75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

261E/2023 EBAZPENA, martxoaren 17koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita trenetarako balazta-pastillak egiten dituen Agustinos industrialdeko lantegi batean, ekoizpena handitzeko helburuarekin, linea gehiago ezartzeko proiekturako, Knorr Bremse Pamplona SLk sustaturik.

2022ko urriaren 3an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zuen Biodibertsitatearen Zerbitzura. Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 5. multzoaren e) puntuan sartzen denez, ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egin beharra dago.

Proiektuaren xedea da trenetarako balazta-pastillak ekoizteko beste bi linea paratzea gaur egun jarduera hori duen Agustinos industrialdeko eraikin batean (2499. lurzatian dago, F eta G kaleetan), aurreikusita dutelako beren ekoizpen gaitasuna handitzea, urtean 750.000 pieza egitetik 4.965.000 egitera pasatzeko. Horretarako, jarduera horren biltegia orain arte zegoen tokia erabiltzeko asmoa dute.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak ezartzen du ingurumen organoak ebazpen arrazoitua emanen duela proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta bete beharrari buruz edo ingurumen-inpaktuaren txostena emateari buruz, hartan ezarritako baldintzen arabera.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatuaren tramitazioa:

2022ko azaroaren 9an Biodibertsitatearen Zerbitzuak, ingurumen organo gisa jardunez, kontsultak egin zizkien ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, eta proiektuaren ingurumen agiria bidali zien, 30 egunez aztertzeko, 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezartzen den bezala. Tramite horretan, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Iruñeko Udalari egin zitzaien kontsulta, baina ez zen haien erantzunik jaso.

Aurkeztutako ingurumen agiria bat dator Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 45. artikuluan zehazten den edukiarekin.

Proiektuaren azalpena eta ingurumen azterketa

Jarduera 2021ean abiatu zen eta trenetarako balazta-pastillak ekoizteko LS3 linea bat du (sinter linea malgua). Urtean 750.000 pieza egiten dituzte eta ekoizpen ahalmena 4.965.529 piezaraino handitzeko asmoa dute, beste bi linea ezarrita: LS4 linea (bigarren sinter linea) eta PAD linea, lehen biltegia zegoen tokian, biltegia kanpora eramanen baita.

Prozesu horretan, beste lantegi batzuetatik datozen osagaiak nahasi (marruskadura materialerako mineral urratzaileak eta erretxina fenoliko aglomeratzaileak) eta beroaren bidez prentsatzen dira, balazta-pastillen gorputza osatzeko eta metalezko euskarrietara itsasteko. Piezak labeetan prozesatzen dira, sintesia eta ontzea burutzeko, mekanizazioaren bidez artezten eta zuzentzen dira akatsak zuzentzeko, eta ondoren paketatu eta lantegitik kanpoko biltegi batera eramaten dira.

Ingurumen memorian aurreikusitakoaren arabera, jarduketak ez du eragin nabarmenik izanen ez ingurune fisikoan ez biotikoan, jarduera industria erabilerako eremu urbanizatu batean eginen baita, beraz, natura baliorik gabeko inguru batean, eta nabearen beraren barnean. Eremuaren irisgarritasuna egokia da aurreikusitako garraio premietarako, eta proiektuak ez du aldaketarik eraginen inguruko trafikoaren funtzionamenduan.

Jardueragatik aurreikusten ahal den inpaktu nagusia da, ekoizpena handitzearen ondorioz, handitu eginen direla emisio guneetako isuriak eta sortutako hondakinak. Prozesutik eratortzen dira, batetik, errekuntza-gasak (CO eta NOx), konposatu organiko ez-metalikoak, guztiak ere kontrolpean izan beharrekoak, eta, bestetik, partikula solidoak, iragazte-sistemak aplikatzen zaizkienak.

Gainerakoan, jarduerak kontrol neurriak ezartzen ditu emisio prozesu eta guneetan, eta araudian ezarritako emisio eta immisio balioetara mugatzen ditu; zarata-mailei eustea aurreikusten du, baita sortutako hondakinak biltzea eta biltegiratzea ere, hondakinak handik ateratzeko kudeatzaile baimendu bati entregatuko baitzaizkio. Ez da uste jardueraren funtzionamenduaren ondoriozko istripu arriskuak daudenik.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusita eta proiektua gauzatzeak, ustiatzeak eta bertan behera uzteak ingurumenean izan dezakeen eragina aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Eraginaren Atalak ebatzi du ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura behar bezala egin dela, eta, 21/2013 Legearen III. eranskinean jasotako irizpideen arabera, proiektuak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, aplikatzen badira aurkeztutako dokumentazioan jasotako zehaztapenak eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren baimen-ebazpenean jasotakoak, ebazpen horretan adieraziko baitira funtzionamendurako behar diren baldintza guztiak, proiektuaren baimen substantiboaren barnean sartuko direnak.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Trenetarako balazta-pastillak egiten dituen Agustinos industrialdeko lantegi batean, ekoizpena handitzeko helburuarekin, linea gehiago ezartzeko proiektuak, Knorr Bremse Pamplona SLk sustatuak, ez du ingurumenaren gaineko eragin nabarmenik ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzen arabera eta, horrenbestez, ez dago egin beharrik haren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta, 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean xedatzen dena.

2. Proiektuari aplikatuko zaizkio bai ingurumen arloko eta baimen substantiborako tramiteetako dokumentazioan jasota dauden determinazioak, bai proiektuari baimen substantiboa emateko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuaren ebazpenean sartutakoak, jarduerarako ezinbesteko baldintzak baitira. Ebaluazio honen ondorioetarako ez dago neurri gehiago sartu beharrik.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluak adierazten duenari jarraikiz, ingurumen txostenaren aurka ez da errekurtsorik jartzen ahalko, proiektua onesteko xedapen orokorraren aurka auzibidean jartzen ahal direnak ukatu gabe, edota plan edo programa onesteko egintzaren aurka administrazio bidean jartzen ahal direnak ukatu gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura eta interesdunari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 17an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2304641