1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
88E/2023 EBAZPENA, martxoaren 20koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez baimentzen baita aldaketa nabarmen bat egitea Volkswagen Navarra SAk Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko duen instalazioan, N5 nabearen egokitzapen proiektua gauzatzeko (suteen aurkako babes neurriak egokitzea edukiontzi gehiago biltegiratzeko). Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteak bete beharko dituzte, eta, horiez gain, baita ebazpen honen eranskinean jasotako baldintzak eta neurriak ere.
Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 23ko 2361/2007 Ebazpenaren bidez emana, gero, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 5eko 10/2012 Foru Aginduaren bidez eta Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren irailaren 29ko 1537/2011 Ebazpenaren bidez aldatu zena, eta geroago, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 25eko 158E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2019ko uztailaren 18an, titularrak bere instalazioa aldatzeko proiektua jakinarazi zuen, N5 nabearen egokitzapen proiektua ezartzeko (suteen aurkako babes neurriak egokitzea edukiontzi gehiago biltegiratzeko). Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2019ko abuztuaren 7an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori ez-funtsezkoa da, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez da beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa nabarmena ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketa horiek jasotzeko.
2020ko urtarrilaren 29an, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua gauzatu ahal izateko.
Aldaketa logistika saileko N5 nabea egokitzean datza, material gehiago biltegiratzeko. Horretarako, kamioiak deskargatzeko gunea askatuko da, eta horrek pabiloiko babesa handituko du.
Espedientea izapidetu da bat etorriz Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori martxoaren 30eko 26/2002 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).
Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabilita,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Volkswagen Navarra SAk Oltza zendeako udal mugartean ibilgailu motordunak fabrikatzeko duen instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea, N5 nabearen egokitzapen proiektua gauzatu ahal izateko (suteen aurkako babes neurriak egokitzea edukiontzi gehiago biltegiratzeko). Hortaz, instalazioak eta hango jarduerak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak eta neurriak.
Bigarrena.–Aldaketa funtzionatzen hasi aurretik, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.
Hirugarrena.–Ebazpen honetan ezarritako baldintzak aplikatzen hasiko dira titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik aurrera, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik aurrera. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.
Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Volkswagen Navarra SAri, Oltza zendeako Udalari eta Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko martxoaren 20an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2304671