8. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 12a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

297E/2022 FORU AGINDUA, azaroaren 25ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Droneen Talde Espezializatua sortzen duena Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuan.

Azken urteetan piloturik gabeko aireontzi edo droneen arloan gertatu den aurrerapen teknologikoari esker, gailu horiek oso tresna baliagarriak bihurtu dira natura ingurunearen kudeaketarako. Droneak erabiliz etekin handiagoa atera daiteke giza baliabideetatik nahiz bitarteko materialetatik eta hobetu daiteke ingurunearen ezagutza, bai eta, horrenbestez, haren kudeaketa ere.

Azken hilabeteetan agerian geratu da beharrezkoa dela droneak erabiltzeko talde espezializatu bat egotea Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, natura ingurunearen kudeaketari dagozkion behar batzuei erantzun bizkorra eta eraginkorra emateko.

Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautu zuen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuak ezartzen du 3. artikuluan (Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren antolamendua) lan arloen araberako talde espezializatuak sortzen ahalko direla ingurumeneko eskumena duen departamentuko titularrak emandako foru agindu baten bidez. Ezartzen du, halaber, talde horiek Ingurumena Zaintzeko Ataleko langileek osatuko dituztela, eta haren mende egonen direla taldeen antolamendua eta funtzionamendua.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Droneen Talde Espezializatua sortzea Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuan. Hauek dira haren eginkizun nagusiak:

–Flora eta faunaren inbentario, errolda eta kudeaketa-lanetan laguntzea.

–Habitatak zaintzea –bereziki babestuak– eta kudeatzea.

–Baso-ingurunearen babesean eta ustiapenean laguntzea: mendien zaintza, kontrola eta babesa, basoberritzeen jarraipena, izurriteen zaintza, baso-suteekin lotutako lanak, baso-suteen kontrola eta aholkularitza, eta abar.

–Abelbideak kontrolatu eta kudeatzea.

–Ehiza eta arrantzaren kontrola eta populazioen jarraipena egitea.

–Larrialdietan laguntza ematea.

2. Talde espezializatu honetan sartzeko prozedura ezartzeko, ingurumenaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiaren ebazpena emanen da. Prozedura horretan bermaturik egonen da behar adinako gardentasuna eta publikotasuna, bai eta Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboko langile guztien eskubidea ere talde espezializatuan sartzeko, baldin eta taldekoa izateko eskatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3. Basozain bat talde espezializatu horretako kide izateak ez du haren atxikipena aldatuko, eta kideek zein bere barrutiari atxikita jarraituko dute.

4. Foru agindu hau Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2022ko azaroaren 25ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2217390