77. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

266E/2023 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Zarrakazteluko udal plan orokorrari buruzko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten duena. Sustatzailea Zarrakazteluko Udala da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio estrategikoaren menpe jarri behar dira administrazio publikoek hartutako edo onetsitako planak, eta horien ingurumen adierazpen estrategikoa egin behar da, plana onestearekin batera edo lehenago.

Zarrakazteluko udal plan orokorraren ingurumen ebaluazio estrategikoa aurretiazko ingurumen kontsulta informatuarekin hasi zen 2019ko urriaren 29an. Zarrakazteluko Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Eredua abiapuntu hartuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2020ko ekainaren 29an eman zuen irismen txostena, hirigintza plana prestatzean kontuan hartu beharreko ingurumen alderdi esanguratsuenak adieraziz.

Hirigintzako Udal Plana 2021eko maiatzaren 27an hasiera batean onetsi ondoren, jendaurreko epea hasi zen 2021eko 140. Nafarroako Aldizkari Ofizialean iragarki bat argitaratuta, ekainaren 17an. Dokumentazio horri dagokionez, Biodibertsitatearen Zerbitzuak txostena eman zuen 2021eko irailaren 2an, batez ere landa lurzorua antolatzeari eta arautzeari zuzenduta zeuden zenbait oharrekin.

Jendaurreko informazioaren eta administrazio publikoen kontsultaren fasean jasotako txosten sektorialen eta alegazioen emaitzatik abiatuta, eta Hirigintza Planean jasotako aldaketen aurrean, jendaurreko informazioaren izapide berri bat hasi zen (2021eko 281. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 16koa).

Zarrakazteluko Udalak 2022ko martxoaren 31n plana behin-behinekoz onetsi ondoren, Lurralde Antolamenduaren Zuzendaritza Nagusiari bidali zitzaion, behin betikoz onets zezan, eta ingurumen adierazpen estrategikoa eskatu zen.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak 2022ko irailaren 14an bidali zion Zarrakazteluko Udalari Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren txostena, zaratari eta zonifikazio akustikoari buruzkoa, Udal Planean aintzatets zezan. 2022ko abenduaren 7an dokumentazio berria aurkeztu zen, aipatu txostenari erantzuteko.

Hirigintzako Udal Planaren aplikazio esparrua eta, hortaz, egin diren analisiak, diagnostikoak eta proposamenek udal-mugarte osoan dute eragina. Zarrakazteluko lurralde eredua elementu naturalek egituratzen dute, hala nola Aragoi ibaiak eta horren lautada alubialak; Larrateko eta Sasoko ordokiek; eta gainerako terraza ertainek eta sakonuneek, zeinetan sakanak eta ureztalurren sare artifizial zabala baitaude. Lurralde horretan, nabarmentzekoak dira Zarrakazteluko hirigune trinkoa, Aragoi Behereko ibarburu dena, Olivako monasterioko fraileen kokalekua, eta ekialderantz, Figarolgo herrigunea, berrikiago sortua.

Hirigintza Planean garatzen diren proposamenek eredu trinkoago eta kohesionatuago baten alde egiten dute, non bizileku garapenak hirigunearen barnealdean eta ondoko periferian eginen baitira. Zarrakaztelun eta Figarolen, hiriguneak lurzoru urbanizagarrien bitartez zabaldu dira ondoko nekazaritza lurretarantz. Horietan humanizazio maila jakin bat dago, hirigunetik gertu egoteagatik, eta ingurumen balio esanguratsurik identifikatzen ez den espazioak dira. Hori dela eta, ez da ingurumen eragin esanguratsurik aurreikusten.

Erabilera ekonomikoetara zuzendutako eremuak, Zarrakaztelun, ekialderantz zuzentzen dira, Bajamar eta GKN industrien inguruan (NA-534), baita hegoalderantz ere, El Villar industrialdearen eta Kooperatibaren inguruan. Figarolen kasuan, berriz, hirigunearen hego-mendebaldean dagoen pabiloien eremuan finkatzen da.

Bide azpiegiturei dagokienez, lurralde mailan, kanpoko bide bat proposatzen da Zarrakaztelun, hegoaldeko ertzean, NA-1240 eta NA-128 lotzen dituen ingurabide gisa. Bide hori "babestu beharreko lurzoru urbanizaezina: azpiegiturak" izatera igarotzen da eta lehendik dauden bideen gainean geratzen da. Trazaduraren zati bat Pasada 2 abelbidearekin bat datorrenez, hura egiteko unean, legedia sektorialari (araudian adierazten den bezala) eta Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak ezartzen duenari jarraituko zaie, Lurraldea Okupatzeko Estrategia eta Ereduaren 2020ko uztailaren 21eko txostenean adierazi bezala.

Planaren dokumentazioko zati den zarataren azterketa oinarri hartuta, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatzen du dagoeneko eginda dauden hiri eremuei loturiko trantsizio akustikoko eremuak mugatu behar direla, bai Figarolen, bai Zarrakaztelun. Eta kalitate akustikoaren helburuak betetzen direla bermatzeko prebentzio eta zuzenketa neurriak hartzea proposatzen du. Txosten horri erantzuteko, dokumentazio berria aurkeztu zen 2022ko abenduan, eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldeko txostena eman zuen 2022ko abenduaren 23an.

Landa lurzoruaren antolamendua lurralde diagnostikotik jorratzen da, ingurumen eta paisaia unitateak definituz eta ondoren hirigintza sailkapena eginez, ingurumen, paisaia, nekazaritza, basogintza eta ondare balioak kontuan hartuz, eta LAP5eko irizpideak eta zehaztapenak betez.

Nafarroako Naturagune Babestuen Sarean eta kontserbazio bereziko eremuetan jada sartuta dauden ingurumen balioko espazioen multzoari Lurralde Konektagarritasuneko Eremuak gehitzen zaizkio, hots, hein handi batean, ibai sarea, ureztatzeko erretenak eta drainatze kanalak eta landa bideetako ibilbideak. Gainera, lurralde konektagarritasuneko eremuen izendapenaren barruan sartu dira nekazaritza matrizean Fila del Monte eta Corral Bajo parajeak, horien bidez, Val del Rey eta Arvejar sakanaren inguruetako balio naturalak lotzeko eta horiei jarraipena emateko, eta, hala, Biodibertsitatearen Zerbitzuaren 2021eko irailaren 2ko txosteneko oharrak gauzatzeko.

Planean integratutako izaera positiboko ingurumen neurrien artean, bai lurzoru urbanizaezinaren sailkapenean, bai erabileren ezarpena arautzeko irizpide gisa, honako hauek nabarmentzen dira, besteak beste: sakanak eta drainatze kanalak nekazaritza eraldaketatik edo zapaldatzetik babestea, enklabeak identifikatu eta bereiztea, hala nola Larrateko ordokia (Paisaia Berezia), Saso edo udalerriaren hego-ekialdeko mosaikoak. Sasoko lehorreko lurren kasuan (intereseko estepa eremua), ez da abeltzaintzako instalaziorik ezarriko, eta irizpide orokor gisa jaso da zuhaitzak landatzea debekatzea, modu horretan, estepako habitaten eskuragarritasunean eragina izaten ahal duten erabilera aldaketak saihesteko. Bestalde, instalazio fotovoltaikoen araubidea aldatzea proposatzen da, hasierako onarpenari dagokion dokumentazioan debekatu gisa araututa egotetik, baimentzeko modukoak izatera pasatuz behin-behinekoz onartutako dokumentazioan. Aldaketa hori eremu horretan mehatxatutako hegazti fauna babesteko hartutako gainerako irizpide, neurri eta zehaztapenen aurkakoa da, eta zuzeneko ingurumen eragin nabarmenak ekarriko lituzke eragindako espezieetan, baita zeharkako eragin nabarmenak ere, estepako hegaztientzako habitat potentzialaren azalera galtzeari dagokionez. Beraz, eta Sasoko eremuak estepako faunarentzat duen balio handia kontuan hartuta, proposatzen da ingurumen adierazpen estrategikoan nahitaezko baldintza gisa ezartzea hasiera batean onetsitako dokumentazioan aurkeztutako erabilera araubidea mantentzea.

Halaber, paisaia babesteko neurri aktiboak nabarmentzen dira. Neurri horien artean daude planen ertzetan paisaia babesteko zerrendak zehaztea, ikusmen hauskortasunaren irizpideak dituzten jardueren ezarpena arautzea, edo hirigintzako azpikategoriak ematea, "paisaia babesteko ingurune" deritzenak, ingurumen balioa (hala nola Dos Reinosko urmaela) eta kultura balioa (La Encisa eta Provalera aztarnategiak) duten enklabeei aplikatzen zaizkienak.

Enklabe horien bereizketa, horien ingurumen balioa eta faunarentzat duten interesa eta paisaia balioa kontuan hartuta, lurzoru urbanizaezinaren araudian osatzen da, prebentzio zehaztapenen bitartez. Zehaztapen horien artean daude, besteak beste, bideak mantentzeko lanak Sasoko eremuko estepako hegaztientzako sasoi kritikotik kanpo egiteko baldintza, edo baimentzen ahal diren jardueretan paisaia integratzeko oinarrizko azterlana egitekoa.

Arriskuei eta lurralde baldintza nagusiei dagokienez, bai Zarrakazteluko hirigunea, bai Olivako monasterioa Aragoi ibaiaren uholdeak izateko arrisku potentzialeko eremutik kanpo geratzen dira; beraz, ez da interferentziarik sortzen hiri proposamenarekin. Zarrakaztelu oinarritzen den irtengune naturalak, eta hiriguneko iparraldeko muga horren erremateak, berdeguneen sistema orokor baten bidez, indartu eta sendotu egiten du espazio hori uholdeen aurkako babes natural gisa.

Dokumentazio osoa aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du, azaldutako baldintzak jarrita.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Zarrakazteluko Udal Plan Orokorrari buruz. Zarrakazteluko Udala da sustatzailea.

2. Ingurumen adierazpen estrategiko hau emanen da, betiere zehaztapen hauek gehituz gero:

–Behin-behineko onespenaren arautegiko intereseko eremuei buruzko 65. artikuluaren edukia hasierako onespenaren araudiko 77. artikuluaren edukiarekin ordezkatzea.

–Ingurumen azterketa estrategikoan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurriak aplikatzea Hirigintzako Udal Plana garatu eta gauzatzean, bai lurzoru urbanizagarriko plan partzialen bidez, bai lurzoru urbanizaezinean jarduerak ezartzean.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Zarrakazteluko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2304667