75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

EPE IREKIERA eskaera egiteko, 2023ko ekainaren 19tik 23ra parte hartzeko Nafarroako Gobernuak gourmet elikaduraren eta nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektoreetarako Mexiko Hirian antolatuko duen enpresa-misioan

Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana bultzatzen du, Nafarroako enpresen presentzia kanpoan sustatzeko tresna gisa. Plan horren arabera, Mexiko da kanpo sustapeneko jarduerak egiteko lehentasunezko herrialdeetako bat, eta bereziki garrantzitsuak dira nekazaritzako elikagaien sektorerako eskaintzen dituen aukerak.

Mexiko munduko 15. ekonomia da gaur egun BPGaren arabera, eta 2050ean lehenbiziko 5en artean egotea aurreikusten da. Herrialdearen merkatu zuzena 129 milioi kontsumitzailekoa da, eta 1.000 milioi kontsumitzailerengana iristeko aukera ematen du 50 herrialde baino gehiagorekin dituen merkataritza askeko 14 itunei esker. Itun horien artean, nabarmentzekoa da AEBekin eta Kanadarekin duen USMCA izenekoa duela gutxi berritu izana.

Gourmet elikaduraren sektorea.

129 milioi biztanle horiek izanik, Mexiko interes handiko merkatu bihurtu da Nafarroako enpresak nazioartekotzeko. Eskualde hori helmuga erakargarri bihurtzen duten faktoreetako batzuk honako hauek dira: merkatuaren tamaina handia, biztanleriaren kontsumo ohituren aldaketak eta dietan elikagai osasungarriagoak sartzeko kezka (joera hori bizkortu egin zen pandemiaren inpaktuaren ondorioz), bai eta potentzial handiko azpisektore asko dauden garapen-etapa goiztiarra ere.

Bizi estandarren igoera, saltoki handien hedapena eta elikagaien gero eta inportazio handiagoa elikadura osasungarrirako eta gourmet motako elikadurarako aukera handiak irekitzen dituzten faktoreak dira, eta elikagaien industriako Nafarroako enpresak balizko hornitzaileak izan daitezke.

Nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektorea.

Ziurrenik, Mexiko da nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektorean eta foodTech sektorean inbertsio- eta ekintzailetza-proiektuak sortzeko aukera eta abantaila gehien dituen herrialdea Latinoamerikan. Mexikoko ekosisteman multinazional handiak eta teknologia berriak garatzeko programak elkarrekin bizi dira. Mexiko, mundu mailako elikagaien industria handienetako bat izanik (bere BPGaren %7 baino gehiago da), Ameriketako bigarren merkatua da; AEBak baizik ez daude aurrean. Enpresetan teknifikazio- eta mekanizazio-eskaera argia dago, eta eskaera horrek handitzen jarraituko du etorkizun hurbilenean.

Horregatik, Nazioartekotze Planean jasota dauden nazioartera ateratzeko laguntzen eta lehentasunezko merkatuen ardatzen barnean, Nafarroako Gobernuak enpresa-misio bat antolatuko du Mexiko Hirian ekainaren 19tik 23ra.

EKINTZAREN XEDEA

Mexikoko merkatuan kanpo sustapena egiteko ekintza honen helburuak honako hauek dira:

–Negozio aukerak eta balizko bazkide eta bezeroak identifikatzea.

–Mexikoko nekazaritzako elikagaien banaketa sektorea osatzen duten aktiboak ezagutzea.

–Sektoreko Nafarroako enpresak sustatzea.

–Mexikoko nekazaritzako elikagaien teknologiaren ekosistemaren barruan dauden aukerak ezagutzea.

EKINTZAREN EDUKIA

Finantzatutako ekitaldian honako jarduera hauek eginen dira parte hartzen duten enpresentzat, bai gourmet elikaduraren bai nekazaritzako elikagaien teknologiaren arloan:

–Gourmet elikaduraren sektorea:

  • Enpresei harrera. Bilera Nafarroako enpresekin Mexikoko Hirian, aukeratutako hotelean. Operadore logistikoaren hitzaldia Mexikora inportatzeko eta esportatzeko baldintzei buruz eta Mexikoko nekazaritzako elikagaien merkatuaren ezaugarriei buruz.
  • B2B topaketak antolatzea Nafarroako enpresen eta enpresa banatzaileen, inportatzaileen eta erosketa-zentralen artean.
  • Sustapen liburuxka.
  • Bisita saltoki handietara, supermerkatuetara eta gourmet dendetara, merkatuarekin ohitzeko.
  • Sustapen-ekitaldia: Nafarroako produktuen showrooma eta showcookinga, gastronomiako preskriptore nagusien parte-hartzearekin.
  • Salmenta puntuko sustapena, enpresa parte-hartzaileen produktuekin.
  • Barneko joan-etorriak taldean.

–Nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektorea:

  • Bilerak egitea Nafarroako enpresen eta Mexikoko enpresaburuen elkarteen eta enpresen artean.
  • Study-Tourra, sektorean erreferentzia den fabrikatzailearen ekoizpen plantara bisita egiteko.
  • Barneko joan-etorriak taldean.

Nafarroako Gobernuak bere gain hartzen ditu agendak egiteko, ekitaldiak antolatzeko, enpresa topaketak egiteko eta bisitak egiteko gastuak.

Hegaldiak, otorduak, ostatua edo bestelako gastuak enpresa bakoitzaren kargura izanen dira.

ENTITATE PARTE-HARTZAILEEK BETE BEHARREKO BALDINTZAK

Gourmet elikaduraren sektorera bideratutako misioan:

–Produktua eta gourmet kanala lantzen duen enpresa izatea.

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

Nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektorerako misioan:

–Nekazaritzako elikagaien sektorerako eta elikagaiak prozesatzeko teknologian espezializatutako enpresak izatea.

–Egoitza, egoitza sozial edo ekoizpen-zentro bat izatea Nafarroan.

ESKABIDEA AURKEZTEKO EPEA

Eskabideak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 9:00etatik aurrera, eta 2023ko apirilaren 26ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/participacion-en-la-mision-empresarial-a-ciudad-de-mexico-para-el-sector-de-la-alimentacion-gourmet-y-de-tecnologia-alimentaria

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

GEHIENEZ PARTE HARTZEN AHAL DUTEN ENTITATEEN KOPURUA

Misio bakoitzean (gourmet elikaduraren eta nekazaritzako elikagaien teknologiaren sektoreak) 10 entitatek parte hartzeko ahalko dute gehienez; misioa gauzatzeko, gutxienez 6 entitate behar dira. Izena emateko epea amaitu ondoren, bi taldeetako batean plaza hutsak geratzen badira eta bestean itxarote-zerrenda badago, plaza libreak beste misioari gehitzen ahalko zaizkio.

Inskripzioaren ordenaren arabera hautatuko dira enpresa parte-hartzaileak. Gourmet elikadurako enpresen kasuan, produktu tipologia bererako gehienez bi enpresak osatuko dute taldea.

Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko die enpresei inskripzio fitxan adierazitako helbide elektronikoaren bidez, eta dei eginen zaie misioa prestatzeko bilera batera.

Eskaera onartzen bada, entitate parte-hartzailea beharturik egonen da ekintza gauzatzera, salbu eta behar bezala justifikatuta arrazoiak daudenean edo gerora sortutako ezintasunagatik.

Enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, aipatutako enpresak parte hartzea eskatzen duen sektoreko hurrengo misioan itxarote-zerrendako azken postura igaroko da, aurreko paragrafoan aurreikusitako kasuetan izan ezik.

ENTITATE PARTE-HARTZAILEEN BETEBEHARRAK

–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.

–Misio komertziala egiten denetik 15 eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.

–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den, denbora hori pasatuta, Mexikon egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 27an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.

Iragarkiaren kodea: F2304949