68. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a - BEREZIA

5. HAUTESKUNDE PROZEDURA

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIAREN 3/2023 FORU DEKRETUA, apirilaren 3koa, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako dei egiten duena.

Hala xedatzen baitu bere 15.1 artikuluan abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoak, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoak, Nafarroako Parlamentua lau urterako hautatzen da, boto unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuaren bidez.

Era berean, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak, 30.4 eta 32.1 artikuluetan ezartzen du Nafarroako Gobernuko lehendakariari dagokiola Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egitea, antolamendu juridikoan araututako moduan.

Bestalde, Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak arautzen dituen azaroaren 17ko 16/1986 Foru Legeak 12.1 artikuluan xedatzen du hauteskunde horietarako deia eginen dela Hauteskunde-araubide Orokorraren Lege Organikoak zehaztutako epeetan, hau da, lau urtean behin eta maiatzaren laugarren igandean. Halaber, 13. artikuluan xedatzen du hauteskundeetarako deia egiten duen foru dekretuan jakinaraziko dela hauteskundeak noiz eginen diren, hauteskunde-kanpaina noiz hasiko den eta, kasua bada, Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura zein egunetan eta ordutan izanen den, betiere, hauteskundeak egiten diren egunetik hilabeteko epean.

Horrenbestez,

DEKRETATZEN DUT:

1. artikulua. Hauteskunde-deialdia.

Nafarroako Parlamenturako hauteskundeetarako deia egiten da, 2023ko maiatzaren 28an izanen baitira.

2. artikulua. Hauteskunde-kanpaina.

Hauteskunde-kanpainak 15 egun iraunen du; 2023ko maiatzaren 12ko 00:00an hasiko da, eta 2023ko maiatzaren 27ko 00:00an bukatuko.

3. artikulua. Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura.

Nafarroako Parlamentua eratzeko bilkura 2023ko ekainaren 16an eginen da, goizeko hamaiketan.

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko apirilaren 3an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2305420