8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LEKUNBERRI

Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako lanpostu bat (euskararen ezagutza nahitaezkoa) eta aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat osatzeko

Lekunberriko Udalak, 2022ko abenduaren 22ko osoko bilkuran, deialdi bat onetsi du, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako lanpostu bat, funtzionarioen araubidean. Lanpostua betetzeko nahitaezkoa da euskara jakitea.

Hona hemen deialdiaren oinarriak:

1.–Deialdia onesten da, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzuen eta instalazioen mantentze-lanak eginen dituen zerbitzu anitzetako lanpostu bat (euskararen ezagutza nahitaezkoa), eta izangaien zerrenda osatzeko, Lekunberriko Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren.

Lanpostu honetarako hautapen sistema oposizio-lehiaketa izanen da. Kontratazioa funtzionarioen araubidean izanen da, eta lanaldi osorako.

1.1. Izendatzen den izangaiak Udalak bere gain utzitako eginkizunak beteko ditu, berez zerbitzuen eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatuari dagozkionak; besteak beste, honako hauek:

–Udalaren azpiegitura, instalazio, zerbitzu eta bulegoetan mantentze- eta konpontze-lanak egitea: iturgintza, elektrizitatea, pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.

–Egitea udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, eta mantentze-lanetakoak. Zerbitzuaren berezko makineria, lanabesak eta tresnak maneiatu, mantendu eta konpontzea. Hiri altzarien mantentze-lanak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.

–Oihaneko eta lorategietako mantentze-lanak, garbiketa, kimaketak, landaketak; pista eta bidexketako seinaleak eta mantentze-lanak, suteen prebentzioa eta zainketa, basoberritzea, lorezaintza eta udalaren berdeguneak mantentzeko lanak.

–Koordinazio lana egitea Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuarekin. Aldi baterako kontratatutako langileak antolatzea eta koordinatzea, eta aipatutako eginkizunekin lotura duten beste batzuk, gehitzen ahal direnak.

–Lekunberriko Udaleko mantentze-lanetako eta zerbitzu anitzetako beste langileekin koordinatzea eta haiekin modu antolatuan aritzea, dituzten egitekoetan: udalarenak diren edo haren ardurapean dauden zerbitzu, instalazio eta ondasunen mantentze, lehengoratze, zainketa eta kontrol lanak.

–Gai hauekin loturiko lanak egitea: ura, kaleko argiak, mantentze-lanak, festak, garbiketak eta lan orokorrak. Udalaren azpiegitura, egoitza eta ekipamenduetan ikusten diren akats, matxura eta hausturak kontrolatzea eta horiez arduratzea; eta horiei buruzko proposamen eta aurrekontu zehatzak egitea.

–Udal zerbitzuei laguntzeko lanak eta mandatuak kontrolatzea: jakinarazpenak, iragarkiak, bandoak, Udalaren publizitatea banatu eta jartzea, baita bankuak ere, agiriak eramatea, gauzak garraiatzea eta pertsonak leku batetik bestera eramatea.

–Kanpoko zerbitzuekin koordinatzea eta kudeaketa egitea, eta haien lanak koordinatzea, beharrezkoa denean. Materialaren edo tresnen erosketa aurreikustea eta egitea, edo zerbitzuak kontratatzea, organo eskudunak ikus-onetsi ondoan, eta erosketa horiek kontrolatzea.

–Arduratzea materialaren, tresnen, ibilgailuen eta gainerako makineriaren kontrolaz, inbentarioaz eta mantentze-lanez. Udalaren ibilgailuak eta makinak gidatzea, eta horiek zaintzea eta mantentzea.

–Larrialdi eta ezusteko saihetsezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.

–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, behar bezala baliatuta lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak.

–Zerbitzuak hobetu daitezela sustatzea eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntzarako lagungarri izan daitezkeen ekintzak eta aldaketak. Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arau, prozedura eta zehaztapen guztiak.

–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.

–Udalak kultur, jai, kirol edo aisiaren arloetan antolatzen dituen jardueretan laguntzea; horiek egiteko beharrezkoak diren espazioak materialak, altzariak, eta objektuak prestatzea.

1.2. 2. hizkuntza-eskakizuna eskatuko da, Euskarabidearen baremoaren arabera (B-1 tituluaren baliokidea idatziz eta B-2 ahoz), edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulu bat. Bestela, izangaiak eskatutako hizkuntza maila duela egiaztatzeko proba bat gainditu beharko du.

1.3. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda honek indarrik gabe eta ondoriorik gabe uzten du Lekunberriko Udalaren zerbitzuko zerbitzu anitzetako lanposturako aldi baterako kontratazioak egiteko beste edozein zerrenda. Bost urtez egonen da indarrean eta haren kudeaketa eginen da aldi baterako kontratazioak kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz.

1.4. Deialdi honen bidez egiten diren kontratazioetarako bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein aldek hutsaltzen ahalko du kontratua, aldebakarreko erabakiz.

1.5. Lanaldiaren araubidea lanaldi osokoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, betiere urtero onesten den egutegia errespetatuz; dena dela, administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dituzte biak.

1.6. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik C mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, Lekunberriko Udaleko plantilla organikoan lanpostu honetarako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2.–Parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.

c) Lanpostuaren egitekoa betetzeko gai egiten duen titulazioa izatea (edo hura eskuratzeko maneran izatea eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean), edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina izatea eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean. Titulu hori, gutxienez ere, Batxilergokoa edo Lanbide Heziketako bigarren mailakoa izanen.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren frogagiria eduki beharko da.

d) Ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, B motakoa, eta ibilgailua edukitzea.

e) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

f) Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.

g) Euskaraz jakitea eta hori frogatzea idatzizko probarako "B-1" titulua eta ahozkorako "B-2" titulua aurkeztuta, Euskarabidearen arabera egun indarra duen baremoarekin bat; edo maila horiei dagokien beste titulazio bat, ofizialki baliokidetzat onartua dagoena. Izangaiak maila horiek badituela frogatu ahalko du, orobat, behar adinako hizkuntza maila –deialdi honetako 1.2 oinarrian adierazia– ote duen erakusten duen berariazko proba gaindituta. Euskarabideak eginen du proba hori.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta hautapen prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean ere bete beharko dira.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Lekunberriko Udalaren Erregistroan aurkeztu beharko dira, edo, bestela, 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).

Eskabideak bete beharko dira I. eranskineko ereduaren arabera, zeina eskuratzen ahalko baita Lekunberriko Udalaren bulegoetan; Internet bidez ere eskuratzen ahalko da, http://www.lekunberri.eus helbidean.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, eskatutako tituluaren eta nortasun agiri nazionalaren fotokopia aurkeztuko dute izangaiek, eta lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko agiriak. Esperientzia baloratzeari begira, ezinbestekoa izanen da entitate kontratatzaileen ziurtagiriak aurkeztea, non agertuko baita egindako lan mota, maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta zerbitzu horien iraupena.

3.2. Minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte eskabidean bertan, horien beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten adierazi beharko dute.

4.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea hogei (20) egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

5.–Behin-behineko zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lekunberriko Udaleko Alkatetzak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda ikusgai jarriko du Lekunberriko Udalaren iragarki-taulan, baita Lekunberriko Udalaren webgunean ere.

Egun horretatik aurrera eta ondoko bost egun baliodunetan, izangaiek erreklamazioak egin ditzakete edo eskabidean egindako akatsak zuzendu.

6.–Behin betiko zerrenda.

Erreklamazioak aurkezteko epea amaitu eta haiek ebatzi ondoan, Lekunberriko Alkatetzaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Lekunberriko Udalaren iragarki-taulan jarriko da jendaurrean, baita Lekunberriko Udalaren webgunean ere, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hautaprobak egiteko eguna eta tokia adierazita.

7.–Kalifikazio epaimahaia.

7,1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua: Gorka Azpiroz Razquin, Lekunberriko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Arkaitz Goikoetxea Arriola, Lekunberriko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa (Lekunberriko Udaleko zinegotzia).

–Epaimahaikidea: M.ª Jesús Ayestarán Oquiñena, Lekunberriko Udaleko zinegotzia.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa (Lekunberriko Udaleko zinegotzia).

–Epaimahaikidea: Erta Elizondo Arruabarrena, Lekunberriko udal arkitektoa.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Irurtzungo Udaleko obra eta mantentze-lanetako arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

–Epaimahaikidea: Leitzako Udaleko obra eta mantentze-lanetako arduraduna.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

–Mahaikide-idazkaria: Lekunberriko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutakoa.

7.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, baldin badaude Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean. Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horiek gertatzen direnean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera emanen da horren berri.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren arazoak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aipatu aholkulariak beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

8.–Oposizio-lehiaketan, gehienez, 100 puntu eskuratzen ahalko dira osotara; haietarik, 20 puntu lehiaketaldiari dagozkio eta 80 puntu oposizioaldiari.

8.2.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 20 puntu izanen ditu, baremo honen arabera:

A.–Laneko esperientzia (12 puntu gehienez):

A.1. Udalen zerbitzuan, zerbitzuen eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen arduradun gisa (C edo D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 3 puntu, eta gehienez ere 12 puntu.

A.2. Beste entitate publiko batzuetan, zerbitzuen eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen arduradun gisa (C edo D maila) edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 2 puntu, eta gehienez ere 12 puntu.

A.3. Entitate edo enpresa pribatuetan, zerbitzuen eta instalazioen mantentze-lanak egiten dituen arduradun gisa edo lanpostuarekin zerikusia duten beste lanpostu batzuetan emandako urte bakoitzeko: 1,5 puntu, eta gehienez ere 12 puntu.

B.–Prestakuntza osagarria (8 puntu):

B.1. Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetako unibertsitate tituluengatik (lizentzia edo diploma): gehienez ere 3 puntu.

B.2. Goi mailako Lanbide Heziketa edo baliokideren bat, lanpostuaren egitekoekin zerikusia duten espezialitateetan: gehienez ere 2 puntu.

B.3. Lanpostuaren egitekoekin zerikusia duen 20 ordutik gorako prestakuntza: gehienez ere 3 puntu.

  • Prestakuntza-ikastaroak (50 ordura arte): 0,5 puntu.
  • Prestakuntza-ikastaroak (100 ordura arte): 1 puntu.
  • Prestakuntza-ikastaroak (200 ordura arte): 2 puntu.
  • 200 ordutik gorako prestakuntza-ikastaroak: 3 puntu.

Aurreko apartatuetako merezimenduak frogatzeko, lehiatzaileak lan egindako administrazio publikoaren edo legez eratutako enpresa pribatuaren ziurtagiriak aurkeztuko dira; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, aintzat hartuko dira bai lan araubidean, behin-behineko nahiz finko gisa, bai administrazio araubidean, bitarteko gisa nahiz lanpostuaren jabe izanik, egindako zerbitzuak.

Frogaturiko esperientzia-aldiak ez badu urte osorik hartzen, dagokion proportzioa aterako da hilabete osoak kontuan hartuta. Kontratu bat kontuan hartzeko, gutxienez hilabete batekoa, osorik, izan beharko du.

Lanaldia osoa ez bada, orduan ere kalkulatuko da kasuan kasuko proportzioaren arabera.

Merezimendu hauek frogatzeko, entitate kontratatzaile publiko nahiz pribatuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, non agertuko baita zer lan mota egin den, lanpostuaren maila, lanaldi mota eta lanaldiaren iraupena, eta kontratu horren iraupena.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Lekunberriko Udalaren iragarki-taulan argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8.2.2. Oposizioaldia.

Oposizioan 80 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teorikoa (baztertzailea). Lanpostuarekin zerikusia duen test bat egin beharko da, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoa. Ariketa honetan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ariketa gainditzeko gutxienez ere 15 puntu erdietsi beharko dira; baztertuta geldituko dira hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Bigarren ariketa: praktikoa (baztertzailea). Proba praktiko batzuk egin beharko dira, egun batean edo zenbait egunetan, lanpostuarekin zerikusia dutenak, II. eranskineko zerrendan ageri diren gaiei buruzkoak.

Ariketa honetan gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutxienez, 20 puntu atera beharko dira, eta baztertuta geldituko dira puntuazio hori lortzen ez duten izangaiak. Epaimahaiak erabakiko du proba hau egiteko zer denbora izanen den.

–Hirugarren ariketa: Buruz buruko elkarrizketa (ez da baztergarria). Lanpostuaren eta Lekunberriko udalerriaren gaineko ezagupenari eta haien ezaugarriei buruzkoa izanen da; 15 minutukoa gehienez ere. 10 puntu emanen dira, gehienez.

8.3. Probetarako deialdi bakarra eginen da; hartara, izangaiak nortasun agiri nazionala aldean dutela azalduko dira. Agertzen ez diren izangaiak bazterturik geldituko dira.

8.4. Hautaprobetan, denboren eta baliabideen egokitzapenak eginen dira, ahal den neurrian, elbarritasunik dutenentzat, halaxe eskatzen badute eta eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

9.–Baldintzak frogatzea. Izendapen proposamena Agiriak aurkeztea. Izendapena.

9.1. Aukeratutako izangaiaren aldeko izendapen proposamena egin aurretik, hark zazpi eguneko epean aurkeztu beharko du deialdiaren 2.g) oinarrian eskatzen den euskara maila –2. hizkuntza-eskakizuna, alegia– duela egiaztatzen duen agiria. Idatzizko "B-1" eta ahozko "B-2" tituluak aurkeztu beharko ditu, Euskarabidearen arabera egun indarra duen baremoarekin bat; edo maila horiei dagokien beste titulazio bat, ofizialki baliokidetzat onartua dagoena.

Epe hori igaro eta izangaiak ez badu egiaztatu eskatutako hizkuntza-eskakizuna, zerrendatik kanpo geratuko da eta gainditutakoen zerrendan hurrengoa den izangaiaren aldeko proposamena eginen da. Izangai horrek lanposturako eskatutako hizkuntza-eskakizuna duela egiaztatu beharko du.

9.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Lekunberriko Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) B motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

d) Izangaiari hitzordu bat emanen zaio, lanpostua betetzeko gaitasun psikofisikoa duela egiaztatzeko; hori guztia, deialdi honetako 2. apartatutako d) letran ezarritakoari jarraituz. Lekunberriko Udalaren Prebentzio Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa.

e) Zinpeko deklarazioa, agertzen duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetarako, eta ez dagoela inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia.

f) Zin edo promesa, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

9.2. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8.1.1 apartatuan aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.

9.3. Izendapena.

Eskatutako agiriak aurkeztu ondotik, udaleko alkatearen ebazpen baten bidez, Lekunberriko Udaleko funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu dutenen artean lehendabiziko postua eskuratu duen izangaia, eta Lekunberriko Udalaren 3. lanpostua beteko du (Zerbitzu Anitzak). Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.–Lanpostuaren jabetza hartzea.

10.1. Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Lekunberriko Udalean sartzeko.

10.2. Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Lekunberriko Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean izena emana badu; orduan, eta izendatu aurretik, babes araubide horretan segitzea aukeratzen ahal du edo Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda, zerbitzuan sor daitezkeen premiei erantzuteko.

11.1. Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda bat eratuko da. Lanpostua eskuratu ez duten izangai gaindituek eta oposizioko lehenengo proba gainditu dutenek osatuko dute.

11.2. Izangaien zerrendan daudenei sortzen diren premien arabera dei egiten ahalko zaie, aldi baterako kontratatzeko, deialdi honetako oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraituz.

11.3. Aldi baterako kontratazioa kudeatuko da, aplikagarri zaion orotan, Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduari jarraikiz, zeinaren bidez onetsi baitziren aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak, hala xedatuta baitago udal akordio kolektiboetan.

11.4. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.

Epaimahaiak proposatu eta Alkatetzak onetsitako zerrendako izangaiei deitzen ahalko zaie Lekunberriko Udalean sortzen ahal diren premiei erantzuteko. Dagokion zerrendaren ordenaren arabera deitzuko zaie.

11.5. Dei egiteko arau orokorrak.

a) Errazago lokalizatzeko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), baita helbide elektroniko bat ere. Informazio hori etengabe eguneratua eduki behar dute.

b) Oro har, telefonoz kontratu bat eskaintzeko, gutxienez hiru saiakera eginen dira izangai bakoitzarekin, hark jakinarazitako bideak erabiliz, eta deiak bi eguneko epean banatuz.

c) Dei bakoitzaren frogak jasoko dira, alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak.

d) Udala izangaiarekin harremanetan jartzen bada, lan-eskaintza bat egiten badio, eta hark ez badu erantzuten, eskaintzari uko egiten diola ulertuko da, eta 9.4 apartatuan ezarritakoa aplikatuko zaio.

e) Harekin hitz egiterik ez badu, zerrendako hurrengo izangaiarekin edo izangaiekin jarriko da harremanetan, harik eta eskainitako lanpostua bete arte.

f) Harremanetan jartzerik izan ez duten izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote.

g) Hiru hilabetekoak edo laburragoak izanen direla aurreikusten den kontratazioetan edo lanpostua premiaz bete behar eta dei egiteko ezarritako bi eguneko epea itxaron ezin denetan, izangaiarekin harremanetan jartzea lortu ondoren lanean berehala hastea onartzen duen lehen izangaiari eskainiko zaizkio, 10.3 apartatuan ezarritakoa bete beharrik gabe.

11.6. Kontratazio-eskaintzari uko egitea.

Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean (kasu horretan, zerrendan zeukan tokiari eutsiko dio):

a) Baimena izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.

b) Aldi baterako ezintasuna izatea.

c) Lan-kontratu bat indarrean izatea.

d) Zaindu beharra bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, bere burua ezin gobernatu duena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zionetik.

e) Norberaren ezkontza edo antzeko egoera, eskainitako kontratua hasi aurreko edo ondorengo hamabost egun naturalen barruan. Kasu horietan, izangaia lanerako prest ez dagoela agertuko da aldi baterako kontratazio-zerrendan, prest dagoela agertzea eskatzen duen arte. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, eragindako pertsonak lanerako prest ez daudela agertuko da zerrendan, eta ez zaie deialdi honetan aipatzen den zerrendako lanposturik eskainiko.

Apartatu honetan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, hori agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, lanpostuari uko egin ziotenean zerrendan zuten postu berean segituko dute.

11.7. Zerrendako azken tokira joatea.

Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten duten izangaiak:

a) Udala harekin jarri bada harremanetan, kontratazio-eskaintza bat egin badio, eta ez badu erantzun.

b) Izangaiak eskainitako lanposturi uko egiten badio.

11.8. Zerrendatik kanporatzea.

Izangaiak deialdiko zerrendatik kanpo geldituko dira honako kasu hauetan:

a) Behin deia eginda eta lanpostua onartuta, kontratua ez sinatzea, izangaiari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik.

b) Probaldia ez gainditzea.

c) Sinatutako kontratuari uko egitea.

d) Kontratua azkentzea diziplinazko arau-hauste baten ondorioz.

e) Lanpostua uztea.

f) Kontratua gerora sortutako arrazoiengatik amaitzea, kontratatutako pertsonak lanpostua betetzeko gaitasunik edo egokitzapenik ez izateagatik, lanpostuaren eginkizunak benetan betetzea eragozten badute eta errendimendua nahikoa ez dela agerian uzten badute.

12.–Datuen babesa.

Datu pertsonalen babesaren arduradunaren nortasuna: Lekunberriko Udala. Posta helbidea: Alde Zaharra 41, -31870 Lekunberri. Telefonoa: 948 504211. Datuen babeserako ordezkaria:

Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea, botere publikoen jardunean.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.

Datuak gordeko diren denbora: datuak aipatu helburua betetzeko behar den denboran edukiko dira, eta Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean gordeko dira. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datu-hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legedia betez, eta udal web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezabatzeko ere.

Interesdunek, orobat, erreklamazioa jar dezakete Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan.

10.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Lekunberrin, 2022ko abenduaren 22an.–Alkatea, Gorka Azpiroz Razquin.

I. ERANSKINA

Eskabide orria

Izen-deiturak:

NANa/Nortasun agiria:

Jaioteguna: [urtea/hilabetea/eguna]

Jaioterria:

Nazionalitatea:

Egungo helbidea [kalea, zenbakia, eskailera, solairua]:

Posta kodea/Herria:

Telefonoak:

Helbide elektronikoa:

AZALTZEN DUT:

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik.

–Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunetako bakar bat ere.

–Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ez eta diziplinako kaleratze bidez bidalia ere, eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

–Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe naizela.

–Eskaerak aurkezteko epearen azken egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

–Deialdian eskatutako euskararen ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):

 Deialdian eskatutako euskararen ezagutza izatearen ziurtagiriaren kopia kautotua gehitzen diodala eskabide honi.

 Deialdi honetan eskatutako euskararen ezagutza maila frogatzeko proba egitea eskatzen dudala. Euskarabideak eginen du proba hori.

–Desgaitasuna DUDALA/EZ DUDALA eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatzen diren egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

 Minusbaliotasuna dudala frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek emana.

–Eskabideari agiri hauen fotokopiak erantsi dizkiodala:

 Nortasun agiri nazionala.

 Eskatzen den titulazio akademikoa.

ESKATZEN DUT:

Onartua izatea oposizio-lehiaketa bitartez eginen den honako deialdi honetan: zerbitzu, instalazio eta obren mantentze-lanak egiten dituen zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, funtzionarioen araubidekoa eta lanaldi osokoa, euskaraz jakin beharrekoa, betetzeko eta, Lekunberriko Udalean sortzen diren beharrei aldi baterako erantzutearren, izangaien zerrenda osatzeko. Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen (............ zk.), egun honetan:

Lekunberrin, ......................................................

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1. gaia.–Aritmetikako eta geometriako oinarrizko erregelak.

2. gaia.–Idazketako eta ortografiako oinarrizko erregelak.

3. gaia.–Laneko segurtasun eta higienearen gaineko arauen eta oztopo arkitektonikoen gaineko arauen oinarrizko ezagutzak. Segurtasuna, makineria eta erremintak erabiltzean.

4. gaia.–Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiua.

5. gaia.–Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea, enkofratuak eta murruak zutitzea. Zoladura lanak eta urbanizazioa. Itxiturak. Saneamendu sareak. Kutxetak.

6. gaia.–Eraikinetako banaketa koadroak, potentzia kontrolatzeko etengailua, magnetotermikoak eta diferentzialak.

7. gaia.–Oinarrizko argi zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak. Argiteria publikoa.

8. gaia.–Iturgintzako eta berokuntzako instalazioen gaineko mantentze-lanak: aparatu sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuitua betetzea eta airez purgatzea, galdara-gelak eta haien osagai bereziak.

9. gaia.–Elektrizitateko eta iturgintzako eskemen ezagutza.

10. gaia.–Mekanika. Udal makineria, ibilgailuak, lanabesak eta tresnak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea. Biltegiaren kontrola.

11. gaia.–Eraikinen eta hiri altzarien mantentze-lanak. Pintura.

12. gaia.–Lorezaintzako oinarrizko ezagutzak (erremintak, inausketa, fitosanitarioen erabilera, sastrakak kentzeko makinaren maneiua, ureztatzeko sistemak).

13. gaia.–Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak, sarraila-zilindroak, pertsianak eta abar.

14. gaia.–Udal-mugartearen ezagutza: Geografia; Alde eta inguruen ezagutza; Datu soziodemografikoak eta biztanleari buruzko datuak; Udal antolaketa; Parajeak, termino nagusiak, biztanleria, eraikinak eta abar.

15. gaia.–31/1995 Legea, azaroaren 8koa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzkoa. Eskubideak eta betebeharrak. Segurtasun-baldintzekin eta laneko ingurumenarekin lotzen diren arriskuak. Arriskuak kontrolatzeko oinarrizko sistemak: babes kolektiboak eta norbera babesteko ekipamenduak. Bide segurtasuna: Lehen laguntza. Metalezko hodi-aldamioak, eskailerak eta plataforma jasotzaileak modu seguruan erabiltzea. Makinen eta lanabesen alorreko segurtasuna.

Iragarkiaren kodea: L2217529