75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

262E/2023 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen inpaktuaren txostena egiten duena proiektu honetarako: "Jaitzen (Nafarroa) ‘Diputación número 3’ ofita harrobia lehengoratzea eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez arriskutsuen biltegia instalatzea". Sustatzailea Jaizko Udala da.

2022ko azaroaren 22an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori sartuta dago Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9. multzoko b) apartatuan.

2022ko urriaren 26ko 21/2013 Legearen 46. artikuluarekin bat etorrita, Biodibertsitatearen Zerbitzuak kontsulta egin zien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei. Zehazki, Hondakinen Atalari, Basoak Kudeatzeko Atalari eta Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko Meatzeen Atalari kontsulta egin zaie, ukitutako administrazioak direlako. Izapide horretan TEDER elkarteari ere kontsulta egin zaio.

Kontsulta horiei erantzunez, Hondakinen Atalak proiektuaren aldeko balorazioa eman zuen, eta adierazi zuen proiektua Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planaren araberakoa zela, eta proiektua Hondakinen Funtsak finantzatzen duela.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak modu arrazoituan ebatziko duela ea proiektuak ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta bete behar duen edo ingurumen inpaktuaren txostena egin behar den, txosten horretan ezarritako baldintzetan.

Jaizko Udalak sustatzen du bi jarduera ezartzea ofita harrobi abandonatu baten zuloan. Harrobi hori Jaizko 3. poligonoko 138C lurzatian dago, Artamendiko mendebaldeko hegalean. Jardueretako bat antzinako harrobiko zuloaren zati handi bat lehengoratzean datza. Horretarako, indusketa lanetako soberako lurrak eta harri naturalak ekarri eta bertan zabalduko dira. Arriskutsuak ez diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak kudeatzeko instalazioa antzinako harrobiaren plazaren hegoaldean ezartzean datza bigarren jarduera. Udala instalazioaren sustatzailea eta titularra da. Hondakinak kudeatzeko behar diren baimenak jasoko ditu, eta geroago kontratua eginen du kudeatzaile baimendu batekin. Proposamena xehetasunez azaltzen da txosten honetako I. eranskinean.

Aurkeztutako agirian badago ingurumenari buruzko atal bat, eta bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten denarekin. Ikus txosten honen II. eranskina.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Arriskutsuak ez diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) balioztatzeko tratamendu jarduerak berak eragin positiboa sortzen du ingurumenean, ekonomia zirkularra bultzatzen duelako eta ezabatu behar diren hondakinen bolumena murrizten duelako.

Antzinako harrobiko zuloa beste indusketa lan batzuetatik ekarritako soberako lurrez betetzea eta lehengoratzea ere ingurumen hobekuntzatzat hartzen da, hondakin horiek eremua lehengoratzeko proiektu batean berrerabiliko direlako eta, horri esker, ez direlako isuri beharko zabortegi baimendu batean. Gainera, lehengoratze hori dela eta, eremu degradatu bat ezabatuko da, eremu horretan gaur egun dagoen paisaiaren gaineko inpaktua zuzenduko da, eta gaur egun landare estaldura egokirik ez duten lursail batzuk birnaturalizatuko dira.

Kudeaketa eta tratamendu instalazio berrian sustatzen diren hondakinak jasotzeko, berrikusteko edota baztertzeko prozesuek eta instalazioaren bidez lortutako materialak biltegiratzeko, tratatzeko eta bidaltzeko prozesuek hainbat inpaktu sor ditzakete: hautsa, zarata, hondakinak, isurketak, etab. Inpaktu horiek diseinuaren neurrien eta neurri zuzentzaileen bidez kontrolatuko dira, eta, bereziki, jardueraren ingurumen baimen bateratuan eta hondakinen kudeatzailearen baimenean ezarriko direnen bidez kontrolatuko dira.

Zuloa lehengoratzeko obretan indusketa soberakinak jaso eta zabaltzeko jarduerek, lur horiekin nahasita irits daitezkeen hondakinak bereizi eta baztertu ondoren, ingurumen kalitatearen gaineko inpaktuak sor ditzakete, hala nola zarata, hautsa, jalkin xeheak uretara isurtzea, etab. Geroagoko hondakinak tratatzeko jarduerarako ezarritako neurri zuzentzaileak harrobiko zuloa lehengoratzeko jardueran aplikatzen ahalko dira, beharrezkoa den neurrian.

Isurketa naturalak ez dira lehengoratzeko eremuan sartuko, ezta hondakin ez-arriskutsuak kudeatzeko eremuan ere, errekan gora hartuko baitira aurreikusitako areka perimetraletan.

Kudeaketa txarrak edo gerta litezkeen egoera jakin batzuek eragin lezakete proiektuaren oinarria den lursail naturala kutsatzea, bertan hondakin arriskutsuak biltegiratu edo zabalduko balira. Era berean, kasu horietan gai kutsatzaileak eta finak arrasta litezke, eta, proiektuko bi instalazioetara joateko barneko euri-uren saretik Salado errekara irits litezke eta errekako uretan eragina sor lezakete.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen tratamendurako instalazioa jartzeko jarduerak berekin ekarriko du edukiontziak, biltegiratzeko eremuak edo nabeak instalatzea, hondakinen emateen berrikuspenaren ondoriozko erreusak bertan gordetzeko. Halaber, hondakinen balorizazioan lortutako zura eta bestelako materialak ere gorde beharko dira, agregakin birziklatutzat hartzen ez badira. Inpaktu horiek kontrolatzeko neurri egokiak hartuko dira, eta jarduerari lotutako ingurumen baimenetan ezarriko dira. Nolanahi ere, bideragarria izanen da neurri espezifikoak ezartzea, bereziki lurzoruaren eta uren kutsadura prebenitzeko.

Proiektuan jasotako jarduerek ez dituzte zuzenean ukituko harrobiko zuloa inguratzen duten arteak. Ukipenen bat izan liteke harrobiaren mendebaldeko lur zerrendan. Hartxingadiak okupatzen direnean, kolonizatzen ari diren tamaina txikiko arteak dituzten larreak ezabatuko dira.

Zuloaren aurrealdearen goiko aldeko artadiaren puntu batzuei eusten diete lurrezko muino ezegonkorrek, bereziki, Artamenditik harrobiaren zulorantz jaisten diren drainatze naturaleko lerroen ingurunean.

Drainatze perimetralak egiteak ez du eragin nabarmenik izanen ibaiaren ertzetako larre eta belardietan, ezta proiektuaren eremutik hurbil dauden Juncus maritimus espezieko larre heze eta ihitokietan ere. Drainatze horiek ibaira ateratzen badira, ez dute eraginik sortuko ibilguan, eta ez dute eragin nabarmenik izanen haren ertzetan ere; izan ere, konfigurazio ez oso naturala dute, ibaiertzeko landaredirik gabe, ibilgu horretako uren gazitasunaren ondorioz.

Harrobirako egungo sarbidea aldatu edo Salado errekaren gaineko egungo zubia handitu beharra badago, baliteke estaldura naturala duten eremuak okupatzea, baina, nolanahi ere, inpaktu hori ez da esanguratsua izanen jarduketaren barruan.

Harrobia lehengoratzeko proiektuan proposatu diren lehengoratze topografikoa eta landareztatzea –lan horiek lubeta gauzatzearekin batera garatuko dira– egokitzat jotzen dira, dokumentazioan ezponda eta bermak ereiteko jaso den hazi nahasketa izan ezik. Nahasketa hori desegokia da proiektuaren eremurako, eremu mediterraneoa delako eta proiektua gauzatuko den inguruan lurzorua karetsua delako. Erein nahi diren belar espezieetako batzuk hobeki egokitzen dira klima ozeanikoko eta substratu azidofiloko eremu hezeagoetara.

Ez da baloratu ibaiaren ingurutik, tokiko NA-700 errepidetik eta inguruneko landa bideetatik ikusita jarduerek izanen duten begi inpaktua. Edonola ere, lehengoratze jarduerak zuzendu eginen du egungo begi inpaktua, lehengoratutako eremuko lubeta landareztatuko baita pixkanaka.

Tratamendu instalazioa paisaian hobeki integratzeko, proposatutako lehengoratze neurriak indartu daitezke, instalazioaren mendebaldean pantaila bisual gisa funtzionatuko duen zuhaitzen landaketaren bat proiektatuta.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluan ezarritakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proposamenetik erator daitekeen ingurumen inpaktua aztertuta, Biodibertsitate Zerbitzuak, Ingurumen Eraginaren Atalaren bidez, jakinarazten du, kontsulten emaitza kontuan hartuta, eta 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideen arabera, proiektuari ez zaiola ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin behar, eta proiektuak ez duela ingurumenean ondorio kaltegarri nabarmenik izanen, ingurumen inpaktuaren txosten honetan jasotako determinazioak eta hondakinen kudeatzailea izateko baimenaren ebazpenean jasotzen direnak betetzen badira. Ebazpenean jasoko dira funtzionatzeko behar diren baldintza guztiak, eta proiektuaren funtsezko baimenean txertatuko dira. Dena den, horrek ez du kentzen indarreko legeriaren arabera eduki behar diren gainerako baimenak lortzeko betebeharra.

Ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta dauzkadan eskudantziak erabiliz (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua; Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren 22/2019 Foru Dekretua, abuztuaren 6koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duena; eta 258/2019 Foru Dekretua, urriaren 23koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duena), honako hau,

EBAZTEN DUT:

1. Jaizko Udalak sustatu duen "Jaitzen (Nafarroa) ‘Diputación número 3’ ofita harrobia lehengoratzea eta eraikuntzako eta eraispeneko hondakin ez arriskutsuen biltegia instalatzea" proiektuak ez du sortuko inpaktu esanguratsurik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten diren baldintzak betez gero; eta, beraz, ez dago 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusten den ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntik egin beharrik.

Aurrekoa gorabehera, baimentzeak berekin ekarriko du honako baldintza hauek betetzea:

–Jardueretarako funtsezko baimenetan ezarritako determinazioak eta baldintzak gehitu beharko dira proiektuan, honako xede hauetarako:

  • Hondakinek lurzorua ez kutsatzea (baztertutako edo kudeatzaile baimenduari eman arte biltegiratutako hondakinek, edo instalazioko tratamendutik lortu diren eta degradatu litezkeen material biltegiratuek).
  • Fabrikaren inguruan plastikoak, kartoiak, paperak eta haizeak eraman ditzakeen gainerako materialak ez sakabanatzea.
  • Salado errekara kutsatzailerik ez iristea. Kutsatzaile horiek etor daitezke lubetetako euri-uren saretik (obrak egin bitartean) edo eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalaziora doan barne-saretik.

–Harrobiko zabalgunea eta babes arekak egin ondoren, batez ere, harrobitik Salado errekaraino sortuko diren eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak, hondakin arriskutsuak edo zaborrak beren izaeraren arabera kudeatuko dira, indarrean dauden legeen arabera.

–Landaredi naturaleko eremuetan, artadi helduetan edo aldamenean lehengoratzen ari diren eremuetan ez da eraginik sortuko, jarduerak mugatzen direnean, sarbideak, zaintza arekak eta abar diseinatzen direnean, elementu horiek egikaritzen direnean edo bi jardueretako zabalguneak eta eremuak egokitzen direnean. Horren harira, bereziki zaindu behar dira harrobiaren iparraldean eta hegoaldean bi jardueren mugan dauden artadiaren beheko aldeak. Halaber, bereziki zaindu behar dira harrobiko zuloa eta Arizdiko bidea bereizten dituen lur zerrendako arte masa txikia eta belar-ezponda.

–Arizdiko bidetik jardueretarako sarbidea zehazten denean, harrobiaren mendebaldeko lur zerrenda horren gaineko eragin ahalik eta txikiena sortuko da, eta ez dira moztuko harrobian dauden zuhaitzak.

–Betelanaren irismena zehazten denean eta areka perimetralak definitzen eta gauzatzen direnean, ahalegina eginen da betelanaren eta areka horien mugatik gertu sakabanaturik dauden arteak ez ezabatzeko.

–Betelanaren egonkortasuna bermatzeko beharrezkoa izan ezean, lehengoratzeari buruzko proposamenetik kanpo utzi beharko dira harrobiaren iparraldeko larrez eta berriro hazi diren artez beteriko hartxingadiak; zehazki, 0+160 kilometro puntutik luzetarako profilaren amaierara doan betelanaren espaziokoak dira, "Zelaitze-lanak. Planta orokorra" dokumentazioan bildutako 5.1 planoaren arabera.

–Lehengoratzeko proiektuak eta areken gauzatzeak ez dute inola ere ekarriko egungo lur erauzketen goiko aldea desegonkortzea, ezta harrobiaren egungo zuloa handitzea ere, inguruko arteen kalterako.

–Ondoko lurretan eta Salado errekako ibarrean istripurik edo aurreikusi gabeko inpakturik gerta ez dadin, eta, proiektua garatu ondoren, eremua naturalizatzeko, betelanean errespetatu beharko dira jarduketa mota horretan ohikoak diren neurriak, azken egonkortasuna eta landaredia berriz haztea bermatzeko (jasotzen diren lur eta harri motak antolatzea, trinkotzea, drainatzea, eta abar).

–Aurreko puntuan aipatutako helburu berak ezarrita, sustatu egin behar da, Artamendiko hegaleko drainatze naturaleko puntuetatik, harrobitik errekan gora, harrobiko plazara ahalik eta euri-ur gutxien sartzen uztea, bereziki, karkaba aktiboa sortu duen kanal txikitik, aurkeztutako planoetan jasotako 0+140 eta 0+160 kilometro puntuen inguruan.

–Arizdiko bidearen mendebaldean Salado errekatik irten arte eginen diren zaintza areken tarteek sakonera txikikoak izan behar dute, sekzio zabal eta irekia edukiko dute, ezponda bertikalik gabeko ertzak izanen dituzte, lurrez naturalizatuta, eta bilakaera naturala sustatuko da. Azken tarte horietako bi areken ohearen diseinuan putzuak eratzeko aukera sustatu beharko da, gutxienez Salado errekaren ertzetik hurbilen dagoen zatian. Salado errekaren ezkerraldeko ertzean dauden bi areka horietako bi irteerek naturalizatuak izan beharko dute, eta defentsarik, harri lubetarik edo hegalik gabe definitu behar dira.

–Harrobiaren aurreko ezpondetako harkaitz ebakien goiko aldean intereseko hegazti harkaiztarrak habiak egiten ari direla behatuz gero, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak murrizketak ezarri ahalko ditu bi jardueretako lanetan.

–Tratamendua egiteko instalazioan dauden pilaketen, ibilgailuen eta makineriaren begi inpaktua murrizteko, basoberritze lana eginen da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioak hartuko duen espazioaren mendebaldeko mugaren ondoan dagoen lur zerrendan edo lubetaren hegoaldean. Basoberritze hori basoko landarez eginen da, eta zuhaitz bat landatuko da basoberritu behar den lursailaren 4-9 metro koadroko. Lubeta horren lurzoru mota dela eta, basoberritzeko erabiliko diren espezieak zuhaixkak edo tamaina ertaineko zuhaiztiak izanen dira; izan ere, proiektuaren eremuko artadi mediterraneoen bereizgarriak dira, aurkeztutako dokumentuko "Egungo landaredia" deritzon 10.9 kapituluan jasotako espezieen zerrendaren arabera, eta, nolanahi ere, arte txikiak eta erkametzak landatu beharko dira, beste espezie batzuen artean.

–Basoberritze horretaz gain, tamaina ertain edo handiko landarez eginiko pantaila bat sartu behar da, instalazio horiek harrobiaren mendebaldeko ikuspegitik ezkutatzeko (eremu horretan landako bideak, mendi ibilbideak eta NA-700 errepidea daude). Kontuan izanik zabalgunetik kanpoko lursailak ez direla egokiak tamaina ertain edo handiko zuhaitzak bertan landatzeko, landaketa horiek gutxienez 5 metroko zabalerako zerrenda batean eginen dira, eta harrobiko plazaren barruan zehaztuko dira, haren mendebaldeko ertzaren ondoan.

–Landarez eginiko pantailako landareak hiruzuloka edo sigi-sagan landatuko dira, eta landareen arteko 2,5 metroko distantzia utziko da. Zuhaitzek 1,5-1,8 metrotik gorako altuera izan beharko dute, eta espazio horretan landatuko dira bertako espezieak edo Nafarroaren erdialdeko eta hegoaldeko berezko fruta arbolak (adibidez, morera, hosto estuko lizarra, bai eta bertako adaburu zabaleko makala ere).

–Landarez eginiko pantaila landatu aurretik, barne zerrenda horretan lur egokiak eta begetalak jarriko dira, 1,5 m baino gehiagoko potentziako geruzan. Sustatzaileak halakorik egiteko moduko kanpoko lurrik ez baldin badu, aldez aurretik egokitu bitartean harrobiaren egungo plazan topa daitezkeen mota horretako materialez egiten ahalko da, betelan hori ez atzeratzeko.

–Jarduera hasi ondoren, basoberritze horretarako lehen urtaro egokian egiten ahalko dira tratamenduko instalazioaren mendebaldeko ezpondaren landaketak.

–Landarez eginiko pantailari dagokionez, lehen aipatutako lurrak zabaldu arte geroratzen ahalko da, baina, nolanahi ere, landarez eginiko pantailako espazioa mugatu beharko da, eta landareak hartuko duen espazioa gorde beharko da, tratamendua egiteko instalazioaren jarduera hasi aurretik.

–Ezponda basoberritzeko landaketa zuloak lur emankorrez eta medeagarri organikoz beteko dira. Tratamendua egiteko instalazioaren eta landarez eginiko pantailaren mendebaldean egonen dira. Txorkoak eginen dira, eta, behar izanez gero, belarjaleen aurka zurkaiztu edo babestuko dira.

–Basoberritzeko landareen fase begetatiboan, lurraren ureztapena eta hezetasun egokia bermatuko dira, behar bezala sustraitzea lortu arte, behintzat. Landarez eginiko pantailan bermatu behar da tratamenduko instalazioaren bizitza baliagarri osoan ureztatuko dela.

–Lehengoratzearen gaineko proiektuari dagokionez, betelanaren integrazio bisuala ahalbidetzeko eta zabaldu behar diren lurren eta pilaketen begi inpaktua arintzeko, kanpoko ezpondaren lehengoratzea eta landareztatzea gauzatuko da betelana egin bitartean. Betelanaren kota, beheko bermatik zenbatuta, 5 metrora igotzen den bakoitzean, behin betiko profila utzi ondoren, landare lurrez eta lur emankorrez estaliko da, eta ezpondaren zati horren azpiko bermarekin batera hidroereinen da.

–Hidroereintza horretan erabiltzen den hazien nahasketaren ordez, eremu mediterraneoko eta Jaizko kareharrizko substratuko beste bat erabiliko da, zurezko espezieen hazien ehunekoa murriztuta (30 g/m² belar-hazi eta 0,5 g/m² zurezko edo zuhaixka-hazi). Ez da inola ere erabiliko isatsik, txilarrik edo zonaldean berezkoa ez den espezierik. Hauxe da eremu horretarako nahasketa egokia:

Belarkarak: Festuca rubra, % 30; Festuca ovina, % 20; Lolium perenne, % 15; Medicago lupulina, % 10; Onobrychis viciifolia, 10%; Sanguisorba minor, % 10; Lotus corniculatus, 5%.

Zurezkoak edo zuhaixkak: arte eta erkametz ezkurrak eta zurezko, zuhaixka eta sastraka espezieen haziak, aurkeztutako dokumentuko 10.9 kapituluan (egungo landaredia) jasotzen direnak eta merkaturatuta daudenak. (Thymus vulgaris, Genista scorpius...).

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ezin da errekurtsorik jarri, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jarri ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jarri ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau igortzea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Jaizko Udalari, Basozaintzari (6. barrutia, "Lizarra Iparraldea") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Proposamenaren deskribapena

Jarduerak hartuko dituen egungo erauzketa zuloak 7.000 metro koadro inguruko plaza du (gutxi gorabehera 65 metro ekialdetik mendebaldera eta 127 metro iparraldetik hegoaldera), lau samarra da, eta itsas mailaren gaineko 630 metro inguruko kotan dago. Plaza horrek bi eremu edo zonalde ditu. Hegoaldean urrunen dagoena 2.500 metro koadro ingurukoa da, eta iparraldekoa baino beheragoko kota batean dago, eta bertan kokatuko da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak tratatzeko instalazioa.

Abandonatutako aurrealdeko lur erauzketako ezpondek 2H:3V edo malda handiagoa dute, eta plantan 13.000 metro koadro inguruko azalera proiektatu da. Harrobiaren aurrealdeko lur erauzketen gailurra zehazten duen lerroak, zehazki, Artamendiko baso hegala ukitzen duen puntuan, arku bat osatzen du. Arku horren iparraldeko, hegoaldeko eta erdialdeko muturrak harrobiko plazaren kotakoak dira, eta itsas mailaren gaineko 660 eta 705 metro bitarteko altuerak dituzte.

Arizdiko bidea harrobira doa, eta bide hori jarduera berrien zerbitzu modura erabiliko da. Proiektuaren eremuan, bide horrek, Salado erreka zeharkatu ondoren, iparraldetik hegoaldera zeharkatzen ditu harrobiaren mendebaldeko lursailak, Salado errekaren ezkerraldeko ertzarekin paraleloan. Harrobiaren hegoaldean, bideak ibaiarekiko paraleloan jarraitzen du, herriaren inguruko beste landa bide batzuekin lotu eta Arizdiko baso eremuan sartu arte. Proiektuan ez da jaso bide hori egokitzeko edo zabaltzeko lanik, ezta Salado errekako zubia ere. Era berean, ez da jarduketa garrantzitsurik jaso Arizdiko bidetik harrobira sartzeko bidearen zati txikian, dirudienez jarduera berrietarako sarbide gisa mantentzen baita.

Geroago tratamendua egiteko eraikuntzako hondakin ez-arriskutsuak biltegiratzeko eremuari dagokionez, instalazio mugikor bat ezarriko da hondakin horiek aldizka birrintzeko eta agregakin birziklatua lortzeko. Gainerako hondakinak biltzeko, planta finkoko garraio eta kudeaketa zerbitzuak kontratatuko dira. Horrenbestez, instalazioak hondakinak kudeatzeko R13 baimena izanen du, balioztatu aurretik tratatzeko. Planta berria ezarri aurretik, horretarako lurra eta lursaila zabaldu eta erregularizatu eginen da.

Honako hauek dira balioztatu daitezkeen hondakinak, EHZ kodearen arabera: 17 01 01, hormigoia; 17 01 02, adreiluak; 17 01 03, teilak eta material zeramikoak; 17 01 07, hormigoi, adreilu, teila eta material zeramikoen nahasturak (17 01 06 kodean zehaztutakoak ez direnak); 17 03 02, nahastura bituminosoak (17 03 01 kodean zehaztutakoak ez direnak); 17 05 08, trenbideetako balastoa (17 05 07 kodean zehaztutakoak ez direnak). Era berean, instalazio mugikorrean balioztatu ezin den "Zura" (EHZ 17 02 01 kodekoa) arriskutsua ez den eraikuntzako eta eraispeneko hondakintzat hartuko da, eta biltegiratu eginen da, kudeatzaile baimenduari entregatzeko.

Bestalde, plantan beste hondakin batzuk ere sortuko dira, eta balioztatu beharko dira. Honako hondakin hauek dira, EHZ kodearen arabera: 19 12 02, Burdinazko metalak, R4 eragiketa xede dutenak (metalak eta konposatu metalikoak berreskuratzea); 19 12 09, Mineralak [adibidez, harea, harriak], R5 (beste materia ez-organiko batzuk berreskuratzea) edota D5 (zabortegian zuzenean uztea) eragiketen bidez kudeatuak; 19 12 12, hondakinen tratamendu mekanikoaren ondoriozko bestelako hondakinak [materialen nahasketak barne] (19 12 11 kodean zehaztutakoen bestelakoak diren), eta horien kudeaketako eragiketak R3 (disolbatzaile gisa erabiltzen ez diren substantzia organikoak berreskuratzea), R4, R5, D5 edota D9 (zabortegian utzi aurreko tratamendu fisiko eta kimikoa) izanen dira.

Hutsunea lehengoratzeko, egungo plaza bete behar da. Horretarako, 10 000 metro koadro inguruko lubeta bat eginen da plantan, harrobiaren aurrealdeari eutsiko dio, egungo lurren erauzketen goiko kotara iritsi gabe, eta egungo lurren erauzketen burua baino 5 eta 20 m arteko kota baxuagoetan geratuko da. Erdialdean, itsas mailaren gaineko 680 metrokoa izanen da kotarik handiena. Beraz, goiko aldeko 7.000 metro koadro inguruan (plantan proiektatutako azalera) egungo lur erauzketak bete gabe geratuko dira.

Betelana egiteko, 4 metroko zabalerako bermak dituen lubeta bat eratu behar da, maila aldeko 10 metroko, eta lehenengo kota 632 metrokoa izanen da. Bermen artean, betelan bat eginen da 3H:2V malda duen kanpoko ezponda bat osatzeko. Horrek aukera emanen du goranzko azken ezponda bat konfiguratzeko. Beraz, betelana egin ahala eginen da lehengoratze topografikoa.

Lubetaren nukleoan erabili behar diren materialak "Hondeatutako material naturalak" izanen dira: eraikuntzako edo eraispeneko obra batean induskatutako lur eta harri naturalak, kutsadurarik gabeak (EHZ 17 05 04 kodea). Beraz, proiektua abandonatutako harrobiko zuloa betetzean eta zaharberritzean datza, beraz, R10 kudeaketako eragiketa mota da: lurrak eta harriak balioztatzea, espazio degradatuak leheneratuz. Betelanaren azken ezpondak estaltzeko, belar sastrakak kentzetik eratorritako landareen lurrak erabiliko dira, eta lehentasuna emanen zaio konpostari. Zigilatzearen drainatze materialak behar izanez gero, agregakin birziklatua erabiliko da agregakin naturalaren ordez. Nafarroan sortutako materialak izanen dira material horiek guztiak.

Indusketako lanetatik 105.000 m³-ko soberako lur eta harri jasoko dira, azken landaretza lana egiteko behar diren landare lurrak barne.

Proiektuaren eremua inguratzen duten lur naturalen jariatzeak jarduerari eragin ez diezaion eta bermetan biltzen diren urak saneatzeko, oinarrian 0,80 metroko zabalerako sekzio trapezoidaleko zaintza arekak diseinatu dira, 1,5H:1V eta metro bateko altuerako ezpondak, luzetarako malda % 5etik gorakoa ez denean; eta hormigoizkoak, luzetarako malda % 5etik gorakoa denean. Perimetroko bi drainatze lerro ezarriko dira, eta ur horiek Salado errekara hustuko dira bi hodi berriren bidez, Arizdiko bidearen bidegurutzearen ondoren, proiektuaren eremuaren mendebaldean.

Harrobia lehengoratzeko betelanaren ezpondak eta bermak hidroereiteko planak proposatu dira, eta lehengoratzea egiten den urteetan gauzatuko dira. 32 kilo hazi ereinen dira hidroereinen den 1.000 metro koadroko azalerako. Hazien pisu horren % 90,6 belarkarak izanen dira, eta gainerakoa (% 9,4) egurrezkoak.

Erabili behar diren belar-hazien eta zurezko hazien nahasketa honako hau izanen da, espezieak nahasketan duen pisuaren ehunekoa ere adierazita:

–Belarkarak: Agrostis tenuis, 5, Festuca ovina rubra, 30,0, Festuca rubra var. Trycophylla, 30,0, Lolium perenne Barcredo, 10,0, Lolium perenne Verna, 10,0, Poa pratensis Baron, 5,0, Trifolium repens Huia, 10,0.

–Zurezko haziak: Ulex europaeus, 20,0, Cytisus scoparius, 20,0, Betula alba, 40,0, Crataegus monogyna 20,0.

II. ERANSKINA

Ingurumen dokumentuaren laburpena

Izapidetutako dokumentazioan (10. eta 11. kapituluetan) natura eta gizarte inguruneko deskribapen egokia bildu da, egungo landarediari, habitatei, faunari eta abarri buruzko atal berezietan.

12. kapituluan bildu dira proiektuko jarduerak ezartzeko eta garatzeko zenbait jarduketa. Jarduketa horiek bat datoz prebentzioaren, zuzenketaren eta kudeaketaren arloetako neurriekin. Proposamenaren ingurumen kontrola lortzera bideratu dira, proposamena proiektuaren eremuko ingurumenaren balioen babesarekin bateragarria izan dadin.

Naturako ingurunean sortuko diren gainerako eraginei dagokienez, kontuan hartu behar da jarduera eremu degradatuan definitu dela, eta bertan ez dagoela landaredi natural garaturik; gainera, areka perimetralak definitu dira, proposatutako bi jarduerak gauzatzeko eremuan isurketa naturalik sar ez dadin.

Azkenik, landareak berriz landatzeko gauzatuko den planak (dokumentuko 12.3.4 zatian dago) lagunduko du eremu horretan landareen estalkia berreskuratzen eta jarduera paisaian integratzen.

Iragarkiaren kodea: F2304629