67. ALDIZKARIA - 2023ko apirilaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

23/2023 FORU AGINDUA, martxoaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, 2022ko zergaldiari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio ereduak onesten dituena, horiek aurkezteko eta diru-sarrera egiteko arauak ematen dituena eta bitarteko elektronikoen bidez aurkezteko prozedura eta baldintzak ezartzen dituena.

Ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82.1 artikuluaren arabera, zerga horri atxikiriko errentak eskuratzen dituzten subjektu pasiboek zerga horri dagokion aitorpena aurkeztu eta sinatzeko betebeharra izanen dute; gainera, aitorpenik aurkeztu beharrik ez duten subjektu pasiboek ere aurkezten ahalko dute, baldin eta kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak jasan badituzte edo zatikako ordainketak egin, dagokien zenbatekoa itzul dakien.

Aipatu testu bateginaren 82.2 artikuluan ezartzen denaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak onesten ahalko du aitorpena egiteko modalitate erraztu edo berezien erabilera, aitorpenak aurkezteko modua, epeak, tokia eta inprimakiak ezartzen ahalko ditu, eta aitorpenarekin batera aurkeztu behar diren agiri eta frogagiriak zehazten ahalko ditu.

Bestalde, testu bategin horren 83. artikuluak (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onesten duen zergaren Erregelamenduaren 57. artikuluaren bidez garatua) xedatzen duenaren arabera, zerga horren aitorpena egitera behartuta dauden subjektu pasiboek, beren aitorpena aurkezten dutenean, dagokien tributu-zorra zehaztu eta tributuen gaietan eskumena duen departamentuko titularrak finkatutako tokian, moduan eta epeetan ordaindu behar dute. Gainera, aukera ematen da dirua zatitan sartzeko, interesik eta errekargurik gabe, erregelamendu bidez ezartzen den moduan.

Testu bategin horren 84. artikuluak ahalmena ematen dio Ekonomia eta Ogasun Departamentuari subjektu pasiboei autolikidazioaren proposamen bat bidaltzeko, departamentu horretako kontseilariak ezartzen dituen baldintzetan. Subjektu pasiboek zerga betebeharrak errazago bete ditzaten, bereziki autolikidaziorako proposamenetatik ateratzen den emaitzaren diru-sarrera egin beharra denean, eta Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 51. artikuluan eta uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Diru-bilketari buruzko Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritakoarekin bat, proposamen positiboen ondoriozko zorra bi zatitan helbideratuko da, horietako bakoitza zorraren %50ekoa, proposamenean berean ageri den banku-kontuan eta foru agindu honetan ezarritako egunetan. Dena dela, subjektu pasiboak proposamenaren ordainketa helbideratu nahi ez badu edo helbideratzeko kontua aldatu nahi badu, foru agindu honetan ezartzen dira ordainketaren helbideratzea deuseztatu edo aldatzeko beharrezkoak diren bideak.

Tributuei buruzko Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuaren titularrari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Hori horrela, Nafarroako Foru Ogasunaren esparruan baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera arautzen duen uztailaren 17ko 50/2006 Foru Dekretuaren azken xedapenetako lehenak Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariari baimena ematen dio, bere eskumenen barruan, foru dekretua garatzeko behar diren xedapen guztiak eman ditzan.

Gaikuntza hori baliatuz, foru agindu honen bitartez onesten da pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2022ko ekitaldiari dagokiona.

Ondarearen gaineko zergari dagokionez, tributu hori arautzen duen azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluaren arabera, subjektu pasiboek honako kasu hauetan aurkeztu behar dute aitorpena: haien zerga-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak eta hobariak aplikatu ondoren, ordaintzekoa dela ateratzen denean, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa denean. Azkenik, lege testu horren 37. eta 38. artikuluen arabera, aitorpena aurkezten dutenek, alde batetik, autolikidazioa egin eta dagokion zenbatekoa sartu behar dute Ekonomia eta Ogasun Departamentuak finkatzen dituen tokian, moduan, epeetan eta inprimakietan, eta, bestetik, agindutako agiri eta frogagiriak aurkeztu eta aitorpena sinatu behar dute.

Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 38. artikuluan Ekonomia eta Ogasun Departamentuari ematen zaion gaikuntza erabiliz, foru agindu honek Internet bidezko aurkezpen elektronikoa ezartzen du, modu bakar bezala, ondarearen gaineko zergaren 2022ko ekitaldiko aitorpenak aurkezteko.

Kontuan harturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren 2022ko sortzapena egin dela, beharrezkoa da xedapen batzuk ematea autolikidazioen aurkezpena arautzeko, bai eta tributu zorrak ordaintzeko autolikidazio ereduak, moduak eta epeak ezartzeko eta subjektu pasiboen eskura jartzen diren autolikidaziorako proposamenen baldintzak xedatzeko ere.

Agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan aurreikusitako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako printzipio hauek ere betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna eta efizientzia.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

1. artikulua. Nor dagoen beharturik pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

1. Hitzarmen Ekonomikoaren 8. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ohiko bizilekua Nafarroan izan eta zerga honen menpeko errentak lortzen dituzten subjektu pasiboak behartuta daude 2022ko zergaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztera.

2. Familia-unitatea osatzen duten subjektu pasiboek zerga batera ordaintzen eta baterako autolikidazioa aurkezten ahalko dute, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren VI. tituluan xedatutakoari jarraikiz (ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen testu bategina). Horretarako, ezkontza-lotura edo bikote egonkorrarena frogatu beharko dute Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren hogeita batgarren xedapen gehigarrian eta seigarren xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraikiz; eta aipatu testu bateginean ezarritako baldintzak betetzen dituzten seme-alabak dituztela frogatu beharko dute, hala denean.

Baterako tributazioaren aukerak familia-unitateko kide guztiak hartu behar ditu. Haietako batek banako autolikidazioa aurkezten badu, gainerakoek ere banaka egin beharko dute.

Familia-unitate bateko kide diren subjektu pasibo guztiek ez badute Nafarroan beren ohiko bizilekua eta baterako tributazioa aukeratzen badute, behartuta egonen dira autolikidazioa Foru Komunitatean aurkeztera lurralde horretan bizi bada likidazio-oinarri handiena duen unitateko kidea, likidazio-oinarria dagokion araudiari jarraituz kalkulatuta.

3. Familia-unitaterik osatzen ez duten subjektu pasiboak edo, osatu arren, baterako zergapetzea aukeratzen ez dutenak ez daude aitorpena egitera beharturik errentak honako bide hauetatik soilik jaso badituzte:

a) Urtean 12.600 eurotik beherako lan etekin osoak.

b) Ondasun higigarrien kapitalaren etekinak eta ondare gehikuntzak, atxikipenaren edo konturako diru-sarreraren menpe daudenak, baldin eta bien artean, urtean eta osorik, 1.600 eurotik beherakoak badira.

Letra honetan xedatutakoa ez da aplikatuko inbertsio kolektiboko erakundeen akzioen eta partaidetzen eskualdaketek edo diru-itzulketek eragindako ondare gehikuntzetan, haien atxikipen-oinarria zerga-oinarrian sartu beharreko zenbatekoaren arabera zehazterik ez dagoenean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduak (maiatzaren 24ko 174/1999 Foru Dekretuak onetsia) 80.2 artikuluan ezarritakoarekin bat.

4. Dena dela, autolikidazioa aurkezteko betebeharra ez izanik ere, ezinbestekoa da hura aurkeztea kuota likidoa gainditzen duten atxikipenak eta konturako sarrerak edo zatikako ordainketak itzultzeko eskaera egin gogo duten subjektu pasiboek.

2. artikulua. Nor dagoen beharturik ondarearen gaineko zergaren aitorpena aurkeztera.

Hitzarmen Ekonomikoaren 17. artikuluan xedatutakoaren arabera, betebehar pertsonala edo, bestela, betebehar erreala dutelako, zerga Foru Komunitatean ordaindu behar duten subjektu pasiboak behartuta daude ondarearen gaineko zergaren 2022ko autolikidazioa aurkeztera, baldin eta tributu-kuota, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua eta bidezkoak diren kenkariak edo hobariak aplikatu ondoren, ordaintzeko dela ateratzen bada, edo, halaber, egoera hori ez izan arren, haien ondasun edo eskubideen balioa, zergari buruzko arauei jarraikiz zehaztua, 1.000.000 eurotik gorakoa bada, Ondarearen gaineko Zergari buruzko azaroaren 19ko 13/1992 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera.

3. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazio eredua eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio eredua, 2022. urteari dagozkionak, onestea.

1. Onesten da F-93 autolikidazio eredua, 2022ko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokiona.

Tributu-zorra helbideratu ordez beste modu batera ordaintzea aukeratuz gero, Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko da (P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batekoa bada.

Ordainketa-pasabideari atxikitako finantza entitateen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Economia+y+Hacienda/Organigrama/Estructura+Organica/Hacienda/Ayuda+e+impresos/Manual+de+Ayuda/Entidades.htm.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx inprimaki-sortzailera jo eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.

2. Onesten da F-83 autolikidazio eredua, 2022ko ondarearen gaineko zergari dagokiona.

Tributu-zorra helbideratu ordez beste modu batera ordaintzea aukeratuz gero, Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko da (P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batekoa bada.

Ordainketa-pasabideari atxikitako finantza entitateen zerrenda hemen kontsultatzen ahal da: http://www.navarra.es/home_es/Gobierno+de+Navarra/Organigrama/Los+departamentos/Economia+y+Hacienda/Organigrama/Estructura+Organica/Hacienda/Ayuda+e+impresos/Manual+de+Ayuda/Entidades.htm.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx inprimaki-sortzailera jo eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (711 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.

4. artikulua. Nola egin pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa.

Autolikidazioak egitean, onetsitako F-93 eta F-83 autolikidazio ereduek eskatzen dituzten datu guztiak jaso behar dira, horietan interes dutenei eragiten dietenak. Hortaz, hala eskatzen duten lauki guztiek datuak izan beharko dituzte, interesdunen egoera pertsonalaren, ekonomikoaren eta ondare egoeraren araberakoak, informazioa ematekoak direnak barne.

5. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioa eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa aurkezteko epea.

2022. urteari dagozkion pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak 2023ko apirilaren 12tik ekainaren 23ra bitarte, biak barne, aurkeztu beharko dira.

Aurreko paragrafoan zehaztutako epea bukatuta, 8. eta 9. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan baino ez dira aurkezten ahalko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

6. artikulua. Nola aurkeztu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak honela aurkezten ahalko dira:

a) Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidaziorako proposamena berretsiz.

b) "Online errenta" modalitatea erabiliz, aurkezpen elektronikoa Internet bidez egitekoa.

c) Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programa erabiliz, https://hacienda.navarra.es web-orrian deskargatu daitekeena.

d) Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

e) Nafarroako Foru Ogasunak autolikidazioak egiteko telefonoz ematen duen laguntza zerbitzuaren bidez.

f) Entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.

7. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunak igorritako autolikidaziorako proposamena berretsiz.

1. Modalitate hau erabiltzen ahalko dute subjektu pasiboek, Nafarroako Foru Ogasunak autolikidaziorako proposamen bat prestatu badie, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 84. artikuluan xedatutakoarekin bat.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidaziorako proposamenean, subjektu pasiboak 2022. urtean izandako errentari buruzko datuak bildu beharko dira, eta zerga horren pean dauden subjektu pasibo guztien eskura jartzen ahalko da, familia-unitatea osatu edo ez.

3. Subjektu pasibo bati autolikidaziorako proposamena prestatu bazaio, Nafarroako Foru Ogasunaren web-orriaren bidez eskuratzen ahalko du (https://www.navarra.es/eu/ogasuna helbidean). Hortik, autolikidaziorako proposamenaren edukia ikusi eta deskargatzen ahalko du.

4. Subjektu pasiboak uste badu autolikidaziorako proposamenean zuzen islatu dela zerga horren ondorioetarako duen tributu egoera, hau da, jaso beharreko zergapeko errenta edo salbuetsitako errenta guztiak jaso direla, hurrengo apartatuetan adierazten den bezala berresten ahalko du. Kasu horretan, proposamenak aurkeztutako autolikidazio izaera izanen du, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 82., 83. eta 84. artikuluetan ezarritakoari jarraikiz.

5. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat zehazten bada ordaintzeko, aitorpena berretsitzat hartuko da zorra oso-osorik ordaindutakoan edo, ordainketa zatikatzen bada, haren lehenbiziko zatia 17. artikuluan adierazitako epean ordaindutakoan. 5. artikuluan ezarritako epean diru-sarrera egin ezean edo Interneten bidez edo telefono bidez eskainitako prozedurak erabiliz berariaz uko eginez gero, subjektu pasiboak autolikidaziorako proposamena ez duela berretsi ulertuko da eta, horrenbestez, dagokion autolikidazioa aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 6. artikuluan aurreikusitako beste modalitateetako baten arabera.

Proposamenaren arabera sartu beharreko diru kopurua bi zatitan helbideratuko da, bakoitza %50ekoa, 17.2 artikuluan ezarritako egunetan, autolikidaziorako proposamenean adierazitako banku-kontuan.

Subjektu pasiboak ordainketa modua aldatu eta bi zatitan ordaindu beharrean zati bakarrean ordaindu nahi badu, helbideratzeko kontua aldatu nahi badu edo zorraren ordainketa helbideratu nahi ez badu, honako baliabide hauek izanen ditu aldaketa horiek egiteko eta helbideratze hori deuseztatzeko: https://www.navarra.es/eu/ogasuna webgunea; telefonoz deitzea Nafarroako Foru Ogasunak kanpaina bitartean herritarrei kasu egiteko jartzen dituen zenbakietara –betiere interesdunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) adieraziz–; edo, bestela, erabiltzea ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak. Aldaketa horiek 2023ko ekainaren 24a baino lehen egin beharko dira.

6. Autolikidaziorako proposamenean "zero" kuota agertzen bada, hura berretsitzat hartuko da subjektu pasiboak ez badio berariaz uko egiten Interneten horretarako prest dauden prozedurak baliatuz, edo telefono bidez, 5. artikuluan adierazitako epean. Bestela, ulertuko da ez dagoela berretsita autolikidaziorako proposamena, eta kasuan kasuko autolikidazioa aurkeztu beharko da, horretara behartuta egonez gero, 6. artikuluan aurreikusitako beste modalitateetako baten arabera.

7. Autolikidaziorako proposamenean diru kopuru bat, itzuli beharrekoa, zehazten bada, hura berretsitzat hartuko da baldin eta, itzulketaren zenbatekoa jaso eta, 5. artikuluan adierazitako epean, subjektu pasiboak zerga honen autolikidazioa aurkezten ez badu edo berariaz uko egiten ez badio, Interneten bidez edo telefono bidez ezarrita dauden prozedurak erabiliz. Proposamenari uko egin zaiola joko da subjektu pasiboak itzultzen duenean Nafarroako Foru Ogasunak itzulitako kopurua, 5. artikuluan ezartzen den epean. Proposamenari uko eginez gero, subjektu pasiboak berretsi gabe izanen du autolikidaziorako proposamena. Hasiera batean itzuli zaion diru kopurua itzuli beharko du eta beste autolikidazio bat aurkeztu beharko du, horretara behartua badago, 1.4 artikuluan ezarritakoa galarazi gabe.

Proposamenean zehazten den diru-itzulketa proposamenean bertan horretarako adierazitako kontuan eginen da, salbu eta itzuli beharreko diru kopurua subjektu pasiboak Nafarroako Foru Ogasunarekin dituen zorrekin konpentsatzen denean edo hirugarrenek enbargatzen dutenean. Bi kasuetan, Nafarroako Foru Ogasunak behar den moduan jakinaraziko dio konpentsazioa edo enbargoa zergapekoari.

8. Subjektu pasiboak, aurreko 7. apartatuan ezarri bezala autolikidaziorako proposameneko itzulketaren zenbatekoa jaso ondoren, autolikidazio bat aurkezten badu eta autolikidazio horrek, aurreko apartatuan xedatutakoaren arabera, proposamena indarrik gabe uzten badu, honela jokatuko da:

a) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa zergadunari itzultzekoa denean:

1.a. Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino handiagoa bada, tributu arloko Administrazioak ofizioz itzuliko du aldea.

2.a. Itzuli beharreko zenbatekoa jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak aldea ordaindu beharko du 2023ko uztailaren 3ra arteko epean, egun hori barne. Horretarako Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko du (P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.

Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

3.a. Emaitza berbera bada, ez da inolako jarduketarik egin beharko.

b) Aurkeztutako autolikidazioaren zenbatekoa ordaintzekoa denean:

1.a. Subjektu pasiboak epe bakarrean helbideratzen badu ordainketa, oker egindako itzulketaren zenbatekoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den diru kopurua kobratuko ditu tributu arloko Administrazioak, 2023ko uztailaren 3an.

2.a. Subjektu pasiboak bi epetan helbideratzen badu ordainketa, tributu arloko Administrazioak honela kobratuko du: 17. artikuluan adierazitako lehenengo epean, oker egindako itzulketaren zenbateko osoa gehi aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren %50. Bigarren epean, berriz, aurkeztutako autolikidazioan ordaintzeko ateratzen den zenbatekoaren gainerako %50a kobratuko du tributu arloko Administrazioak.

3.a. Subjektu pasiboak, zerga-zorra bankuan helbideratu ordez, ordaintzeko beste bide bat erabiltzea erabakitzen badu, 1. eta 2. ordinaletan adierazi diren baldintzen arabera jokatuko da ordainketaren zatikatzeari, zenbatekoei eta epeei dagokienez.

9. Itzultzeko emaitza duen proposamenari uko egin ondoren subjektu pasiboak autolikidaziorik aurkezten ez badu, haren zenbatekoa ordaindu beharko du Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidearen bitartez (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891, P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.

Kasu horretan ezin da ordainketa helbideratu.

8. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagozkion autolikidazioak aurkeztea, elektronikoki Internet bidez, "Online errenta" modalitatearen bidez.

Baliabide elektronikoen bidez aurkeztuko dira modalitate horretako autolikidazioak, "Nafarroako online errenta" aplikazioa erabiliz, Nafarroako Foru Ogasunak zergaren subjektu pasiboen eskura jartzen duena https://hacienda.navarra.es helbidean.

9. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpen elektronikoa, laguntza programaren bidez.

1. Baliodunak izanen dira Nafarroako Foru Ogasunak garatutako laguntza programaren bidez aurkezten diren autolikidazioak; programa hori https://hacienda.navarra.es web-orritik deskargatzen ahal da.

Laguntza programarekin sortutako inprimakia nahitaez bide elektronikotik igorri behar da, Internet bidez.

2. Halaber, autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazioek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak etekinak, ondare gehikuntzak eta gutxitzeak, zerga-oinarriaren murrizketak, kenkariak eta zerga zehazteko beharrezkoak diren guztiak kalkulatzeko, F-93 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikidazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

10. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak Internet bidez aurkeztea, Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Autolikidazioak egiteko Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan emandako laguntza zerbitzuaren bidez aurkezteko modalitatea hautatzen duten subjektu pasiboek telefono edo Internet bidez eskatu beharko dute https://hacienda.navarra.es web-orrian. Horretarako, interesdunaren identifikazio fiskalaren zenbakia (IFK) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) eman beharko dituzte, edo bestela, erabili ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak.

Zerbitzu hori 2023ko apirilaren 18tik ekainaren 23ra bitartean emanen da, bulego hauetan:

–Iruñeko Lurralde Bulegoa (Eskirotz kalea, 20 bis).

–Tuterako Lurralde Bulegoa (Antso Azkarra plaza, 8).

–Lizarrako Lurralde Bulegoa (Koroatze plaza, 2).

–Tafallako Lurralde Bulegoa (Cuatropea kalea, 2).

–Doneztebeko Lurralde Bulegoa (Santa Luzia kalea, 6).

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modalitate hau ez dute baliatzen ahalko 2022an lortutako errenten izaera eta zenbatekoetan honako inguruabar ekonomikoren bat duten subjektu pasiboek:

a) Urtean 90.000 eurotik gorako lan etekin osoak.

b) Jarduera ekonomikoen etekinak izatea, salbu eta etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziaren bidez zehazten denean.

c) Errentan emandako bi higiezin edo gehiago, edo aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa guztira 24.000 eurotik gorako diru-sarrerak.

d) 2022an notario protokoloaren bidez 10.000 eurotik gorako bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

e) 2022an 10.000 eurotik gorako akzioen edo bestelako balore higigarrien bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

Baterako tributazioaren kasuetan, familia-unitateko kideetako edozeinek aurreko inguruabarrak betetzen dituela egiaztatzen bada, ezinezkoa izanen da familia-unitateko inork zerbitzua jasotzea.

3. Era berean, ez dute autolikidazioak aurkezteko modalitate hau baliatzen ahalko 8., 9., 11. edo 12. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan autolikidazioa aldez aurretik aurkeztu duten subjektu pasiboek.

11. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkeztea Nafarroako Foru Ogasunaren bulegoetan autolikidazioak egiteko ematen den laguntza zerbitzuaren bidez.

1. Nafarroako Foru Ogasunak telefonoz autolikidazioak egiteko ematen duen laguntza zerbitzuaren bidez aurkezteko modalitatea hautatzen duten subjektu pasiboek Internet bidez eskatu beharko dute, https://hacienda.navarra.es web-orrian. Horretarako, interesdunaren identifikazio fiskalaren zenbakia (IFK) eta identifikazio zenbaki pertsonala (PIN) eman beharko dituzte, edo bestela, erabili ziurtagiri elektroniko kualifikatua, Cl@ve sinadura edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozedurak.

Zerbitzu hori 2023ko apirilaren 18tik ekainaren 23ra bitartean emanen da.

2. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modalitate hau ez dute baliatzen ahalko 2022an lortutako errenten izaera eta zenbatekoetan honako inguruabar ekonomikoren bat duten subjektu pasiboek:

a) Urtean 90.000 eurotik gorako lan etekin osoak.

b) Jarduera ekonomikoen etekinak izatea, salbu eta etekin garbia zuzeneko zenbatespen bereziaren bidez zehazten denean.

c) Errentan emandako bi higiezin edo gehiago, edo aurreko urtean aitortutako kapital higiezinaren etekin gisa guztira 24.000 eurotik gorako diru-sarrerak.

d) 2022an notario protokoloaren bidez 10.000 eurotik gorako bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

e) 2022an 10.000 eurotik gorako akzioen edo bestelako balore higigarrien bi eskualdaketa edo gehiago egin izana.

Baterako tributazioaren kasuetan, familia-unitateko kideetako edozeinek aurreko inguruabarrak betetzen dituela egiaztatzen bada, ezinezkoa izanen da familia-unitateko inork zerbitzua jasotzea.

3. Era berean, ez dute autolikidazioak aurkezteko modalitate hau baliatzen ahalko 8., 9., 10. edo 12. artikuluetan aurreikusitako modalitateetan autolikidazioa aldez aurretik aurkeztu duten subjektu pasiboek.

12. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak Internet bidez aurkeztea entitate laguntzaileek autolikidazioak egiteko ematen duten laguntza zerbitzuaren bidez.

Autolikidazioak egiteko laguntza zerbitzua ematen duten eta Nafarroako Foru Ogasunarekin elkarlanean diharduten entitateen bidez aurkezten ahalko dira autolikidazioak. Foru Ogasunaren https://hacienda.navarra.es web-orrian kontsultatzen ahalko da zein diren zerbitzu hori ematen duten entitate laguntzaileak, bai eta zerbitzua emateko epeak eta baldintzak ere.

13. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak aurkezteko modua.

1. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak nahitaez bide elektronikotik aurkeztu beharko dira, Internet bidez.

2. Baliodunak izanen dira foru agindu honetan onesten den F-83 ereduaren edukiarekin bat datozen autolikidazioak, modu elektronikoan aurkezten badira eta Nafarroako Foru Ogasunak garatu duen laguntza programa (https://hacienda.navarra.es web-orrian dago) erabiliz sortzen badira.

3. Halaber, autolikidazioak egin eta aurkezteko beste programa batzuk erabiliz aurkezten diren autolikidazioek ere balioa izanen dute, soilik prozedura elektronikoak erabiliz gero, baldin eta inprimakiek honako datu hauek jasotzen badituzte gutxienez: datu pertsonal, ekonomiko eta informatiboak, beharrezkoak direnak zerga-oinarria, kenkariak eta ondoriozko zorra zehazteko beharrezkoak diren datu guztiak kalkulatzeko, F-83 autolikidazio ereduan deskribatutako laukietan eskatzen baitira. Aipatu diren beharrezko datu horietako batzuk autolikiodazioetan agertzen ez badira, Nafarroako Foru Ogasunak okerra zuzentzeko eskatzen ahalko du. Eskatutakoa ematen den epean ongi betetzen bada, aurkeztutako autolikidazioa berretsiko da. Bestela, ez aurkeztutzat jotzen ahalko da, indarra duen araudian ezarritako legezko ondorioekin.

14. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren subjektu pasiboak behartuta egonen dira gordetzera, zergaren preskripzio epeak dirauen bitartean, beren autolikidazioetan sartu beharreko mota guztietako eragiketa, errenta, gastu, sarrera, murriztapen eta kenkarien agiri eta frogagiriak.

2. Artikulu honetan ezarritakoa galarazi gabe, kuotako kenkariak eta gastuak justifikatzerakoan jarraibide izanen dira fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsia; ekainaren 12ko 228/2007 Foru Agindua, fakturazio telematikoari eta fakturak baliabide elektronikoetan gordetzeari buruzko zenbait xedapen garatzen dituena; eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 5eko 17/2021 Foru Agindua, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren erregistro liburuak eramateko modua arautzen duena.

3. Oro har, subjektu pasiboak ez daude behartuta 1. apartatuan aipatutako agiri eta frogagiriak Nafarroako Foru Ogasunaren esku uztera, erakunde horrek berariaz eskatzen duenean izan ezik; hori hala izanen da, aitorpena berrikusi, likidatu eta ikuskatzeko edo diru-bilketa egiteko indarreko arauak betez eta instruitu edo ebazten ahal duen edozein administrazio prozedurari jarraikiz.

Bereziki, ibilgailu elektriko edo hibrido entxufagarrietan egindako inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa aurkeztu beharko du subjektu pasiboak.

Gainera, eta autolikidazioak arinago berrikusi ahal izateko, aitortutako datuak bat ez datozenean autolikidazioa egiteko programak autolikidazioan sartutako datuekin, subjektu pasiboek bidezkotzat jotzen duten dokumentazioa aurkezten ahalko dute aldea justifikatzeko. Hori guztia deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Ogasunak 3. apartatu honetan jasotakoaren araberako dokumentazioa eskatu ahal izatea.

3. apartatuan aipatzen den dokumentazioa Interneten (https://hacienda.navarra.es) eskuragarri dagoen "Dokumentazioa erantsi" aplikazioaren bitartez aurkeztuko da, lehentasunez.

15. artikulua. Ondarearen gaineko zergaren autolikidazioari dagozkion agiriak.

Autolikidazioetan subjektu pasiboek beraiei dagozkien datu guztiak jarri beharko dituzte, eta autolikidazioan azaltzen diren datu horiei buruzko agiriak eta frogagiriak gorde beharko dituzte zergaren preskripzio epean.

16. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak, itzuli beharreko zenbatekoaren emaitzarekin.

Aurkeztutako autolikidazioak itzultzekoa den kopuru bat duenean, autolikidazio horretan xede horretarako adierazitako kontuan eginen da itzulketa hori.

Itzuli beharreko zenbatekoa aurrez aurkeztutako autolikidazio batengatik jasotako itzulketa baino txikiagoa bada, subjektu pasiboak aldea ordaindu beharko du 2023ko uztailaren 3ra arteko epean, egun hori barne. Horretarako Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidea (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891) erabili beharko du (P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batean badauka.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx inprimaki-sortzailera jo eta ordainketa-gutuna eskuratu beharko dute (710 eredua), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko.

Kasu horretan, ezin da ordainketaren itzulketa helbideratu.

Hildako subjektu pasiboei dagokien 2022ko ekitaldiko pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren itzulketa, haien errentak baterako modalitatean aurkeztutako aitorpen batean jaso ez badira, modu automatikoan eginen du Nafarroako Foru Ogasunak, baldin eta itzulketa egiteko erabili beharreko banku-kontuaren titular bakarra kausatzailea dela ageri bada Nafarroako Foru Ogasunak daukan informazioan.

Aurreko paragrafoan adierazitakoaz bestelako kasuetan itzulketa egin dadin, aldez aurretik frogatu beharko da kausatzailearen heriotzaren ondorioz sortutako oinordetzen gaineko zergaren autolikidazioa aurkeztu dela.

Inguruabar hori egiaztatu eta gero, itzuli beharreko kopuru osoa banku-kontu batean sartuko da, baldin eta Nafarroako Foru Ogasunean jasorik badago banku-kontu horren titular bakarrak kausatzailearen oinordeko guztiak direla. Bestela, jaraunsle bakoitzak banku-kontu bat jakinarazi beharko dio Diru-bilketa Zerbitzuari, jarauntsian duen partaidetzaren arabera dagokion zenbatekoa bertan ordain diezaioten.

Aurreko paragrafoan aipatutako itzulketa egiteko behar den informazioa Nafarroako Foru Ogasunaren esku ez badago, Diru-bilketa Zerbitzuak jaraunsleei edo jaraunstera deituei errekerimendua eginen die oinordetzaren gaineko zergaren autolikidazioak eta itzulketa egiteko banku-kontuen titulartasunaren egiaztagiriak aurkez ditzaten. Nafarroako Foru Ogasunak ez du itzulketarik ordainduko eskatutako dokumentazioa aurkeztu arte.

17. artikulua. Nola ordaindu pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren zorrak. Zerga-zorra zatitzea eta ordainketa helbideratzea.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazio positiboen zenbatekoa Nafarroako Gobernuaren ordainketa-pasabidearen bitartez ordaintzen ahalko da (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Zergei-dagozkien-konturako-ordainketak?pageBackId=7565891, P44 eredua) baldin eta zorduntze-kontua pasabide horri atxikitako finantza entitate batekoa bada.

Bide hori erabili ezean, zergapekoek inprimaki-sortzailera jo (https://hacienda.navarra.es/GImpresos/start.aspx) eta ordainketa-gutunak eskuratu beharko dituzte (710 eta 711 ereduak), Nafarroako Foru Ogasunaren laguntzaile diren finantza entitateetako batean ordaintzeko, edo, 3. apartatuan azaldutako inguruabarrak gertatzen direnean, bankuan helbideratuta ordaintzeko.

Ez da ordaintzen ahalko banku transferentzia bidez.

2. Ordainketa hori bi zatitan egin daiteke, interes eta errekargurik gabe: lehenbizikoa, zorraren %50, 2023ko uztailaren 3ra arte, eta bigarren zatia, gainerakoa, 2023ko azaroaren 20ra arte, biak barne.

Zatika ordaintzeko aukera horretaz baliatu ahal izateko, ezinbestekoa izanen da subjektu pasiboek autolikidazioa aurkeztea 5. artikuluan ezarritako epearen barrenean, eta lehenengo zatiari dagokion diru-sarrera aurreko paragrafoan aipatu epearen barrenean gauzatzea.

Nolanahi ere, Sozietateen gaineko Zergaren abenduaren 28ko 26/2016 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, indarrean den araudiaren arabera ekintzaile izaera duten enpresaburu eta profesionalek aukera izanen dute, aldez aurretik eskatuta, 2024ko ekainaren 23ra arte geroratzeko (egun hori barne) pertsona fisikoen errentaren gaineko 2022. urteko zergatik ordaindu beharreko kuotaren zatiaren diru-sarrera, jarduera ekintzailearen etekin garbiei proportzioan dagokiena, bermerik jarri behar izan gabe eta berandutze-interesen sortzapenik gabe. Halakoetan, geroratzen den kuota zatiak gutxitu eginen du apartatu honen lehen paragrafoak aipatzen duen sartu beharreko kuota.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren edo ondarearen gaineko zergaren autolikidazioa borondatezko epean aurkezten denean (2023ko apirilaren 12tik ekainaren 23ra arte, biak barne), Ekonomia eta Ogasun Departamentuak subjektu pasiboen eskura jarritako prozedura automatikoak eta elektronikoak erabiliz, tributu-zorra, osorik edo zatika, ordaintzen ahalko da Nafarroako Foru Ogasunaren diru-bilketan laguntzen duten finantza entitateetako edozeinetan irekitako kontu batean helbideratuz.

18. artikulua. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko baldintzak eta prozedura.

1. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak elektronikoki aurkezteko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki beharko du. Ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek baterako tributazioa egiten badute, bakoitzak bere identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) eduki behar du. Aurreko edo ondorengo ahaideen, desgaitasuna dutenen edo pertsona lagunduen kasuetan, murrizketarako eskubidea badute, zerga sorraraztean 14 urte baino gehiago dituztenek IFZ eduki eta adierazi behar dute, baita, adin horretatik beherakoak izanik, zergari lotuta dauden eta aitorpenean sartu beharrekoak diren errentak dituztenek ere.

b) Aplikazio informatikoan beharrezkoa bada Nafarroako Foru Ogasunaren esku dauden datu fiskalak ekartzea, bai aitortzaileak, bai, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak, beren nortasuna frogatu beharko dute, nork bere identifikazio pertsonalerako zenbakiaren bidez (PINa) edo, bestela, ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren, Cl@ve sinaduraren edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozeduren bidez.

Ziurtapen zerbitzuen emaileak eta baimenduta dauden ziurtagiri elektronikoak dagokien atalean aipatzen dira; Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidetik abiatuta iristen ahal da atal horretara.

c) Autolikidazioak bide elektronikoz aurkezteko, bai laguntza programaren bidez, bai "Nafarroako online errenta" aplikazio informatikoaren bidez, deklaratzailea identifikatzen ahalko da ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren, Cl@ve sinaduraren edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozeduren bidez, edo, bestela, identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) eta Nafarroako Foru Ogasunak hari emandako identifikazio pertsonaleko zenbakiaren (PIN) bidez.

Baterako tributazioaren kasuan, bi ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren bidez, Cl@ve sinaduraren bidez edo Nafarroako Foru Ogasunak onartutako egiaztapen digitaleko beste edozein prozeduraren bidez identifikatu beharko dira, edo, bestela, identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) eta Nafarroako Foru Ogasunak hari emandako identifikazio pertsonaleko zenbakiaren (PIN) bidez.

Halaber, aitortzaileek kontuan hartu beharko dituzte aurkezpen hori egiteko eskatzen diren arau teknikoak, zeinak Nafarroako Foru Ogasunaren web-orrian ikusgai dauden, Interneteko https://hacienda.navarra.es helbidean.

2. Akats formalak dituzten autolikidazioak aurkeztea.

Bide elektronikoa erabiliz igortzen diren autolikidazioetan akats formalen bat antzematen denean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari, errore mezuen bitartez, behar diren zuzenketak egin ditzan.

3. Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioak bide elektronikoz aurkezteko prozedura.

–Aplikazioa ireki ondoren, programak datu fiskalak ematea nahi baldin bada, aitortzaileak eta, behar denean, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak aurreko 1. apartatuan adierazitako moduan kautotuko dute nor diren. Hori agertzea nahi ez bada, ez da beharrezkoa izanen, une horretan, aipaturiko autentifikazioa.

–Nortasuna kautotu ondoren, eskatutako autolikidazioari dagokion informazioa erakutsiko da. Erabiltzaileak nahi izanez gero, aldatzen ahalko du.

–Autolikidazioa bukatutakoan, igorriko du, programak horretarako eskatzen dituen datuak bete eta gero. Une horretan, aitortzaileak eta, kasua bada, ezkontideak edo bikote egonkorreko kideak nor diren frogatu beharko dute aurreko 1. apartatuan adierazitako moduan.

–Autolikidazioa onartzen bada, elektronikoki baliozkotutako F-93 autolikidazioaren kopia bat gorde eta inprimatzen ahalko da, eta bertan aurkezpen data jasoko da.

–Aurkeztutakoa onartzen ez bada, antzemandako erroreen deskribapena agertuko da pantailan. Kasu horretan akatsak zuzendu beharko dira eta berriz aurkeztu beharko da.

4. Ordezkari bidez autolikidazioak elektronikoki aurkeztea.

Pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren autolikidazioen aurkezpen elektronikoa aitortzaileek behar bezala baimendutako ordezkari baten bidez egiten ahalko da, baldin eta ordezkari horrek banakako atxikipen agiria sinatu badu, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak ekainaren 29an emandako 130/2009 Foru Aginduan adierazten dena, hain zuzen ere. Kasu horretan, aurkezpena egin ahal izateko, ordezkaria identifikatu beharko da ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren bidez, eta ez da beharrezkoa izanen ordezkatuei dagokiena.

Hala eta guztiz ere, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren autolikidazioak "Nafarroako online errenta" aplikazioaren bidez elektronikoki aurkezteari dagokionez, ezinezkoa da autolikidazioa elektronikoki aurkeztea ordezkari bidez, eta, betiere, norberaren izenean aurkeztu beharko da; aitortzailea identifikatu beharko da ziurtagiri elektroniko kualifikatuaren, Cl@ve sinaduraren edo Nafarroako Foru Ogasunak egiaztapen digitalerako onartzen dituen gainerako prozeduren bidez, edo, bestela, identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) eta Nafarroako Foru Ogasunak hari emandako identifikazio pertsonaleko zenbakiaren (PIN) bidez.

Azken xedapen bakarra.–Indarrean jartzea.

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2023ko martxoaren 23an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2304826