulua. Udal administrazioaren agiri eta berriemateen Sarrera eta Irteerako Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioek emanen dituzten agiri zigiludun guztiak zenbatuko dituzte eta Udal Diruzaintzan egunero diru-sarrerak eginen dituzte, dagozkien likidazioekin.

Arau-hausteak eta zehapenak

8. artikulua. Iruzurraren erantzule izanen dira Udal administrazioaren dokumentu eta jakinarazpenen Sarrera eta Irteera Erregistro Orokorraren ardura duten funtzionarioak eta Udal Diruzaintzaren langile arduradunak. Iruzurra indarrean dauden xedapenetan ezarritako eran zigortuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan ezarri ez den orotan, aplikatuko da xedaturik dagoena ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko osoak sortuko, testu osoa argitaratu ondoren Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Iragarkiaren kodea: L2217394