77. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

86/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adinekoen eta/edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko asmoz, laguntza produktuak erosteko laguntzak emateko oinarri arautzaileak onesten dituena 2023. urterako. DDBN identifikazioa: 681803.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Agindu hori Nafarroako Foru Komunitateak gizarte laguntzaren arloan duen eskumen esklusiboaren arabera eman zen, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 44.18 artikuluarekin lotu behar da, non Foru Komunitateari eskumen esklusiboa ematen baitzaio hirugarren adineko pertsonen arloetan, baita Espainiako Konstituzioaren 49. eta 50. artikuluekin ere, non ezartzen baita botere publikoek urritu fisiko, zentzumenezko eta psikikoentzako aurreikuspen, tratamendu, errehabilitazio eta integrazio politika egin beharko dutela, bai eta hirugarren adineko pertsonen ongizatea sustatzeko politika ere, haien berariazko arazoez arduratuko diren gizarte zerbitzuen sistema baten bitartez.

Ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuaren bidez, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onetsi zen. "Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinaren B ataleko 12. puntuan, adinekoentzako arretaren arlorako laguntza teknikoak ezartzen dira. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua adineko pertsona bere ohiko ingurunean geratzeko erraztasunak ematea dela, etxebizitzaren irisgarritasuna eta mugikortasuna erraztuta edo haren egoera fisikoa eta osasun egoera hobetuta.

"Bermatu gabeko prestazioak" izeneko II. eranskinaren C) ataleko 14. puntuan, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza produktuak erosteko dirulaguntzak ematea aurreikusten da. Hartan xedatzen da baliabide horren helburua desgaitasunak eragindako beharrak estaltzea dela, autonomia pertsonala eta irisgarritasuna sustatzearren.

Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, autonomia erkidegoetako administrazioek berariazko akordioak egiten ahalko dituzte dirulaguntzak emateko, aurrekontuetan duten diruaren arabera, autonomia pertsonala bultzatzeko. Laguntza horiek dirulaguntza modukoak izanen dira, eta eguneroko bizitzan normal moldatzeko behar diren laguntza teknikoetarako edo tresnetarako emanen dira.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako. Arau horren 17.1 in fine artikuluak banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen du. Araubide horretan, araudiak edo oinarri arautzaileek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntzak ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legeko 5. artikuluko 4. puntuaren arabera, bizimodu independentea izateko eta bizitzaren eremu guztietan osoki parte hartzeko eskubidea sustatzeko, botere publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte irisgarritasun unibertsala bermatzeko inguruneetan, prozesuetan, ondasunetan, produktu eta zerbitzuetan, garraioan, informazio eta komunikazioetan, barnean direla informazioaren eta komunikazioen sistemak eta teknologiak, eta hedabide sozialak eta jendaurreko edo erabilera publikoko beste zerbitzu eta instalazio batzuk, hiriguneetan nahiz landaguneetan.

Azaroaren 6ko 301/2019 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eginkizunak.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, erabiliz Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 268/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea adinekoen eta/edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari aurrea hartzeko laguntzak emateko deialdiaren oinarri arautzaileak 2023. urterako, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jaso direnak.

2. Gastua baimentzea, 2023ko gastu aurrekontuko honako partida honen kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

920005 93100 4809 231B03 Laguntza produktuak erosteko prestazio ekonomikoa

2023

30.000,00

3. Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalera, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentrora, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegora eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

Iruñean, 2023ko martxoaren 14an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, María Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Deialdiaren oinarri orokorrak

1.–Xedea eta helburua.

Agindu honen xedea da oinarri batzuk ezartzea arautzeko nola emanen zaizkien mendekotasun edo desgaitasun graduren bat duten pertsonei laguntza produktuak erosteko banakako laguntzak. Salbuespenez, goian adierazitako egoeretan egon gabe ere, funtzio baterako autonomia galarazten dien patologiaren bat izateagatik laguntza produkturen bat behar duten pertsonei ere bai, osasun sistemako profesional baten txostenaren bidez egiaztatuz gero.

Foru agindu honen ondorioetarako, laguntza produktuak dira bereziki desgaitasuna eta/edo mendekotasuna duten pertsonentzat fabrikatutako edo merkaturatutako produktuak, hauetarako helbururen bat dutenak:

–Parte hartzea erraztea.

–Gorputzaren funtzioak/egiturak eta jarduerak babestea, sostengatzea, entrenatzea, neurtzea edo ordeztea.

–Jarduteko edo parte hartzeko mugei eta gabeziei aurrea hartzea.

Agindu honetan arautzen diren prestazioak ez dira aldizkakoak. Beraz, prestazioa emateak ez du esan nahi hurrengo urteetan berriz jasotzeko eskubidea aitortzen denik.

Laguntza hauen helburua da desgaitasunaren eta/edo mendekotasunaren ondorioz sortzen diren behar batzuk estaltzeko gastu jakin batzuetan laguntzea, behar horien ondorioz pertsonak zailtasun edo zaurgarritasun sozialeko egoeran gelditzen baitira. Gastuak deialdiari dagokion urtean eginak izan behar dira. Laguntza hauen bidez, jarduteko behar den esfortzua gutxitzea da asmoa.

2.–Tipologia.

Laguntza hauek adinekoen edo desgaitasuna duten pertsonen autonomia pertsonala sustatzera eta mendekotasunari aurrea hartzera bideratuko dira, Eskubide Sozialetako Departamentuaren esparruan, eta tipologia hauetakoren batean kokatuko dira:

2.1. Norberaren babesa eta zainketa errazten duten laguntza produktuak.

A.–Garbitasunerako laguntza produktuak.

A.1. Aulki pixontzidunak.

A.2. Komunontzi goragailua, beso euskarriekin edo gabe.

A.3. Komunontzirako altxagarriak, altuera eta inklinazio doigarriarekin.

A.4. Komunontzirako tapakia, igotzeko mekanismoarekin, esertzen eta altxatzen laguntzeko.

A.5. Ur beroaren bidezko ureztatze sistemak eta lehorgailuak, komunontzirako egokituak.

B.–Nork bere burua garbitzeko, dutxatzeko eta bainatzeko laguntza produktuak.

B.1. Bainuontzirako oholak eta eserlekuak.

B.2. Bainuontzirako aulki birakaria.

B.3. Dutxarako aulkiak, gurpildunak nahiz gurpil gabeak.

B.4. Bainuontzirako goragailu elektrikoa.

B.5. Dutxarako andak.

B.6. Komunerako heldulekuak.

B.7. Ilea zaintzeko laguntza produktuak.

B.8. Aulki baskulagarri eta etzangarriak.

C.–Janzteko eta eranzteko laguntza produktuak.

C.1. Galtzerdiak nahiz galtzetinak janzteko eta eranzteko laguntza produktuak (Terry modukoak).

C.2. Konpresio galtzerdiak janzteko eta eranzteko laguntza produktuak (Roly modukoak).

D.–Jateko eta edateko laguntza produktuak.

D.1. Mahai tresna egokituak.

D.2. Plater, katilu eta edalontzi egokituak.

D.3. Plateretarako ertz goratuak eta topeak.

D.4. Mahai tapiz edo zapi irristagaitzak.

2.1. atalean aipatutako produktuak erosteko laguntzak jaso ahal izateko, pertsona eskatzaileek osasun profesional baten txosten baten bidez frogatu beharko dute dagokion produktuaren premia.

2.2. Mugikortasun pertsonala eta lekualdatzeko gaitasuna hobetzeko laguntza produktuak.

A.–Altxatzeko, garraiatzeko eta transferitzeko laguntza produktuak.

A.1. Transferentzia diskoak.

A.2. Transferentzia diskoak heldulekuekin.

A.3. Transferentzia oholak.

A.4. Transferentzia oholak disko irristagarriarekin.

A.5. Transferentzietarako gerriko eta arnesak.

A.6. Ohetarako barra erdiak.

2.2 atalean adierazitako produktuak erosteko laguntzak jasotzeko, %75etik gorako desgaitasun maila izan beharko da "gorputza transferitzeko" jardueretan, eta/edo jardun negatiboa frogatu, FP/SM laguntza mailarekin, jarduera hauetan: "gorputzaren posizioa aldatu eta mantendu", "aulki batean eserita egotetik zutik jarri", "zutik egon" eta "zutik egotetik aulki batean eseri".

2.3. Komunikaziorako eta informaziorako laguntza produktuak.

A.–Ikusmenerako laguntza produktuak.

A.1. Betaurrekoak erostea.

A.2. Lentillak erostea.

Betaurrekoak nahiz lentillak erosteko dirulaguntza jasotzeko, gutxienez %25eko ikusmen desgaitasuna izatea eskatzen da. Ez badago aitortuta eskatzen den gutxieneko desgaitasun maila, eskatzaileak txosten oftalmologiko bat aurkeztu beharko du, gutxienez %25eko ikusmen desgaitasuna duela egiaztatzeko.

Lentillen kasuan, behin baino gehiagotan eskatzen ahalko dira, berritzeko ezarrita dagoen epearen barruan, harik eta deialdiaren II. eranskinean ezarritako gehieneko zenbateko diruz lagungarrira iritsi arte.

Betaurrekoak erosteko dirulaguntza jasoz gero, ez da jasotzen ahalko lentillak erosteko dirulaguntza, eta alderantziz; salbu eta medikuaren preskripzio baten bidez ikusmenerako bi laguntza produktuak aldi berean erabiltzeko premia justifikatzen bada. Horretarako, sare publikoaren txosten oftalmologikoa aurkeztu beharko da.

A.3. Ikusmenerako beste laguntza produktu batzuk.

–Iragazkiak.

–Leiarrak.

–Lupak.

–Teleskopioa.

Ikusmenerako beste laguntza produktu batzuk erosteko laguntzak emateko, Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroaren aldeko txosten tekniko bat aurkeztu beharko da, eta ikusmenaren eta hari loturiko funtzioen %65 edo gehiago mugatuta dagoela frogatu. Bestela, mendekotasun egoera bat aitortu beharko da, eta hori Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntza Produktuen Zentroaren aldeko txosten tekniko baten bidez berretsi beharko da.

Aurrekontuko diru erabilgarria.

Laguntza hauetarako aurrekontua 30.000 eurokoa izanen da guztira, 2023ko gastu aurrekontuko "Laguntza produktuak erosteko prestazio ekonomikoa" izeneko 920005 93100 4809 231B03 partidaren kargura.

3.–Betebeharrak.

Laguntzak jaso ahal izateko, baldintza hauek bete beharko dituzte eskatzaileek:

a) Mendekotasun edo desgaitasun mailaren bat aitortuta edukitzea edo, hala ez bada, 65 urte baino gehiago eta funtzio baterako autonomia galarazten duen patologiaren bat edukitzea, osasun sistemako profesional baten txostenaren bidez egiaztatuz gero. Zalantzarik izanez gero, txosten hori Eskubide Sozialetako Departamentuko Laguntzarako Produktuen Zentroko teknikarien aldeko txostenaren bidez berretsiko da.

b) Eskaera egin baina urtebete lehenagotik, gutxienez, Nafarroan egiazki eta jarraian bizi izan dela frogatzea.

c) Laguntza produktuaren beharra dokumentatzea, desgaitasun eta/edo mendekotasun maila aitortuta ez izatekotan, Osasun arloko profesional eskudun baten txostenaren bidez.

d) Aurreko deialdian xede bererako eskatutako dirulaguntzarik ez jaso izatea azken bi urteetan, salbu eta honako baldintza hauek betetzen badira:

–Eskatutako egokitzapena edo laguntza teknikoa aurrez eskatutakoaren osagarri izatea, mendekotasun-egoerari aurrea hartzeko edo eskatzailearen autonomia pertsonala sustatzeko.

–Eskatutako egokitzapena edo laguntza teknikoa aurrez emandakoen desberdina izatea, mendekotasun egoera larriagotu egin delako.

e) Zerga arloko betebeharrak egunean izatea, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei zorrak ordaintzeko betebeharrak ere.

f) Dirulaguntzen onuraduna izateko Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. Ataletan ezarritako debeku egoeretan ez egotea.

Deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den eguna baino lehen hildako pertsonak ez dira onuradun izaten ahalko.

Eskaera aurkezten den egunean bete beharko dituzte aipatutako baldintzak interesdunek.

4.–Eskaerak aurkeztea.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak berariaz onartzea.

Halaber, eskaera aurkeztean, eskatzaileak berariaz emanen dio baimena Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuari administrazio publiko eskudunetan dauden fitxategi publikoak egiaztatzeko eta kontsultatzeko, eskatutako baldintzak eta inguruabarrak betetzen ote diren jakiteko asmoz.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak aurkezteko epea foru agindu hau argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta 2023ko urriaren 31n edo deialdiari esleitutako zenbatekoa agortzen den egunean bukatuko da.

Ahal bada, eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Elektronikoan aurkeztuko dira, http://www.navarra.es webgunean (sinadura elektronikoa behar da), edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko araudian aurreikusitako tokietan.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

a) III. eranskineko eredu ofizialaren araberako eskaera, behar bezala beteta eta eskatzaileak edo, kasuaren arabera, haren ordezkariak sinatuta. Deialdiaren webgunean daude eskuragarri eskaerak eskatutako eranskin guztiak.

Deialdiaren fitxan agertzen den eskaera ereduarekin (III. eranskina) bat ez datozen eskaerak, edo ez daudenak behar bezala beteta, edo ez daudenak sinatuta, ez dira aurkeztutzat hartuko, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

b) Laguntzaren eskatzailearen edo/eta haren ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren (NAN), atzerritarraren identifikazio zenbakiaren (AIZ) edo pasaportearen kopia, bai eta familia unitateko gainerako kideena ere.

c) Eskatzailea bizi den herriko udalak emandako errolda ziurtagiria edo agiria, gutxieneko antzinatasuna frogatzen duena.

d) Eskatutako produktuaren premia frogatzen duen osasun arloko profesionalaren txosten teknikoa, baldin eta eskatzaileari ez bazaio aitortu desgaitasuna edo mendekotasun egoera.

e) Egindako gastua frogatzen duen faktura, 7.1 oinarriaren araberakoa. Faktura horren data 2023ko urtarrilaren 1aren eta eskaera aurkezteko egunaren artekoa izan beharko da.

f) Dirulaguntzaren xede diren produktuen ordainagiriak, 7.2 oinarriaren arabera.

g) Aurkeztutako azken errenta aitorpena, eskatzailearen eta familia unitateko gainerako kideen diru sarrerak erakusten dituena. Eskatzailea ez badago behartuta errenta aitorpena aurkeztera, diru sarreren adierazpen sinatu bat aurkeztuko da, IV. eranskineko ereduaren araberakoa, azken zergaldiari dagozkion datu ekonomikoak jasotzen dituena.

h) Dirulaguntza transferentzia bidez jasotzeko eskaera, behar bezala beteta eta sinatuta, V. eranskineko ereduaren arabera.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerarekin batera aginduzko agiriak aurkeztu ezean, instrukzio organoak interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezean, eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioko araubidearen bidez tramitatuko da, osatutako eskaerak zein ordenatan jaso diren aintzat hartuta.

Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari dagokio prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak gauzatzea.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak izanen du laguntzak emateko prozedura ebazteko eskumena.

5.2. Eskaeren tramitazioa.

Laguntza eskaera aurkeztu den egunaren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, baldin eta eskaerarekin batera deialdi honen oinarrietan eskatzen diren dokumentu guztiak aurkeztu badira, eta aurrekontuan horretarako dagoen kreditua bukatu arte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Eskaeraren bat zuzendu beharra badago, eskaera ebazteko epea eten eginen da izapide hori burutu arte. Kasu horretan, laguntzak emateko ordena ezartzeko aintzat hartuko den data beharrezko dokumentu guztiak aurkezten diren eguna izanen da.

6.–Kontzeptu eta zenbateko diruz lagungarriak.

6.1. Kontzeptu diruz lagungarriak.

Foru agindu honetako I. eranskinaren 2. oinarrian azaltzen diren tipologietan sartutako kontzeptuak izanen dira diruz lagungarriak.

Instrukzio organoak baloratuko du kontzeptu diruz lagungarriak egokiak diren ala ez, profesional eskudunek (medikuek, gizarte langileek, etab.) egindako txostenen arabera. Eskaerak laguntzaren egokitasuna behar adina frogatzen ez badu, laguntza agindu duten profesionalei eskatuko zaie informazio gehiago eman dezatela, eta/edo egokitasun irizpen bat eskatuko zaio Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Balorazio Zentroko taldeari.

Halaber, diruz lagungarriak izanen dira laguntza produktuak 2023ko urtarrilaren 1aren eta azaroaren 29aren artean erosi direla fakturen eta ordainagirien bidez egiaztatzen duten laguntza eskaerak.

Ez dira diruz lagungarriak izanen Nafarroako Gobernuko beste departamentu batek, Estatuko Administrazioak eta/edo Gizarte Segurantzako entitate kudeatzaileek finantzatzen dituzten kontzeptuak.

6.2. Zenbateko diruz lagungarria.

Kostu diruz lagungarria eta eskatzailearen familia unitatearen urteko diru sarrerak hartuko dira kontuan dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

a) Kostu diruz lagungarria.

Laguntza produktu mota bakoitzari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarriaren arabera zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, foru agindu honen II. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

Eskatutako laguntza produktuari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinean zehaztutakoa, eskatzaileak egindako eta justifikatutako gastua baino handiagoa bada, azken hori hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdi honen 6.2.d) atalean azaltzen den formula matematikoa aplikatzeko helburuarekin.

Eskatutako laguntza produktuari dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinean zehaztutakoa, eskatzaileak egindako eta justifikatutako gastua baino txikiagoa edo berdina bada, gehieneko zenbateko diruz lagungarria hartuko da kostu diruz lagungarritzat, deialdi honen 6.2.d) atalean azaltzen den formula matematikoa aplikatzeko helburuarekin.

b) Familia unitatearen urteko diru sarrerak.

Familia unitatearen urteko diru sarrerak zenbatzeko, 4.2.g) atalean ezarritakoari jarraikiz aurkeztutako errenta aitorpena hartuko da aintzat eta, errenta aitorpena egin behar izatetik salbuetsita egonez gero, zergaldi bereko datu ekonomikoak jasotzen dituen diru sarreren adierazpena (IV. eranskina).

Familia unitatearen urteko diru-sarrerak kalkulatzeko, baliabide ekonomiko garbi guztiak zenbatuko dira, hauek barne: lan-etekinak, kapital-errentak, enpresa-jarduerak, jarduera profesional edo artistikoak eta erakunde publikoek emandako pentsio guztiak, errenta salbuetsiak badira ere.

Honako hau da familia unitate bat:

I. Senar-emazteek eta adingabeko seme-alabek osatua, salbu eta horiek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

II. Bikote iraunkor batek osatua, berariazko legeriaren arabera, baita adingabeko seme-alabek ere, salbu eta hauek, gurasoek baimendurik, haiengandik bereizirik bizi badira.

III. Legezko banantzeetan, edo ezkontzaren bidezko loturarik nahiz bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin nahiz bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko paragrafoetan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

IV. Hala hautatuz gero, familia unitateko kide gisa sartzen ahalko dira 18 urtetik 25 urtera bitarteko seme-alabak, baldin eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino diru-sarrera txikiagoak badituzte eta ez badira beren gurasoengandik bereizirik bizi.

c) Laguntzaren intentsitatea.

Eskatzailearen familia unitatearen urteko diru sarrerak kontuan hartuta, 6.2.b) atalean ezarritakoari jarraikiz, eta familia unitate horretako kide kopuruaren arabera, kostu diruz lagungarriari aplikatu beharreko laguntzaren intentsitatea zehaztuko da, 6.2.a) atalean ezarritakoari jarraikiz. Intentsitate hori I. taularen araberakoa izanen da.

I. taula.–Familia unitatearen diru sarreren eta kide kopuruaren araberako laguntzaren intentsitatea.

DIRU
SARRERAK

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

KIDE 1

2 KIDE

3 KIDE

4 KIDE

5 KIDE

6 KIDE EDO
GEHIAGO

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Eurotan

%

Honaino

20.521

100

30.780

100

38.497

100

44.245

100

48.673

100

53.538

100

Honaino

21.034

95

31.549

95

39.437

95

45.353

95

49.889

95

54.877

95

Honaino

21.559

90

32.338

90

40.424

90

46.486

90

51.136

90

56.249

90

Honaino

22.097

85

33.146

85

41.433

85

47.649

85

52.413

85

57.653

85

Honaino

22.649

80

33.976

80

42.469

80

48.839

80

53.725

80

59.095

80

Honaino

23.217

75

34.824

75

43.531

75

50.060

75

55.067

75

60.574

75

Honaino

23.796

70

35.696

70

44.619

70

51.313

70

56.443

70

62.087

70

Honaino

24.393

65

36.588

65

45.735

65

52.594

65

57.855

65

63.639

65

Honaino

25.001

60

37.503

60

46.879

60

53.910

60

59.301

60

65.232

60

Honaino

25.629

55

38.440

55

48.017

55

55.257

55

60.784

55

66.860

55

Honaino

26.269

50

39.401

50

49.253

50

56.639

50

62.303

50

68.533

50

Honaino

26.924

45

40.388

45

50.483

45

58.055

45

63.861

45

70.246

45

Honaino

27.597

40

41.396

40

51.744

40

59.506

40

65.458

40

72.004

40

Honaino

28.288

35

42.430

35

53.038

35

60.994

35

67.093

35

73.803

35

Honaino

28.994

30

43.493

30

54.364

30

62.520

30

68.771

30

75.649

30

Honaino

29.720

25

44.580

25

55.723

25

64.081

25

70.490

25

77.537

25

Honaino

30.462

20

45.694

20

57.116

20

65.683

20

72.252

20

79.476

20

Honaino

31.224

15

46.836

15

58.543

15

67.327

15

74.058

15

81.465

15

Honaino

32.005

10

48.004

10

60.007

10

69.010

10

75.910

10

83.500

10

Honaino

32.805

5

49.205

5

61.508

5

70.733

5

77.806

5

85.589

5

Gutxienez

32.805

0

49.205

0

61.508

0

70.733

0

77.806

0

85.589

0

Laguntzaren intentsitatea zehazteko, prozedura hau erabiliko da: familia unitateko kide kopuruari dagokion zutabean, 6.2.b) atalaren araberako familia unitatearen urteko diru sarreren zifra bera edo hurrengo handiena daukan laukia bilatu behar da. Eskuineko alboko laukian, ehuneko bat agertzen da, laguntzaren intentsitatetzat hartuko dena 6.2.d) ataleko formula matematikoa aplikatzeko eta dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko.

d) Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztea.

Eskatzaileak jaso beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa formula matematiko honen bidez zehaztuko da:

Kostu diruz lagungarria x laguntzaren intentsitatea = dirulaguntzaren zenbatekoa

Jarraian azaltzen den ereduan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko modua erakusten da.

Bi kideko familia unitate bateko pertsonetako batek dirulaguntza bat eskatu du 600 euroko laguntza produktu batengatik. Produktua (aulki baskulagarri eta etzangarri bat) ordainduta dago, eta gastua justifikatuta. Laguntza produktu horri dagokion gehieneko zenbateko diruz lagungarria, II. eranskinaren arabera, 550 euro da.

Kasu horretan, kostu diruz lagungarria 550 euro da.

Ordaindutako eta justifikatutako gastua 600 eurokoa bada ere, eskatutako laguntza produktuari dagokion gehieneko diruz lagungarria 550 euro da; beraz, hori da kostu diruz lagungarria.

Eskatzailearen familia unitatearen 2021eko errenta aitorpenaren arabera, zerga oinarria 33.000 euro izan zen; horrez gain, 8.000 euroko errenta salbuetsiak ditu.

Familia unitateak errenta gisa aitortutako diru sarrerak 33.000 eurokoak dira, eta horiei errenta salbuetsien 8.000 euroak gehitu behar zaizkie. Ondorioz, familia unitatearen urteko diru sarrerak 41.000 euro dira = 33.000 euro + 8.000 euro.

Bi kideko familia unitate baten kasuan, I. taulan familia unitatearen urteko diru sarreren (41.000 euro) zenbateko berdina edo handiagoa duen laukia bilatuz gero, 41.396 euroko zenbatekoa aurkituko dugu. Eskuinean, ondoko laukian, %40 jartzen du, eta hori da kasu honi dagokion laguntzaren intentsitatea.

Horrela, dirulaguntzaren zenbatekoa 220 euro izanen da, hori baita 550 euro %40ko intentsitatearekin biderkatzearen emaitza.

Inoiz ez da ematen ahalko eskatutako produktuaren merkatuko batez besteko prezioa baino diru gehiago.

Eskatzaile bakoitzarentzako dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa 1.500 euro da.

7.–Diruz lagundutako gastuaren justifikazioa.

Laguntza emateko ebazpena argitaratu ondoren ordainduko da 6.2.d) ataleko formula aplikatuta zehaztutako dirulaguntzaren zenbatekoa, baldin eta egindako gastua dagozkion faktura eta ordainagirien bidez justifikatu bada.

7.1. Egindako gastuaren frogagiriak.

Egindako gastua faktura bidez soilik dokumentatuko da.

Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten duen 23/2013 Foru Dekretuari jarraikiz, dirulaguntzaren eskatzaileak egindako gastua justifikatzen duten faktura guztiek honako datu hauek izanen dituzte:

–Faktura zenbakia.

–Faktura egin zeneko eguna.

2023ko urtarrilaren 1aren eta eskaera aurkezten den egunaren artekoa izan beharko da data.

–Faktura egin duenaren nortasun datuak:

  • Izen-deiturak edo sozietate izen osoa.
  • Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • Egoitza.

–Fakturaren hartzailearen (dirulaguntzaren eskatzailea) nortasun datuak.

  • Izen-deiturak.
  • Identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ).
  • Egoitza.

–Fakturaren xede den laguntza produktuaren deskribapena, zergarik gabeko unitateko prezioa barne, baita unitateko prezioan sartzen ez den edozein deskontu edo beherapen nahiz guztizko kontraprestazioa ere.

–Eragiketari aplikatu beharreko BEZaren zerga tasa.

Faktura bidez dokumentatutako erosketa BEZa aplikatzetik salbuetsita badago, salbuespen hori fakturan agertu beharko da.

–Ordaintzeko modua.

Faktura eskudirutan, zordunketa bidez, banku transferentzia bidez edo txartelarekin ordaindu den adierazi beharko da.

7.2. Eskatzaileak egindako ordainketaren frogagiriak.

Faktura eskudirutan ordaindu bada, aurkeztutako fakturan hura egin duenaren sinadura eta zigilua agertu beharko dira, eta ordaintzeko modua adierazi beharko da.

Zordunketa bidez egin bada ordainketa, banku kontuaren jabea dirulaguntzaren eskatzailea dela agertu beharko da ordainagirian.

Banku transferentzia bidez egin bada ordainketa, ordainagirian argi ikusi beharko da xede kontua zein den, baita transferentziaren hartzailea diruz lagundutako laguntza produktuari dagokion faktura egin duena dela ere.

Azkenik, txartelarekin egin ordaindu bada faktura, ordainketa egiteko erabili den txartelaren jabea dirulaguntzaren eskatzailea dela agertu beharko da ordainagirian.

8.–Ebazpena eta errekurtsoak.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak emanen du laguntza emateko eta ordaintzeko ebazpena, instrukzio organoaren proposamenari jarraikiz.

5.2 atalaren arabera eskaeraren aurkezte datatzat hartzen den egunetik 3 hilabete iragan baino lehen emanen eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori iragaten bada ebazpenik berariaz jakinarazi gabe, interesdunek ulertzen ahalko dute eskaera ezetsi egin dela. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

9.–Bateragarritasuna.

Deialdi honetan araututako dirulaguntzak bateraezinak dira entitate publikoek xede bererako ematen duten beste edozein dirulaguntza edo laguntzarekin.

Laguntza bat jaso eta bi urteko epean ez da kontzeptu bererako laguntzarik jasotzen ahalko, behar bezala justifikatu eta instrukzio organoak onartutako kasuetan izan ezik.

10.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin.

11.–Aplikatu beharreko arauak.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

12.–Datuen babesa

Deialdi honek ezartzen duena betetzeko beharrezkoak diren datu pertsonalen tratamendua honako arau hauen arabera eginen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalen Bermeari buruzkoa; eta garapenerako gainerako arauak.

13.–Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra.

II. ERANSKINA

Laguntza produktuen katalogoa

LAGUNTZA PRODUKTU MOTA

AZPIMOTA

SAILA

GEHIENEKO ZENBATEKO DIRUZ LAGUNGARRIA

2.1.–Norberaren babesa eta zainketa errazten duten laguntza produktuak

A. Garbitasunerako laguntza-produktuak (libratzea)

1. Aulki pixontzidunak

112 euro bakoitza

2. Komunontzirako goragailua beso euskarriarekin

81 euro bakoitza

3. Komunontzirako altxagarriak, altuera eta inklinazio doigarriarekin

100 euro bakoitza

4. Komunontzirako tapakia, igotzeko mekanismoarekin, esertzen eta altxatzen laguntzeko

139 euro bakoitza

5. Ureztatze sistemak eta aire beroaren bidezko lehorgailuak, komunontzirako egokituak

450 euro bakoitza

B. Nork bere burua garbitzeko, dutxatzeko eta bainatzeko laguntza produktuak

1. Bainuontzirako ohola eta eserlekuak

60 euro bakoitza

2. Bainuontzirako aulki birakaria

135 euro bakoitza

3. Dutxarako aulkiak, gurpildunak nahiz gurpil gabeak

265,50 euro bakoitza

4. Bainuontzirako goragailu elektrikoa

427,50 euro bakoitza

5. Bainurako ohatilak

630 euro bakoitza

6. Komunerako heldulekuak

70 euro bakoitza

7. Ilea zaintzeko laguntza produktuak

25 euro bakoitza

8. Aulki baskulagarri eta etzangarriak

550 euro bakoitza

C. Janzteko eta eranzteko laguntza produktuak

1. Galtzerdiak eta galtzetinak janzteko laguntza produktuak

15 euro bakoitza

2. Konpresio galtzerdiak janzteko eta eranzteko laguntza produktuak

50 euro bakoitza

D. Janzteko eta eranzteko laguntza produktuak

1. Ontziak

20 euro bakoitza

2. Plater, katilu eta edalontziak

Benetako kostua

3. Plateretarako ertz goratuak eta topeak

7 euro bakoitza

4. Mahai tapiz edo zapi irristagaitzak

30 euro bakoitza

2.2.–Mugikortasun pertsonala eta lekualdatzeko gaitasuna hobetzeko

A. Altxatzeko, garraiatzeko eta transferitzeko laguntza-produktuak

1. Transferentzia diskoak

78 euro bakoitza

2. Transferentzia diskoak heldulekuekin

346,50 euro bakoitza

3. Transferentzia oholak

86,50 euro bakoitza

4. Transferentzia oholak disko irristagarriarekin

300 euro bakoitza

5. Transferentzietarako gerriko eta arnesak

61 euro bakoitza

6. Ohe artikulatuetarako barra erdiak.

100 euro bakoitza

2.3.–Komunikaziorako eta informaziorako

A. Ikusmenerako laguntza produktuak

1. Betaurrekoak erostea

580 euro bakoitza

2. Lentillak erostea

480 euro bakoitza

3. Ikusmenerako beste laguntza produktu batzuk: iragazkiak, lenteak, lupak eta teleskopioa

Benetako kostua

Iragarkiaren kodea: F2304386