78. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Pelle Ttiki haurtzaindegiko zerbitzuengatik prezioak arautzen dituen ordenantza fiskala. Behin betiko onespena

Arantzako Udalak, 2023ko urtarrilaren 18an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Pelle Ttiki haurtzaindegiko zerbitzuengatik prezioak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren iragarkia 2023ko otsailaren 7ko 26. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta udalaren iragarki-taulan argitaratu zen, ondotik idazkaritzan hogeita hamar egun balioduneko epean espedientea jendaurrean jarriz. Horrela bada, jendaurreko epean ez da erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu.

Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz, behin betiko onesten da Pelle Ttiki haurtzaindegiko zerbitzuengatik prezioak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hori guztia publiko egiten da.

Arantzan, 2023ko martxoaren 27an.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

PELLE TTIKI HAURTZAINDEGIKO ZERBITZUENGATIK PREZIOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA FISKALA

1. artikulua. Zerga-egitatea.

Zerga-egitatea izanen da Arantzako Udaleko Pelle Tttiki haurtzaindegiko zerbitzuak erabiltzea.

2. artikulua. Subjektu pasiboak.

Haurtzaindegian onartutako haurren gurasoek, tutoreek edo legezko ordezkariek ordaindu beharko dituzte prezioak.

3. artikulua. Karga-oinarriak.

1. Karga-oinarria umeak haurtzaindegira joaten diren hilabeteek osatuko dute.

2. Izen-ematea formalizatzeak berekin dakar ikasturteko hamaika hile oso ordaintzeko konpromisoa, erabiltzaileei egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik edo justifikatutako arrazoiengatik borondatezko bajaren kasuan izan ezik.

4. artikulua. Tarifak.

1. Tarifak ordenantza honetako I. Eranskinean ezarritakoak izanen dira.

2. Kontuan hartuko dira, halaber, ordenantza berean xedaturiko beherapenak, ikasle kopuruagatik edo familia unitate bereko hainbat ume dituztenei aplikatuko direnak. Horrela bada, ikasturtean zehar tarifak aldatuz joan daitezke baldintza hauen arabera (guztiak I. Eranskinean xedatuak):

a) Ikasturtean zehar 4 ume izanez gero tarifa bat aplikatu da.

b) Ikasturtean zehar izen-emate kopurua aldatu eta 5 ume izanez gero aitzineko tarifa jaitsi eginen da.

c) Ikasturtean zehar izen emate-kopurua aldatu eta 6 ume izanez gero, ondorengo beherapenak aplikatuko zaizkie familia unitateei:

I. Familia ugariko edo gurasobakarreko txartela aurkeztuz gero, %20ko deskontua aplikatuko zaio haurtzaindegian izena eman duen ume bakoitzagatik.

II. Familia unitate bereko 2 umek edo gehiagok izena eman badute, %20ko deskontua aplikatuko zaio ume bakoitzagatik.

3. Deskontuak bateraezinak izanen dira euren artean.

5. artikulua. Sortzapena.

Tasak haurrak udal zentroan onartzen diren egunean sortuko dira.

6. artikulua. Diru-bilketa.

Kuotak hilero ordainduko dira, banku-helbideratzearen bidez, hala badagokio, sortutako hilaren lehen hamar egunen barruan, zerbitzuak zenbat egunetan erabiltzen diren kontuan hartu gabe.

7. artikulua. Bajak.

Ikasturtean zehar gertatzen diren bajak idatziz jakinarazi beharko zaizkio udalari, eta hurrengo hilabetetik aurrera izanen dituzte ondorio ekonomikoak.

8. artikulua. Kudeaketa-arauak.

Ikasturtea hasi aitzinetik, haurtzaindegirako eskabideetan aurkeztu beharreko dokumentazioa zehaztuko da.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenen araubideari dagokion guztian, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen dira ordenantza honen aurka dauden maila bereko edo beheragoko udal-arau guztiak edo ordenantza honetan araututako gaiei buruzko xedapenak dituztenak.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean sortuko ditu ondorioak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan ezarritakoaren arabera.

I. ERANSKINA

Tarifak:

1.–HILABETEKO KUOTAK

Ume kopurua

Zenbatekoa umeko

4 umetik aitzin

250 euro

5 umetik aitzin

200 euro

2.–BEHERAPENAK

Ume kopurua

Beherapena umeko*

6 umetik aitzin

%20ko beherapena familia ugari edo gurasobakarreko txartela izanez gero

%20ko beherapena familia unitate bereko bi umetik aitzin izena emanez gero

(*) Beherapenak ez dira euren artean bateragarriak izanen.

Iragarkiaren kodea: L2305048