75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

203E/2023 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Arantzako Arau Subsidiarioak 5. poligonoko 558. eta 850. lurzatietan aldatzeari buruz. Aldaketaren sustatzailea Jose Antonio Bereau Macicior da.

Arantzako Udalak 2022ko abenduaren 22an onetsi zuen hasiera batez aldaketa hori, eta jendaurrean egoteko tramitea bete da, iragarki bat argitaratuz 2023ko 8. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urtarrilaren 12koan.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoaren arabera, aldaketa txikia da, eta, beraz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar du.

Aldaketaren xedea da antolamendurako oinarrizko baldintzak definitzea 5. poligonoko 558. eta 850. lurzatiak Arantzako hiri lurzoruan sartzeko, bizitegi-erabilerako lurzoruaren kategoriarekin.

Hiri lurzoruan sartu nahi den eremuak 2.453,10 m²-ko azalera du guztira, eta barnean du bide publiko bati dagokion 36,70 m²-ko azalera txiki bat. Eremu horrek 5. poligonoko 558. lurzatia (osorik) eta 850. lurzatiaren zati bat hartzen ditu, eta horiek Arantzako hirigunearen mugakide dira hegoaldetik.

Aldaketak lurzoruaren kategoria aldatzea dakar, produktibitate ertaineko gorde beharreko lurzoru urbanizaezina izatetik hiri lurzoru finkatugabea izatera pasatzeko.

Azpiegiturei dagokienez, eremuak badu ibilgailuentzako sarbidea, Larreta kaletik, ur hornidura eta saneamendua -konexioa 10 metrora dago- eta elektrizitatearen hornidura. Beraz, ez du jarduketa berririk behar oinarrizko azpiegiturekiko konexioa bermatzeko.

Proposamen hau bat dator Arantzako LAEEarekin, zeina orain tramitazioan baitago. Estrategia horretan eremua udalerriaren berezko hedapenaren parte gisa ageri da (S2), exekuzio unitate txikien bidez.

Belardiak dira, eta bertan ez denez ingurumen eta/edo kultura balio nabarmenik duen elementurik, ez da aurreikusten ingurumenaren gaineko ukipen adierazgarririk. Halere, lurren topografia dela eta, ahalegina egin behar da eraikinak eta aurreikusitako gainerako azpiegiturak, kaleak, adibidez, topografia aldetik integratzea lortzeko. Hiri lurzoru berrian integratzea ez da bakarrik herrian exijitzen diren balio arkitektonikoak betetzea, baizik eta kontuan hartzea nola txertatzen diren eraikin berriak ingurunean eta Arantzako herrigunearen parte izateko. Alde horretatik, topografia diseinuan sartu beharreko beste elementu bat izanen da, lur mugimenduen ondorioz ezponda maldatsurik ez sortzeko, paisaian integratzen zailak baitira.

Planteatutako aldaketa bat dator LAEEan jasotako helburuetako batekin, hots, hirigunea sendotzearekin, eta eragina du etxebizitzak landa-lurzoruan sakabanatu eta haien kopurua handitzeari dagokionez. Horrenbestez, hiri-ingurunean edo bertatik hurbil planteatzen diren proposamenek berekin dakarte landa-lurzoruko etxebizitzen eskaera apaltzea eta ingurumenaren gaineko ukipenak saihestea, ur harguneek, saneamendu sistemek eta sarbideek sor ditzaketenak.

Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura egoki egin dela.

Adierazitakoari jarraikiz, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak baliatuta: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 96/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-txosten estrategikoa egitea Arantzako arau subsidiarioak 5. poligonoko 558. eta 850. lurzatietan aldatzeari buruz, ingurumenean ukipenik ez duela eragiten iritzita. Aldaketaren sustatzailea Jose Antonio Bereau Macicior da.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Arantzako Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 6an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2303834