76. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

270E/2023 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Irurtzungo Udal Planaren determinazio egituratzaileen (Kirol Sistema Orokorra) aldaketari buruz. Pedro Orcaray Barberenak sustatu du.

Irurtzungo Udalak 2022ko urriaren 21ean onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko tramitea bete da, 2023ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 12koan, argitaratutako iragarkiaren bidez.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da berriro mugatzea kiroldegiaren inguruko Kirol Sistema Orokorra, 2. poligonoko 660. lurzatia kanpoan utzi eta UE-10 unitatean sartuta, horrela jarraitutasuna emateko Itsegia kaleari.

Indarreko plangintzan proposatuta dagoen sistema orokorraren oraingo mugaketak lursailak gordetzeko premiari erantzuten zion, kiroldegia handitu eta inguruko kaleak birmoldatzeko; izan ere, inguru horretan biribilgune bat zegoen aurreikusita, besteak beste. Gaur egun eremua berrantolatzea aurreikusi da; kontuan harturik biribilgunea ez dela gauzatu, eta ez dela beharrezko jotzen, hari dagokion tokia (660. lurzatia) UE-10 unitatearen parte izatera pasatuko da, eta, ondorioz, exekuzio unitate horren hirigintzako fitxa aldatzen da.

Plan orokorraren orekari eusteko, sistema orokor polibalente berri bat mugatzea proposatzen da, 2.083 m²-koa, 2. poligonoko 79. eta 80. lurzatietan banaturik, Irurtzungo erdialdearen iparraldean.

Hiri-mugako lursail horiek hilerritik Plazaola bide berderaino doaz, eta horrenbestez, eremua honakoek osatuko lukete: orube zolatu bat, larreak eta itzalgune bat, han-hemen erkametz eta arte oin batzuk dituena. Aldaketak berekin dakar nekazaritzako produktibitate ertaineko gorde beharreko lurzoru urbanizaezin izateari utzi eta sistema orokorrera pasatzea; horrek eremu txiki bati eragiten dio, non ez baita garrantzizko ingurumen baliorik identifikatu. Nolanahi ere, sistema orokorrean behin betiko ezarriko zaion erabilera diseinatzean, hiri-lurzoruaren trantsizio-testuinguru hau kontuan izanda hartu beharko lirateke paisaian integratzeko neurriak; izan ere, inguru horretan daude zuzkidura area bat eta intereseko ibilbide batzuk.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Irurtzungo Udal Planaren determinazio egituratzaileen (Kirol Sistema Orokorra) aldaketari buruz, Pedro Orcaray Barberenak sustatuta, aldaketak ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Irurtzungo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2304668