76. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 14a

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

-

24/2023 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez finkatzen baitira 2023ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetan aurkezten diren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek hauteskundeetan egiten ahal dituzten gehieneko gastuak eta hauteskundeetako jardueretarako dirulaguntzen zenbatekoak.

Nafarroako Gobernuko lehendakariaren apirilaren 3ko 3/2023 Foru Dekretuaren bidez, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egin da.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak, bere 43. artikuluan, alderdi politiko, federazio, koalizio edo hautesle-elkarte batek hauteskundeetan egiten ahal dituen gehieneko gastuak ezartzen ditu. Gastu hori Nafarroako bizilagunen kopurua berrogeirekin biderkatzetik ateratzen dena da. Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak otsailaren 10ean emandako 8/2023 Foru Aginduak ezartzen duenez, Nafarroako bizilagunak 664.117 dira.

Foru lege horrek, 44. artikuluan, alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek jasotzen ahal dituzten dirulaguntzak ezartzen ditu, bai eta hautesleei propaganda, gutun-azalak, boto-paperak eta hauteskundeetarako publizitatearen bestelako elementuak zuzenean igortzeak eragindako gastuentzako laguntzak ere.

43. artikuluak, 2. apartatuan, hauxe xedatzen du: "Aurreko apartatuan aipatzen den diru kopurua pezeta konstanteetan ematen da. Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, foru agindu baten bidez, diru kopuru eguneratua finkatuko du, hauteskundeetarako deiaren ondorengo bost egunean". Eguneratze hori hauteskundeetarako dirulaguntzei ere dagokie, 44. artikuluaren 3. apartatuarekin bat. Eguneratze hori kontzeptu bakoitzerako ezarririko kopuruari KPIa aplikatuz eginen da.

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak apirilaren 3an emandako 44/2019 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Parlamenturako 2019ko hauteskundeetan aurkezten ziren alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteek egiten ahal zituzten gehieneko gastuak eta hauteskundeetako jardueretarako dirulaguntzen zenbatekoak finkatu ziren. Orain, bidezkoa da foru agindu horretan ezarritako zenbatekoak eguneratzea, kontsumoko prezioen indizearen arabera goitituta, kontuan hartutako epean %15,5ekoa izan baita.

Horiek horrela, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak emandako eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarte bakoitzak egiten ahal dituen gehieneko gastuen zenbatekoa, hautesleei zuzenean propaganda, gutun-azalak, boto-paperak edo hauteskundeetarako bestelako elementuak zuzenean igortzeak eragindako gastuak kenduta, 490.638 eurokoa da, Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Foru Legearen 131.2 artikuluan ezarritako muga aplikatzea, bidezko bada, deusetan galarazi gabe.

2. Alderdi politiko, federazio, koalizio eta hautesle-elkarteei ematen ahal zaizkien dirulaguntzen zenbateko eguneratuak hauexek izanen dira:

a) 14.206 euro, lortzen duten jarleku bakoitzagatik.

b) 1,13 euro boz bakoitzagatik, gutxienez jarleku bat lortzen duten hautagai zerrendentzat.

3. Hautesleei zuzenean propaganda, gutun-azalak, boto-paperak edo hauteskundeetarako publizitatearen bestelako elementuak igortzeko kostuagatik, 0,29 euroko dirulaguntza emanen da hautesleko, gutxienez jarleku bat lortzen duen hautagai-zerrenda bakoitzarentzat, jarduera hori egiazki egin dela frogatuz gero.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2305529