1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
53E/2023 EBAZPENA, martxoaren 28koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, hasiera batez onesten duena Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa-arearen birpartzelazio proiektuaren aldaketa bat, P-1 lurzatiari buruzkoa, Burlatako udal-mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.
Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiaren otsailaren 22ko 145/2011 Ebazpenaren bidez, behin betiko onetsi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialaren II. banaketa-arearen birpartzelazio proiektua, banaketa-area horretako konpentsazio batzordeak sustatua.
Nafarroako Gobernuak 2022ko abenduaren 21ean hartutako Erabakiaren bidez onetsi zen Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espediente bat, AR-2 banaketa-arearen berrantolaketari buruzkoa eta Pamplona Distribución SAk sustatua.
Aldaketa haren xedea zen AR-2 banaketa-arean hirugarren sektoreko erabileretarako aurreikusitako eraikigarritasuna eta eraikuntza-tipologiak %70 murriztea (85.096,53 m² eraikitik 23.391,42 m² eraikira) eta bizitegi-erabilera kolektiboa baimentzea (53.082,44 m² eraiki).
Aldaketa onetsi zuen erabakia 2022ko 262. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 30ekoan. Haren 3. xedapenean, sustatzaileari eskatzen zitzaion aldaketaren testu bategina aurkez zezan, araudia argitaratzeko baldintza gisa.
Testu bategina aurkeztu eta baliozkotu ondoren, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak martxoaren 24an emandako 48E/2023 Ebazpenaren bidez xedatu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara zedila Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektoriala aldatzeko espedienteko araudia, Pamplona Distribución SA enpresak sustatutako AR-2 banaketa-arearen berrantolaketari buruzko aldaketarena.
Dokumentazioa aztertu ondoren, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 27ko txostenean, osatu edo zuzendu beharreko alderdi hauek aipatzen dira:
–Agirien edukiari dagokionez, abuztuaren 25eko 3288/1978 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Lurzoruaren Araubideari eta Hiri Antolamenduari buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko Hirigintzako Kudeaketari buruzko Erregelamenduaren 82. artikuluaren arabera, ondoriozko lurzatien deskribapenean, aktaren 6. atalean, lurzati bakoitzari dagokion hirigintza-aprobetxamenduaren adierazpena eta adjudikaziodunen izenak sartu behar dira. Gainera, ondoriozko lurzati pribatuen deskribapenean, lurzati bakoitzaren partaidetza-kuota (ehunekoa) sartu beharko da, aktaren 11. ataleko taulan.
–Aurkeztutako dokumentua irakurtzea errazagoa izan dadin, bereziki proposatutako birpartzelazioaren formulazioa eta emaitzak, ondoriozko lurzatien laburpen taula batekin osatu beharko da proiektua. Laburpen taula horretan honako hauek jaso behar dira: finkaren identifikazioa, adjudikaziodunak, azalera, izan ditzakeen erabilerak (bakoitzaren homogeneizazio koefizientea eta aprobetxamendu unitateak barne) eta, orobat, finka bakoitzak guztira kontsumitzen duen aprobetxamendua eta behin-behineko likidazio kontuan bakoitzari dagozkion urbanizazio kargak, horien zenbatekoa bai eta guztizkoarekiko ehunekoa ere adierazita.
–Sotoak baliatzeko eta erabiltzeko mankomunitate funtzionala nahitaez eratzeko betebeharragatik karga bat ezarri zaie P-A, P-B, P-C, P-D, P-E, P-G, P-H, P-I eta P-M lurzatiei, baina UM-M unitate morfologikoaren arau-fitxak ez du horri buruzko determinaziorik.
Ondorioz, garaje mankomunatua eratzeko betebeharrari dagokion karga kendu behar zaio P-M lurzatiari, ez dagoelako jasota indarreko araudian.
–Uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 134.6 artikuluan xedatutakoarekin bat, aldi berean ari da tramitatzen eremuari dagokion urbanizazio proiektua, non jasotzen baita urbanizazio obren gauzatze materialerako aurrekontua. Horren arabera, kontrataren aurrekontua 4.500.260,60 eurokoa da, edo 5.445.315,33 eurokoa BEZa barne.
Alabaina, behin-behineko likidazio kontuan aintzat hartu den urbanizazio obren kostua ez dator bat aurrekoarekin, 3.615.000,00 eurotan zenbatetsi baita.
Ondorioz, tramitatzen ari den urbanizazio proiektuan zenbatetsitako obren kostura egokitu beharko da behin-behineko likidazio kontuaren saldoa.
–Tramitatzeko aurkeztutako urbanizazio proiektuak urbanizazio obrak gauzatzeko faseak zehazten ditu, bereizita, batetik, unitate morfologiko bakoitzean lurgaineko erabilera publikoko zortasuna duten espazio pribatiboei dagozkien obrak (A, B, C, D, E, F, G, H eta I faseak) eta, bestetik, unitateko gainerako urbanizazio obrak, azpiegiturak eta zerbitzu komunak (N fasea).
Alde horretatik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 139.2 artikuluak xedatzen duenez, "Urbanizazio proiektuan faseak ezartzen badira, urbanizazio gastuak aurreikusitako faseen artean banatuko dira, eta horietako bakoitzean honako hauek jasoko dira: lehenengo fasean ezinbestez exekutatu behar diren gastu komunen zatia, bakoitzaren aprobetxamenduaren arabera, eta fase bakoitzeko berezko gastuak".
Horiek horrela, birpartzelazio proiektuaren aldaketa egokitu egin beharko da, zehaztu diren faseekin eta LAHFLTBan xedatutakoarekin koherentea izan dadin. Horretarako, urbanizazio proiektua ikusita, "lehenengo fasean ezinbestez exekutatu behar diren gastu komunak" N faseari dagozkionak direla ulertuko da.
–Aldaketa hau katastroan sartzeko, ondoriozko lurzatien lerroak (bideenak barne) jasotzen dituen fitxategi grafikoa aurkeztu beharko da, ahal dela dwg edo dgn formatuan.
Gainera, zuzendu beharreko akats hauek ere ikusi dira:
–Aktaren 7. atalean, PM-1 ondoriozko lurzati publikoa aipatzen da, baina gainerako ataletan eta planoetan P-M moduan izendatzen da.
–Aktaren 11. atalean jasotako taularen arabera, P-KL lurzatiari kargatzen zaion behin-behineko likidazioaren saldoa (278.681,43 euro) eta dagokion urbanizazio kargen kuota (%7,086252) ez datoz bat administrazio honek egindako kalkuluetatik ateratzen direnekin: 278.631,39 euro eta %7,086251. Hala ere, lurzatiaren deskribapenean agertzen den karga, 6. atalean, 278.631,39 eurokoa da. Hau da, 11. ataleko taula zuzendu beharko da.
Adierazitako kontsiderazioek ez dute galarazten espedientea tramitatzen hastea, eta uste da dokumentuak badituela beharrezkoak diren zehaztapen nahiko entzunaldia eman eta jendaurrean jartzeko tramiteak egiteko.
Bestetik, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren hamabigarren xedapen gehigarriarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina), sustatzaileak aurkeztu du Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak 2023ko otsailaren 23an emandako aldeko txostena.
Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari dagokio birpartzelazio proiektuaren aldaketa tramitatzea eta onestea, harena baita eskumena lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko gaietan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 43.1 d) artikuluarekin bat, udalez gaindiko plan sektorial bat gauzatzeko tresna delako.
Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko martxoaren 27ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), eta erabiliz Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman dizkidaten ahalmenak,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera batez onestea Erripagañako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko AR-2 banaketa-arearen birpartzelazio proiektuaren aldaketa bat, P-1 lurzatiari buruzkoa, Burlatako udal-mugartean, Pamplona Distribución SAk sustatua.
2. Sustatzaileari adieraztea ebazpen honen azalpen-zatian jasotako kontsiderazioei erantzun beharko diela, espedientea ebatzi aurretik.
3. Espedientea jendaurrean jartzea eta ukitutako udalari entzunaldia ematea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan argitaratuz. Bi tramite horiek aldi berean eginen dira, eta hogei egun iraunen dute.
Ondorio horietarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio-idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Burlatako Udalari, Agoizko Jabetza Erregistroari eta sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko martxoaren 28an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.
Iragarkiaren kodea: F2305098