8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1210E/2022 EBAZPENA, azaroaren 24koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, El Labrador parke eolikoaren ingurumen eraginaren adierazpena egiten duena, ekoitzitako energia elektrikoa ateratzeko azpiegiturak barne. ENEL Green Power España SLUk sustatu du.

1.–Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozeduraren garapena, eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteko eskaera.

1.1. Jendaurreko informazioa eta ukituriko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egitea.

Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 7. eta 8. artikuluetan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan xedatutakoaren arabera, Industriaren Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuak jendaurrean jarri zituen proiektua eta ingurumen eraginaren azterketa (2021eko abenduaren 22ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 286. zk.), eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei –ebazpen honen I. eranskinean bildutakoei– kontsulta egin zien horiei buruz.

1.2. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaera.

ENEL Green Power España SLUk, 2022ko ekainaren 6an, proiektu hau aurkeztu zion Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuari: "El Labrador parke eolikoa Tuterako eta Cascanteko udal mugarteetan, 2021eko iraila". Halaber, "El Labrador parke eolikoaren proiektuaren eta energia ateratzeko azpiegituraren ingurumen eraginaren azterketa. Cascante (Nafarroa), 2022ko maiatza" dokumentua aurkeztu zion, eta ingurumen eraginaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Organo eskudunak dokumentazioa osorik zegoela egiaztatu ondoren, 2022ko ekainaren 14an dokumentazio guztia Biodibertsitatearen Zerbitzura bidali zuen, espedientearen azterketa teknikoa eta ingurumen eraginaren adierazpena egiteari ekin ziezaion.

Ingurumen eraginaren ebaluazioa hasteko eskatzean aurkeztutako ingurumen eraginaren azterketak (IEA) zenbait aldaketa jaso ditu, sustatzaileak jendaurreko fasean eta administrazio publiko eta pertsona interesdunei egindako kontsultetan jasotako alegazio eta txostenen ondorioz. IEAk alternatibak aztertzeari eta ingurumen faktoreen gaineko eraginak identifikatu, ezaugarritu eta baloratzeari buruzko kapituluak osatu ditu; Natura 2000 Sareari kalte egiteko aukerari buruzko kapitulua osatu da, eta prebentzio neurrien eta neurri zuzentzaileen atalean proposamen berriak gehitu dira. II. eranskina (Abifauna eta Kiropteroak) Ingurumen Eraginaren Atalak 2022ko maiatzaren 3an emandako txostenean adierazitako protokoloetara egokitu da, abifaunaren urteko ziklo osoaren azterketaren emaitzen analisia errazteko. Eta, azkenik, XII. eranskina gehitu da: Klima aldaketaren arriskuen ebaluazioa, parkeak eraginen duen karbono aztarnaren kalkuluarekin.

2.–Proiektuaren laburpena.

El Labrador parke eolikoaren proiektua 3 haize sorgailuk osatzen dute, Cascanteko udal mugartean, Camponuevo parajean. Hegalen errotore diametroa 170 m-koa da, eta ekortze azalera 22.698 m²-koa, 115 metroko abatzeko altuera duen dorrearen gainean.

Ezarri nahi diren haize sorgailuen kokapena ondorengo taulan zehazten da (UTM koordenatuak: ETRS89, 30 N ardatza):

ID

UTM ETRS89 H30N

X

Y

LAB-01

606.053

4.655.290

LAB-02

606.342

4.655.962

LAB-03

607.445

4.655.226

Etengabeko baliabideko neurketa dorre bat instalatzea aurreikusi da. 115 metroko altuera izanen duen dorre autosostengatzailea erabiliko da, UTM koordenatu hauetan kokatua (ETRS89, 30N ardatza): X: 606.722; Y: 4.655.920.

Parkera iristeko sarbidea NA-6830 errepidetik eginen da (erromatar galtzada), 5+303 kilometro puntuan; hortik mendebalderantz irteten da parkera iristeko sarbide nagusia (2. ardatza), 1.864 metro inguruko luzera duena: 377,34 metro berri, eta gainerakoa lehendik badiren bideetan; horiek moldatu egin beharko dira. Bidea LAB-02 haize sorgailuaren kokalekuan bukatzen da. Sarbide orokorreko bidetik barne bideen 1.303,73 metro aurreikusi dira; horietatik 800 metro inguru berriak izanen dira. Bideak 5 metroko errodatze zabalerarekin aurreikusi dira; bihurguneetan zabalagoa izanen da. Bide zorua zabor legar artifizialeko 35 zentimetroko geruza batean eginen da, % 10etik gorako maldetan salbu, non hormigoizko 15 zentimetroko lodierako geruza jarriko den zabor legar artifizialeko 20 zentimetroko geruzaren gainean. Lur erauzketetan 1H:1B maldako ezpondak, eta lubetetan 3H:2B maldakoak. Luzetarako drainatzeak areka triangeluarrek osatuko dituzte, 1 metroko zabalera eta 0,5 metroko sakonera izanen duten lurretan. % 5etik gorako maldetan hormigoiarekin estaliko dira. Zeharkako drainatzeak diametro egokiko hormigoizko tutuekin eginen dira. Halaber, 202 eta 156 metro luze izanen diren bi bide tarte eraikitzea aurreikusi da, biratzeko bide izenekoak, garraio bereziek maniobratu ahal izateko; NA-6830 errepideko 2+200 kilometro puntuaren alboan eginen dira.

Muntaketa plataformak berdindu eginen dira, eta guneak prestatuko dira garabi nagusiaren maniobretarako, sareta garabia muntatzeko eta hegalak metatzeko. Haize sorgailuen zimenduak hormigoi armatuzko zapata zirkularraren bidez eginen dira; 23,7 metroko diametroa eta 3,5 metroko sakonera izanen dute. Neurketa meteorologikoko dorrearen zimenduak hormigoi armatuzko zapataren bidez eginen dira; gutxi gorabeherako neurriak izanen dira 6 x 6 metroko oinarria eta 2,5 metroko sakonera. Horrez gain, materialak metatzeko aldi baterako eremu bat eta mantentze eta eragiketa lanetarako bulego bat aurreikusi dira, 1.114 m² ingurukoak.

Ekoitzitako energia lur azpiko linea baten bidez ateratzea aurreikusi da, 33 kV-eko erdi tentsiokoa, gutxi gorabehera 10,8 km-koa, Cascanteko eta Tuterako udal mugarteetan, aurreikusitako SET Tudela Promotores 33/220 kV transformazio azpiestazioraino.

SET Tudela Promotores 33/220 kV transformazio azpiestazioak El Labrador parke eolikoak eta beste sustatzaile batzuen energia elektriko berriztagarria sortzeko beste proiektu batzuek ekoitzitako energia jasoko du, eta goi tentsioko 220 kV-eko aireko eta lurpeko linea baten bitartez aterako du REE TUDELA azpiestazioraino. Aipatutako SET azpiestazioa zein 220 kV-eko goi tentsioko linea beste proiektu batzuen xede dira.

Bai energia lur azpitik ateratzeko linea, bai komunikazioen linea eta parkeko haize sorgailuak elkarrekin lotzeko sarea kokatzeko zangek 14.520 metro inguruko luzera izanen dute. Sakonera 1,10 m izanen da, eta 0,45-1,10 metro arteko zabalera izanen dute, hartuko duten zirkuitu kopuruaren arabera.

Orotara aurreikusitako lurren mugimendua taula honetan jaso da:

LURREN BALANTZEA

ELEMENTUA

BOLUMENA (m³)

Erauzketa / hondeaketa

Lubeta / betelana

Soberakina

Bide zorua

Bideak

2.769

2.966

-197

4.477

Zimenduak

7.844,79

5.549,95

2.294,84

Plataformak

6.565,07

6.189,30

375,77

1.071,6

Zangak

10.608,13

7.940,45

2.667,68

GUZTIRA

27.786,99

22.645,70

5.141,29

5.548,6

Ukitutako azalerak, orotara, honako hauek dira:

ELEMENTUA

OKUPAZIOA (m²)

Zanga elektrikoak

29.040,90

Zelaiguneak/plataformak/zimenduak

38.553,00

Bideak

27.434,00

GUZTIRA

95.027,90

3.–Azterketa teknikoa.

a) Alternatiben azterketa.

Ingurumen eraginaren azterketako (IEA) alternatiben azterketan adierazi da konexio puntuak (REE Tudela 220 kV-eko azpiestazio elektrikoan ezarritakoak) baldintzatu eginen duela aztertu den eremuaren zedarritzea. Sarera konektatzeko puntuaren inguruan 10 kilometroko erradioa erabiltzea erabaki da, azterketa eremua zedarritzeko, teknikaren, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik onargarria den distantzia dela medio. Bufer honetan 2020-2030 aldiko Nafarroako Energia Planeko harrera eolikoko mapan ezarritako mugak hartu dira abiapuntu, eta energia berriztagarria sortzeko izapidetzen ari diren beste proiektu batzuek okupatutako lurrak ere baztertu egin dira, baita komunikazioetako azpiegituren proiektuek okupatutako lurrak ere. Parke eolikoaren kokaleku izan litezkeen hiru eremu identifikatu dira. Lehena Ablitasko hirigunetik iparraldera, bigarrena Tuterako hirigunetik iparraldera eta hirugarrena Cascanteko hirigunetik ipar-mendebaldera. Azkena hautatu da, ingurumen aldetik kalte gutxien eraginen duen aukera delakoan.

Zero alternatiba (parke eolikoa ez eraikitzea) baztertu egin da, parkea eraikitzeak ingurumen onurak eta onura sozio-ekonomikoak ekarriko dituelako. Hautatutako zonaren barruan haize sorgailuen kokalekua aztertu da parametro tekniko hauen arabera: baliabidea egotea, haize sorgailuen arteko tartea eta elementu antropikoekiko distantzia; eta, gerora, ingurumen alderdi hauen arabera: landarediaren gaineko eragina, sartzeko erraztasuna, inpaktu bisuala eta lur mugimenduak. LAB-01 eta LAB-03 haize sorgailuak kokatzeko bi alternatiba proposatu dira, eta hiru aukera LAB-02 haize sorgailuaren kasuan. Haize sorgailu bakoitzaren kasuan planteatutako bi edo hiru alternatibek faktore hauetan sorraraziko luketen ingurumen eragina aztertu da: irisgarritasuna, abelbideak, konektagarritasuna eta hegaztien hilkortasuna, eta Pulguerko urmaelarekiko distantzia. Aztertu ondoren, ebazpen honen bigarren apartatuan deskribatutako kokalekuak hautatu dira.

Paisajes y Viñedos de Navarra elkarteak jendaurreko fasean alegatu du aurkeztutako IEAn alternatiben azterketa egokia falta dela. Erriberako Ekologistak Martxan taldeak eta Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan taldeak alegatu dute IEAk ez zuela zero alternatiba baztertu behar, Nafarroan instalatutako haize sorgailuek hegazti faunan eragiten dituzten hilkortasun datuak direla medio. Ukitutako administrazioei kontsulta egiteko fasean ingurumen organoak txostena eman du, esanez IEAk alternatibak aztertzean ez duela ingurumen faktore nahikorik aztertu ingurumen aldetik eta teknikoki bideragarriak diren alternatibak irizpide ugarirekin aztertzeko, eskatzen den gisan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta VI. eranskinean ezarrita dagoenaren arabera. Erantzun gisa, sustatzaileak parkearen kokalekuaren alternatiben proposamena egiteko azterketa kualitatiboa aurkeztu du, eta bertan lehenago aipatutako hiru ezarpen eremuak identifikatu dira. Aukeratutako kokalekuaren hautapenean honako hauek azaldu dira: efektu sinergikoak eta metagarriak gertuko parke eolikoen proiektuekin, lurren gaitasun agrologikoa, Ablitasko aerodromo militarraren eragina, konexio punturainoko distantzia eta hirialde finkatuetan ebakuazioak izanen duen eragina. Parke eolikoaren kokaleku izan litezkeen hiru eremuen irizpide anitzeko azterketa globalik ez da aurkeztu, alternatiba bakoitzaren kasuan aipatutako Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluko 1. apartatuko c) letran definitutako faktoreetan izanen duen ingurumen efektuen konparazioa jasoz.

Energia ateratzeko lineari dagokionez, sustatzaileak hiru alternatiba definitu ditu, eta irizpide hauen arabera aztertu dira: bideak izatea, trazaduraren luzera, kultura ondarearen gaineko eragina, eta elementu antropikoak izatea. Aztarnategi arkeologikoak ukitzea faktore erabakigarria da eta, hortaz, bigarren alternatiba aukeratu da.

Kontsulta fasean, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak hautatutako trazadura Tarazonako Adarra abelbidearekin paraleloan joatearen aurkako txostena eman du; izan ere, IEAk ez du alternatiben balorazioari buruzko informaziorik eman, eta badirudi paralelismoa saihesten ahal dela. Sustatzaileak erantzun du hautatu gabeko alternatibak baztertu egin zirela galtzada erromatarraren (De Italia in Hispanias) zati batean ondare arkeologikoa ukituko zelako, NA-6830 errepidearekin bat datorren zatian, hain justu.

b) Proiektuaren eragin nagusien azterketa.

IEAn antzemandako eragin nagusiak faunan eta paisaian aurreikusi dira, funtzionamendu fasean, eta kultur ondarean eraikuntza fasean.

–Atmosfera. Sustatzaileak proiektuak airearen kalitatean, soinu kalitatean, argi kutsaduran, eremu elektromagnetikoen emisioan eta argi kutsaduran izanen dituen efektuak identifikatu, ezaugarritu, zenbatu eta baloratu ditu. Kutsatzaileak eta hauts esekia isurtzeagatik etorriko da faktore horietan sorraraziko duen eragina, baita proiektuaren fase guztietan hots presioa areagotu eginen delako ere; horrez gain, esparru elektromagnetikoak sortuko direlako eta neurketa dorrea eta haize sorgailua balizatzearen ondorioz argi ikusgarria emitituko delako ere sortuko da, instalazioen funtzionamendu fasean. IEAk bateragarritzat jo du obra fasean atmosferan eragina izatea, baita ustiapen fasean argi kutsaduratik eratorritakoa ere. Gainerako eraginak ez esanguratsutzat jo dira. Sustatzaileak zenbait prebentzio neurri eskaini ditu soinu kalitatean eta airearen kalitatean sorraraziko diren ondorioak murrizteko.

Gurelur elkarteak jendaurreko fasean alegatu du ez dela zuzen ebaluatu soinu emisioa areagotzeak Pulguerko urmaeleko naturagune babestuan ekarriko duen eragina; izan ere, legediak ezarritako mugak gizakientzako muga balioak dira, eta ez da ziurra adierazle horiek egokienak ote diren biodibertsitatearen gaineko eragina kudeatzeko. Sustatzaileak erantzun duenez, informazio fidagarririk ezean, IEA 1367/2007 Errege Dekretuak ezarritakora egokitu da.

Eredu gisa hartutako parke eoliko batean ekoitzitako kWh bakoitzaren CO2 baliokideen zenbatespenaren arabera, sustatzaileak kalkulatu du parkearen karbono aztarna 7.756,9 tona CO2 baliokide (tCO2eq) izanen dela instalazioaren 25 urteko bizitza erabilgarrian. Funtzionamenduaren lehen urtean, IEAren arabera, 19.861 tCO2eq isurtzea saihestuko da.

–Lurzorua eta lurpea. IEAk bateragarritzat jo ditu proiektuak obra fasean erliebearen formen aldaketen eta higadura handitzearen gainean izanen dituen efektuak, obra zibila egitean aurreikusitako lur mugimenduen ondoriozkoak. Okupazio iraunkorren eta gainazalak aldatzearen ondoriozko lurzoru galera eta/edo aldaketa ere bateragarritzat jo da, baita lurzoruen konpaktazioa ere, aurreikusi denez materialen metaketaren eta makineriaren joan-etorriaren ondorioz gertatuko dena. IEAk higadurari lotutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak proposatu ditu, tartean egokitzapen topografikoa, lurren lehengoratze morfologikoa eta landaredia berrezartzeko lanak.

–Hidrologia. IEAk ez du aurreikusi haize sorgailuen inguruan baliabide hidrikoa nabarmen aldatuko denik, haize sorgailuak ezarriko diren eremuan eta sarbide bideetan ez dagoelako ibilgu naturalik. Energia ateratzeko lur azpiko lineak Queiles ibaia zeharkatzen du gurutzaketa zanga batean, IEAren eta aurkeztutako proiektuaren arabera interpretatu denez; hala ere, sustatzaileak ez du xehetasunez deskribatu zer irtenbide hautatu den erdi tentsioko lur azpiko lineak Queiles ibaia gurutzatzeko. IEAn adierazi denez, baliabide hidrikoan, azaleko isurketetan eta azaleko edo lur azpiko uren kalitatean izanen diren eraginak bateragarriak dira. Sustatzaileak zenbait prebentzio neurri deskribatu ditu proiektuak azaleko isurketetan eta azaleko edo lur azpiko uren kalitatean sorraraziko dituen efektuak murrizteko. Espedientean ez da jaso ukitutako administrazioei kontsulta egin zaien fasean Ebroko Konfederazio Hidrografikoak txostena egin duenik.

–Europar Batasunaren intereseko habitatak, flora eta landaredia. IEAren ingurumen inbentarioan ez da aipatu parke eolikoaren eremuan intereseko florarik baden ala ez, eta ez dira deskribatu hura detektatzeko egindako lanak eta erabilitako metodologia.

IEAn zenbait landaredi unitate definitu dira proiektuaren eremuan, oinarritzat hartuz kontsulta bibliografikoa eta kartografikoa, airetik ateratako argazkien azterketa, landa laginketak eta argazki-interpretazioaren bidezko doikuntza. Definitutako unitateak hauek dira: gatz estepak, sastrakadi halohigrofiloa, sastrakadi halonitrofiloa, zurezko laboreen sailak, belarkien alorrak, Alepo pinuen pinudia eta ur bazterretako landaredia. Unitate horiek IEAn deskribatu dira, eta eranskin kartografikoan kartografiatu dira, 1:15.000 eskalan; tesela ez-emankorrak eta ur laminak ere ageri dira (X. eranskina). Aurkeztutako kartografiaren arabera, parke eolikoa eta energia ateratzeko lur azpiko linea egitearen ondorioak pairatuko dituzten azalera guztiak zurezko laboreen sailek eta belarkien alorrek okupatzen dituzte.

Hala ere, Nafarroako aprobetxamendu eta laboreen maparen arabera (2019), 1:25.000 eskalan, parkeko bideetako batzuk, biratzeko bideak barne, larre edo larre-sasi gisa kartografiatutako eremuetan proiektatu dira.

IEAk obra zibila egitearen ondorioz landaredian izanen den eragina deskribatu du, hondatu eta desagerrarazi eginen baita. Eragina neurtu da, parke eolikoa osatzen duten elementuek ukitutako azalerak kalkulatuz. Belarki alorren 60.566,01 m² eta zurezko labore sailen 1.140,09 m² ukituko dira. Energia ateratzeko lur azpiko hodia egitearen ondorioz landaredian sorraraziko diren eraginak ez dira identifikatu, ez neurtu, ezta baloratu ere. IEAn ez da neurtu ezpondetan, bide ertzetan, abelbidean eta energia ateratzeko lur azpiko lineak Queiles ibaia zeharkatzen duen tokian landaredi naturalari eginen zaion kaltea. Landarediaren gaineko eragina bateragarritzat baloratu da. Sustatzaileak zenbait prebentzio neurri planteatu ditu landaredi naturalean eta zuhaitz elementuetan sorraraziko diren eraginak murrizteko. Halaber, landareztatze proiektu bat erantsi da (VIII. eranskina), aldatutako eremuak higaduraren aurka babesteko eta ingurumena eta paisaia lehengoratzeko. Bertan planteatu da ezpondak landareztatzea hidroereiteen bidez eta zuhaitz edo zuhaixka espezieak landatuz lehenagotik sastrakadi mediterraneoa zegoen zonetan.

Aztertutako zona biltzen duten 10 x 10 km-ko UTM laukietan, sustatzaileak Batasunaren intereseko sei habitat deskribatu ditu, horietako bi lehentasunezkoak (1310, 1510*, 1420, 1430, 6220* eta 92A0), Nafarroako Habitaten Eskuliburuaren arabera (2018ko ed.).

Sustrai Erakuntza fundazioak jendaurreko fasean alegatu duenez (aurrerantzean, Eva María Calleja Sanz andreak, Noemí Solanas Soler andreak eta Francisco Javier Méndez Fernández jaunak transkribatzen eta sinatzen dituzte Sustrai Erakuntzaren alegazioak), haize sorgailuen zonaren barruan badaude Batasunaren intereseko 1420 habitata ("Sastrakadi halofilo mediterraneo eta termoatlantikoak") eta 6220 habitata ("Larre mediterraneo xerofitikoak, urtekoak eta bizikorrak"). Sustatzaileak erantzun du aipatutako habitatak haize sorgailuen zonatik kanpo daudela, honako hauek oinarritzat harturik: Batasunaren intereseko habitat naturalen geruzan kartografiatutako habitat esparruak. 1:50.000. Nafarroako Gobernua, 1997 (idena.navarra.es).

IEAk ez du Batasunaren intereseko habitaten gaineko eraginik identifikatu.

–Fauna. IEAk faunaren inbentario bibliografikoa egin du proiektuak ukitutako 10 km-ko UTM koordenatu sistemaren proiekzio kartografikoaren laukietan (IEAren I. eranskina). 17 ornogabe espezie, 10 arrain, 11 anfibio, 17 narrasti, 125 hegazti eta 23 ugaztun zenbatu dira. Horrez gain, Pulguerko urmaelean dauden espezieak aipatu dira, batzuk Estatu mailan edo erkidego mailan katalogatuta daude, baina ez eranskineko inbentarioan jasota; esaterako, txori zezen arrunta edo mirotz zuria.

IEAk azterketa eremuan dauden eta babes kategoriaren bat daukaten zortzi espezie aipatu eta deskribatu ditu, Estatu mailako babesa zein erkidegokoa (254/2019 Foru Dekretuaren araberako katalogazioa aintzat hartuz): mazkar arantzaduna, sugandila buztangorria eta espartzudi sugandila, amiltxori arrunta, mirotz urdina, ganga iberiarra eta uretako arratoia. Estatu edo erkidego mailan katalogatutako espezie batzuk ez dira aipatu, Pulguerko urmaeleko Kontserbazio Bereziko Eremuko formulario estandarizatuan jasoak: txori zezen arrunta, mirotz zuria, Dupont hegatxabala (I. eranskineko inbentarioan jasoa, katalogaziorik gabe) edota bisoi europarra.

Azterketan lau fauna unitate edo lau fauna habitat ere deskribatu eta kartografiatu dira (X. eranskina, 07 planoa): alorren mosaikoa, gatz lautadak, pinudiak, eta uretako eta ur bazterretako ingurunea. Bertan espezie katalogatuak ere aipatu dira: mirotz zuria eta sai zuria.

IEAko II. eranskinean sustatzaileak hegazti faunak espazioa urteko ziklo osoan erabiltzeari buruzko azterketa aurkeztu du, Nafarroako haize parkeetarako baimena arautzen duen maiatzaren 8ko 56/2019 Foru Dekretua dela bide eskatzen ahal dena.

Abifaunari dagokionez, Gurelur elkarteak jendaurreko fasean alegatu du abifaunaren azterketak ez duela jaso aztertutako aldiaren datarik, ez dituela emaitzak argi jaso, ez dakarrela planorik, eta araudiz eskatutako zenbait datu ez dituela eman. Kontsulta fasean Ingurumen Eraginaren Atalak emandako txostenean adierazi da ezen, emaitzak aztertzea errazteko, abifaunaren urteko ziklo osoko azterketak atal horrek prestatutako protokoloetan ezarritakoa jarraitu behar duela. Protokolo horiek sustatzaileari helarazi zaizkio. Hain zuzen ere, landa emaitzak tauletan jasoko dira, eta, aztertutako parametro bakoitzeko (hegaldien tasak eta arriskuko altuerak), taula bakarrean integratuko dira espezieen, behaketa puntuen eta aldi fenologikoen araberako emaitzak. Eranskin kartografikoak ere atxikiko dira, espezieen edo espezie taldeen arabera, intereseko espezieek zonako aire eremua nola erabiltzen duten interpretatzeko lagungarriak badira. Ingurumen eraginaren ebaluazio arruntari ekiteko eskaeran aurkeztutako IEAn sustatzaileak abifaunaren azterketa aldatu zuen, Ingurumen Eraginaren Atalak emandako txostenari erantsitako protokoloan ezarritakora egokitzeko.

Sustatzaileak deskribatutako metodologiaren arabera, abifaunak espazioa erabiltzeari buruzko azterketak 2021-01-16tik 2022-01-10era arteko tartea hartu du, eta tarte horretan 85 irtenaldi egin dira. Zortzi behaketa puntu erabili dira; horietako lau haize sorgailuak ezartzeko eremuan daude, hautatutako hiru kokalekuetan eta 1. haize sorgailuaren alternatiben azterketan baztertutako kokalekuan, hain zuzen. Beste lau puntuak energia ateratzeko linearen trazaduran daude, Pulguerko urmaelaren iparraldean (2 puntu) eta Cardeteko idoiaren inguruetan. Horrez gain, zona horretako hegazti komunitatea ezaugarritzeko beste metodologia batzuk ere erabili dira: hegazti gautarren eta ilunabartarren berariazko errolda; trantsektu finlandiarra, 1 kilometro luze, 25 metroko zerrendarekin; trantsektuak ibilgailuan eta behaketa puntuak estepako hegaztiak detektatzeko; eta bisitak Naumann belatzaren kolonietara. Azterketak hegaldi tasa eta talka egiteko arriskua kalkulatu ditu espezie bakoitzerako. Horretarako, kontuan hartu dira haize sorgailuen dorrearen kokagunearen inguruan 250 metroko erradioan egindako hegaldiak, eta hegaldien hiru altuera-tarte: 0-25 m, 25-205 m eta 205 m-tik gora.

Maiztasunari dagokionez, azterketak hegaldi tasa handiak antzeman ditu sai arrearen eta zikoina zuriaren kasuetan, batez beste orduko 35,09 eta 21,89 gurutzatze, hurrenez hurren. Behaketa puntu batzuetan 65,57 eta 63,08 gurutzatze/ordu ratiora iritsi dira saiaren kasuan, eta 37,52 eta 33,78 g/h zikoinaren kasuan. Ondoren datoz mendebaldeko zingira mirotza, batez beste 5,81 g/h (gehienekoa: 6,56 g/h), koartzatxo itzaina: 4,35 g/h (gehienekoa: 5,23 g/h), miru beltza: 3,14 g/h (gehienekoa: 9,77 g/h), ganga azpibeltza: 0,94 g/h (gehienekoa: 2,27 g/h), miru gorria: 0,39 g/h (gehienekoa: 0,46 g/h), atalar arrunta: 0,32 g/h, arrano txikia: 0,27 g/h eta arrano beltza: 0,26 g/h.

Talka egiteko arriskuaren azterketari dagokionez, hegaldi tasa handiena duten bi espezieen kasuan 5.190 aldiz ikusi da zikoina zuria urteko zikloan zehar, eta horietatik % 71,06tan (3.688 aldiz) arrisku eremuan sartu da (haize sorgailuen kokalekutik 250 m baino gutxiagora). Aintzat hartu behar da proiektatutako parke eolikoaren eremuan kokatutako lau behaketa puntuetatik espezie horren 5.006 behaketa izan direla; horrenbestez, arrisku zonaren barruko 3.688 gurutzaketek haize sorgailuak ezarriko diren eremuan erregistratutako hegaldi guztien % 73,68 hartzen dute. Haize sorgailuekiko gurutzaketa guztietatik % 65,59 (2.419) palekin talka egiteko altueran izan ziren. Sai arrearen kasuan, haize sorgailuak jarriko diren eremuan erregistratutako 8.130 hegaldietatik % 65,76 (5.346) proiektatutako kokalekuetatik 250 m baino gutxiagora erregistratu ziren. Horietatik % 90,95 (4.862) talka egiteko altueran suertatu ziren.

Estatu zein erkidego mailan (563/1995 Foru Dekretua) katalogatutako hegaldi tasa handieneko espezieen kasuan, talka egiteko arriskuaren azterketari dagokionez, IEAk erregistratu du miru gorria 90 aldiz ikusi dela, horietatik % 84,44tan (76 hegaldi) arrisku zonan sartu dela (proiektatutako kokalekuetatik 250 m baino gutxiagora), % 64,47tan (49 hegaldi) talka egiteko altueran ibili dela eta %31,58tan (24) palen ekortze azaleraren azpitik egin duela hegan (25 metrotik behera). Abifaunaren azterketan erregistratu denez, 258 aldiz behatu da ganga azpibeltza haize sorgailuak ezartzeko zonan, eta % 77,52tan (200) arrisku zonan sartu da (proiektatutako kokalekuetatik 250 m baino gutxiagora); haize sorgailuekin gurutzatu den aldietatik % 61,00tan (122 aldiz) talka egiteko altueran ibili da, eta % 39,00tan (78 aldiz) 25 metroko altueratik behera. Mendebaldeko zingira mirotza 970 aldiz ikusi da haize sorgailuak ezartzeko zonan kokatutako behaketa puntuetatik. % 68,04tan (660 aldiz) arrisku zonan sartu da, eta horietatik % 66,82tan (441 aldiz) 25 metroko altueratik behera ibili da; gainerakoetan, % 33,18tan (219 aldiz), talka egiteko altueran ibili da. Haize sorgailuak ezartzeko zonan arrano beltza ikusi den 44 aldietatik % 45,45etan (20 aldiz) arrisku zonan ibili da; haize sorgailuekin gurutzatu den aldietako % 75etan (15 aldiz) talka egiteko altueran ibili da.

Estatu edo erkidego mailan katalogatutako (563/1995 Foru Dekretua) espezie ezohikoago batzuen talka arriskuaren azterketari dagokionez, zikoina beltza 26 aldiz ikusi da migrazio paseetan; % 96,15etan (25 hegaldi) arrisku zonatik igaro da (proiektatutako kokalekuetatik 250 m baino gutxiagora), eta % 100etan talka egiteko altueran ibili da. Sai zuriarekin 18 kontaktu izan ziren, eta horietatik % 77,78tan (14) arrisku zonan sartu zen, proiektatutako kokalekuen alboan; horietatik % 92,86tan (13) talka egiteko altueran egin zuen hegan. Sai beltzak ere pareko zifrak izan zituen: orotara 17 kontaktu, horietatik % 76,47 (13) arrisku zonan; % 92,31tan (12) talka egiteko altueran egin zuen hegan. Koartzatxo txikiaren kasuan 16 erregistro izan ziren haize sorgailuak ezarriko diren eremuan; 5 hegalditan arrisku zonara sartu zen (proiektatutako kokalekuetatik 250 m baino gutxiagora) eta horietako batean talka egiteko altueran ibili zen (% 20,00). Mirotz zuriaren kasuan 9 behaketa eskuragarrietatik zazpitan arrisku zonan sartu da, eta zazpietan 25 metroko altuera baino beherago egin du hegan. Koartza gorriaren zazpi behaketetatik batean arrisku zonaren barruan eta errotore hegalekin talka egiteko altueran egin zuen hegan. Lau arrano arrantzale detektatu ziren, eta horietako hiruk talka egiteko arriskua zuen ibilbidea egin zuten. Eguzki arrano iberiarraren bi ale gazteren eta Bonelli arrano baten behaketak ere erregistratu dira; arrisku zonako eta talka egiteko altuerako hegaldiak egin zituzten. Bi belatz handiren hiru hegaldi ere ikusi dira talka arriskuko altueretan.

Aztertutako eremuan Estatu edo erkidego mailan katalogatutako beste espezie batzuk ere ikusi dira (563/1995 Foru Dekretua); batez ere Pulguerko urmaeleko KBEari lotutako hegazti urtarrak dira, eta tartean ardeidoak nabarmendu behar dira, esaterako txori zezen arrunta; neguan ale bat ikusi zen, eta udaberrian ar bat urmaelean kokatuta. Amiltxori txikia: Hiru ar kokatuta udaberrian. Koartzatxo karramarrozalea: udaberrian ale heldu bat lotan El Culebreteko kolonia mistoan. Amiltxori arrunta: 6-7 habia El Culebreteko kolonian eta beste bat Cardeteko idoian, eta migrazio paseetan kuliska txikiak eta bernagorri arruntak ikusi dira. Ez da espezie horien hegaldirik ikusi haize sorgailuak jartzeko zonan, baina adierazi da askok gauez eta/edo ilunabarretan ibiltzeko ohiturak dituztela. Parke eolikoaren inguruetan Dupont hegatxabalaren presentzia ere antzeman da; udaberriko hiru kontaktu erregistratu dira haize sorgailuen kokalekuen alboko eremuetan. Arrisku zonan ez da hegaldirik erregistratu.

IEAn interes berezia edo babes bereziko araubidea duten espezie katalogatuen talka arriskua aztertu da (563/1995 FD); hegaldi tasa handienekoen artean, kurrilo arruntaren 1.574 behaketa erregistratu dira haize sorgailuak jartzeko eremuan, eta horietatik % 27,57 (374) arrisku zonan sartu ziren (proiektatutako kokalekuetatik 250 metro baino gutxiagora); ia denek, % 99,08k (430), talka egiteko altueran egin zuten hegan. Haize sorgailuak jartzeko eremuan koartzatxo itzainaren 811 behaketa erregistratu ziren, eta % 46,12tan (374) arrisku zonaren barruan ikusi zen; horietatik % 20,05etan (75) talka egiteko altueran egin zuen hegan. Miru beltza 832 aldiz ikusi zen; % 66,83tan (556) arrisku zonan sartu zen eta % 85,07tan (473) talka egiteko altueran egin zuen hegan. Atalar arrunta 87 aldiz ikusi da; % 70,11tan (61) arrisku zonan sartu zen; gehienetan (% 91,80) 25 metrotik behera antzeman zen, eta 5 aleko familia talde batek (% 8,20) talka egiteko altueran egin zuen hegan. Arrano txikia 73 aldiz ikusi da. Aldi guztietatik % 75,34tan (55) arrisku zonaren barruan ibili da; horietatik % 70,91tan (39) talka egiteko altueran egin du hegan. Proiektatutako kokalekuen eremuko behaketa puntuetatik 16 aldiz ikusi da koartza hauskara; % 68,75etan (11) arrisku zonan sartu da eta hegaldi horietako zazpi (% 63,64) talka egiteko altueran izan dira. Haize sorgailuak jartzeko eremuan belatxinga mokogorriaren hainbat hegaldi ere erregistratu dira; orotara erregistratutako 1.019 behaketetatik 854 (% 83,81) arrisku zonan izan dira, eta % 33,61 (287), berriz, arriskuko altueretan.

Katalogatu gabeko edo babes bereziko araubiderik ez duten tamaina ertain edo handiko beste espezie batzuek ere hegaldi tasa garrantzitsuak dituzte, esaterako kaioak (El Culebreteko hiri hondakin solidoen tratamendurako zentroarekin eta Pulguerko urmaeleko KBEarekin lotuta) edota hegabera europarrak. Antxeta mokogorriaren kasuan kalkulatutako batez besteko hegaldi tasak hauek dira: 21,35 gurutzaketa/ordu; kaio hankahoria: 3,42 gurutzaketa/ordu; kaio iluna: 7,87 gurutzaketa/ordu. Talka egiteko arriskuko altuerako hegaldien ehunekoak hauek dira: % 58,71 (n = 637 hegaldi), % 82,87 (150) eta % 65,71 (23), hurrenez hurren. Hegabera europarraren hegaldi tasa 1,43 gurutzaketa/ordu izan zen, eta % 87,50etan (49) talka egiteko arriskuko altueran egin zuen hegan.

Trantsektu finlandiarraren emaitzetan oinarrituz kalkulatutako paseriformeen biodibertsitate indizeek Margalefen aberastasun indize handia eman dute (5,48±0,82) eta Shannon-Wienerren dibertsitate indize ez horren handia (2,62±0,71); batez besteko dentsitatea 174,87±186,31 hegazti/10 ha da. Azterketak definitu duenez, azterketa eremua aberatsa da hegazti arruntetan.

Abifaunaren azterketak adierazi du aztertu den eremua migraziorako eta negu pasarako leku garrantzitsuan dagoela, Ebro ibarraren barruan kokaleku geografiko estrategikoa duelako, geomorfologia irekia duelako goragune txikiekin, eta horrek termikoak osatzen laguntzen duelako, eta hegaztiek elikatzeko, atseden hartzeko eta babesteko inguru aproposa delako.

Saguzarrei dagokienez, kiropteroen inguruan egindako urteko zikloko azterketak (IEAren II. eranskinean jaso da) ondorioztatu du zonan ez dagoela kiropteroentzako babesgune naturalik; hala ere, pitzaduretako zenbait espezie antropofilorentzat badu nolabaiteko interesa ehizarako gune modura, aldi jakin batzuetan ureztatzeko nekazaritza lanetan sortutako putzuei lotutako intsektuak aurkitzen dituztelako. Gutxienez 10 saguzar espezie aurkitu dira, jarduera orokor nahiko apalekoak: 10,6 hegaldi/grabazio ordu, nahiz eta irailean tasak gora egin duen 18 hegaldi/grabazio orduko kopururaino. Hegaldien % 95 Cabrerako saguzarrek, saguzar arruntek edo Kuhl pipistreloek egin dituzte. Mendiko saguzarren (0,15 h/h) eta gau saguzar handien presentzia ere antzeman da irailean eta urrian (0,13 h/h); biak oso zaurgarriak dira haize sorgailuen aurrean; horrez gain, Schreibers saguzarren noizbehinkako presentzia ere antzeman da; espezie zaurgarri gisa katalogatuta dago.

Faunan identifikatutako eraginen deskribapen eta balorazioan, IEAk bateragarritzat jo ditu faunen habitatetan izanen den eragina eta faunari sortutako eragozpenak obrak egiteko fasean; fase horretan, kiropteroentzat garrantzitsuak diren habitatak galtzea ez da esanguratsutzat jo. Ustiapen fasean faunari sortutako eragozpenak ez esanguratsutzat jo dira eta konektagarritasuna galtzea eta hesi efektuko eraginak moderatutzat jo dira, baita haize sorgailuekin talka egiteagatik hegazti eta saguzarrek izanen duten hilkortasuna ere.

Eranskin gisa jasotako abifaunari buruzko azterketak ondorioztatu du proiektatutako makina kopuru txikiak, haien arteko distantziak eta energia ateratzeko lur azpiko lineak hobetu eginen dutela iragazkortasuna eta murriztu eginen dutela abifaunarentzako konektibitate galera. Hala ere, azterketaren arabera, zenbait faktore direla medio, aztertutako eremua oso garrantzitsua da hegazti espezie askorentzat. Besteak beste, iragar daitezkeen elikadura iturri garrantzitsuak daude, inguruetan hezeguneak daude, erabilerak askotarikoak dira eta nekazaritza ingurunean baliabide trofikoen eskuragarritasuna handia da.

Azterketan parkeak espezie bakoitzean izanen dituen ondorioak aztertu dira. Hegazti urtarrei dagokienez, azterketaren arabera El Labrador parke eolikoak espezie ugariengan soilik izanen du eragina, eta espezie migratzaileen gaineko benetako eragina ezin da baloratu landa datu gutxi daudelako. Eragina txikia, oso txikia edo hutsala baloratu da hauen kasuan: txori zezen arrunta, amiltxori txikia, amiltxori arrunta, koartza gorria, koartzatxo txikia, koartzatxo itzaina, koartzatxo karramarrozalea eta zikoina beltza. Zikoina zuriaren gaineko eragina handia izanen dela aurreikusi da, baina espezie horren gaur egungo populazio dinamikari ez zaio larriki kalte eginen. Kaio hankahoriaren eta antxeta mokogorriaren kasuetako kaltea ertaina izanen dela baloratu da; kaio ilunaren eta europarraren kasuan txikitzat jo da. Hegazti harrapariei dagokienez, ez da eragin handirik aurreikusi miru gorriaren kasuan eta honako hauei eraginen zaien kaltea txiki, oso txiki edo ez esanguratsutzat jo da: sai beltza, sai zuria, arrano beltza, Bonelli arranoa, mirotz zuria eta urdina, Naumann belatza, eguzki arrano iberiarra, belatz handia eta arrano arrantzalea. Azterketan miru beltzari, mendebaldeko zingira mirotzari eta arrano txikiari eraginen zaien kaltea ertaina dela baloratu da. Sai arrearen gaineko eragina handitzat jo da. Azterketak proposatu du abere hilak uzteko Los Royalesko gunea lekuz aldatzea eta aldaketak egitea (ez dira zehaztu) El Culebreteko hiri hondakin solidoen tratamendu plantaren baliabideen kudeaketan, sai arrearengan eta, batez ere, harrapari nekrofago hertsi edo fakultatiboengan izanen duen eragina arintzeko. Abifaunaren azterketan ondorioztatu da ganga azpibeltza dela estepako hegaztien artean kaltetuena eta garrantzitsuena, baina ez da baloratu edo neurtu espezie horretan izanen den eragina. Alternatiben azterketan baztertutako LAB-01 haize sorgailuaren kokalekua jotzen da gatazkatsuentzat. Dupont hegatxabalari dagokionez, abifaunaren azterketaren arabera habitat egokia duten bi zonen arteko edozein hesi eragozpen izan daiteke mugitzeko edo finkatzeko, edota, are gehiago, aleren baten heriotza eragiten ahal du. Atalar arruntari eraginen zaion kaltea txikitzat jo da, eta belatxinga mokogorriaren kasuan, berriz, ertaintzat.

Eranskin gisa gehitu den saguzarrei buruzko azterketaren ondorioetan aurreikusi da parke eolikoak eragin moderatua izaten ahal duela hiru Pypistrellus espezieetan; izan ere, espezie ohikoenak dira, eremu irekietan egiten dute hegan eta askotan hilda aurkitu dira Nafarroako eta Europako parke eolikoetan. Gainerako espezieetan ez da eraginik espero, baina arreta jarri beharko zaio hilkortasunaren jarraipenari, animalia asko edo espezie ezohikoagoak hiltzen badira. Azterketan ingurumena zaintzeko plan xehatua garatzea gomendatu da, kiropterofaunaren hilkortasuna ezagutzeko. Hilkortasun handia erregistratuz gero edo katalogatutako espezieak ukituz gero, komenigarria izanen da haize sorgailuak martxan jartzeko abiadura handitzeko aukera aztertzea saguzarren hilkortasun handieneko aldietan.

IEAk zenbait prebentzio neurri proposatu ditu faunari, bideetan ibiltzean ibilgailu eta makineriaren abiadura mugatzeari, obren aurretik prospekzioak egiteari eta lanak aldi batera mugatzeari dagokienez, ugalketa eta hazteko garaitik kanpo egiteko. Parke eolikoaren inguruetan dagoen txerri ustiategian abere hilak jasotzeko edukiontzi hermetikoak jartzea proposatu da. Parke eolikoa martxan jarri ondoren hilkortasun handia dagoela egiaztatuz gero, neurri zuzentzaile osagarriak jartzea proposatu du sustatzaileak. Neurri horiek ez dira abifaunari dagokionez zehaztu. Kiropteroei dagokienez, hilkortasun nabarmena antzemanez gero, inplikatutako turbinak martxan jartzeko abiadura handitzea aholkatu da, 6 m/s-ra, abuztutik irailera arteko gauetan. Prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren, hesi efektuaren eta konektagarritasuna galtzearen hondar eragina bateragarritzat jotzen da eta haize sorgailuekin talka egitearen ondorioz hegazti eta saguzarren hilkortasuna moderatutzat jotzen jarraitzen da.

IEAk abifaunarekin lotutako neurri osagarriak proposatzeko kapitulua jaso du, betiere administrazio eskudunak onartuz gero. Gehienez 10 ha-ko lurzatiak hautatzea planteatu da, ganga azpibeltzaren habitata hobetzeko ekintzak egiteko; tarte horretan lehorreko belarki alorrak izanen dira urte eta aldiko aukeran, iraupen luzeko lugorriak utziz, eta herbiziden erabilerak debekatuta. Sustatzaileak, horrez gain, Pulguerko urmaelean ardeidoentzako habitata hobetzea ere jaso du, ur xafla eta lezkadia kudeatuz eta urmael berria edo ur puntuak sortuz KBEaren inguruetan. Txori zezen arruntaren populazioaren jarraipenerako azterketa handitzea iradoki da, beste hezegune edo aldi batzuetara hedatuz, eta linea elektrikoak zuzentzea, babesak behar bezala isolatuz eta kableak balizatuz. Kapitulu horretan Los Royalesko abere hilen gunea lekualdatzeko neurria ere jaso da, harrapari nekrofagoen (hertsiak eta fakultatiboak) talka egiteko arriskua murrizteko.

Paisajes y Viñedos de Navarra elkarteak alegatu du IEAn ez dela aski baloratu hegaztiei eta saguzarrei sorraraziko zaien eragina eta zalantzan jarri du proposatutako prebentzio neurrien eta neurri zuzentzaileen eraginkortasuna. Horren haritik, Gurelur elkarteak proiektuak abifaunaren azterketan antzemandako espezie katalogatu batzuetan izanen duen eragina nabarmendu du, eta ondorioztatu du KBEaren, alorren eta zabortegiarekin lotutako hegazti mehatxatu eta babestuen gaineko eragina oso handia eta onartezina izanen litzatekeela. Faunaren gaineko eraginaren inguruan Sustrai Erakuntza fundazioak egindako alegazioak errepikatu egin dituzte Erriberako Ekologistak Martxan eta Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan elkarteek. Abifauna katalogatuko zenbait espezietan proiektuak izanen duen eragina ere aztertu dute beren idazkietan, eta instalazio eolikoen eraginaren inguruan argitaratutako zenbait azterketa zientifikori egin diete erreferentzia, ez soilik hilkortasun zuzenaren ondorioz, baita lurraldeen banaketan (mirotza) edo gertuko populazioen desagertze tasetan (Dupont hegatxabala) ere. Alegazioek zalantzan jarri dute lanak hasi aurreko azterketak eraginkorrak ote diren parke eolikoek abifaunan izanen dituzten ondorioen aurreikuspenean eta balorazioan, eta eskatu da arduraren printzipioa aplika dadila, mehatxatutako hegazti harraparien jarduera handiko eremuetan parke eolikoak instalatzea saihestuz. Faunaren gaineko eragina murrizteko proposatutako neurri zuzentzaileen eraginkortasuna ere zalantzan jarri da idazkietan. Ekologistak Martxan elkartearen alegazioek argudiatu dute, halaber, ez duela zentzurik parke eolikoa izapidetzen jarraitzeak, haien planteamenduek bat egiten baitute Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 22ko 292E/2021 Ebazpenean adierazitakoekin; horren bitartez, proiektua kokatu nahi den lurzati berean baliabide eolikoa neurtzeko dorre bat instalatzeko ingurumen eraginen baimena ukatu da.

Nafarroako Gobernuko Ingurumen Eraginaren Atalak, ukitutako administrazioei kontsulta egiteko fasean, jakinarazi du haize sorgailuak Pulguerko urmaeleko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) mugatik gertu proposatu direla; eremu horretan kontserbatu beharreko balioen artean hegazti urtarrak eta estepako paseriformeen komunitatea daude, eta estepako abifaunaren kontserbaziorako garrantzitsuak diren lekuen artean eta horietatik gertu daude; leku horiek basoilo txiki arruntaren, ganga azpibeltzaren, mirotz zuri eta urdinaren, Dupont hegatxabalaren, Naumann belatzaren eta ganga iberiarraren presentzia dute ezaugarri. Aipatutako txostenean ohartarazi denez, parke eolikoan intereseko hegaztien joan-etorri nabarmena dago, hezeguneei lotutako hegaztien komunitate zabala dagoelako, mendiko untxien dentsitate handia dagoelako eta horrek harrapari handien presentzia sustatzen duelako, aurreikusten ahal diren elikadura puntuek erakarritako hegazti sarraskijaleen eta oportunisten joan-etorri handia dagoelako eta nekazaritza eta estepa inguruneetara lotutako hegaztientzako onak diren habitatak eta biztanleguneak daudelako. Hegazti espezie horietako asko Estatu edo erkidego mailan katalogatuta daude. Txostenak ondorioztatu duenez, aurreikusten ahal da proiektuak ondorio esanguratsuak izatea fauna katalogatuan edo babes bereziko araubidea duen faunan, habitata galtzeagatik zein talka egitearen ondoriozko hilkortasun zuzenagatik.

–Naturagune babestuak eta Natura 2000 Sareko eremu babestuak. Haize sorgailuen kokalekuak Pulguerko urmaeleko Kontserbazio Bereziko Eremuaren (ES2200041) mugatik eta Pulguerko urmaeleko Erreserba Naturalaren Inguruko Babesgunetik (RN-35) gertu daude (400-1.000 m). Erreserba hori ere Nafarroako Hezeguneen Inbentarioan jasota dago (4/1997 Foru Dekretua). 10 kilometro baino gutxiagora inbentario horretan jasotako beste hezegune batzuk daude, horietako batzuk erreserba natural gisa sailkatuak: Cardeteko idoia (ZH-08), Ur Gaziko idoia (RN-34), Navako urtegia (ZH-17), Estanquillas urtegia (ZH-11), Lor aintzira (ZH-12), Estanca urtegia (ZH-15) eta Estanca idoia (ZH-23).

Jendaurreko fasean zenbait elkartek (Paisajes y Viñedos elkartea, Gurelur, Sustrai Erakuntza fundazioa eta Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan) nabarmendu dute proiektua Pulguerko urmaeleko KBEtik gertu dagoela, eta adierazi dute proiektuak nabarmen eraginen diela Natura 2000 Sareko eremu izendatzea eragin zuten espezieei zein onetsitako kudeaketa planean definitutako kontserbazio helburuei; proiektuaren ondorioz Natura 2000 Sarearen konektagarritasuna galduko dela ere alegatu da. Horren haritik, Ingurumen Eraginaren Atalak ere txostena eman zuen kontsulta fasean eta ezarri zuen ingurumen eraginaren azterketak berariazko atal bat jaso behar zuela proiektuak Natura 2000 Sarean izanen dituen ondorioak ebaluatzeko, bat etorriz 21/2013 Legearen 35.1.c) artikuluarekin eta VI. eranskinarekin, identifikatuz, neurtuz eta baloratuz proiektuak nolako ondorioak izanen dituen eremua izendatzea eragin zuten espezie eta habitatetan, kudeaketa planean zehaztutako kontserbazio helburuetan eta eremuaren konektagarritasun eta koherentzia ekologikoan Natura 2000 Sarearen barruan. Aipatutako txostenak ondorioztatu du proiektuak ziur aski eragin esanguratsuak izanen dituela hala izendatzea eragin zuten espezieen kontserbazio egoeran eta "Pulguerko urmaeleko KBEa" Natura 2000 Sareko eremua kudeatzeko planean zehaztutako kontserbazio helburuetan (108/2016 Foru Dekretua), eta eremuen arteko konektagarritasunari eraginen diola.

IEAko eraginen balorazioa eta deskribapena dakartzan kapituluan ez dira aztertu proiektuak Nafarroako Naturaguneen Sarean (9/1996 Foru Legean definitua) izaten ahal dituen ondorioak. Proiektuak Natura 2000 Sareko eremu babestuetan izanen dituen ondorioen azterketa berariazko kapitulu batean jaso da. Sustatzailearen aburuz proiektuak ez du kalte nabarmenik eraginen Natura 2000 Sareko eremuen konektagarritasun edo jarraitutasun ekologikoan. Eragin esanguratsuen ebaluazioan soilik haize sorgailuekin talka egitearen ondorioz hegaztiak hiltzea identifikatu da; estepako hegaztiei eta, bereziki, hegazti urtarrei eragiten ahal die. Hegazti harraparien azterketan ere jaso da, baina sustatzailearen aburuz ez dira KBEko kudeaketa planaren helburu. Puntu honetan gogoratu behar dugu zingira mirotza eta mirotz zuria eremuko formulario normalizatuan jasotako hegazti harrapari katalogatuen espezieak direla, eta zingira mirotzak populazio esanguratsuak dituela KBEaren barruan, Estatu mailan dauden populazioekin alderatuta (B: % 2 - % 15). Azterketan ondorioztatu denez, "El Labrador parke eolikoko proiektuak a priori eragin esanguratsua izaten ahal du Pulguerko urmaeleko KBEaren Kudeaketa Planaren (ES2200041) helburuen arabera zaindu beharreko kontserbazio egoeran dauden hegaztien komunitateen hilkortasunean; eta hegazti harraparien taldearen hilkortasunean, proposatutako prebentzio eta konpentsazio neurrien eraginkortasun handia dela medio, aurreikusten ahal da eragin hori hein handian arintzea, eta hori planteatutako ingurumena zaintzeko programan zehar ebaluatu beharko da".

Proposatutako prebentzio neurriak, neurri zuzentzaileak eta osagarriak ebazpen honetako faunari buruzko apartatuan deskribatu dira: Los Royalesko abere hilen gunea lekualdatzea, linea elektrikoak zuzentzea, ganga azpibeltzarentzat eta ardeidoentzat habitata hobetzea eta txori zezen arruntaren populazioaren jarraipena egitea.

–Paisaia. IEAk aurkeztutako paisaiaren azterketak (V. eranskina) Espainiako Paisaien Atlasa hartu du oinarritzat, paisaia unitateak identifikatzeko eta proiektuaren eraginpean egonen den paisaiaren kalitate eta hauskortasun bisuala ezaugarritu eta neurtzeko. Paisaiaren zaurgarritasuna aintzat hartuz, IEAk kalitate ertain eta hauskortasun ertaineko zona batean kokatu du proiektua. Arroa ere aztertu da, hainbat behaketa puntutik begiratuta; horietako bakoitzetik haize sorgailuen intrusio bisuala zehaztu da.

Kalitate bisuala aldatzearen eragina eta behatokietako ikusmiren balizko kalteen eragina bateragarritzat jo dira proiektua gauzatzeko fasean. Lurralde zaurgarritasun eta intrusio bisualaren eraginak moderatutzat jo dira funtzionamendu fasean, baita paisaian sorraraziko den eragina ere, efektu metagarri eta sinergikoagatik. Sustatzaileak paisaiaren gaineko eraginari dagozkion zenbait prebentzio neurri eta neurri zuzentzaile deskribatu ditu, obra zibila egiterakoan aplikatu beharrekoak, baita lurrak egokitu eta topografikoki moldatzeko lanak ere, ezaugarri integratzaileak proiektatutako eraikinetan eta landaredia eta paisaia lehengoratzeko proiektu bat, obren fasea bukatu ondoren (V. eta VIII. eranskinak.) Kalitate bisuala aldatzearen hondar eragina moderatutzat jotzen da oraindik ere.

–Kultur ondarea. IEAk prospekzio arkeologikoko txosten bat gehitu du eranskin gisa (III. eranskina), eta bertan ezarri da proiektuak ukitutako zonan zenbait aztarnategi arkeologiko daudela, parke eolikoa ezarriko den gunean zein energia ateratzeko lur azpiko linea elektrikoaren trazaduran. Eragina LAB-02 haize sorgailuen inguruko lur mugimenduen fasean eta sarbideak sortu eta egokitzeko fasean sortuko dela aurreikusi da. Linea lur azpian sartzeko obrek ez dute eraginik izanen energia ateratzeko lineari dagokion prospekzio zerrendaren barruan dauden aztarnategietan. Ondarearen gaineko eragina dagoeneko aztertu da alternatiben azterketan, azterketa arkeologikoa egin ondoren. Proposatutako prebentzio neurri eta neurri zuzentzaileetan kontrol arkeologikoa obran bertan egitea aurreikusi da, antzemandako aztarnategien inguruko perimetro jakin batean, baita materiala azaleran jaso eta aztertzea ere, obrak hasi aurretik, eta aurkitutakoa organo eskudunari jakinaraztea. Hondar eraginaren balorazioa moderatutzat jo da.

c) Ingurumen organoaren balorazioa.

Azaldutakoa ikusita, ingurumen organo honen aburuz, ingurumen eraginaren azterketak gutxietsi egin ditu faunari sorraraziko zaizkion eraginak eta proposatutako prebentzio neurriak eta neurri zuzentzaileak ez dira aski izanen eragina arintzeko, edo ez dute komeni den xehetasun maila. Neurri horiek zehaztea eta gauzatzea ustiapen fasera arte atzeratu da; horrenbestez, ezinezkoa da neurri horien eraginkortasunaren edo proportzionaltasunaren ingurumen ebaluazio objektiboa egitea. IEAk aringarritzat jotzen ditu proposatutako neurri osagarriak eta konpentsazio neurriak; izan ere, espero den eraginkortasun handia dela medio, antzemandako eraginak nabarmen arinduko direla berresten du. Ingurumen organo honen ustez, Los Royalesko abere hilen gunea lekualdatzeak ez du eragin nabarmenik izanen El Culebreteko zabortegiak espezie sarraskijale eta oportunistetan eragiten duen erakargarritasunean. Parke eolikotik nahiko gertu dauden zonetan ganga azpibeltzarentzat eta ardeidoentzat habitata hobetzeko proposamenak ez dira askitzat jo talka egitearen ondorioz antzemandako eragina arintzeko. Zona horretako Dupont hegatxabalaren populazioari egiten ahal zaion kaltea kritikotzat jo da.

Horrenbestez, ezin da baztertu ukitutako espezie katalogatuen populazioengan eragina izanen denik, hegaldi tasa eta arrisku egoeren ehuneko handieneko espezieetan zein espezie askoz eskasago baina goiko babes kategoriak dituztenengan. Espezie katalogatuetan eragin esanguratsua izatea aurreikusten ahal da, habitata zuzenean galtzeagatik eta/edo azpiegiturak instalatu eta martxan jartzeak sorrarazitako hesi efektu eta/edo hutsune efektuagatik. Horrez gain, ezin da baztertu eragin esanguratsua sortuko denik hegazti espezie katalogatuetan, arrisku zonan hegan antzeman ez badira ere, gauez edo ilunabarretan joan-etorriak egiten badituzte (txori zezen arrunta, amiltxori arrunta, amiltxoria) edo antzematen zailagoak badira (Dupont hegatxabala). Halaber, aurreikusi da eragin esanguratsua sortuko dela babes bereziko araubidea duten beste espezie batzuengan; horiek hegaldi tasa eta arrisku egoera nabarmenak badituzte eremuan, eta martxan dauden parke eolikoetako hilkortasunaren segimenduetan agertu ohi dira. Ukitutako espezie asko Pulguerko urmaeleko KBEaren formulario normalizatuan jaso dira, Basa hegaztien kontserbazioari buruzko 2009/147/EE Zuzentarauaren 4. artikulua aplikatuz. Horrenbestez, aurreikusi da proiektuak eragin esanguratsuak izanen dituela aipatutako eremua hala izendatzea eragin zuten espezieengan eta kudeaketa planean definitutakoaren arabera kontserbatu beharreko balio naturaletan (108/2016 Foru Dekretua).

4.–Proposamena.

Espedientearen azterketa teknikoa egin ondoren, Biodibertsitatearen Zerbitzuak ondorioztatu du proiektuaren ingurumen eraginaren ebaluazio arruntaren prozedura behar bezala gauzatu dela. Aurreko guztia aintzat hartuz, ondorioztatu da aurreikusten ahal dela proiektuak fauna katalogatuan edo babes bereziko araubidea duen faunarengan ondorio esanguratsuak izatea, talka egitearen ondoriozko hilkortasun zuzenagatik zein habitata galtzeagatik; horrez gain, eragin larriak sortzen ahal zaizkie eremua hala izendatzea eragin zuten espezieei eta "Pulguerko urmaeleko KBEa" Natura 2000 Sareko eremua kudeatzeko planean zehaztutako kontserbazio-helburuei; horrenbestez, ingurumen eraginaren aurkako adierazpena formulatzea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, eta dagozkidan eskudantziak erabiliz –zehazki, honako hauek ematen dizkidatenak: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak–, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. El Labrador parke eolikoaren eta horri lotutako energia ateratzeko azpiegituren proiektuaren ingurumen eraginaren aurkako adierazpena egitea. ENEL Green Power España SLUk sustatu du proiektua, Cascanteko eta Tuterako udal mugarteetan.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

3. Ebazpen hau Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2022ko azaroaren 24an.– Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Jendaurrean jartzeko eta ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko lehen izapidearen emaitza

KONTSULTATU DIRENAK

ERANTZUN DUTENAK

Ondare Arkitektonikoaren Atala

Bai

Lurraldearen Antolamenduaren Atala

Bai

Basoak Kudeatzeko Atala

-

Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atala

Bai

Zainketa Zerbitzua (Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia)

Bai

Ingurumen Eraginaren Atala

Bai

Ureztalurren eta Lurzati Berrantolamenduaren Atala

Bai

Cascanteko Udala

Bai

Tuterako Udala

Bai

Erriberako Mankomunitatea

-

Camponuevoko Ureztatzaileen Elkartea

-

Tarazonicaren Bide Berdearen Partzuergoa

Bai

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

-

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioa

Bai

Trenbide Azpiegituren Administratzailea (ADIF)

Bai

Red Eléctrica de España (REE)

Bai

I-DE Iberdrola Redes Inteligentes SAU

-

Enagas Transporte SAU

Bai

Telefónica de España SAU

Bai

Alegatzaileak:

Moncayoko Ur Mankomunitatea.

Paisajes y Viñedos de Navarra elkartea.

Gurelur-Ingurune Naturala Babesteko Nafarroako Funtsa.

Eva María Calleja Sanz and.

Sustrai Erakuntza fundazioa.

Noemí Solanas Soler and.

Francisco Javier Méndez Fernández jn.

Erriberako Ekologistak Martxan.

Ongaiz-Zangoza aldeko Ekologistak Martxan.

Renovables del Cierzo SL.

Iragarkiaren kodea: F2216095