77. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, arautzen dituena abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda eta haiek mantendu, garbitu eta hesitzeko betebeharrak. Hasierako onespena

2023ko otsailaren 27an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zen Ordenantza, arautzen dituena abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda eta haiek mantendu, garbitu eta hesitzeko betebeharrak.

Hala, agintzen da behin betiko onetsitako ordenantzaren testu osoa argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Tuteran, 2023ko otsailaren 27an.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA ABANDONU EGOERAN DAUDEN ORUBE ETA ERAIKINEN UDAL ERROLDA ETA HAIEK MANTENDU, GARBITU ETA HESITZEKO BETEBEHARRAK

Zioen azalpena

Testu hau emateko beharrezkoak diren eskumenak datoz, batetik, ezarrita dagoenetik Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25. artikuluan ("udalerriek hirigintzako, hiri-ingurumeneko eta osasungarritasun publikoaren babeseko eskumenak edukiko dituzte, Estatuko eta autonomia-erkidegoetako legediaren barnean") eta, bestetik, ezarrita dagoenetik lege beraren 84. artikuluan, zeinak udalak gaitzen baititu herritarren jardunean esku hartzeko, horretarako baliatuz ordenantzak. Hala, testu honen helburua da sistematizatzea, zehaztea eta eduki aldetik garatzea edozein motatako lurren eta eraikinen jabeek daukaten betebeharra horiek zaintzeko segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari zor zaizkien baldintzetan. Hain zuzen, betebehar hori jasota dago Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85. artikuluan.

Orain arte, lurren jabeen legezko betebehar hori, berez per se eska daitekeena, labur-labur zegoen jasota udal-araudian –zehazki, Bideen eta eremu publikoen garbiketari buruzko ordenantzan–. Ordenantza hori, baina, beste hau onestearekin bat indargabetu zen: Udal ordenantza, gizalegezko jokaeren sustapenari eta Tuterako espazio publikoen babesari buruzkoa.

Badakigu garbitasun- eta mantentze-baldintza txarrek eragin negatiboa dutela. Garbitasunik ez dagoenean, horrek higiene publikoari eta hiriaren irudiari kalte egiten die, eta eragiten du izurrite-fokuak sortzea, animaliak ugaritzea eta usain txarra zabaltzea. Halaber, eraikinak behar bezala zainduta ez badaude edo sastrakak kontrolik gabe hazten badira, horrek segurtasunari eta hiri-paisaiari eragiten dio. Hortaz, espazio publikoaren duintasuna bermatu nahi da, eta horretarako zer oinarrizko kontzepturi jarraitu behar zaien zehaztu. Azken batean, helburua da orube eta eraikinak mantendu, garbitu eta hesitzeko baldintzak egokitzea kalitate estandarretara eta herritarren arteko bizikidetzarik onena lortzeko eskakizunetara.

Abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda sortzen da, Udalaren egiaztapen eta kontrol lanak hobetzeko eta errazteko, eta, orobat, hiri-ingurumena hobeki zaintzeko. Errolda hori arauzko tresna bat da, balio duena, batetik, ikusteko zenbateraino betetzen duten higiezinen eta orubeen jabeek horiek zaintzeko daukaten legezko betebeharra, bestetik, betebehar hori betetzera bultzatzeko eta, kasua bada, osasun publikoari eragiten dioten jokabideak zehatzeko. Halaber, behar izanez gero, betearazpen subsidiariorako prozedura arautzen da, aplikatuz xedatuta dagoena Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 198. eta 200. artikuluetan eta Hirigintzako Diziplinaren Erregelamenduan.

Azkenik, betebehar horiek betetzen laguntzeko eta herritarrei zama arintzeko, subrogaziorako bi sistema gaitu dira, Administrazioak eskatutakoak. Lehendabizikoan, orubearen jabetza aldi baterako lagatzen da, xede publikoetarako erabil dadin, eta lagatzen den unetik aurrera Udalari dagokio hura garbitu eta behar bezala mantentzeko ardura. Bigarrenean, berriz, Udalari eskatzen zaio orubea garbi dezala urtean behin. Horretarako, eskabidea bete eta lanen kostua ordaindu behar da.

Azken batean, udal-eskumenen barruan, eta legeriak jabeei edo edukitzaileei ezarritako betebeharrak areagotu gabe, egoera txarrean dauden orube eta eraikin publiko zein pribatuen garbiketaren eta kontserbazioaren kudeaketa hobetzeko neurriak ezarri nahi dira, hiri-ingurunea egoera txarrean edukitzeak hiriarentzat eta bertako biztanleentzat dituen ondorio kaltegarriak saihesteko.

I.–ALDERDI OROKORRAK

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuterako udal-mugartean arautzea abandonu egoeran dauden orube eta eraikinen udal errolda eta egoera horretan dauden lurzatiak, orubeak eta eraikinak segurtasunari, osasungarritasunari eta apaindura publikoari zor zaizkien baldintzetan zaintzeko betebeharra, haien garbiketari, hesitzeari eta mantentzeari lotutako alderdiak erregulatuz eta zehaztuz.

2. artikulua. Definizioak.

2.1. Zer hartzen den orubetzat ordenantza honen ondorioetarako.

Ordenantza honen ondorioetarako, orubetzat hartuko dira, oro har, hiri-lurzoru finkatutzat edo plangintzan finkatu gabekotzat sailkatutako lurrak, eta, zehazki:

1) Udal-mugartean dagoen edozein eremu, baldin eta urbanizatuta badago Hiri Antolamendurako Plangintza Orokorrean ezarritakoaren arabera.

2) Egoki ezin erabili diren lurzatiak, hiri-lurzoruan daudenak, non ezin baita eraiki txikiak direlako, forma irregularra dutelako edo kokaleku txarra dutelako.

3) Indarrean dagoen obra-lizentzia izanik, lizentzia eman zenean ezarritako epean obrak hasiak ez dituzten lurrak.

4) Obra hasita ere, obra horiek geldituta eta amaitu gabe dauzkaten lurrak, salbu eta egiaztatzen bada aurreikusita dagoela lanei ekitea obra gelditu zenetik 6 hilabete baino gutxiagoko epean.

5) Hiri-izaera hartzeko prozesuan dauden lurrak, egikaritzen ari den urbanizazio-proiektu bat dela medio, baldin eta prozesu hori geldirik badago edozein arrazoirengatik.

2.2. Zer hartzen den lurzatitzat.

Lurzatitzat hartuko dira Tuterako udal-mugartean dauden lurrak, ez daudenak ordenantza honetan xedatutakoaren arabera orube izateko baldintzetan. Oro har, lurzatitzat hartuko dira Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean urbanizagarri eta urbanizaezin gisa sailkatutako lurrak.

2.3. Zer hartzen den abandonu egoeran dauden eraikintzat ordenantza honen ondorioetarako.

Ordenantza honen ondorioetarako, honako hauek hartzen dira abandonu egoeran dauden eraikintzat:

1) Erabili gabe 10 urte baino gehiago daramatzaten eraikinak.

2) Ezarritako gutxieneko segurtasun-, osasungarritasun- eta apaindura-baldintzak betetzen ez dituzten higiezinak, eta hala jasota dagoenean udaleko zerbitzu teknikoen txostenean.

3) Gaizki dauden eraikinak, hau da, egoera hauetakoren batean daudenak:

a) Bolumen aprobetxagarriaren %50 gutxienez falta duten eraikinak.

b) Kontserbazio-egoera dela eta, beren edukieraren %50 baino gehiagoan biztanlerik hartu ezin duten eraikinak.

4) Amaitu gabeko eraikinak, hau da, obrak lizentzian ezarritako gehieneko amaiera-epea gainditu ondoren gelditu dituztenak edo, amaituta egonda ere, lehen okupazioko lizentzia lortu ez dutenak.

5) Eraikinak, non behin eta berriz ez diren bete eraikina kontserbatzeko emandako betearazpen-aginduetan jasotako betebeharrak.

6) Legezko aurri-egoeran deklaratu diren higiezinak.

7) Aurreko apartatuetan deskribatutako egoeretan bete-betean egon gabe, horietako kasuren batean sartuta dauden elementu komunak edo pribatiboak dauzkaten eraikinak. Kasu horretan, erroldan zehaztu beharko da zein diren abandonu-egoeran dauden zatiak.

3. artikulua. Obligaziodunak.

Orubearen titularrari, edo orubearen legezko jabari erabilgarria duenari (baldin eta pertsona bera ez bada), dagokio legerian eta ordenantza honetan jasotako kontserbazio- eta mantentze-betebeharra.

Udalak esku hartu behar badu ez-betetzeren bat jazo delako, zuzenean eskatzen ahalko dio jabeari adierazi dezala erabiltzaile, gozamendun edo errentariren bat dagoen, erroldan sartzeko; hori guztia, jabeak ez badu aurretik jakinarazi. Udalak ordenantza honekin lotuta egin behar dituen edozein motatako errekerimenduen ondorioetarako, jabetzat hartuko da Lur-ondasunen Erregistroan jabe gisa agertzen dena, salbu eta behar bezala frogatzen bada beste titular bat badela.

Pertsona fisikoak zein juridikoak eta eskubide publikoko erakundeak ere obligaziodunak direla ulertuko da.

4. artikulua. Ikuskatzeko eskumena.

Udal-administrazioak ikuskatze- eta zaintza-lanak eginen ditu, ordenantza honetan xedatutakoa behar bezala betetzen dela bermatzeko; nolanahi ere, salaketa bat izaten ahal da garbitzeko edo hesia jartzeko espediente bat hasteko arrazoia.

Horretarako, Udalak ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzen diren egiaztatzen ahalko du, horiek betetzeko eskatzen ahalko du, edo bere gain hartu, ordezko gisa, betearazpen subsidiarioa baliatuta.

Alkatea da ordenantza honetan jasotakoei buruz ebazteko eskumena duen organoa.

II.–ABANDONU EGOERAN DAUDEN ORUBE ETA ERAIKINEN UDAL ERROLDA

5. artikulua. Orube eta eraikinen errolda sortzea.

Higiezinak mantentzeko betebeharrak betetzen direla kontrolatzeko sistematika hobetu beharrez, Udalak errolda bat sortuko du, eta bertan sartuko ditu ordenantza honen jardun-parametroen barnean diren orubeak eta eraikinak. Helburua da modu eraginkorragoan egiaztatzea ordenantzaren betetze-maila, eta zehaztea zein den ordenantzan xedatutakoa betetzeko obligazioduna.

Ordenantza hau indarrean jartzen denetik 6 hilabeteko epean, 2. artikuluan xedatutakoak eragindako orube edo eraikinen jabeek, beren borondatez, honako datu hauek ematen ahal dizkiote Udalari, datuok beharrezkoak baitira erroldan sartzeko: kokalekua, katastroko eta erregistroko datuak, abandonu egoeran dagoen ondasunaren izaera (orubea edo eraikina den), titulartasun- edo edukitze-araubidea (gozamendunak, errentariak eta abar identifikatzea, halakorik bada). Epea amaituta, ofizioz osatuko da Tuterako Udalaren eskuetan dagoen informazioa baliatuta.

6. artikulua. Erroldaren edukia.

Erroldan, etxearen, finkaren edo higiezinaren inguruabar hauek jasoko dira:

–Kokalekua.

–Higiezinaren ezaugarriak (izaera, erabilera, azalera, deskribapen laburra...).

–Katastroko eta erregistroko datuak.

–Jabearen identifikazio-datuak eta titulartasun- edo edukitze-araubidea, hala badagokio (errentariak, erabiltzaileak, gozamendunak eta abar).

–Kontserbazio egoerari buruzko oharrak.

–Segurtasun-, osasungarritasun- eta apaindura-baldintzak zer neurritan betetzen diren.

Erroldak izaera publikoa du datuen babesari buruz indarrean dagoen legeriak ukitzen ez dituen datuei dagokienez. Horrek esan nahi du kontsultatzen ahalko dela higiezin jakin bat erroldan sartuta dagoen ala ez eta titulartasun publikoa ala pribatua duen, eta Administrazioari dagozkion alderdi teknikoak ere eskura egonen dira. Aitzitik, titulartasunari eta edukitzari buruzko datu pertsonalak ezin izanen dira kontsultatu.

7. artikulua. Errolda mantentzea eta eguneratuta edukitzea.

Errolda urtero eguneratuko da.

Ondasun higiezina erroldan sartzen ahalko da ofizioz edo ondasunaren jabeak edo edukitzaileak emandako datuak baliatuta. Ekimena Udalarena bada, titularrari jakinaraziko zaio, eta hamabost eguneko epea emanen zaio dagozkion datuak emateko eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen duen guztia alegatzeko.

III.–ABANDONU EGOERAN DAUDEN ORUBE ETA ERAIKINAK GARBITZEA

8. artikulua. Hondakinak botatzeko debekua.

Debeku da jabetza publikoko edo pribatuko lurzati, orube, eraikin edo espazio libreetan zaborrak, hondarrak edo edozein motatako hondakinak botatzea, isurtzea, eta, oro har, horiek uztea dakarren ekintza oro.

Higiezinen jabeak edo edukitzaileak horiek hondakinik gabe edukitzeko daukan betebeharra gorabehera, hondakinak bota edo uzten dituenak zehapena jasoko du.

9. artikulua. Mantendu eta kontserbatzeko betebehar orokorra.

Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 85. artikuluan xedatutakoa aplikatu beharrez, orubeak eta eraikinak behar bezalako baldintzetan eduki behar dira, segurtasunaren, osasungarritasunaren, eta apaindura publikoaren aldetik. Hortaz, baldintza horiei eusteko edo horiek berriz ezartzeko beharrezkoak diren lanak egin beharko dira.

9.1. Orubeak.

Legezko betebehar hori gauzatzeak esan nahi du orubeek garbi egon behar dutela, hondakin organiko edo geldorik gabe, eta animalia edo intsektuak har ditzakeen landaredi espontaneo edo belar lehorrik gabe, horrek guztiak sute-arriskua areagotu eta usain txarrak edo jarioak eragin ditzake eta.

Ez da ordenantza honen ez-betetzetzat hartuko materialen metaketa edo biltegiratze kontrolatua, baldin eta egiten bada jarduera ekonomiko baten osagarritzat jotzen den orube batean. Edonola ere, ezinen dira metatu material erregaiak edo usainak eta jarioak eragin ditzaketenak, eta metaketa modu ordenatuan egin beharko da, hau da, gutxieneko baldintza batzuk betez segurtasunaren, higienearen, osasungarritasunaren eta kutsaduraren prebentzioaren aldetik. Orobat, Tuterako Udalari jakinarazi beharko zaio.

9.2. Eraikinak.

Ordenantza honen arabera, honako hauek hartuko dira abandonu egoeran dauden eraikinak kontserbatzeko gutxieneko baldintzatzat:

1. Segurtasun-baldintzak.

Eraikinen itxitura eta estalkietatik ezin izanen da ura igaro, eta erorketen aurkako babes-elementuak egoera onean eduki behar dira.

Egitura zaindu egin beharko da, eutsiko diola bermatzeko moduan.

Fatxadetako, estaldurako eta itxituretako estaldura-materialak – perimetralak eta baoetakoak – kontserbatu beharko dira, pertsonei eta ondasunei arriskurik eragin ez diezaieten.

2. Osasungarritasun-baldintzak.

Zerbitzu-sareak, osasun-instalazioak eta aireztapen- eta argiztapen-baldintzak egoera onean gorde behar dira.

Eraikina eta espazio libreak nahikoa garbi egon behar dute.

Ke eta partikulen emisioak murrizteko eta kontrolatzeko elementuek behar bezala funtzionatuko dute.

3. Apaindura-baldintzak.

Eraikinetako fatxadek eta horien kanpo- eta barne-elementuek, mehelinek, beirek eta baoek, hesiek eta itxiturek txukun egon behar dute, eta horretarako garbitu beharko dira, estaldurek eta materialek osorik egon beharko dute, pintatu beharko dira eta abar.

10. artikulua. Garbitzeko betebeharra.

Ordenantza honek hizpide dituen orube eta eraikinetan, garbiketa edo sastraka-kentze bat gutxienez egin beharko da urtean. Lan horiek urte bakoitzeko ekainaren 1a baino lehen egin beharko dira.

Garbiketa horretan, gutxienez, hondakin organiko eta geldoak kenduko dira, bai eta orubean edo eraikinean egon daitekeen landaredi espontaneo edo lehorra ere.

Debeku da landareak edo hondakinak erretzea orubeak eta lursailak garbitzeko sistema gisa.

Orube edo eraikin jakin baten egoerak eskatuta, Udalak, udaleko zerbitzu teknikoen txostena jaso ondoren, obligaziodunari eskatzen ahalko dio har ditzala aparteko neurri zehatzak; neurri horiek urtean behingo garbiketa eta egokitzapen lanetatik harago joanen dira. Aparteko neurri horiek, orubeen kasuan, izan daitezke, adibidez, arratoiak edo intsektuak hiltzea, obra-hondakinak kentzea, drainatzea, hustubideak garbitzea eta abar; eraikinen kasuan, berriz, hondatutako elementuak konpontzeko, ordezteko edo babesteko eskatzen ahal da.

11. artikulua. Errekerimendu orokorra.

Betebehar hori sortzeko ez da beharrezkoa izanen jakinarazpen pertsonalik egitea, betebehar hori, oro har, obligaziodunari egotz dakiokeelako, aldez aurreko errekerimendurik behar izan gabe. Hala ere, Tuterako Udalak, dagokion bandoaren bitartez, garbitzeko eta sastrakak kentzeko betebeharra gogorarazten ahalko du ordenantzan errekerimendu orokor gisa adierazitako data baino lehen.

Era berean, komenigarritzat jotzen bada, eta salbuespenez, mota honetako errekerimendu bandoak egiten ahalko dira, adierazita zer epetan bete behar diren aipatutako betebeharrak.

12. artikulua. Garbiketa-lanak egin direla jakinaraztea.

Garbiketa-lanak egiten hasi aurretik, Udalari jakinarazi beharko zaizkio. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, adierazita noiz egitea aurreikusten den. Adierazpen horren helburua da lanon balizko kontrola egitea eta, ondoren, egin direla jasota uztea.

IV.–UDALAK OBLIGAZIODUNAREN ORDEZKAPEN BOLUNTARIOA EGITEA

13. artikulua. Eskaera, Udalak ordezkapen boluntarioa egin dezan.

13.1. Ordezkapen boluntarioa, orubeak garbitzeko.

Obligaziodunek, nahi izanez gero, Udalari eskatzen ahal diote orubeak garbitzeko eta handik sastrakak kentzeko, ordenantza honetan xedatutakoa bete beharrez. Horretarako, dagokion eskaera aurkeztu beharko dute, idatziz, urte bakoitzeko apirilaren 15a baino lehen. Eskaerari behar den autolikidazioa erantsi beharko diote.

Izan ere, zerbitzu horren kostua autolikidazioaren bidez likidatuko da. Kostua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira lurzatiaren/orubearen metro koadroak eta Udalak arlo horretarako onetsitako prezio publikoak (Araua, erregulatzen duena prezio publikoa orube pribatuak garbitzeko eta handik sastrakak kentzeko borondatezko zerbitzuagatik).

Lanak amaitutakoan, Udaleko zerbitzu teknikoek egin behar izan diren jarduketak eta horretarako benetan lan egin behar izan den denbora ebaluatuko dituzte, eta, beharrezkoa izanez gero, emandako zerbitzuaren benetako kostuaren araberako behin betiko likidazioa eginen da.

13.2. Ordezkapen boluntarioa, abandonu egoeran dauden eraikinei dagokienez.

Eraikinetan jardun behar bada, idazki bat aurkeztu beharko da, eskatzailearen nahia zein den adierazten duena, hau da, Tuterako Udalaren esku uztea nahitaezkoak diren lanak ordenantza honetan ezarritako betebeharrak betetzeko.

Eskaera jaso ondoren, udaleko zerbitzu teknikoek higiezina zer egoeratan dagoen ebaluatuko dute, zer jarduketa zehatz egin behar diren zehaztuta eta horiek kuantifikatuta.

Aurreikuspen hori eskatzaileari igorriko zaio, eta hark 15 egun izanen ditu jarduketarako behin betiko eskaera egin eta txostenean adierazitako zenbatekoa ordaintzeko autolikidazio bidez.

Lanak amaitutakoan, txosten bat eginen da, gauzatutako jarduketen azken kostua zehazteko. Orobat, egon daitezkeen desbideratzeak justifikatuko dira, kasua bada, behin betiko likidazioa egin ahal izateko.

14. artikulua. Behin-behineko lagapenak.

Erabilerarik ezaren ondorioz orubeak hondatu ez daitezen, jabeek Udalarekin hitzartzen ahalko dute orube horiek behin-behinean lagatzea, espazio libre publiko edo aire zabaleko aparkaleku gisa erabil daitezen edo interes publikoko beste edozein erabilera izan dezaten.

Horretarako eskaera-orria aurkeztu ondoren, Udalak, egokitzat jotzen badu, onartu eta orubea egokitu du (zertarako erabiliko den, horren arabera). Une horretatik aurrera, eta lagapena indarrean den bitartean, Udala arduratuko da orubea behar bezala mantentzeaz.

Lagapen horrek akordio izaera hartuko du, eta honako alderdi hauek jaso beharko ditu:

–Lagapenari eusteko gutxieneko aldia, orubea egokitzeko kostuan oinarrituta.

–Lurzatia zehazki zertarako erabiliko den adierazi beharko da. Hain zuzen, Udalak ez du lurzatiaren gainean inolako eskubiderik eskuratuko zehaztutako helbururako erabiltzeaz harago.

Gutxieneko aldia amaitutakoan, lagapenaren luzapen mugagabeak ezartzen ahalko dira. Akordioan ezarritako epea igarota, jabeari dagokio eskatzea lurzatiaren erabilera eta gozamena berreskuratu nahi dituela. Horretarako, eskaera eginen dio Udalari, idatziz, 4 hilabete lehenago gutxienez.

Lagapenean adierazitako erabilera amaitutakoan, jabeari egokituko zaizkio berriz ere garbitzeko eta hesitzeko betebeharrak.

V.–ORUBEAK HESITZEA ETA ERAIKINAK MANTENTZEA

15. artikulua. Hesitzeko betebeharra.

Ordenantza honetan arautzen diren finken jabeek hesituta eduki behar dituzte, segurtasun-baldintzak bermatuta. Betebehar horrek ez du zerikusirik obrak egiteagatik orubea edo lurzatia hesitzeko dagoen betebeharrarekin.

Eraikin bat eraisten denean, eraikin berria egin arte, jabeak edo sustatzaileak orubea itxi beharko du hilabeteko epean, eraispena amaitu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Orubeen jabeak hesitzeko betebeharretik salbuesten ahalko dira, baldin eta, udal zerbitzuen iritziz, ez bada komeni orube horiek ixtea, beren ezaugarri bereziak, kokapena edo erabilera dira eta.

Ordenantza hau onartzen den egunean bertan adierazitako baldintzak bete gabe hesituta dauden orube edo eraikin guztiak 2 urteko epean egokitu beharko dira ordenantzan xedatutakora.

16. artikulua. Hesien ezaugarriak.

Nahitaezko hesi mota zehazteko, eremu hauek ezarri dira:

a) Babes bereziko eremua, non sartzen baitira Barne Eraberritze eta Babeserako Plan Berezian (BEBPB) sartutako guneak eta honako kale hauek: Zaragoza etorbidea (Almajares kaleko bidegurutzeraino), Juan Antonio Fernández kalea (Miguel Eza eta Cuesta de la Estación kaleen arteko zatian), Capuchinos kalea eta Pablo Sarasate kalea.

b) Tuterako gainerakoa.

Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza honen ondorioetarako, honako ezaugarri orokor hauek bete beharko ditu hesiak:

a) Fatxadaren edo fatxaden lerro osoan zabalduko da, lerrokaduraren trazadura ofizialari jarraikiz.

b) Gutxienez 2 metroko altuera izanen du.

c) Orubean sartzeko ate bat, gutxienez, jarriko da, eta hondakinak atera eta garbiketa lanak egiteko modua emanen duten neurriak izan behar ditu.

d) Euri-urak husteko ebakuazio-puntu bat edo gehiago jarriko dira –orubearen azaleraren arabera–, barnean ez dadin urik geratu.

e) Edonola ere, hesia eraikitzeko materialek bete beharreko ezaugarriek egokiak izan behar dute haren egonkortasuna eta kontserbazio txukuna bermatzeko.

Kokalekuaren arabera, honako berariazko ezaugarri hauek izan behar dituzte orubeetako hesiek:

a) Babes bereziko eremuan, bizitegi edo zerbitzu erabilera duten lurzatietako itxiturak egin beharko dira adreiluzko fabrikaz, blokez edo hormigoizko aurrefabrikatuz, aliritzira amaituta. Fabrikazko, blokezko edo adreiluzko obra guztiek bete beharko dituzte dagozkien araudi teknikoak. Kasu zehatzen batean, eta Udalak baimena eman ondoren, opakuak ez diren materialez eginen ahalko da itxitura, osorik edo zati batean.

b) "Tuterako gainerakoa" eremuan dauden lurzatietan itxitura arinagoak egiten ahalko dira, elementuak elkarren artean finkatuta eta lurrera ainguratuta. Ahal dela, fabrikako itxitura opakuak erabiliko dira; hala ere, metalezko elementuak baliatuta ixten ahalko dira (bihurdura bakunekoak edo elektrosoldaduak). Horiek guztiak araudia betez paratuko dira, CE ziurtagiria duten elementuen bidez eta erabilerarekin bat datozen elementuak baliatuta. Metalezko itxituren kasuan, bereziki erreparatuko zaio orubearen ertzean egon daitekeen landarediari, horrek, etorkizunean, espaloia har dezake eta.

Itxitura guztiek, zeharka zein luzetara, behar adinako zurruntasuna izanen dute, eror daitezen saihesteko. Jabearen betebeharra izanen da hesia edo itxitura segurtasun- eta apaindura-baldintza egokietan mantentzea, eta behar bezala funtzionatu ezin badu narriadura edo kalteengatik, hura ordeztu edo konpondu beharko du. Itxituretan ezin dira egon erortzeko arriskuan diren elementuak, ez eta oinezkoei kalte egiten ahal dieten elementu zorrotzak edo irtenak ere.

17. artikulua. Abandonu egoeran dauden eraikinak mantentzea.

Egoera horretan dauden eraikinetan, nahitaez egin behar dira segurtasun- eta osasungarritasun-baldintzak bermatzeko mantentze-lanak. Ildo horretan, gutxienez, honako neurri hauek hartu beharko dira: fatxadako baoak babestu beharko dira, horretarako erabilita ingurunearekin bat datozen sistemak eta aldi berean ez dutenak uzten barnealdera hondakinak botatzen; prebenitu eta kontrolatu behar da fatxadatik, egituratik edo gorputz irtenetatik ezer ez erortzea; estalkiak eta teilatu-hegalak egonkor mantendu behar dira eta barnean hondakinak edo sastrakak pilatzea saihestuko da.

Udalak, zerbitzu teknikoen txostena jaso ondoren, eskatzen ahal du jarduera zehatzak egiteko, gutxieneko mantentze-lan horiek bermatzeko.

18. artikulua. Babes elementuen itxura.

Lizentziak iraungita dituzten obretako eraikinetako aldamioak eta fatxadak babesteko sareen estetikak bat etorri behar du ingurunearekin, bai eta eraikuntzetako elementu arriskutsuak finkatzeko, eskoratzeko edo babesteko ezartzen diren egituren estetikak ere.

19. artikulua. Beharrezko udal-baimenak.

Orube bat hesitzeko, nahikoa izanen da erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztea (jakinarazitako lizentzia). Paratzen den hesiak ez baditu betetzen ordenantza honetan ezarritako baldintzak, adierazpen hori erabat deuseza izanen da ondorio guztietarako.

Eraikinetan jarduteko, lizentzia eskatu beharko da. Lizentzia eskaerarekin batera, behar diren agiriak aurkeztu beharko dira, eta, zer jarduketa mota egin nahi den, obra txiki edo handietarako aurreikusitako moduan izapidetuko da.

VI.–ORUBE EZ DIREN LURZATIETARAKO BETEBEHARRAK

20. artikulua. Orube ez diren lurzatiak garbitzea.

Lurzoru urbanizagarriko eta urbanizaezineko lurzatiek, nahiz eta orube ez izan, osasungarritasun- eta apaindura-baldintza egokietan egon behar dute. Horretarako, aldian-aldian garbitu behar dira, ez daitezen metatu zaborrak, hondarrak, ur geldoak, kiratsak eta abar.

21. artikulua. Orube ez diren lurzatiak hesitzea.

Ez da nahitaezkoa lurzati horiek hesitzea. Dena den, segurtasuna bermatu behar denez, lurzatian arriskutsua izan daitekeen elementuren bat egonez gero (putzuak, idoiak, arnas hodiak, erauzitako lurrak eta abar) babestu beharko da, edo, bestela, behar bezala seinaleztatu.

VII.–NAHITAEZKO BETEARAZPENA

22. artikulua. Betearazteko aginduak.

Ordenantza honetan jasotako betebeharrak betetzen ez badira, eta, esaterako, orubeak ez badira behar bezala garbitzen edo hesitzen, dagokion zehapen-espedientea izapidetzen ahal izatea gorabehera, betearazteko agindu bat emanen da. Agindu horretarako espediente bat hasiko da, honako mugarri hauekin:

1. Orubearen egoerari buruzko txosten teknikoa.

2. Alkateak edo zinegotzi ordezkariak emandako ebazpena, eskatzeko egin dadila dagokion jarduketa, txostenean adierazitakoaren arabera. Ebazpenean, entzunaldia emanen zaio interesdunari, bidezko iruditzen zaiona alega dezan 10 eguneko epean. Ebazpen horretan, jarduketaren aurreikusitako zenbatekoa eta betearazteko epea adieraziko dira, eta azalduko da, agindu hori epe barruan betetzen ez bada behar bezala justifikatutako arrazoirik eman gabe, udalak betearazpen subsidiarioari ekiten ahalko diola edo hertsapen-isunak jartzen ahalko dituela.

3. Epe hori igaro eta garbiketarik egin ez bada edo gaiari buruzko idazkirik aurkeztu ez bada, ebazpen bat emanen da, betearazteko agindua xedatzeko. Agindu horretan:

–Frogatu beharko da orubeak ez dituela betetzen kontserbazio-baldintzak –eta, hortaz garbitu behar dela, handik sastrakak kendu behar direla, egokitu behar dela....– edo ez dagoela behar bezala hesituta.

–Adierazi beharko da kasu bakoitzean zer egin behar den.

–Arrazoizko epe bat eman behar da proiektua betearazteko.

23. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

Betearazteko aginduak betetzen ez badira, Udalak ahalmena izanen du betearazpen subsidiarioari ekiteko, aldez aurretik interesdunari ohartarazita, Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 198.3 artikuluan ezarritakoaren arabera. Horretarako, honako administrazio-espediente hau hasiko da:

1. Orubearen edo eraikinaren egoerari buruz udal teknikariek egindako txostena; bertan, agindutako lanaren kostua zenbatekoa izanen den adieraziko da, gutxi gorabehera.

2. Interesdunari jakinaraztea Udalak betearazpen subsidiariorako ahalmena baliatzeko asmoa duela eta zein den dagokion aurrekontua. Jakinarazpen horretan adieraziko zaio 10 eguneko entzunaldia emanen zaiola, alegazioak egin edo agindua betearazi ahal izateko.

3. Entzunaldi-epea amaituta, formulatutako alegazioak ebatziko dira eta, kasua bada, betearazpen subsidiarioa aginduko da.

Udalak bere kabuz edo hirugarrenen bidez betearaziko ditu lan horiek, kontratazio publikoaren arloan indarrean dagoen araudiari jarraikiz. Sortutako gastua udal-aurrekontutik dagokion aplikazioaren kargura ordainduko da.

Hala dagokionean, baimena eskatuko zaio Agintaritza Judizialari, hori xedatzen baitu Botere Judizialaren Lege Organikoaren 91. artikuluan.

Subjektu obligaziodunaren kargura izanen dira orubeak garbitu eta hesitzeko edo eraikinak apaintzeko obren edo eragiketen betearazpen subsidiarioak eragindako gastuak, kalteak eta galerak, eta premiamendu administratiboaren bidez eskatzen ahalko dira; horretarako, behin betiko likidazioa eginen da, honako prozedura honi jarraikiz:

1. Alkatearen ebazpena, dagokion likidazioa onartzen duena, eta faktura ondoan duela; ebazpen horretan adierazi beharko da zer nahitaezko betearazpen espedientetik datorren, zer alderdi ez den bete eta horrek zer ondorio izan dituen eta zer enpresa kontratatu behar izan den (zenbatekoa adierazita).

2. Ebazpen horren jakinarazpena, ordainketa nola egin daitekeen zehaztuz eta ordaindu gabeko zorrak betearazpen-bidetik galdeginen direla adieraziz.

Betearazpen subsidiarioa ezartzeak zera sortuko du: ordezko betearazpenetarako eta betearazteko aginduetarako tasa ordaintzeko betebeharra (Tuterako Udalaren 32. ordenantzan dago araututa).

24. artikulua. Hertsapen-isunak.

Diskrezionaltasunez, betearazteko agindu bat betetzen ez bada, eta betearazpen subsidiarioari ekin aurretik, Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoa mekanismoa gaitzen ahalko da, eta, hortaz, hertsapen-isunak jarri. Eskatutakoa betetzen ez den bitartean, isunak errepikatuko dira, behar besteko tartea utzita, eta 12 hilabetez gehienez.

25. artikulua. Presako izapidea.

Osasungarritasun- edo segurtasun-inguruabarrek eragindako larrialdi kasuan ohiko izapidea baliatzerik ez badago, eta udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren, Udalak zuzenean egiten ahalko ditu beharrezko garbiketa- edo mantentze-eragiketak.

VIII.–ZEHAPEN ARAUBIDEA

26. artikulua. Zehapen prozedura.

Jarduketa jakin batek ordenantza hau urra dezakeela zehazteko eta haren tipifikazioa eta dagokion zehapena ezartzeko kontuan hartuko da, oro har, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/15 Legea, eta, prozedura espezifikoari dagokionez, berriz, uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretua (Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onestekoa), bai eta, orobat, horiek ordezten dituzten arauak ere.

27. artikulua. Zehapenen tipifikazioa.

Ordenantza honen arau-hauste administratiboak dira jarraian zerrendatzen diren jarduketak edo ez-egiteak. Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izan daitezke.

Arau-hauste arintzat joko da:

–Ez betetzea orubeak eta eraikinak garbi edukitzeko betebeharra; alegia, honako hauek gabe: hondarrak, zaborra, hondakinak, obretako hondakinak, hondakin-materialak eta kontrolik gabeko pilatzeak.

–Orubean edo eraikinean egotea landaredi espontaneoak edo hondakin organiko edo mineralak, gaixotasunak transmititzen dituzten animaliak edo landareak elikatu edo har ditzaketenak edo usainak sor ditzaketenak.

–Ordenantza honetan xedatutakoaren arabera eraikitako hesia narriatuta egotea.

–Ohiko garbiketa- eta mantentze-lanak egiteko errekerimendua ez betetzea.

Arau-hauste astuntzat joko da:

–Jabeak edo hirugarren batek edozein motatako hondakina botatzea hesitutako orube batera.

–Orube edo obra bat hesirik gabe edukitzea, urratuta ordenantza honetan hesiei buruz xedatutakoa.

–Ez egitea intsektuak edo arratoiak hiltzeko lanak, desinfektatzekoak edo beste edozein lan, horiek egitea galdegin zaionean berariaz.

–Ez betetzea udalak egindako errekerimenduak antzemandako akatsak konpontzeko, horrek arau-hauste arin bat baino gehiago dakarrenean.

–Ez betetzea betearazteko agindu bat.

–Hiru arau-hauste arin egitea urtebetean orube edo eraikin berean.

Arau-hauste oso astuntzat joko da:

–Erretzea erabiltzea orubeak eta lurrak garbitzeko sistema gisa.

–Ez betetzea udalak egindako errekerimenduak orube edo obretan antzemandako akatsak konpontzeko, horrek arau-hauste astun bat baino gehiago edo astun bat eta arinen bat dakarrenean.

–Hiru arau-hauste astun egitea urtebetean orube edo obra berean.

Gainera, kontuan hartuko dira erantzukizuna larriagotu edo arindu dezaketen inguruabarrak eta aplikatu beharreko araudian zehapenak aplikatzeari buruz xedatutakoa.

28. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

Ordenantza honetan tipifikatutako arau-hausteek, hirigintzako arau-hausterik ez badakarte, honako isun hauek sortzen ahalko dituzte:

–Arau-hauste arinak: 300 eurotik 750 eurora bitarte.

–Arau-hauste astunak: 751 eurotik 1.500 eurora bitarte.

–Arau-hauste oso astunak: 1.501 eurotik 3.000 eurora bitarte.

29. artikulua. Arau-hauste eta zehapenen preskripzioa.

40/2015 Legearen 30. artikuluko araubide orokorra aplikatuz, hauek dira preskripzio-epeak:

–Arau-hausteak:

  • Arinak: 6 hilabete.
  • Astunak: 2 urte.
  • Oso astunak: 3 urte.

–Zehapenak:

  • Arau-hauste arinengatik: urtebete.
  • Arau-hauste astunengatik: bi urte.
  • Arau-hauste oso astunengatik: hiru urte.

Arau-hausteen preskripzio-epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Arau-hauste jarraitu edo etengabeen kasuan, jokabide arau-hauslea bukatzearekin batera hasiko da epea zenbatzen.

Zehapenen preskripzio-epea zenbatzen hasiko da zehapena ezartzen duen ebazpena exekutagarria den egunaren biharamunetik edo ebazpenaren aurkako errekurtsoa jartzeko epea bukatzen den egunaren biharamunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENA

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen 70.2 artikuluan xedatutakoaren bat etorriz, ordenantza honek indarra hartuko du tramitatu eta gero, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 15 egunera, eta indarrean jarraituko du aldatu arte edo espresuki indargabetu arte.

Babes bereziko eremua

Babes bereziko eremuaren muga

Iragarkiaren kodea: L2304238