75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

205E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Antsoaingo udal plan orokorra 22. poligonoko 167. lurzatian aldatzeari buruz. Aldaketaren sustatzailea Ignacio Leranoz Goñi da.

Aldaketak udalaren hasierako onespena du, 2022ko azaroaren 30ean emana, eta jendaurrean jartzeko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2022ko 261. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 29koan.

Aldaketaren xedea da Antsoaingo herri zaharreko hiri lurzorua handitzea 22. poligonoko 167. lurzatia gehituz, 2 etxebizitza bertan jartzeko beharrezkoak diren hirigintza antolamenduko determinazioekin (V4 antolamendu unitatea).

167. lurzatia, 1.214,33 m²-ko azalerakoa, hiri lurzoruaren iparraldeko ertzean dago, San Cosme y San Damián kalea aurrean duela. Beraz, gaur egun urbanizatuta dagoen ingurunean dago eta hiri lurzoruari dagozkion hirigintza zerbitzu guztiak ditu. Proposamenak lurzatiaren hirigintza sailkapena aldatzea dakar, lurzoru urbanizaezina izatetik hiri lurzorua izatera pasatzeko.

Malda moderatuko lurrak dira, hegoaldera begira, eta bertan berotegi txiki bat jarrita dago; gainerakoa belarrez eta sasiz estalita dago. Proposatzen den erabilera aldaketa bat dator Antsoaingo herri zaharraren lurralde ereduarekin eta ez dakar ingurumenaren gaineko ukipen nabarmenik. Lurretako topografia kontuan hartuta, aldaketan modu egokian sarturik daude etxebizitzek erliebean paisaiarekin bat egin dezatela lortzeko hirigintza determinazioak. Hortaz, paisaiari dagozkion irizpideak V4 unitate berriaren hirigintza fitxaren parte dira. Antolamenduan aurreikusi da lur-zerrenda bat lagatzea lurzatiaren aurreko espazio publikoa handitzeko; horrenbestez, sortuko den espazio publikoa hobetuko du, baita hirigunearen ertzeko inguru hori osatuko ere.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak jakinarazi du behar bezala bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egiten da Antsoaingo udal plan orokorra 22. poligonoko 167. lurzatian aldatzeari buruz, ingurumenean eragin nabarmenik ez duela iritzita. Aldaketaren sustatzailea Ignacio Leranoz Goñi da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Antsoaingo Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2303833