78. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

12/2023 FORU LEGEA, martxoaren 29koa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru-dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren testu bategina aldatzen duena.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ABUZTUAREN 30EKO 251/1993 LEGEGINTZAKO FORU-DEKRETUAREN BIDEZ ONETSITAKO NAFARROAKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOEN ZERBITZUKO LANGILEEN ESTATUTUAREN TESTU BATEGINA ALDATZEN DUENA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikuluaren arabera, Foru Komunitate honek, bere foru araubidearengatik, eskumen esklusiboa du Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.

Eskumen esklusibo hori baliatuz, Negoziazio Mahai Orokorrean akordio bat lortu da sindikatuekin, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina hein batean aldatzeko, gai hauei dagokienez: graduaren erregulazioa, lanbide karrerari dagokion oinarrizko lansari pertsonal gisa, ez da aldi baterakoa izanen aurrerantzean, arauaren artikuluetan jasoko baita; gehitzen da igoera txanda murriztuan parte hartzeko aukera langilea borondatezko eszedentzian egonda ere, deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu batean zerbitzuak egiten ari denean; lanpostua 18 hilabetez gordeko zaie Administrazio Publiko horretan nahiz beste batean zerbitzuak egiteko borondatezko eszedentzia hartzen duten funtzionarioei; langileen atxikipen esparruaren barruan barne mugikortasuneko prozesuak bi urtean behin egiteko aukera ezartzen da; bateragarriak izanen dira Administrazio Publiko desberdinetako lanaldi partzialeko bi kontratu edo gehiago, oro har ezarritako lanaldi osoa gainditzen ez bada; lanaldi partzialeko kontratuetan lanaldia murrizteko aukera ezartzen da, murrizketa egin ondoren egiazko lanaldia erregelamenduz onetsitako lanaldi tarteetako bat bada; lanpostuaren jabetza-hartzea geroratzeko kasuak arautzen dira, lizentziaren bat (erditzea, adopzioa, adoptatzeko edo harreran hartzeko zaintza, edo ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena) hartuta duten izangaientzat, ukitutako langileek hala nahi badute erabil dezaten; antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarriak jasotzen dira, beste Administrazio Publikoentzako Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua garatzeko ezarritako baldintza berberetan; eta lanaldia murrizteko gehieneko portzentajea %99,9ra handitzen da minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko lizentzia ordaindua ematen denean.

Artikulu bakarra.–Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina aldatzea.

Bat.–13. artikulua aldatzen da. Testu hau izanen du:

"13. artikulua.

1. Aurreko artikuluak aipatutako maila bakoitzak funtzionarioek aitortutako antzinatasunaren arabera lor ditzaketen adina gradu izanen ditu.

2. Lehen aldiz sartzen diren funtzionarioak dauden mailako 1. graduan sartuko dira, non ez dagokien goragoko gradua izatea, aitortua duten antzinatasunaren arabera.

3. Graduaren hasierako esleipena kasuan kasuko Administrazio Publikoak eginen du, bere langileei antzinatasunaren ondorioetarako aitortu dizkien zerbitzu urteak kontuan hartuta. Horren ondorioetarako, Nafarroako Administrazio Publiko guztietan, aitortutako zerbitzutzat hartuko dituzte Foru Diputazioak 1981eko urriaren 29an hartutako Erabakian horrelakotzat hartutakoak.

4. Emandako zerbitzuen denbora, antzinatasunaren ondorioetarako aitortutakoa, dagokion gradua esleitzeko behar dena baino gehiago bada hasierako esleipenean, soberakoa hurrengo gradurako antzinatasun gisa kontatuko da".

Bi.–Aldatu egiten da 15. artikuluaren 1. apartatua. Testu hau izanen du:

"1. Langileak mailaz igo ahal izateko, sartzeko hautapen prozesuetan lanpostu huts batzuk erreserbatuko dira Nafarroako edozein Administrazio Publikotako funtzionarioek txanda murriztuaren bidez betetzeko. Horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Deialdiko lanpostu hutsak baino maila apalagokoak izatea.

b) Deialdian eskaturiko titulazioa izatea eta Administrazio Publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua duela egiaztatzea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, salbu eta borondatezko eszedentzian dagoen pertsona zerbitzuak egiten ari baldin bada deialdia egin duen Administrazioko beste lanpostu finko edo aldi baterako batean.

d) Hautapen proba horiek gainditzea".

Hiru.–16. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

"1. Funtzionarioek graduz-gradu eginen dute gora, gradu bakoitzean 6 urte eta 7 hilabete egin ondotik".

Lau.–17. artikulua kentzen da.

Bost.–26. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

"1. Borondatezko eszedentzia deklaratzen ahalko da, funtzionarioek eskatuta, ondoko kasu hauetan:

a) Zerbitzuak egiten hasten bada beste Administrazio Publiko batean edo langilearena ez den beste Administrazio baten menpekoa den eta berezko nortasun juridikoa duen entitate batean; betetzen zuen lanpostua hemezortzi hilabetez gordeko zaio.

Puntu honetan xedatutakotik salbuetsita gelditzen dira Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileak, baldin eta modu finkoan lan egiten badute Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideari atxikitako langileen berariazko araubidea arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legearen espezialitateen eranskineko A.1 eta A.2 5 osasun estamentuetako batean. Langile horiek borondatezko eszedentziaren modalitate hori lortzen ahalko dute bakarrik zerbitzu finkoak ematen hasten badira beste Administrazio Publiko batean edo beste Administrazio baten menpekoa den eta nortasun juridiko propioa duen entitate batean, eta interesduna gutxienez bi urtez jardunean edo egoera parekatuan egon bada, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko A.1 eta A.2 5 osasun estamentuetako batean lanpostu baten jabetza hartzen denetik kontatzen hasita.

b) Lanpostuaren jabetza hartzeko unean zerbitzuak egiten ari baldin bada beste Administrazio Publiko batean.

c) Administrazio Publiko beraren baitan, maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat, unitate organikoko burutza edo zuzendaritza direnak izan ezik, eskuratzen duen funtzionarioak bietako bat aukeratu beharko du, eta beste lanpostuan borondatezko eszedentzian deklaratzea eskatzen ahalko du.

d) Horretan interesa duenak hala eskatu ondoren, funtzionarioa borondatezko eszedentzian dagoela deklaratuko da Administrazio Publiko berean maila bereko edo desberdineko lanpostu bat aldi baterako betetzen hasten denean, eta ordura arte bete zuen lanpostua gordeko zaio hasierako hemezortzi hilabeteetan.

e) Funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartzeko unean langilea betetzen ari bada Administrazio Publiko berean maila bereko edo desberdineko beste lanpostu bat aldi baterako, funtzionario lanpostuan borondatezko eszedentzian deklaratzea eskatzen ahalko du.

f) Alderdi politiko, sindikatu edo lanbide erakundeetan zuzendaritza karguak betetzeko, funtzio publikoan aritzearekin bateraezinak badira.

g) Funtzionarioaren interes partikularrengatik. Jatorrizko lanpostua hasierako hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bide ematen badute eta interesdunak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo egoera parekatu batean aritu dela".

Sei.–32.bis. artikulua gehitzen da. Testu hau izanen du:

"32.bis. artikulua.

Nafarroako Administrazio Publikoek barne mugikortasuneko prozesuak deitzen ahalko dituzte bi urtean behin beren zerbitzuan ari diren langileen atxikipen esparruaren barruan, erregelamenduz ematen diren xedapenei jarraikiz".

Zazpi.–42. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

"42. artikulua.

Graduari dagokion ordainsaria kasuan kasuko mailako hasierako soldataren ehuneko 9ko portzentaje metagarria izanen da.

1. graduagatik ez da ordainsaririk jasoko".

Zortzi.–57. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

"3. Estatutu honen aplikazio-eremuan dauden funtzionarioek ezin izanen dute soldata bat baino gehiago jaso Administrazio, Entitate edo Erakunde Publikoen, edo horien menpeko entitate eta enpresen aurrekontuen kargura, unibertsitateetan irakaskuntza lanak egitearen ondoriozkoak izan ezik.

Debeku hori ez zaie aplikatuko lanaldi partzialeko kontratua duten langileei, eta kontratu bat baino gehiago izaten ahalko dituzte Administrazio Publiko desberdinetan, baldin eta gainditzen ez bada oro har ezarritako lanaldi osoa.

Ondorio horietarako, soldatatzat hartuko da aldizkako ordainsari oro, edozein izanik horien zenbatekoa eta izena".

Bederatzi.–59. artikuluaren 3. apartatua aldatzen da. Honela gelditzen da idatzita:

"3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira funtzionarioei lanaldiaren murrizketa onartzeko kasu eta baldintzak; haien ordainsariak proportzioan murriztuko dira. Murrizketa aplikatu ondoren, egiazko lanaldia oro har ezarritako lanaldiaren murrizketa motak, erregelamenduz onetsi direnak, aplikatzean ezarri diren lanaldi tarteetako bat izan beharko da.

Salbuespenez, genero indarkeriaren biktima diren emakumezko funtzionarioen ordainsariak osorik jasoko dira lanaldia heren bat edo gutxiago murrizten dutenean".

Hamar.–Bigarren xedapen iragankorra kentzen da.

Hamaika.–Laugarren xedapen iragankorra kentzen da.

Hamabi.–Hemeretzigarren xedapen gehigarria aldatzen da. Testu hau izanen du:

"Hemeretzigarren xedapen gehigarria.

1. Funtzionario izateko lanpostuaren jabetza hartzea edo langile lan-kontratudun finko izateko kontratua sinatzea geroratzen ahalko dute lizentziaren bat (erditzea, adopzioa, adoptatzeko edo harreran hartzeko zaintza, edo ama biologikoa ez den gurasoarentzako baimena) hartuta duten izangaiek. Kasu bakoitzean, geroratzeak etenik gabe hartzen ari den aldia amaitu arte iraunen du.

2. Izangaiak geroratzea erabakitzen badu, lanpostuaren jabetza hartzeko edo kontratua sinatzeko epea zenbatzen hasiko da interesdunak erditze, adopzio edo adoptatzeko edo harreran hartzeko zaintzagatik duen lizentzia edo baimena etenik gabe hartzen ari den aldia amaitu eta gero, edo lehenago, baldin eta interesdunak hala eskatzen badu. Nolanahi ere, erditzearen ondoko nahitaezko atsedenaldia errespetatuko da.

3. Kasu horietan, dagokion Administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da lanpostuaren jabetza hartzeko edo kontratua sinatzeko gerorapenaren epe hori. Funtzionario gisa lanpostuaren jabetza hartzeak edo langile lan-kontratudun finko gisa kontratua sinatzeak baldintzatuko dute aitorpen hori, eta horiek gertatzen direnetik hasita izanen ditu ondorioak.

4. Aurreko apartatuetan ezarritakoa aintzat hartuko da aldi baterako kontratazioak egiteko deialdietan, kontratazio horren berariazko ezaugarriek eragindako egokitzapenekin".

Hamahiru.–Hogeita hirugarren xedapen gehigarria gehitzen da.

"Hogeita hirugarren xedapen gehigarria.–Antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarriak.

1. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek eskubidea izanen dute lau opor-egun gehigarri hauek izateko: lehena, hamabost urteko antzinatasuna betetzean, eta gainerakoak hogei urtekoa, hogeita bost urtekoa eta hogeita hamar urtekoa betetzean, hurrenez hurren.

2. Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioek eskubidea izanen dute norberaren aferetarako baimen ordainduko bi egun gehigarri izateko hemezortzi urteko antzinatasuna betetzean; horri beste egun bat gehituko zaio 24 urteko antzinatasuna betetzean eta beste bat hortik aurrera betetzen diren hiru urteko.

3. Aurreko apartatuak aplikatuta ateratzen diren opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarriak gehituko zaizkie jardunean emandako urte oso bakoitzean sortzen direnei. Zerbitzualdia txikiagoa denean, antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarrien kopurua proportzioan dagozkionak izanen dira".

Hamalau.–Hogeita laugarren xedapen gehigarria gehitzen da.

"Hogeita laugarren xedapen gehigarria.–Lanaldi murrizketaren gehieneko portzentajea aldatzea, minbizia edo bestelako gaixotasun larria duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko lizentzia ordainduan.

Funtzionarioek eskubidea izanen dute lanaldia erdira murrizteko, ordainsarietan murrizketarik izan gabe, minbizia edo bestelako gaixotasun larria duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko, baldin eta zuzeneko zainketa etengabe eta iraunkorra beharrezkoa badu gaixotasunaren tratamendu jarraituan zehar, aldez aurretik ospitaleratzeko beharra izanik nahiz izan gabe. Salbuespenez, lanaldiaren murrizketa ehuneko 99,99koa izan daiteke gehienez, modu egokian frogatzen bada hura beharrezkoa dela lizentziaren helburua betetzeko".

Xedapen gehigarri bakarra.–Lanbide-karrera arautzeko arau-esparru baten proposamena.

2023an, eta langileen legezko ordezkaritzarekin batera, egun lanbide-karrera aitortuta ez duten langileen karrera arautzeko arau-esparru baten proposamen bati ekinen zaio, eta hura pixkanaka ezartzeari ere, behar besteko aurrekontu-zuzkidura dagoen heinean.

Lehen xedapen iragankorra.–Funtzionarioentzako barne igoerako txanda murriztuan parte hartzeko baldintza berrien aplikazioa.

Barne igoerako txanda murriztuan parte hartzeko baldintzen arau berriak foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera argitaratzen diren deialdietan aplikatuko dira.

Bigarren xedapen iragankorra.–Antzinatasunak eragindako opor-egun eta norberaren aferetarako baimen-egun gehigarrien aplikazioa 2023an.

Hogeita hirugarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan xedatutakoa galarazi gabe, 2023. urte osoan jardunean egonen diren langileek urte horretan hartzen ahalko dituzte antzinatasunak eragindako opor-egun eta afera partikularretarako baimen-egun gehigarri guztiak, xedapen gehigarri horren lehen bi apartatuak aplikatuta dagozkienak.

Xedapen indargabetzailea.–Arauak indargabetzea.

Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehena.–Minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko lizentzia ordainduaren gaineko arauak aldatzeko gaikuntza.

Gaikuntza ematen zaio Nafarroako Gobernuari onets ditzan, erregelamendu mailako arau baten bidez, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duen seme edo alaba adingabe bat zaintzeko lizentzia ordainduaren gaineko arauetan egiten diren aldaketak.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru-lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta Estatuko Aldizkari Ofizialera igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2023ko martxoaren 29an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2305115