78. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Pelle Ttiki haurtzaindegia arautzen duen ordenantza. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2023ko urtarrilaren 18an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Pelle Ttiki haurtzaindegia arautzen duen ordenantza.

Hasierako onespenaren iragarkia 2023ko otsailaren 7ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren iragarki-taulan argitaratu zen, ondotik idazkaritzan hogeita hamar egun balioduneko epean espedientea jendaurrean jarriz. Horrela bada, jendaurreko epean ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onesten da Pelle Ttiki haurtzaindegia arautzen duen ordenantza.

Hori guztia publiko egiten da.

Arantzan, 2023ko martxoaren 27an.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

Ordenantza, Arantzako Udalaren 1-3 urte bitarteko Pelle Ttiki haurtzaindegia arautzen duena

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honek Arantzako Udalaren 1-3 urte bitarteko Pelle Tttiki haurtzaindegirako umeen inskripzioa eta kudeaketa arautzea du xede.

2. artikulua. Norendako eta zenbat toki.

1. Gurasoek edo tutoreek eskatzen ahal dute tokia, baldin eta umeak 1-3 urte bitartekoak badira.

2. Gehienez ere, 10 umeendako lekua izanen da haurtzaindegian.

3. artikulua. Eskabideak eta epea.

1. Urte bakoitzean, heldu den ikasturterako tokia gordetzeko eskabide orria maiatzaren lehengo bi asteetan aurkeztuko da.

2. Eskabideak Arantzako udal bulegoan eta haren webgunean jaso ahal izanen dira eta udalaren erregistro orokorrean edo egoitza elektroniko bidez behar bezala aurkeztuak izanen dira.

3. Arantzako Udalak bando bidez jakinaraziko du haurtzaindegian tokia gordetzeko eskabideak aurkezteko epea noiztik noizera irekiko den.

4. Umeen gurasoek edo tutoreek hurrengo ikasturteko tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu beharko dute.

5. Gutxienez 4 umek tokia gordetzeko eskabidea aurkeztu behar izanen dute haurtzaindegi zerbitzua aitzinera ateratzeko. Baldin eta ez bada gutxieneko kopuru horretara iristen, ez da haurtzaindegi zerbitzua izanen.

4. artikulua. Tokien esleipena.

1. Tokien esleipena egiteko hurrenkera aurkeztutako eskabideen sarrera dataren araberakoa izanen da.

2. Lehentasuna izanen dute aitzineko ikasturtean izena eman duten umeek.

3. Behin-behineko tokien esleipena eskatzaileei jakinaraziko zaie eta zerrenda udaletxeko iragarki-taulan eta haurtzaindegian argitaratuko da.

4. Erreklamazioak egiteko epea hamar egunekoa izanen da, behin-behineko esleipenaren jakinarazpena jasotzen den egunetik kontatzen hasita.

5. Onartuen eta itxaron zerrendan daudenen behin betiko zerrenda eskatzaileei jakinaraziko zaie eta zerrenda udaletxeko iragarki-taulan eta haurtzaindegian argitaratuko da.

5. artikulua. Epez kanpoko eskabideak.

1. Ezarritako epetik kanpo ere aurkezten ahal dira eskabideak.

2. Ondorengo epeen arabera hartuko dira kontuan eskabideak:

a) Eskabideak ikasturtea hasi baino lehenagokoak badira, ikasturte hasierarako onartua izan daiteke umea.

b) Eskabideak ikasturtea hasi eta ikasturte horretako abendua baino lehenagokoak badira, ikasturte horri dagokion urtarrilean onartua izan daiteke umea.

c) Eskabideak ikasturtea hasi eta urtarriletik aitzin egiten badira, ez da onartuko umea.

3. Eskaera horiek kontuan hartuko dira baldin eta tokia badago onarpen prozesu arruntean sortutako itxarote-zerrenda agortu ondoren. Eskabidea zein egunetan aurkeztu zen, horren ordenaren arabera esleituko dira plazak.

6. artikulua. Egutegia eta ordutegia.

1. Udalak ikasturte bakoitzerako onetsitako egutegiaren arabera arautuko da Pelle Ttiki haurtzaindegia. Horretarako, haurtzaindegiak aldez aitzinetik proposaturiko egutegia aztertu eta, hala badagokio, onetsiko du.

2. Haurtzaindegiaren ikasturtea irailean hasiko da eta uztailaren azkeneko egunetan bukatuko da.

3. Haurtzaindegia zabalik egonen da astelehenetik ortziralera.

4. Haurtzaindegiko ordutegia 9:00etatik 13:00etara izanen da.

7. artikulua. Ordainketak.

1. Haurtzaindegian matrikulaturik dauden ume guztiek dagokien kuota ordaindu beharko dute, bidezko arrazoiak direla kausa haurtzaindegira joaten ez badira ere.

2. Eskabideak egiterako momentuan horretarako emandako kontu korronte zenbakian helbideratuko du udalak hilabete bakoitzeko kuota. Hala nahi izanez gero, interesatuak zuzenean ordaindu ahal izanen dio udalari hilabete bakoitzeko kuota, helbideratu behar izan gabe.

3. Eskabidea egiteak haurtzaindegira joateko eta ikasturtean hamaika kuota ordaintzeko konpromisoa dakar berekin. Hala eta guztiz ere, udalak borondatezko bajak onartuko ditu baldin eskabidea egin zenetik gurasoetako batek lana galtzen badu, hari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik. Egoera hori egiaztatzeko, enpresaren bukaerako agiria edo egoera hori egiaztatzeko ezaugarri analogoak dituen bertze dokumentu bat aurkeztu beharko da.

4. Diru-bilketaren arduradunak gehienez ere hilabeteko epean eman beharko dio ordaindu gabeko kuoten berri udalari. Horrela bada, udalak umeari haurtzaindegitik baja emateko erabakia hartzen ahal du ondorengoaren arabera:

a) Bi kuota ordaindu gabe utziz gero, idatziz eginen zaio errekerimendua familiari.

b) Hiru kuota ordaindu gabe utziz gero, baja emanen zaio umeari haurtzaindegian.

8. artikulua. Tarifak.

Udalak onetsiko ditu tarifak 1-3 urteko umeendako Pelle Tttiki haurtzaindegiko zainketa eta egonaldi zerbitzua emateko prezio publikoak arautzen dituen arau fiskalean.

9. artikulua. Funtzionamendua.

1. Umea onartzen dela jakinarazten denean haurtzaindegiko arduradunek gurasoei edo tutoreei ikasturteko plangintza azalduko diete.

2. Urtean behin, gutxienez ere, berrikusiko dira helburuak, programak eta zerbitzuak guraso edo tutore eta haurtzaindegiko arduradunekin.

3. Haurtzaindegira huts egiteak bertako arduradunei jakinaraziko zaizkie; justifikatzen ez direnak tokia galtzeko bide izan daitezke.

10. artikulua. Higiene eta osasun arloko arauak.

1. Haurtzaindegiko arduradunek aztertuko dituzte tokiko osasun baldintzak, eta antzematen dituzten akats edo arazoen berri emanen dute, konpondu edo kontrolatzeko neurri egokiak ezar daitezen.

2. Sartzen direnean, hala badagokio, pediatraren osasun txostena ekarri beharko dute, umeen osasun fisikoari eta psikikoari buruzkoa. Haurtzaindegiko arduradunek baloratuko dituzte arazo edo akats fisiko eta psikikoak, eskolan integratzeko, ahal bada.

3. Ez da onartuko haurtzaindegian umeak egotea, sukarra edo eritasun kutsakorrak badituzte. Ume bat eri dagoela ohartuz gero, haren guraso, tutore edo arduradunei jakinaraziko zaie berehala, laster batean haurtzaindegitik ateratzeko eta, jasotzeko unean, sukarra egiaztatuko da parametro pediatrikoen arabera.

Sukarra izateagatik haurtzaindegitik atera behar izan den umeari ez zaio itzultzen utziko baldin eta biharamuna ez bada edo, hala badagokio, ez badira 24 ordu iragan eskola horregatik utzi zuenetik.

4. Debekatua dago edozein motatako sendagaiak ematea, ohikoak izan gabe gerta daitezkeen salbuespenetan izan ezik.

5. Eritasun kutsakorra izan duen umearen guraso, tutore edo erantzuleek umea artatu duen pediatraren txostena ekarri beharko dute, delako eritasuna inori kutsatzeko arriskurik ez dagoelako segurantza jasotzen duena.

6. Larrialdirik edo istripurik gertatuz gero, haurtzaindegiko arduradunek umea sorotsiko dute lehenik eta gero familiari abisatuko diote.

7. Umeak gutxieneko baldintza higieniko sanitarioetan eduki behar dira eta hala eskatuko da, bai gorputzari bai erabiltzen ohi duten arropari dagokionez.

8. Umeek azazkalak mozturik eta zaindurik ohi dituztela joan beharko dute haurtzaindegira.

9. Izurrite edo bizkarroi aroetan, umeen guraso, tutore edo arduradunek kontu handia emanen dute umeen gorputz higienean, eta arazoa konpontzeko produktuak aplikatuko dizkiete. Umeek, nahitaez, ahalik eta arroparik erosoena eraman beharko dute, eta kontuan hartu beharko da galtzak, botoiak, gerrikoak eta abar traba direla umeak arropa aldatzeko eta mugimenduetan beren gain moldatzeko tenorean.

10. Hala badagokio, haurrek poltsa bat izan behar dute, beren izenarekin, eta horren barrenean: aldatzeko arropa guztia, zapata eta galtzerdiak barne. Arropa guztiek (berokiak, txanoak, lepokoak, etab.) markaturik egon beharko dute, umearen izen-deiturekin; galduz gero, haurtzaindegiak ez du galera bere gain hartuko. Pixoihala erabiltzen duten haurrek sorta bat ekarri beharko dute haurtzaindegira, baita toallatxoena ere; gehiago ekarri beharra dagoenean, haurtzaindegiko begiraleek abisatuko diete haurren guraso, tutore edo arduradunei.

11. artikulua. Umeen bilketa.

1. Umeen bilketa ordua aldatzen ahal da, kontuan hartuko baitira familien beharrak, hezitzaileen eta garbiketako langileen ordutegiak antolatu eta malgutzeko aukerak eta ratioak betetzea.

2. Debeku da haurtzaindegiko umeak normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jasotzea, salbuespenez ez bada; halakoetan, umeen guraso, tutore edo arduradunek ohar bat igorriko dute ikasturtearen hasieran eta hartan agertuko dira umeak jasotzeaz arduratuko direnen izen-deiturak, haurrekiko ahaidetasun maila zehaztuta. Salbuespenez normalean jasotzen ez dituzten pertsonek jaso behar badituzte, garaiz emanen zaio abisu idatzia hezitzaileari, eta halakoetan zehaztuko dira egunak, ahaidetasuna, eta haurtzaindegiko umea salbuespenez jasoko duenaren izen-deiturak.

3. Haurtzaindegiko funtzionamendua egokia izan dadin, puntualtasuna nahitaezkoa dute umeen guraso, tutore edo arduradunek umea ekartzean nahiz jasotzean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira ordenantza honen aurka dauden maila bereko edo beheragoko udal-arau guztiak edo ordenantza honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Iragarkiaren kodea: L2305049