8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Aldaketa, Bide publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzan. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2022ko urriaren 25ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea aldaketa Bide publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzan.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2022ko 220. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 8an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eman manuei jarraikiz, osorik argitaratzen da ordenantzaren testua.

Mutiloan, 2022ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ORDENANTZA, BIDE PUBLIKOKO ETA HERRI-LURRETAKO LURZORU, LURGAIN ETA LURPEKO APROBETXAMENDU BEREZIEN TASAK ARAUTZEN DITUENA

9. ORDENANTZA

1. artikulua. Ordenantza hau ondoko arauetan xedatutakoaren babespean ezarri da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikuluan; urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduaren 93. artikuluan eta hurrengoetan; eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatua) 28. artikuluan eta hurrengoetan.

2. artikulua. Bide publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu edo erabilera pribatibo hauetarik edozein egitea da zerga-egitatea:

1. Erabilera publikoko lurretako lurpea okupatzea.

2. Erabilera publikoko lurrak okupatzea salgai, material edo antzeko instalazioekin.

3. Soto edo erdisotoei argia edo aireztapena emateko eta haietara pertsonak edo gauzak sartzeko, bide publikoko zoladura edo espaloietan kokatutako argi-zulo, arnasbide, ate, kargatze-aho edo antzeko elementuak, bai eta argi-sare publikotik egindako harguneak ere.

4. Bide publikoaren gainetik dauden edo fatxada-lerrotik ateratzen diren markesina, eguzki-oihal edo antzeko instalazioak, eraikinaren egiturazko elementu berekiak ez direnean.

5. Bide publikoan edo haren lurgaineko espazioan kokatutako errailak, aldamioak eta antzekoak, kableak, horma-besoak, lotura, banaketa edo konexio kaxak, baskulak, salmenta automatikorako aparatuak eta antzekoak.

6. Irabazi-asmoz, mahai eta aulkiak paratuz erabilera publikoko lurrak okupatzea.

7. Bide publikoan kokatutako kioskoak.

8. Erabilera publikoko lurretan kokatutako postu, barraka, saltoki, ikuskizun eta atrakzioak, kalez kaleko industriak jartzea eta zinemako filmaketak egitea.

9. Erakusleihoak eta bitrinak.

3. artikulua. Honako hauek daude beharturik ordenantza honetan ezarritako tasak ordaintzera:

a) Udal lizentzien edo emakiden titularrak eta aprobetxamenduaren mozkinak jasotzen dituzten pertsona natural edo juridikoak.

b) Lizentzia edo emakidarik gabe, ordenantza honen xede diren aprobetxamenduak egiten dituztenak.

c) Aprobetxamenduari utzirik, toki-erakundeari haren baja aurkezten ez diotenak.

d) Bide publikoan paratzen diren edukiontzien kasuan, lizentziaren titularrak edo aprobetxamenduaz baliatzen direnak. Edukiontzien jabeak eta etxegileak hartuko dira zergadunaren ordezkotzat.

4. artikulua. Ordenantza honetako tasaren zenbatekoa finkatzeko, aprobetxamenduaren iraupena eta ordenantza honetako xede diren aprobetxamendu bereziek okupatutako eremu publikoaren azalera hartuko dira kontuan, honen eranskinean xedatzen denari jarraikiz.

5. artikulua. Toki mailako zerbitzu publikoak ematen dituzten enpresak salbuetsirik egonen dira tasen ordainarazpenetik.

6,1. artikulua. Erabilera pribatiboak edo aprobetxamendu bereziak berekin dakartenean toki erakundearen jabari publikoaren suntsiketa edo narriadura, dagokion tasa ordaintzeaz gainera, onuraduna aipatu horiek berreraiki edo konpontzeko gastuen kostua ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko horren gordailua egitera ere.

2. Kalteak konponezinak badira, desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbeste emanen zaio ordainetan Udalari.

Toki-erakundeak ez ditu inola ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru-itzulketak.

7. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.

8. artikulua. Udalak behar den lizentziarik edo kontzesiorik eman gabe aprobetxamendua hasten bada, behar den tasa pagatzeak ez ditu egindako aprobetxamenduak legeztatuko eta, beraz, kalte-ordainik eman gabe instalazioak kentzeko agindu daiteke.

9. artikulua. 1. Ordenantza honetan araututako tasei lotutako aprobetxamenduak behar den errolda edo zentsua izanen dute ohikoak eta etengabeak badira.

2. Erabilera publikoko lurrak, irabazi asmoz, mahai eta aulkiekin okupatzeari dagokionez, toki entitateak balio gabe utz dezake baimena edo aldi baterako kendu, bidezko arrazoiak, obrak, konponketak etab. badaude, eta kobratutako tasaren zati proportzionala itzultzea beste beharkizunik ez du izanen.

10.1. artikulua. Iruzurtzat hartuko da behar den baimenik gabe aprobetxamendua edo erabilera hastea.

2. Bestelako arau-hausteei dagokienez, eta zehapenekin ikusteko duten afera orotan, ordenantza fiskal orokorrak xedatutakoari jarraituko zaio. Toki entitateak, agindu bidez, lizentzia edo baimenik gabeko instalazioak eremu publikotik ken ditzake udal biltegietara eramateko, eta instalazio hori desmuntatu, garraiatu, biltegira eraman eta egin behar den beste edozergatik sortutako gastuak jabearen kargu geldituko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza hau indarrean jarri eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki-erakundeen egintza edo erabakiak deuseztatzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

ERANSKINA

Zenbatekoen eranskina, bide publikoko eta herri-lurretako lurzoru, lurgain eta lurpeko aprobetxamendu berezien tasak arautzen dituen ordenantzari dagokiona

I. epigrafea.–Lurzoruko aprobetxamendu bereziak.

I.1. Mahaiak, aulkiak, mahai hankabakarrak, metro koadro edo zatiki bakoitza:

URTE GUZTIA

Metro karratu bakoitzeko, mahai kopuruaren arabera

5 mahai, gehienez ere:

15 euro

6 mahai eta 10 mahai artean:

20 euro

11 mahaitik goiti:

25 euro

I.2. Bestelako aprobetxamenduak.

a) Jarduera ekonomikoetarako, metro karratu edo zatiki bakoitzeko:

–Egunean: 0,50 euro.

–Hilabetean: 10 euro.

–Urtean: 60 euro.

b) Edukiontziengatik, eta jarduera ekonomikoa ez den beste edozein jardueragatik, metro edo zatiki bakoitzeko:

–Egunean: 0,30 euro.

–Hilabetean: 5 euro.

–Urtean: 30 euro.

c) Erabilera publikoko lurraren lurpeko aprobetxamendua, metro edo zatiki bakoitzeko:

–Hilabetean: 2 euro.

–Urtean: 24 euro.

I.3. Aldamioak: Aitzineko epigrafean agertutako zenbatekoen %50 (1.2.b apartatua).

Urbanizatzen ari diren eremuetan, zenbatekoak %75 beheitituko dira.

I.4. Karabanak, atoiak eta automobilak ez diren gainerako ibilgailuak, espresuki emandako baimena dutenean, tasa ordaintzeak baimena dagoela esan nahi ez badu ere. Egun edo zati bakoitzeko: 1 euro.

IV. epigrafea.–Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko kopuruak ez badira iristen jarraian azaltzen diren gutxienekoetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

–Aldamioak: 30 euro.

–Hesiak: 30 euro.

–Beste aprobetxamendu batzuk: 30 euro.

Iragarkiaren kodea: L2217393