75. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2023 EBAZPENA, martxoaren 30ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, larre naturalak hobetzeko landare erreketak baimentzeko ezohiko prozedura onesten duena, larreen dirulaguntza koefizientea (LDK-2023) murriztearen ondorioz.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduaren bidez arautzen da sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, baso-suteak prebenitzeko.

Aipatu foru aginduaren II. kapituluak salbuespeneko baimenak jasotzen ditu sua nekazaritza eta oihan lurretan erabiltzeko.

7.2 artikuluak, c) apartatuan, urriaren 1etik otsailaren 1era doan epe bat ezartzen du larre naturalak hobetzeko eta beste baso-lan batzuk gauzatzeko erreketak egiteko eskaerak aurkezteko, eta eskaera egin den urte naturaleko apirilaren 30era arte doan epea erreketak egiteko.

2023ko martxoaren 15ean, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuan Ingurumen Departamentuko Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiko Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren proposamen bat jaso da, non eskatzen baita larre naturalak erretzeko baimen eskaerak aurkezteko epea luza dadin, otsailaren 1az harago.

Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak azaltzen du 2023ko otsailaren 22an argitaratu direla larreen dirulaguntza koefizientearen (LDK-2023) behin betiko datuak. Larre aprobetxamendu estentsiboko eremu batzuetan murriztu egin da azalera diruz lagungarria.

Larreak hobetzeko erreketen eskaerak aurkezteko epea itxi ondoren (2023ko otsailaren 1a zen azken eguna) egin da jakinarazpen hori.

Kontuan hartuta abeltzainek eta toki erakundeek ezin izan dutela zuzendu LDK-2023ren murrizketa, larreak hobetzeko erreketen eskaera epea itxita dagoelako, ezohiko prozedura bat ezartzea proposatzen da, LDK-2023ren murrizketak eragiten dien larre naturalak erretzeko eskaera berriak onartzeko.

12/1990 Foru Legearen 40.3 artikuluak xedatzen duenez, "salbuespen gisa, oihan administrazioak suaren erabilera baimendu dezake oihan edo nekazaritza kudeaketarako tresna gisa, haren ordez teknikoki beste bitartekorik erabiltzerik ez dagoenean".

Ikusita Basoen eta Ehizaren Zerbitzuaren txostena eta Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuaren txostena, zeinetan larre naturalak hobetzeko landare erreketak baimentzeko ezohiko prozedura bat proposatzen baita, larreen dirulaguntza koefizientearen (LDK-2023) inguruan lehen azaldutakoaren ondorioz, eta aintzat hartuta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 16ko 222/2016 Foru Aginduan xedatutako gainerako baldintzak bete beharko direla.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1.–Larre naturalak hobetzeko landare erreketak baimentzeko ezohiko prozedura onestea, larreen dirulaguntza koefizientean (LDK-2023) murrizketak jasan dituzten lurzatietan. Hau da prozedura:

1. Sustatzaileak Erregistro Orokorrean aurkeztu behar du eskaera, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari zuzendua, eta, eskaerarekin batera, 222/2016 Foru Aginduaren III. eranskineko inprimakia eta larreen dirulaguntza koefizientean (LDK-2023) izandako murrizketaren justifikazioa, Erakunde Ordaintzailearen Zerbitzuak egindako jakinarazpenean oinarritua. Eskaera horiek 2023ko apirilaren 14ra bitarte jasoko dira, egun hori barne.

2. Basoen eta Ehizaren Zerbitzuak erreketak kudeatzeko erabiltzen duen plataforman erregistratuko dira eskaerak.

3. Basozainek dagokion arrisku maila ezarriko diete proposatutako erreketei.

4. Arriskua 1. edo 2. mailakotzat sailkatzen den kasuetan, erreketa baimendu dela ulertuko da basozainek sustatzaileari "Erantzukizunpeko adierazpena" izeneko dokumentua ematen dioten unetik. Agiri horretan adieraziko dira erreketa egiteko kontuan hartu behar diren alderdirik garrantzitsuenak, bai eta zer neurri hartu behar diren ere, 222/2016 Foru Aginduaren 7.2 eta 14. artikuluen arabera.

5. Arriskua 3. mailakotzat sailkatzen den kasuetan, aldiz, Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko zuzendariak berariaz eman beharko du baimena, ebazpen baten bidez, eta han ezarriko dira erreketa egiteko baldintzak. Horietako bat izanen da, beti, Nafarroako Suhiltzaileen basoko suteei aurrea hartzeko taldeen (EPRIF) esku-hartzea.

6. Erreketa eskaerak ukatzen ahalko dira ingurumen arrazoiengatik edo sute arriskuagatik.

7. Erreketak egiteko azken eguna eskaera egiten den urte naturaleko apirilaren 30a izanen da, eta epe hori ezin izanen da luzatu.

2.–Ebazpen honen aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

3.–Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusira, Babes Zibileko Zuzendaritza Nagusira, Foruzaingoko Ingurumena Babesteko Dibisiora, Guardia Zibileko Natura Babesteko Zerbitzura (Seprona), Foruzaingora, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzura, Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko Ingurumena Zaintzeko Atalera eta Basoen eta Ehizaren Zerbitzuko Basoak Kudeatzeko Atalera.

4.–Ebazpen hau argitaratzea Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 30ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2305446