76. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

64E/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 20koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Cascanteko Udal Planaren aldaketa, AR1 banaketa areako 1. sektorearen eta SGDD1 sistema orokorraren gainekoa. Sustatzailea Úcar Albañilería y Obras SL da.

Cascanteko Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Cascanteko Udal Planaren AR1 banaketa areako 1. sektorea bi sektoretan zatitzea (1.1 eta 1.2), bere horretan utzita Cascanteko Udal Planean esparru horretarako definitu diren hirigintza antolamenduko gainerako determinazioak.

Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitatearen Zerbitzutik jasotako txostenak, 2022ko abuztuaren 8koak, ondorioztatzen du ezen hirigintza-aldaketa hori ez dagoela ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Cascanteko Udal Planaren aldaketa, AR1 banaketa areako 1. sektorearen eta SGDD1 sistema orokorraren gainekoa. Sustatzailea Úcar Albañilería y Obras SL da.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Onetsitako hirigintzako araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Cascanteko Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2304701