75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

207E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Baztango udal planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, Iruritako 14. poligonoko 493. lurzati osoan eta 444. eta 534. lurzatien zati batean, ingurumenean ukipenik ez duela iritzita, eta konpentsazio neurri gisa inguru biogeografiko horretako espezieetako zuhaitzak (Quercus robur, Fraxinus excelsior eta Acer campestre) landatzea ezartzen baita. Sustatzailea Baztango Udala da.

Aldaketa 2022ko urriaren 27an hasiera batez onetsi ondoren, jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 250. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 15ekoan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da industria lurzorua handitzea Zaldubiko industrialdean, garbigune baterako zuzkidura-lurzorua sortzeko eta, hala, hondakinei buruzko legeria indarduna eta Nafarroako 2017-2027 aldirako Hondakin Plana betetzeko.

Handitzeko eremua industrialdetik hegoaldera dago, eta 4.189,70 m²-ko azalera du, hau da, 14. poligonoko 493. lurzati osoa (3.271,59 m²) eta 444. eta 534. lurzatien zati bat (535,41 m² eta 182,05 m², hurrenez hurren), gehi industrialdeko bide publikoaren zati bat ere (200,65 m²).

Zaldubiko industrialdea urbanizazioak finkatuta dago osotara eta UE-2 unitatean bakarrik gelditzen da lurzatiren bat eraiki gabe. Handitzeko eremua egungoaren mugakide denez, hornidura, saneamendu, telefonia eta elektrizitate azpiegitura guztiak ditu. Antolamendurako proposamenak, batetik, lurzoru pribatua planteatzen du, industria-merkataritzarako nabe bat aurreikusita, eta, bestetik, lagapen lurzorua, nabearen mugakide, garbigunea eraikitzeko zuzkidura-lurzoru publikorako; gainerako azalera jabari publikoko lurzorua izanen da. Lerrokadurei eta bideen diseinuari dagokienez, antolamendu hau lehen zegoenaren jarraipena da.

Proposamenak berekin dakar 493. eta 444. lurzatien sailkapena aldatzea, gorde beharreko lurzoru urbanizaezina, nekazaritzako eta abeltzaintzako produktibitate ertainekoa, izatetik industria lurzorua izatera pasatzeko. Gaur egun ez dutenez elementu natural aipagarririk, ez da aurreikusten ingurumenaren gaineko ukipen nabarmenik. Hegoaldean, 100 metro ingurura, Artesiaga erreka dago, Belate KBEren ekialdeko muga; proposamenak ez du zuzeneko ingurumen ukipenik errekaren gainean ez eta KBEren funtsezko elementuen gainean ere.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Baztango udal planaren aldaketa egituratzaile bati buruz, Iruritako 14. poligonoko 493. lurzati osoan eta 444. eta 534. lurzatien zati batean, ingurumenean ukipenik ez duela iritzita, eta, konpentsazio neurri gisa, inguru biogeografiko horretako espezieetako zuhaitzak (Quercus robur, Fraxinus excelsior eta Acer campestre) landatzea ezartzea. Sustatzailea Baztango Udala da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Baztango Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2303839