77. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

58/2023 EBAZPENA, martxoaren 24koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez dirulaguntza-deialdi bat onesten baita Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei begira 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte egiten diren euskarazko eskolaz kanpoko kultur jardueretarako. DDBN identifikazioa: 684285.

Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak aldeko txostena aurkeztu du deialdi bat onets dadin 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte egiten diren euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzeko. Jarduera horien protagonistak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako unibertsitatez kanpoko ikasleak izan beharko dira, herritar guztientzat irekiak izanen dira, euskara hutsez eginak, Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei zuzenduko zaizkie eta eskola-ordutegitik kanpo eginen dira, guraso elkarteek antolaturik, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan. Gisa honetako jarduerak izanen dira: arte-diziplinetako (antzerkia, kantua, bertsolaritza, poesia...) ikuskizun, sariketa edo lehiaketa kulturalak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea Nafarroako Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei begira 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte egiten diren euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak diruz laguntzeko. Deialdiarekin batera, haren oinarriak ere onesten dira, ebazpen honen 1. eranskinean bildu direnak.

2. Horretarako, 30.000,00 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2023ko gastuen aurrekontuko "Euskarazko eskolaz kanpoko kultur jardueretarako dirulaguntzak" izeneko 420001 42400 4816 322002 partidaren kontura.

3. Ebazpen hau eta eranskinak www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/inicio ("Berriak"-"Gaur-gaurkoa") eta www.nafarroa.eus ("Tramiteak") webguneetan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari eta Euskara Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 24an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA–EUSKARAZKO ESKOLAZ KANPOKO KULTUR JARDUERAK DIRUZ LAGUNTZEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Xedea.

1.1. Oinarri hauen xedea da diruz laguntzea Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako unibertsitatez kanpoko ikasleak protagonista dituzten euskarazko eskolaz kanpoko kultur jarduerak egiten dituzten irabazi-asmorik gabeko erakundeei, norgehiagokako araubidean. Jarduera horiek herritar guztientzat irekiak izan behar dira, euskara hutsez eginak, eta Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleei zuzenduko zaizkie. Arte-diziplinetako (antzerkia, kantua, bertsolaritza, poesia...) ikuskizun, sariketa edo lehiaketa kulturalak edo antzeko jarduerak izanen dira. Eskola-ordutegitik kanpo eginen dira, guraso elkarteek antolaturik, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan, 2022ko irailaren 1etik 2023ko ekainaren 30era bitarte, eta eranskinean bildutako baldintzak bete beharko dituzte. Dirulaguntzak emanen dira aurrekontu-kreditua agortu arte.

1.2. Deialdiak bi helburu ditu: batetik, eremu ez-akademikoetan euskararen erabilera sustatzea, eta, bestetik, ikasle euskaldunak motibatzea, euskarazko kultura-ekoizpenean inplikatuz.

2. Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetara biltzen ahalko dira Nafarroako Gobernuko elkarteen eta fundazioen erregistroan alta emanda dauden entitateak.

2.2. Laguntzaren entitate onuradun izateko baldintzak:

Deialdi honen kargurako dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Foru Komunitatean helbidea duten Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itunduetako ikasleak protagonista dituzten jarduerak eskola-ordutegitik kanpo antolatzen dituzten irabazi-asmorik gabeko entitateek, baita guraso elkarteek ere, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko ikastetxeetan, baldin eta, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean, dirulaguntza ematen den ekitaldi ekonomiko osoan mantendu beharreko baldintza hauek betetzen badituzte:

–Hezkuntzaren arloan jarduerak egitea.

–Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan behar bezala inskribatua egotea.

–Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, dagozkion ziurtagirien bidez frogatuz (Foru Ogasuna eta Gizarte Segurantza), edo erantzukizunpeko adierazpenaren bidez, 4. eranskinean erantsitako ereduaren arabera, baldin eta aurreko betebeharretan aipatzen diren aitorpenak edo dokumentuak aurkeztera behartuta ez badaude.

–Hezkuntza Departamentuarekin lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo bestelako kontratu edo konpromisorik sinatuta ez izatea, finantzatu nahi den proiektuari dagokionez. Laguntza hauek bateragarriak izanen dira beste administrazio publiko batzuek emandakoekin, baldin eta bien baturak ez badu gainditzen jardueraren gastua. Horretarako, beste administrazio, entitate edo pertsona publiko edo pribatu batzuei eskatutako eta/edo haiengandik jasotako dirulaguntzen aitorpena aurkeztu behar da, zehaztuta eskatutako zenbatekoa, entitatearen izena eta lortutako zenbatekoa, 6. eranskinaren arabera.

–Jardueretan parte hartzen duten langileek, adingabeekin harremanetan egon ohi direnek, Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboak izatea, eta horiek Hezkuntza Departamentuaren eskura egotea, egiazta ditzan.

–Eskatzailea ez egotea zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez egotea zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

–Xedeak edo helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduna, antolaketa edo estatutuak gizonen eta emakumeen arteko berdintasun-printzipioen aurkakoak ez izatea.

–Berdintasunerako Foru Legean edo Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan ezarritako betebeharrak urratu ez izana.

3. Diruz lagundutako jarduera motak eta kanpoan utzitako jarduerak.

3.1. Diruz lagundutako jarduerak.

–Arte-diziplinetako ikuskizun edo lehiaketa kulturalak eta eskolaz kanpoko jarduerak, hala nola antzerkikoak, kantukoak, bertsolaritzakoak, poesiakoak, etab.

–Entitateek (guraso elkarteak, fundazioak...) eskola-ordutegitik kanpo eta eskola-eremuaren barruan zein kanpoan ikastetxeetan antolatzen dituzten eta Hezkuntza Departamentuaren eskumenekoak diren jarduerak.

–Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako unibertsitatez kanpoko ikasleak protagonista (Bigarren Hezkuntzaren kasuan) edo, bestela, parte-hartzaile aktibo eta ez ikusle huts (Haur eta Lehen Hezkuntzaren kasuan) diren jarduerak.

–Herritar guztientzat irekitako jarduerak, euskara hutsez eginak.

3.2. Kanpoan utzitako jarduerak.

–Ikasturte bukaerako eskola festak.

–Euskara hutsez ez diren jarduerak.

–3.1 atalean ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten jarduerak.

–Eskolako oporraldietan egiten diren jarduerak.

4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Erabilgarri dauden kredituen mugen barnean, deialdi honetara bideratutako gehieneko zenbatekoa: 30.000 euro.

4.2. Aurrekontu-partida: 2023ko Gastuen Aurrekontuko 42001-42400-4816-322002 partida, "Euskarazko eskolaz kanpoko kultur jardueretarako dirulaguntzak" izenekoa.

4.3. Bakoitzarentzako gehieneko kopurua, eta kopuru hori zehazteko irizpideak: entitate bakoitzari gehieneko muga bat ezarriko zaio: aurrekontuan onartutako gastuaren %70; eta nolanahi ere, dirulaguntza ez da 5.000 eurotik gorakoa izanen.

4.4. Hainbanaketa egiteko aukera.

Eskaera guztiei erantzun ondoren, horretarako bideratutako partidan diru erabilgarria gelditzen bada, hainbanaketa bat aplikatuko da, eskaera guztiei beharrezkoa den ehunekoa igoz, baina, betiere, 4.3 oinarrian ezarritako 5.000 euroko zenbatekoa gainditu gabe.

4.5. Jasotako dirulaguntzak ez du inola ere gaindituko aurkeztutako aurrekontua.

5. Entitate onuradunaren betebeharrak.

Deialdi honen ondorioetarako, entitate onuradunaren betebeharrak dira atal honetan ezartzen direnak.

5.1. Entitate onuradunek proiektua hitzartutako moduan eta datetan garatu beharko dute, eta diruz lagundutako jardueraren garapenean gertatutako edozein gorabehera jakinarazi, gertatzen den unean. Proiektuan edozein aldaketa egiteko organo kudeatzailearen adostasuna beharko da, eta horrek baimena emanen du baldin eta aldaketak ez badu proiektua funtsean aldatzen.

5.2. Entitate onuraduna behartua dago diruz lagundutako jardueren publizitatea egitera eta jarduera horien publizitate-euskarrietan Hezkuntza Departamentuaren logotipoak erakustera, "Laguntzailea/Colabora" testua erantsita. Logotipo horiek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalean eskatuko dira. Testuak ele bitan editatuko dira (euskaraz eta gaztelaniaz).

Ekitaldia dirulaguntza eman aurretik egin bada, ez da nahitaezkoa izanen logotipoa jartzea inprimatutako materialean (esku-orriak, kartelak). Hala ere, hedabide telematikoetan, webgunean eta aldaketa egiteko aukera ematen duen edozein hedabidetan, dirulaguntza eman bezain laster aldaketa eginen da, eta Hezkuntza Departamentuaren logotipoa sartuko, aurreko ataleko baldintzei jarraituz.

5.3. Aurkeztea 12. oinarriko 2. atalean aipatzen diren justifikazio agiriak, baita 5. eranskina ere, behar bezala betea.

5.4. Genero ikuspuntua proiektu osoan sartzea, era koherentean, integralean eta zeharkakoan. Hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabili beharko dira.

5.5. Entitate onuradunek, dirulaguntza eman zaiela jakinarazten zaienetik hilabeteko epean, dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, eskatzen zaien dokumentazioa, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin, foru lege horretan ezarritakoaren arabera hala badagokie.

Aitorpen eredua (8. eranskina) eta aginduzko dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/, edo dirulaguntza hau kudeatzen duen Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalaren bidez.

Zehapenak galarazi gabe (halakorik ezartzea bidezko izanez gero), onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratzen badu, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5.6. Deialdi honetan diruz lagundutako programa egiteko erabili beharko da dirulaguntza, ez beste edozertarako.

5.7. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalean justifikatzea diruz lagundutako proiektua gauzatu dela eta zer gastu egin den.

5.8. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuko Euskara Atalak proiektua burutu dela egiaztatzeko noiznahi eginen dituen lanak onartzea.

5.9. Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol lanen xede izaten ahal diren bitartean.

5.10. Entitateak garaiz eman beharko du egiten dituen jarduerei buruzko informazioa, aldian behin Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta beste hedabide batzuetan zabal dadin.

6. Eskaeren aurkezpena, epea eta dokumentazioa.

6.1. Eskaerak Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, eta modu telematikoan aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez, edo, bestela, aurrez aurre, Nafarroako Gobernuak gaitutako erregistroetako edozeinetan.

Entitateetako lehendakariek edo ordezkariek egin beharko dituzte eskaerak.

6.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izanen da, foru deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6.3. Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira (Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez eskuragarri dagoena, helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Erregistro-Orokor-Elektronikoa), edo aurrez aurre, Nafarroako Gobernuak gaitutako erregistroetako edozeinetan, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin. Eskuragarri dagoen eskabidearen ereduarekin (2. eranskina) bat ez datozen eskabideak ez dira aurkeztutzat joko.

6.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabide orokorrari deialdi honen eranskinak erantsiko zaizkio. Nolanahi ere, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Eskabidea, 2. eranskinaren araberakoa.

b) Programatutako jardueraren edo jardueren azalpen-memoria laburra, proposamena 8. puntuan ezarritako irizpideen arabera behar bezala baloratzeko behar diren alderdiak zehazten eta garatzen dituena. Gehieneko luzera: 5 orrialde, DIN A4.

Memoriak honako hauek jaso beharko ditu berariaz:

–Lortu nahi diren helburuak.

–Tokiko kultur agendari egindako ekarpena, interesari eta aniztasunari dagokienez.

–Programatutako jarduera, antolaketa-alderdiak eta ikastetxeetan aurreikusitako aldez aurreko lana, kalitatea bermatzeko.

–Hartzaile mota, egutegia eta tokia (zehaztu edukiera eta zenbat jende aurreikusten den).

–Jarduerak arlo hauetan egiten duen ekarpena: metodologia aktiboak sustatzea, euskara erabiltzea, ikasleak motibatzea eta euskarazko kultur ekoizpenen sortzaile gisa duten ahalmenaz jabetzea.

–Entitate eskatzailearen ibilbidea eta aurretik egindako lanak, dirulaguntzaren xede den jarduera egiteko garrantzitsuak direnak.

c) Jardueren aurrekontua, 3. eranskinari jarraikiz.

d) Erantzukizunpeko adierazpena, 4. eranskinaren araberakoa.

e) Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera (7. eranskina), banku entitateak bete eta zigilatuko duena. Agiri hori helbide honetan ere jasota dago:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

Foru Ogasunarekiko eta/edo Gizarte Segurantzarekiko zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duten aitorpenak edo agiriak aurkeztu behar badituzte, dagozkien egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte.

Eskatzaileei 10 egun naturaleko epea emanen zaie gehienez, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko. Halakorik egiten ez badute, eta epea iraganik, eskaerari uko egin diotela ulertuko da.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarri guztiak onartzea.

7. Bateragarritasuna.

Beste administrazio publikoren batek kultur jarduera berberetarako laguntza eman badie eskatzaileei, administrazio horrek egindako egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, emandako zenbatekoa adierazten duena, eta laguntza horren eta Hezkuntza Departamentuak emandakoaren batura ez da inoiz izanen egindako gastua baino handiagoa, ez eta 4.3 oinarrian ezarritako diru-mugatik gorakoa ere. Edonola ere, entitate eskatzaileak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari jakinarazi beharko dio zer laguntza eskatu edo jaso duen, 6. eranskinaren arabera.

Jarduera diruz lagunduko da, emanaldi eta/edo egoitza kopurua edozein dela ere.

8. Eskaerak baloratzeko irizpide objektiboak.

Aurkezten diren jarduerak baloratuko dira kontuan hartuta deialdi honetako 1. oinarriko 1.1 eta 1.2 ataletan adierazitako betebeharrak, moduak eta balorazio lehentasunak, honako baremo honen arabera (100 puntu, gehienez):

Programatutako jardueren kultur interesa eta kalitatea

1. Programaturiko jardueraren interesa: tokiko kultur agendari egiten dion ekarpena, aniztasunari dagokienez.

2. Programatutako jardueraren kalitatea: plangintza eta aldez aurreko lana.

20 puntu

20 puntu

Guztira:

gehienez ere, 40 puntu.

Eragiteko gaitasuna, bideragarritasuna eta jarraitzeko bokazioa

3. Entitate eskatzaileak kulturaren arloan duen ibilbidea eta aurretik egindako lanak.

4. Programatutako jarduerarekin jarraitzeko bokazioa.

10 puntu

10 puntu

Guztira:

gehienez ere, 20 puntu.

Eragina ikasleen motibazioan eta jarreran

5. Metodologia aktiboak sustatzea.

6. Ikasleek euskara erabil dezaten sustatzea.

7. Euskararekiko motibazioa eta jarrera hobetzea, euskara jarduera atsegingarriekin lotuz.

8. Kultur eragile eta sortzaile gisa duten ahalmenaz jabetzea.

10 puntu

10 puntu

10 puntu

10 puntu

Guztira:

gehienez ere, 40 puntu.

Gutxienez 60 puntu lortu beharko dira dirulaguntza jaso ahal izateko. Aurrekontua nahikoa ez bada, puntuazio ordenaren arabera banatuko da.

9. Eskaerak ebaluatzeko balorazio organoa.

Balorazio batzordea honako hauek osatuko dute:

–Euskara Ataleko burua.

–Euskararen Sustapenaren eta Didaktikaren Bulegoko burua.

–Euskara Ataleko irakaskuntzako aholkulari bat.

Balorazio batzordeak eskaera guztiak baloratu eta esleituko ditu deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera.

10. Deialdiaren ebazpena.

Hautapen batzordeak esleipen prozesuaren behin-behineko emaitzak zerrenda batean argitaratuko ditu, web-orri hauetan ("Berriak" menua-"Gaur-gaurkoa" atala):

https://www.educacion.navarra.es/web/dpto/actualidad (gaztelania).

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actualidad (euskaraz).

–Nafarroako Ataria (www.nafarroa.eus).

–Interesdunei abisu bat bidaliko zaie eskabidean adierazitako helbide elektronikora.

Zerrenda horretan honako hauek agertuko dira:

–Behin-behinean esleitu diren eskaeren zerrenda.

–Baztertutako eskaeren zerrenda, arrazoia zein izan den zehaztuta.

Hautagaiek erreklamazioak aurkez ditzakete hautapen batzordearen aurrean, hiru egun balioduneko epean, behin-behineko zerrenda argitaratzen denetik. Epe hori iraganik, erreklamazioak aztertu eta ebatzi ondoren, esleitutako laguntzen behin betiko zerrenda argitaratuko du batzordeak, eta ebazpena jakinaraziko die entitate adjudikaziodunei.

Hezkuntzako zuzendari nagusiak gehienez hiru hilabeteko epean ebatziko du deialdi hau, batzordearen proposamenarekin bat, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

11. Dirulaguntzaren ordainketa.

Entitate bakoitzari transferentzia bidez ordainduko zaio dirulaguntza, jarduera egin eta 12. oinarrian aipatzen den justifikazioa aurkezteko betebeharra bete ondoren.

–Aurkezten den justifikazioa onartutako aurrekontua baino txikiagoa bada, azken dirulaguntza proportzionalki murriztuko da.

Laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzetan edozein aldaketak berekin ekartzen ahalko du laguntza emateko ebazpena aldatzea.

Laguntza hauen onuradunak Hezkuntza Departamentuak eskatzen dien informazio guztia ematera derrigortuak daude, eta behar diren finantza kontrolerako jarduketen menpe geldituko dira. Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

12. Justifikazioa.

1. Justifikatzeko modalitatea: ezarritako baldintzak bete direla eta dirulaguntza ematerakoan aurreikusitako helburuak lortu direla justifikatzeko, "justifikazio kontu sinplifikatua" modalitatea erabiliko da.

2. Justifikazioa egiteko modua: emandako dirulaguntzaren justifikazioa indarreko legeriaren arabera eta 5. eranskineko ereduaren arabera aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan (egoitza elektronikoaren bidez, www.nafarroa.eus helbidean), edo aurrez aurre, Nafarroako Gobernuak gaitutako erregistroetatik edozeinetan, honako dokumentazio honekin batera:

–Oinarrien 5.2 puntuan ezarritako betebeharrak bete direla egiaztatzen duen adierazpena (egindako publizitatearen ale edo kopia bat).

Justifikazio kontu sinplifikatuak dokumentazio hau izanen du:

a) Dirulaguntza ematerakoan ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko jarduketa memoria bat, egindako ekintzak eta lortutako emaitzak azalduko dituena. Hizkuntza eta irudi inklusiboak eta ez-sexistak erabili beharko dira. Egindako publizitatearen justifikazioa ere erantsiko da (5. eranskina).

b) Jardueraren gastuen eta inbertsioen zerrenda sailkatu bat, hartzekoduna eta agiria identifikatuta, baita zenbatekoa, jaulkipen eguna eta ordainketa eguna ere (5. eranskina).

c) Orobat, aurkeztuko dira egindako gastuen fakturak edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balio bera edo eraginkortasun administratiboa duten bestelako agiriak, eta egindako ordainketen frogagiriak, dirulaguntzaren helburua bete dela frogatzeko.

d) 100 eurotik gorako gastuen ordainketak bankuko ordainagirien bidez frogatuko dira. Zenbateko horretakoak edo txikiagoak diren gastuak, berriz, fakturen bidez edo froga balio bera duten beste dokumentu batzuen bidez justifikatzen ahalko dira, kasu bakoitzeko ordainagiriak erantsita, hots: bankuko frogagiriak, "ordainduta" zigilua daramaten fakturak (hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak), edo faktura edo ordainagiria ordaindu dela frogatzen duen beste edozein dokumentu.

e) Diruz lagundutako jarduera finantzatu duten bestelako dirulaguntzen edo diru-sarreren azalpena, bakoitzaren zenbatekoa eta jatorria adierazita (6. eranskina). Argi eta garbi zehaztuko da zein jarduera zehatzek jaso duten dirulaguntza.

f) Hala balegokio, itzulketaren ordainketa gutuna, aplikatu gabeko gerakinen kasuan, baita haietatik eratorritako interesena ere.

Organo emaileak laginketa-tekniken bidez egiaztatuko ditu erabakitzen dituen egiaztagiriak, dirulaguntza egoki aplikatu dela arrazoiz frogatzeko. Horretarako, onuradunari eskatzen ahalko dio hautatutako gastuen egiaztagiriak igortzeko.

5. eranskineko berariazko inprimakian aurkeztuko dira a), b) eta c) atalak.

Ekintza irabazizko ekintza bihurtzen bada, Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntza itzuli eginen da, lortutako onuraren arabera.

3. Justifikazioa egiteko epea: 2023ko uztailaren 31ra arte, egun hori barne, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan (egoitza elektronikoaren bidez eskuragarri, www.nafarroa.eus helbidean), edo aurrez aurre, Nafarroako Gobernuak gaitutako erregistroetatik edozeinetan, Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari zuzendua.

Justifikatzeko epeak luzaezinak izanen dira, eta ez da onartuko epetik kanpo iristen den dokumentaziorik.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko. ARAU hauetatik edozein betetzen ez bada, emandako dirulaguntza baliogabetu eginen da; halaber, ikastetxe onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu, dirulaguntza ordaindu zenetik aurrera sortutako legezko berandutze-interesak gehituta, eta hurrengo deialdian parte hartzeko eskubidea galduko du.

13. Itzultzeko arrazoiak.

Atal honetan adierazten diren kasuetako bat gertatuz gero, jasotako diru guztia edo zati bat itzuli beharko da, baita berandutze-interesa ordaindu ere, dirulaguntza ordaintzen den unetik itzuli beharra erabakitzen den egunera artekoa:

a) Dirulaguntza lortzea horretarako eskatzen diren baldintzak faltsutuz edo ematea eragotziko zuketen baldintzak ezkutatuz.

b) Ez betetzea dirulaguntzaren xede den helburua, jarduera edo proiektua, edo hartu behar zen jokabidea ez hartzea, osorik nahiz hein batean.

c) Justifikatzeko betebeharra ez betetzea, edo behar bezainbat ez justifikatzea.

d) Egiaztapenak eta finantza-kontrolak saihestea edo haiei uko egin edo trabak eta eragozpenak jartzea, eta kontabilitateari, erregistroari eta agirien kontserbazioari buruzko betebeharrak ez betetzea, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den eta dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren.

e) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek hartutako konpromisoak ez betetzea, baldin eta ez-betetze horiek zerikusirik badute helburuak lortzeko, jarduera egiteko edo proiektua gauzatzeko moduarekin edo dirulaguntza emateko oinarri izan den jokabidea hartzearekin.

f) Administrazioak entitate laguntzaileei eta onuradunei ezarritako betebeharrak ez betetzea, edo onuradunek dirulaguntza onartzerakoan hartutako konpromisoak ez betetzea, goian adierazitakoez aparte, baldin eta horren ondorioz ezin bada egiaztatu hartutako dirua zertarako erabili den, helburua lortu ote den eta dirulaguntza jaso duten jarduerak benetan eta erregulartasunez egin diren.

g) Publizitateari eta zabalkundeari buruz ezarritako neurriak ez betetzea, agirietan eta propagandan ez aipatzeagatik jarduera Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak diruz lagundu duela, halako baldintza ezarri den kasuetan.

h) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorrean ezarritako gainerako kasuak.

14. Borondatezko itzulketa.

1. Borondatezko itzulketa da onuradunak Administrazioak inolako errekerimendurik egin gabe egiten duena.

2. 887/2006 Errege Dekretuaren 90. artikuluan xedatutakoaren arabera, onuradunak bere ekimenez itzultzen ahalko du Hezkuntza Departamentuak emandako dirulaguntza, hark eskatu gabe.

3. Horretarako, lehenik eta behin, onuradunak dirulaguntza itzultzeko eskaera eginen du, eta horren arrazoiaren berri emanen du.

Onuradunak eskatuta itzuliko da dirulaguntza, ordainketa-gutun bidez. Hezkuntza Departamentuak onuradunari emanen dio ordainketa-gutuna.

15. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari lotuko zaio.

16. Dirulaguntzen araubide juridikoa.

Deialdi honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, araudi honetan ezarritakoa aplikatuko da:

–11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

17. Errekurtsoen araubidea.

Interesdunei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40. artikuluak eta hurrengoek ezarritakoarekin.

Oinarri hauen aurka eta oinarriak betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hau jartzen ahalko da:

–Gora jotzeko errekurtsoa, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

18. Beste kontu batzuk.

Datu pertsonalen tratamendua.

Tratamenduaren arduraduna: Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzua.

Helburua: zerbitzu horrek aurreikusitako dirulaguntzak edo laguntzak kudeatzea, kasuan kasuko deialdia edo laguntza arautzen duten oinarri edo arauen arabera.

Emandako dirulaguntzak edo laguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen direla justifikatzea.

Eskubideak: datuak ikusteko, zuzentzeko eta ezabatzeko eskubidea duzu, bai eta beste eskubide batzuk ere, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura joz edo euskaraatala@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.

Informazio gehigarria: datuen tratamenduei buruzko informazio gehigarri eta zehatza Hezkuntza Departamentuaren webgunearen egoitza elektronikoan dago eskuragarri.

Eskabidean edo bizikidetzari buruzko adierazpenean datuak falta badira edo faltsutzen badira, edo aurkeztutako agiriak faltsuak badira, eskaeraren deuseztasuna deklaratuko da, eta egileek izan ditzaketen erantzukizunengatik erantzun beharko dute.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

2. eranskina.–Eskaera.

3. eranskina.–Dirulaguntzaren xedeko jardueren zerrenda.

4. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena.

5. eranskina.–Diruz lagundutako jardueren justifikazioa.

6. eranskina.–Erantzukizunpeko adierazpena, xede bererako eskatutako dirulaguntzei buruzkoa.

Deskargatu 2. eranskinetik 6.era bitartekoak (DOC).

7. eranskina.–Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

8. eranskina.–Gardentasun betebeharrei buruzko adierazpena (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2305073