67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 22an hartua, zeinaren bidez iraungitzen baita "Plan Eoliko Estrategikoa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Eólica Navarra SLUk sustatua, eta indarrik gabe uzten baitira haren determinazioak.

Nafarroako Gobernuak 2018ko urtarrilaren 24an hartutako Erabakiaren bidez, "Plan Eoliko Estrategikoa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala (UGPrS) onetsi zen (2018ko 34. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 16koa). Proiektuaren sustatzailea Eólica Navarra SLU da.

Onetsitako UGPrSaren helburua da 3 parke eoliko instalatzea, Cabanillas II, Cascante eta Ablitas II izenekoak. Cabanillas II parke eolikoa, 15 haize-sorgailu dituena, Cabanillasko udal mugartean kokatzen da, eta haren ebakuazio-lerroak Tutera, Cascante eta Murchante ere hartzen ditu eraginpean. Cascante parke eolikoa, 8 haize-sorgailu dituena, Cascanteko udal mugartean kokatzen da, eta haren ebakuazio-lerroak Tutera eta Tulebras ere hartzen ditu eraginpean. Azkenik, Ablitas II parkea, 8 haize-sorgailu dituena, Ablitasko udal mugartean kokatzen da, eta haren ebakuazio-lerroak Ribaforada, Fontellas eta Tutera ere hartzen ditu eraginpean.

Gero, Nafarroako Gobernuak 2019ko maiatzaren 15ean hartutako Erabakiaren bidez, behin betiko onetsi zen, Eólica Navarra SLUk sustaturik, aipatu UGPrSa aldatzeko espedientea, Ablitas II parke eolikoaren haize-sorgailuak birkokatzeari eta sarbideen eta linea elektrikoaren trazadura aldatzeari buruz eta Cabanillas II parke eolikoaren sarbidea aldatzeari buruz (2019ko 121. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 24koa).

2023ko otsailaren 23an aurkezturiko eskabidearen bidez, Eólica Cascante SLUk eta Eólica Navarra SLUk "Plan Eoliko Estrategikoa" UGPrSa iraungitzea eskatu zuten.

Cabanillas II eta Ablitas II parke eolikoak gauzatu egin dira, eta horiek behar bezala gauzatzearen ondoriozko betebeharrei erantzuteko asmoz UGPrSa izapidetzean aurkeztutako abalak itzuli egin dira. Cascanteko parke eolikoari buruzko obrak, berriz, ez dira egin, ezta hasi ere.

UGPrS horretan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 46.2 artikuluaren a) eta c) apartatuetan araututako iraungitze-kasuak gertatzen dira.

Gauzatu gabe dagoen parke eolikoaren eraginpeko udalei irekitako entzunaldi-tramitean, Tulebraseko Udalak adierazi du bere aldetik ez dagoela inolako eragozpenik iraungitzeari dagokionez, eta Tuterako eta Cascanteko Udalek, aldiz, ez dute iritzirik eman.

Horrenbestez, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak 2023ko martxoaren 21ean emandako txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Iraungitzea "Plan Eoliko Estrategikoa" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Eólica Navarra SLUk sustatua, eta indarrik gabe uztea haren determinazioak.

2. Adieraztea ezen, esparru horretan, hirigintzako udal plangintzetan jasota dauden hirigintza-antolamendurako determinazioak aplikatuko direla.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Cabanillasko, Ablitasko, Cascanteko, Tuterako, Ribaforadako, Fontellasko, Murchanteko eta Tulebrasko udalei, Eólica Navarra SLUri eta Eólica Cascante SLUri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko martxoaren 22an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2304715